Murgialdai baserrian, Oñatin


Atzo, aprobetxatuta Oñatin Ardi-txakurren txapelketa jokatzen zela, Murgialdai baserrian igaro genuen eguna, Murgia auzoan, txapelketa ikusten apur batez eta bertako mahastiak ikusten gero, Aritz Galdosek gidatuta. Ondoren, paella gozoa jan genuen, Jose Luisek eta Jabierrek prestatuta.

Aritz Galdos eta Amaia Zudaire senar-emazteek 3 hektarea mahasti dituzte etxe inguruan, ederto atonduta. Gazteak dira, baina erakutsi ziguten aurrera begira daudela, prest urrats sendoak egiteko txakolingintzan. Erakutsi ziguten, halaber, ekintzailetasuna eta baserria ez daudela kontrajarrita. Eguneko argazkiak, Flickr-en.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Begi horiek…


Atzo Galdakaoko Ospitalean izan nintzen, okulistarenean. Handik irtendakoan, nire beste medikuarengana joan nintzen, Jesus Ojanguren hematologoa, eta honek barrez hartu ninduen, begiak hori-hori nituelako. “Ekatzu tableta, oraingoan neuk aterako dizut-eta argazkia, zuk ere ikus dezazun zer itxura duzun”. Eta argazki hau egin zidan.

Nire lagun batek esango lukeen moduan, “itxura bizarroa” ematen didate begi horiek.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

O’Reilly argitaletxearen jokabide ona

Aurrekoan liburu bat erosi nion O’Reilly argitaletxeari formatu digitalean —Book: A Futurist’s Manifesto—, eta oso pozik geratu nintzen. Liburuak interesgarria dirudi, bertan hainbat saio jasotzen baititu liburu digitalaren etorkizunaz, baina pozik geratu nintzen argitaletxearen jokabideagatik, oso egokia iruditu zitzaidan-eta.

Liburuak 10 dolar balio du, baina irailaren 18a baino lehen erosiz gero, erdi-prezioan eros zitekeen, eta nik horixe egin nuen. Behin erosita, O’Reillyk aukera eskaini zidan liburua hiru formatutan jaisteko: .MOBI, .EPUB eta .PDF, hirurak erabat libre, bat ere DRM edo katerik gabe, nik instala dezadan ditudan irakurgailuetan.

Ez dakit mezu hau iritsiko ote den euskal argitaratzaileengan eskuetara, baina O’Reilly argitaletxearen jokabidea erabat ereduzkoa iruditzen zait, erabat egokia liburu digitalerako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Coursera: doako goi hezkuntza, online

Informazioa bezala, jakintza sekula baino eskuragarriago bihurtzen ari da. Ikusi, bestela, Coursera, munduko 16 unibertsitatek eratutako partzuergo bat —Princeton, Standford, Duke, Washington, Georgia Tech, Caltech, Toronto, Lausanneko Politeknikoa, Edinburgo eta Penn, besteak beste, denak ere goi mailako ikerkuntza lantzen dutenak—, zeinak “eskaintzen baititu 100 ikastaro baino gehiago, seguruenik jasoko dituztenak milioika ikasle heldu, mundu osokoak”, The New York Times egunkariak idatzi zuen bezala.

Orain arte ikastaro hauek ez dute krediturik eskaini, ziurtagiri bat eta gradu bat besterik ez, baina Washingtongo Unibertsitateak aurreratu du udazken honetan asmoa duela kredituak eskaintzeko Coursera ikastaroak egiten dituztenei. Badirudi beste unibertsitate batzuek ere beste horrenbeste egingo dutela. Coursera orain urtebete sortu zen, eta oraindik esperimentu bat baino ez da, baina ikusita babesten duten unibertsitateen kalitatea, denek hartu dute serio.

MITx
Beste kasu bat da MITx, programa bat zeinaren bidez edozeinek egin baititzake MIT ikastaroak doan. Bukaeran, azterketa bat gaindituta, ikasleak kopuru txiki bat ordainduko du ziurtagiri bat jasotzearren.

Bi kasu hauek ederto erakusten dute zelako aldaketa datorren eskolatu nahi duen jendearentzat, honek sekula baino eskurago izango ditu-eta horretarako behar dituen bitartekoak. Hori ikusita, Will Richardson pedagogoak zalantzan jartzen du eskola tradizionalaren egitekoa Why School? liburu digitalean, TEDBooks argitaratzaileak kaleratua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Jesus Ojanguren nire medikuarekin


Txiripa hutsa izan zen: atzo, irailak 12, hitzordua nuen Jesus Ojanguren nire medikuarekin Galdakaoko Ospitalean, justu hamar urte bete zirenean elkar ezagutu genuela, 2002ko irailaren 12an berak esan baitzidan minbizia nuela. Hori zela-eta, argazki bat atera genuen, urteurrena gogoratzeko.

Behin baino gehiagotan idatzi dut Jesus Ojanguren medikuaz eta Hematologia taldeaz, denak Galdakaoko Ospilatean lanean, eta beti idatzi dut ondo, izugarri pozik bainago zelan lagundu zidaten hasieran, gaixotu nintzenean, eta zelan laguntzen ari diren orain, albo kalteak hobeto eramaten. Horregatik ekarri dut Jesus itsasargi honetara, esker onez, eta zuek ere izan dezazuen haren berri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Hamar urte minbizia agertu zitzaidanetik

Dagoeneko hamar urte igaro dira medikuak esan zidanetik minbizia nuela. Hirurogei urte egitekotan naiz, eta atzean geratu dira kimio saioak, hezur-muinaren transplantea eta tronboflebitis pare bat. Gaur egun bizimodu normala egiten dut, baina oraindik ez dira ezabatu esperientzia haren ondorio guztiak.

Joan den asteburuan, ilea mozten ari zitzaidala, esan nion Bego emazteari gaur beteko direla hamar urte minbizia aurkitu zidatenetik. “Dezente hobeto gaude, ezta?”, erantzun zidan berak. Hamar urte zaharragoak gara, baina hobeto bizi gara, bai, batez ere, bizi garelako. Minbiziaren ondorioak gorabehera, urte hauek opari handia izan dira niretzat: aurre egin diot gaixotasunari, Miren hazten ikusi dut, lagun onak egin ditut, eta ikasi egin dut.

Albo kalteak
Behin entzun nion Jesus Larrañaga kooperatibetako sortzailetako bati —berak giltzurruneko transplantea izan zuen urtebete-edo lehenago— esaten zuela transplanteak beti uzten duela albo kalteren bat, handiagoa edo txikiagoa. Eta nire kasuan, horrela izan da. Bi arazo nagusi geratu zaizkit izandako tratamendutik: bai begiak eta baita ahoa ere, idortu egin zaizkit.

Begi idorrak
Hezur-muineko transplantea izan eta hiruzpalau urtera, prednisona kendu zidatenetik, kortikoide bat erretxazo arazoak konpontzeko, hasi nintzen igartzen bai begiak eta bai ahoa oso siku neuzkala. Begiei dagokienez, hainbeste igartzen nuen, zeren hasi behar izan nintzen egunean pare bat aldiz tantak botatzen, begiak bustitzeko, idortasunak konjuntibitis gaitza eragiten zidan-eta. Kontua da, azken urtean, konjuntibitisa ia kroniko bihurtu zaidala. Eta oraindik ez dut konpondu arazo hori.

Aho idorra
Ahoa ere, aldatu egin zait. Lehen baino zurrunagoa daukat, ezin dut berau lehen bezainbeste ireki, eta oso listu, txistu edo tu gutxi sortzen zait. Horren ondorioz, ezin dut ezer minik jan, agur esan diet ozpinetan bustitako entsaladei, eta arazoak ditut ardo batzuk edateko, euron alkoholak erre egiten baitit ahoa. Bestalde, sekula baino hobeto garbitu arren haginak, azken urte eta erdian lau txantxar agertu zaizkit, kariesak. Antza denez, txistu faltak eraginda etorri zaizkit horiek.

Zenbait gautan ere, jaiki behar izaten naiz ohetik, hanketako giharrak uzkurtu egiten zaizkidalako. Eta hala ere, pozik nago, ezin poziago, hemen nagoelako, onik eta osorik, horixe baita inportanteena. Besteak beti izango dira albo kalteak, bigarren mailakoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 18 iruzkin

Mitxel Kaltzakorta eta progresio informatiboa


Argazkiak.org | Mitxel Kaltzakorta © cc-by-sa: huhezi

Mitxel Kaltzakortak liburu bat argitaratu berri du, Zelan ordenatu egoki informazioa testuetan? (I), eta bertan azaltzen du zelan ordenatu egoki informazio-elementuak, euskarazko testuak erraz eta ondo prozesatzeko. Horretarako, azalpen teorikoez gain, Mitxelek 33 kazetari-artikulu darabil liburu honetan, ariketa praktikoekin batera, irakurleak barnera ditzan bertako irakaspenak.

Egileak aspaldi salatu du testuak euskaraz —beste hizkuntzetan ez bezala— nekagarri irakurtzen direla, nahiz eta gramatikari dagokionez ondo eratuta egon. Hala ere, badaki zelan konpondu arazoa: progresio informatiboa ondo erabilita, alegia, informazio-elementuak dagokien ordenatan ipinita. Liburu honetan egileak erakutsi nahi du zelan eman hurrenkera egokia informazioari testu traketsetan.

Horretarako, Mitxel Kaltzakortak 33 kazetari-artikulu aukeratu ditu, oker idatziak, eta azaldu ondoren testuok zertan egiten duten huts komunikazioaren ikuspegitik, irtenbideak eskaintzen ditu eurok zelan konpondu. Liburua —bilduma bateko lehena— oso ondo antolatuta dago, eta egileak trebeki gidatzen du irakurlea, berau gal ez dadin.

Oztoporen bat aipatu behar izatekotan liburuari, tipografia aipatuko nuke: zenbait letratipo nekez irakurtzen dira, eta tipografia bera, oro har, nahasi samar agertzen da. Hala ere, liburua erabat gomendagarria iruditzen zait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Scrivener, idazleentzako aplikazioa

Scrivener hitzak idazlaria edo kopiatzailea esan nahi du, eta Bartleby the Scrivener irakurri duenak —euskaraz Bartleby izkribatzailea, Juan Garziak bikain euskaratua— badaki hitz hori idazteko ofizioarekin lotuta dagoela. Orain, gainera, bada aplikazio bat langintza horrekin lotua, Scrivener testu prozesatzailea baino dezente gehiago baita.

Scrivener aplikazio bat da, oso egokia testu luzeak idazteko: eleberriak, saioak, doktore tesiak, zientzia lanak, erreportajeak… Sortuta dago idazleentzat, eta hori igarri egiten da, aplikazioa pentsatuta baitago idazleen lan prozesuak errazteko.

Zer egiten du Scrivenerrek?
Scrivener erabilita, hainbat gauza egin daiteke:

  • Sor dezakezu edozein egitura, eta aldatu aurrera egin ahala.
  • Esporta dezakezu zeure lana edozein formatutan (.doc, .pdf, .mobi, .epub…).
  • Hainbat modutan ikus dezakezu zeure lana, beronen ikuspegi osoa izan dezazun.
  • Berregitura dezakezu zeure lana, beronen lan zatiak eraman edo ekarriz.
  • Ikus dezakezu dokumentu bat bere horretan edo lan osoaren zati moduan.
  • Gode ditzakezu hainbat dokumentu osagarri (PDFak, argazkiak, adimen mapak…) lana idazten ari zaren bitartean.

Esango nuke Scrivener oraindik ezezaguna dela Euskal Herrian —ni, behintzat, uda honetan izan dut berorren berri—, baina nazioartean sekulako arrakasta izaten ari da eleberrigile, akademiko, legelari, gidoigile eta kazetarien artean

Hasieran Scrivener sortu zen Mac ordenagailuetarako bakarrik. Orain dela gutxi, berriz, Windows bertsioa irten da.

Erosi aurretik, probatu
Programa honetan interesa duenari gomendatuko nioke:

  1. Ikusi goiko bideoa. Ordu erdi dirau, baina oso argigarria da.
  2. Irakurri artikulu zerrenda hau gaztelaniaz aplikazioaren gainean.
  3. Irakurri artikulu zerrenda hau ingelesez gai beraren inguruan.
  4. Kontuan izan Scrivener-en beraren tutorialak.
  5. Jaitsi Scrivener eta hilabetez probatu doan.

Gustatuz gero —niri horixe gertatu zait— eros daiteke 35€ ordainduta webgunean bertan edo Applen App Storen. Lizentzia batekin, bi ordenagailutan instala daiteke (bi mac ordenagailutan edo bi windows ordenagailutan, baina ez mac batean eta windows batean). Eta Dropbox bitartekari dela, erabil daiteke iPaden ere bai, testu huts moduan, besteekin sinkronizatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Longitude

Dentistarenean izan nuen Dava Sobel idazlearen berri, bertako itxaron gelan zegoen Elhuyar aldizkari batean. Hantxe jakin nuen Dava Sobel zientzia-kazetaria dela, Carl Sagan zenarekin lan egin zuela Cosmos telesailean, New York Times eta beste hedabide askotan idatzi izan duela, eta hainbat liburu idatzi izan duela, denak ere zientziaren ingurukoak.

Elkarrizketa hark jakinmina piztu zidan, eta bertan erabaki nuen Dava Sobelen libururen bat irakurri behar nuela. Longitude aukeratu dut, bere lehen liburua. Bertan kontatzen du, modu zoragarrian, zelako garrantzia izan duen nabigazioaren historian latitudea eta longitudea ondo asmatzeak, zelako arazoak egon ziren longitudea zehaztasunez antzemateko, eta zelan iritsi zen asmakizun hori John Harrison erlojugilearen eskutik.

Ingelesez nabil irakurtzen Longitude, baina gaztelaniaz ere aurki daiteke, Longitud izenarekin. Geolokalizazioaren aro honetan, non, sateliteak erabilita, telefonoak, argazki makinak eta beste gailu askok laguntzen diguten tokiak kokatzen, ondo dator lokalizazioaren historian murgiltzea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gasolindegian

Ederra egin nuen atzo. Eroskiko gasolindegian nengoela, Mondragoen, gasolioa bota barik, gasolina bota nion auto berriari. 181 euro kostatu zitzaidan deskuidua, baina ez nago kexatzeko moduan, autoak ez baitu kalterik jaso, konturatu ere berehala konturatu nintzen-eta hanka-sartzeaz, eta ez bainuen autoa arrankatu.

Buru-nahasteak aldrebestu egin zidan arratsalde beroa, dentistarenean nuen hitzordua pikutara joan baitzen, eta 18:15ak arte horren bueltan ibili nintzelako dantzan, beribila egoera onean berreskuratu arte. Hala ere, gertakariak izan zuen alde on bat baino gehiago:

  • Feu Vert enpresako bi langilek aholku ona eman zidaten, euskaraz: ez arrankatzeko autoa, eta deitzeko asegurura garabi baten eske, garaje batean aterako zidaten-eta sartutako gasolina.
  • Eroskik ez zidan kobratu gasolina, 70 euro, horrelakoetan, lehen hanka-sartzea barkatu egiten omen dute-eta. Lehen Eroski zalea banintzen, pentsatu orain.
  • Garabilaria, hau ere euskaldun peto-petoa, oso ondo portatu zen: Durangoraino eraman ninduen garajera, eta gero Elorriora, itxaron beharreko tartea etxean igaro nezan.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina