Gosari paregabea Behobia-Donostiarako

Kanadan bizi nintzela jaten nuen gosaltzeko, baina urteak igaro dira olo-ahia probatu barik, porridge ingelesez. Asteburu honetan hasi naiz berriro jaten gosaltzeko, medikuak esan baitzidan hobe nuela laboreak egosita jatea, hesteek lan gutxiago egin dezaten. Eta oso gustura geratu naiz emaitzarekin.

Zelan prestatu olo-ahia
Bezperan, botatzen dut kikara bete olo kazola batera. Horren gainean, botatzen ditut bi kikara bete ur, eta uzten dut oloa beratzen gau osoan. Goizean, botatzen diot gatz apur bat, eta berotzen jartzen dut, irekin arte. Laupabost minutu utzi irakiten, eta bitartean ur piska bat bota eta eragin kazolari, oloa itsats ez dakion. Bukatutakoan, edukiaren erdia-edo hartzen dut katilu batean, eta bertan esne begetal apur bat botatzen dut, ezti piska batekin.

Ipar Ameriketan porridge oso popularra zen lasterkarien artean, bereziki Boston inguruetan, olo-ahiak karbohidrato mordoa duelako, lasterkariak behar duena hain zuzen. Behobia-Donostia lasterketari begira ere, gosari aparta izan daiteke proba hori egin nahi dutenentzat. Inor animatzen bada errezeta hau prestatzera (mesedez: karrera eguna baino lehenago, badaezpada), bejondeiola!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Euskal idazleak, noragabe

“Oro har, uste dut idazle profesionalok nahiko noragabetuta gabiltzala eta nahiko lan daukagula geure burua aurrera ateratzen egunero, noragabezia horren erdi-erdian”. Patxi Zubizarreta idazlearen hitzak dira, Juan Luis Zabalak atzo Berrian egindako elkarrizketa mamitsuaren bukaeran.

Aspaldi honetan sumatu dut euskal idazle asko krisian daudela, noragabe, batez ere ez dakitelako zelan jokatu teknologia berriek eragindako aldaketen aurrean. Patxi Zubizarretak ezin garbiago berretsi dit susmoa:

  • Historiaurre informatikoan gaude, eta ez dakigu geroak zer ekarriko duen. Beti egiten aritu izan garen horren dekadentzia moduko bat sentitzen dut, baina jakin gabe gero zer etorriko den. Primitiboa aro berriaren aurrean bezala sentitzen naiz, eta hori oso motibagarria izan daiteke, baina oso dezepzionagarria ere bai, eta oso nekagarria.

Ez da erraza, egia da, asmatzea zelan jokatu, ikusita orain arte ezagututako moldeak jausten ari direla. Hala ere, Adierazgarria ere bada trantsizio honetan Patxi Zubizarretak euskal argitaletxeekiko erakusten duen atxikimendua:

  • Ni oso kritikoa izan naiz euskal argitaletxeekin, ez ditudalako ikusi oso irekiak, baina gaur egun errespetu handiagoz begiratzen diet, konturatzen naizelako egoera oso konplexua dela. Ez dut esaten hori barkagarri moduan, baina bai besteren larruan sartzeko ariketa baten ondorio gisa edo. Konplizitate handiagoak bilatu behar ditugu idazleen, editoreen, itzultzaileen eta ilustratzaileen elkarteen artean. Sinergiak behar ditugu, aurrera egingo badugu.

Beste norabaitera begiratu beharko luke Patxik, Lucia Echevarriari, adibidez, berak elkarrizketan aipatzen duen idazle espainiarrari, zeina hasi omen baita bere liburuak promozionatzen, horretarako bere webgunea eta zozketak antolatuta. Baita Susa, Amazon eta O’Reilly argitaletxeei besteak beste, horiek ari baitira bide berriak erakusten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ni ere bruxista naiz

Dentistak aspaldi esan zidan bruxista nintzela, alegia, gura barik —eta tentsioak eraginda— haginak estutzen nituela, goikoak behekoen kontra, eta haginak zaintzeko, babes bat erabili beharko nukeela gauez. Nik, entzun bai, baina kasurik ez. Iragan uda arte.

Oporretatik bueltan, konturatu nintzen zenbait hortz eta hagin apurtuta nituela, zati txikiak. Dentistanera joan, eta esan zidan horiek zirela bruxismoaren ondorioak. Serio hartu beharko nuela kontu hori, bestela nire haginek txiki-txiki amaitu behar zutela.

Esan eta egin. Orain, ohera joan aurretik, babes bat jartzen dut goiko haginetan, eta horrekin egiten dut lo. Jaikitakoan, babesa ondo garbitu eta gorde egiten dut, hurrengo gaua arte. Ea horrela haginek onik eta osorik irauten duten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Neskatila, Internet eta autoa

CNN telebistak oso esperientzia interesgarria jakinarazi du, eta bertan protagonista 14 urteko neskatila estatubatuar bat da, Kathryn DiMaria, zeinak orain bi urte erabaki zuen lau urtean auto bat muntatu nahi zuela, Pontiac Fiero bat, gidatu nahi duena 16 betetzen dituenean.

Proiektu hau egiteko Kathryn gazteak dantzan jarri du bere familia, aita batez ere, baina baita Pontiac Fiero zale mordoa ere. Azken hauek foro baten bidez ari dira gidatzen neskatila autoa zelan muntatu, orain bi urte aita sartu zenetik foro horretan bere kasua azaldu eta laguntza eskatzeko.

Kathryn DiMaria auto zalea da, zer esanik ez, eta handi egiten denean ingeniaria izan nahi du. Bere poltsikotik ordaindu zuen Pontiac Fiero zahar bat, umeak zaintzen irabazitako diruarekin, eta eskura dituen baliabide guztiak erabiltzen ari da proiektua aurrera eramateko. Bide batez, bere aitak goiko bideoan dioen moduan, ikasten ari da bere proiektua komunikatzen.

PBL (Problem Based Learning / Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntza) perfektua, neskatilak berak proposatua eta egina, eta sarean partekatua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Lasterketa sekretua eta dopina

Egun hauetan Tyler Hamilton txirrindulari ohi estatubatuarraren liburu bat irakurri dut, The Secret Race, berau interesgarri bezain ikaragarria, modu gordinean argitzen baitu nazioarteko txirrindularitzaren estoldetan zelan erabiltzen den dopina botere harremanak nor beraren interesetan irauli, ospea lortu eta negozioa egiteko. Eta hor, capo bat nagusitzen da, Lance Armstrong, zeinak hariak mugitzen baititu, Tony Soprano fikziozko mafiosoa bailitzan.

Liburua joan den hilean argitaratu zen, eta, berez, Daniel Coyle kazetariak idatzi du, Tyler Hamilton eta beste protagonista askoren adierazpenetan oinarrituta. Liburua oso ondo idatzita dago, zehaztasun handiarekin, eta irakurtzen da eleberri beltzik onena bezala, liburu on batek behar dituen elementuak baititu. Kontua da hau ez dela fikzioa, bizitza errealean dago-eta oinarrituta.

Liburuak kontatzen du Tyler Hamilton zelan hasi zen txirrindularitza profesionalean, zelan etorri zen Europara, eta zelan sartu zen dopina erabiltzen, konturatu zenean beste guztiak dopatu egiten zirela, eta nahi bazuen goi mailara iritsi, berak ere horixe egin beharko zuela. Horretan, eskrupulurik bako zuzendari, mediku, txirrindulari  eta agintariak agertzen dira kontakizunean. Baita mediku euskaldun bat ere, Pedro Zelaia, zeinaren eskutik Hamiltonek adierazten du hasi zela erabiltzen testosterona eta EPO, lehena esfortzu handietatik bizkorrago errekuperatzeko, eta bigarrena txirrindulariaren errendimendua areagotzeko.

Irudipena dut Tyler Hamiltonek zintzo jokatu duela liburu honetan, erabat biluztu da-eta, hainbat urtetan gezurretan bizi ondoren. Harrigarria da, bestalde, txirrindularitzaren negozioak zelan asmatu duen, behin eta berriro, gu denok sinets dezagun dopina sagar ustel gutxi batzuen kontua dela, zerikusirik ez karrerista gehienekin. Liburuak erakusten digu ezetz, goi mailako kirol hau errotik dagoela ustelduta, besteak beste txirrinduzaleok balentriarik zailenak eskatzen baitizkiegu gure idoloei, eta begiak ixten ditugulako errealitatea gustatzen ez zaigunean.

Lasterketa sekretua irakurtzen ari nintzela, behin eta berriro pentsatu dut zer dela-eta Euskal Herrian inork ez duen idatzi horrelako ezer, gure hedabideetan zergatik hitz egiten den hain gutxi kontu hauetaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Gaur ez dut bozkatuko

Etsipenak jota nago gure inguruko politikariei dagokienez. Barneratzen ari naiz Espainiako politikariak nola, gureak ere elite zurrupatzaile bihurtu direla, espezializatuta beren partiduaren mesedetan lan egiten —eta, sarri askotan, beren poltsikoa gizentzeko. Sinistuta nago AHT, Pasaiako portua, Donostiako metroa eta beste lan erraldoi asko partiduak finantzatzeko aitzakiarekin egiten direla.

Eta ezker abertzalea? Ez zait bat ere gustatu zelan ari den ezartzen Atez Ateko Zabor Bilketa. Hainbeste urte erreferenduma eskatzen hainbat auzi konpontzeko, eta atez atekoa iristen denean, PPk, PSE-EEk edo EAJk bezala erantzun du: ez, ez doala galdetzerik ea hiritarrek hori horrela nahi duten. Denborak erakutsiko digu ezker abertzaleak zelako ahalmena duen okerrak zuzendu eta zerbait diferentea eskaintzen duela erakusteko.

Bitartean, euria atergabe ari duela aprobetxaturik, saiatuko naiz eguna lasai igarotzen. Bihar beste egun bat izango da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Urkulluren gosaria

Batzuetan, eredugarri eta perfektu agertu nahiak galdu egiten ditu politikariak. Igandean, adibidez. Euskal Herriko egunkarien azalak errepasatzen ari nintzela, aho bete hortz geratu nintzen El Correo egunkarikoa ikusterakoan. Bertan Iñigo Urkullu eta bere emaztea agertzen ziren, gosaltzen.

Goizeko 07:00etan senar-emazteak sukaldeko mahaian agertzen ziren, akatsgabe jantzita, kafesnea zerbitzen, batek baso bat ur eta besteak baso bat zumo zeukatela ondoan. Baina mahaiaren erdian, galleten ondoan, han zegoen plater handi bat bete pastel, pasta, kruasan eta enparau. Edozein umeren ametsik zoroenak asetzeko moduko plater handia.

Hala ere, eszenaratzeak faltsua ematen zuen. Horrela gosaltzen da egunero lehendakarigai jeltzalearen etxean? Gozogileak goizeko ordu horretarako ekartzen dizkio pastelak etxera? Eta barruko beste argazkietan, emazteari agur esan ondoren, harrikoa egiten agertzen zen Urkullu, mahukak jaso barik eta akatsgabe jakintza hor ere, ez aurreko amantalik, ez otxokuartorik. Perfektuegi. Hain perfektu ezen ez zirudien egia. Horra zer gertatzen den politikariak —edo berauen irudi aholkulariak— tematzen direnean don perfektu itxura ematen: askok ez diegu sinesten.

Eta ez gaizki ulertu, horrek ez baitu zerikusirik joera politikoekin. Joan den astean Obamaren kritikari batek zioen moduan, hark Romnyrekin izan zuen lehen aurrez aurrekoaren ostean: “This is not politics. It’s performance’. Baina antzezpena baldin bada, gutxienez, sinesgarria izan behar da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Mahatsa batzen Esteñibarren


Atzo mahatsa batzen izan ginen Esteñibar baserrian, Elorrion. Hego haizearen konpainian hasi ginen lanean, zenbait gauza diferente egiten, aurreko urteekin alderatuz gero:

  • Fatima jarri zen langileburu, lan taldeak eta lan antolaketa zuzentzen.
  • Etxe ondoko aldean hasi ginen lanean, kaxak berehala irits zitezen kamioira.
  • Ilada bakoitzean bi edo hiru pare lagun egin genuen lan, zelako luzea zen ilada.

Mendraka upeldegiko jendeak eskatuta, saiatu behar ginen lehen kamioia lehenbailehen bidaltzen. Horregatik aldaketak. Eta lortu genuen. Aurreko urtean baino mahats dezente gehiago eta hobea jaso genuen, eta, hala ere, 14:00etarako dena amaituta genuen.

Betiko moduan, egun ederra izan zen atzokoa. Gazte eta gaztetxo gehiago izan genuen gurekin, denak erlabioak baino beharginagoak, umore ona izan zen nagusi, kantu ederrak abestu genituen, eta aspaldiko lagunekin jardun genuen. Mahats batze eguna berezia izaten segitzen du Esteñibarren. Bertan ateratako argazkiak Flickr-en dituzue ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Gustura Aretxabaletan

Hogei bat minutu dauzkat Elorriotik Aretxabaletara, autoz joanda. Iraila ezkero, Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan ireki zuenetik campus berria, bide hori egiten dut egunero etxetik lantokira. Aitortu beharra dut: gustura nabil Aretxabaletan.

Niretzat Aretxabaleta ama zenaren esparrua da, Andra Mari egunean bertatik abiatzen baiginen, oinez, haren jaiotetxera, Uritte baserria. Berez, Uritte Gellao auzoan dago, eta Gellao Eskoriatza da, baina gure buruetan Uritte erabat lotuta zegoen Aretxabaletarekin.

Nerebe ginenean, sarri joaten ginen Mondragoetik Aretxabaletara: plazako dantzalekua zela, UDAren futbol partidak zirela, joan-etorrian ibiltzen ginen. Geroago, berriz, helduak ginela, afaltzera joaten ginen hara: Burgalesera edo Taberna barrira.

Eta gero, urteak pasatu ditut Aretxabaletako lurrak ia zapaldu barik, oso gutxitan. Orain arte. Itzulitakoan baina, ez naiz arrotz sentitu: hantxe daude tiak, beti bezain adeitsu; hantxe Koldo, oso alpaldiko lagun urteetan ikusi bakoa; hantxe Taberna barri, herriko plaza…

Orain Bedarreta auzoan gaude, eta inguru haietan gabiltza batez ere, ikaslez inguratuta. Nahi duzuenean egiguzue bisita, ongi etorriak izango zarete-eta.

EGUNERATZEA: Horra artikulu hau argitaratu eta minutu gutxira Aretxabaletako campusean bertan ateratako argazki panoramikoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Agur Firefox, baina ez adio

Joan den ostegunean erabaki nuen aurrerantzean Google Chrome erabiliko nuela Interneten nabigatzeko. Firefox bigarren mailara igaroko da, azken urteotan ez bezala, berau izan dut-eta nabigatzaile nagusia, bai etxeko mac-ean eta baita laneko PCan.

Zerk eraman nau erabaki hori hartzera? Azken aldi honetan Firefox moteldu egin zait, batez ere berau pizteko orduan. Bestetik, azken hiru asteotan arazoak izan ditut etxeko ordenagailuan Google Docs-en lan egiteko orduan; ezin nuen, errorea ematen zidan-eta.

Chrome-ren abantailak
Gaur egun hainbat abantaila ikusten dizkiot Chrome nabigatzaileari:

  • Bizkorragoa da Firefox baino.
  • Chrome ondo antolatuz gero, edozein ordenagailutan erakusten ditu nik emandako ezaugarriak.
  • Chrome pizterakoan hainbat fitxa ireki dezaket batera, nik horrela programatuz gero. Ez naiz ibili behar, orain arte egiten nuen moduan, fitxok egunero banan-banan zabaltzen.
  • Chromek Safarik bezain txukun eskaintzen dit irakurlea iReader gehigarriari esker.

Noizko Euskalbar Chromen?
Azken aldi honetan leiala izan banaiz Firefoxekiko izan da, duda barik, Firefoxek Euskalbar daukalako, eta berau oso baliagarria delako niretzat, lan gehienak euskaraz egiten baititut. Euskalbar Chromera etorri bitartean, Firefoxera jo beharko dut hiztegi horiek erabili nahi ditudan aldiro.

Konturatu naiz, halaber, Chromerekin ezin dudala ondo lan egin Faroan, nire blogean, ezaugarri zenbait falta dituelako, adibidez, testua editatzeko aukera, loturak egitekoa eta argazkiak txertatzekoa. Hori konpondu bitartean, Firefoxera jo beharko dut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin