Etiam itzuli da!

Edo beste modu batera, Olentzero aurreratu zaigula! Sustaturen Jamaika atalean irakurri dut Etiam itzuli dela, eta berehala egin dut klik albistearen loturan. Egia da, Etiam itzuli egin da, eta oraingo honetan kontatzen digu nola antolatu duen literatura irakurraldi bat bere etxean, eta nola joan zaion.

Pozten naiz, Etiam delako lehendabiziko euskal blogarietako bat, baina ez horregatik soilik. Etiam da gozoa, bat-batekoa, xaloa, dibertigarria eta hunkigarria; euskal blogosferan, bakarra. Ongi etorri berriro, Etiam!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Andres Urrutia

Ezeren aurretik, zorionak eman nahi dizkiot Jean Haritxelharri, Wojtyla sindromea alde batera utzi eta, oraindik sasoiko dagoela, kargua garaiz utzi duelako. Eta urte hauetan egin duen lanagatik.

Eta Andres Urrutiari, ongi etorririk beroena. Agintealdi oparoa izan dezala, euskararen onerako. Herenegun, baina, irakurri nion esaten ez dela aldaketa handirik egongo Euskaltzaindian, jarraitasuna izango dela.

Ni, ordea, sinestuta nago Euskaltzaindiak sakon hausnartu behar duela, eta erabaki zer egiteko dituen gaur egungo gizartean, XXI. mendearen hasiera honetan. Eta gogoan hartu behar dituela euskal informatikari euskaldunak eta haien proposamenak, euskara aurreratzeko eta egokitzeko garai berrietara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Larrialdi zerbitzuak

Atzo Galdakaon izan ginen, ospitalean, eta aukera izan genuen ikusteko nola dabilen han larrialdi zerbitzua. Hasieran zalantzak izan nituen joan ez joan, batez ere gogoan hartuta azken egunotan zer idatzi eta esan den Osakidetzaren larrialdi zerbitzuez, baina ikusirik gero eta okerrago nenbilela, joan egin ginen.

Hamabiak inguruan irtisi ginen, eta bi ordu eta erdian kanpoan ginen berriro. Jendea etengabe ari zen sartzen larrialdietan, baina hango medikuek bizkor hartu eta bideratzen zituzten gaixoak, bakoitzaren premien arabera. “Joan den igandean, berriz —esan zidan erizain batek—, izugarria izan zen, gaurko halako hiru gaixo izan baikenituen, eta ez baikenuen leku nahikorik denak behar bezala atenditzeko”.

Denetariko aurpegiak ikusi nituen larrialdietan, gaurko Euskal Herriari dagokion moduan: bertan jaioak eta etorkinak, emakumeak eta gizonak, zaharrak eta gazteak, oso gaixoak eta kolpatuak… Lan erritmoa ere nahiko ona zen: bi ordu eta erdian egin zidaten sukarra eta tentsioa hartu, plaka pare bat egin eta odola atera. Horrezaz gain, medikuak birritan hartu ninduen, batean miaketa egiteko, eta bigarrenean, emaitzen berri eman eta azken gomendioak jakinarazteko.

Beraz, pozik irten ginen, ondo atenditu gintuztelako, eta ez nindutelako ospitaleratu. Hala ere, bost egunean antibiotikoak hartu beharko ditut, birikak garbitzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Blogari, blogile, blogdun…

Bloga fenomeno berri samarra da, eta arrakastatsua. Hitza ere berria denez, maileguzkoa beraz, hainbat zalantza sortzen ditu oraindik. Blog hitza bera badirudi finkatuta dagoela, baina beste batzuk, oraindik ez: blogak egiten dituena, blogak egitea…

Eibartarrak zerrendan eztabaida egin dute horren inguruan, eta Luistxo Fernandezek jaso egin du eztabaida horren emaitza bere blogean, Ingelesen Hilerrian. Interesgarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Metrosexuala

Konturatzen naiz zaila dela esplikatzen, esaten badut minbiziak bihurtu nauela metrosexual, baina ahaleginduko naiz.

2003ko uztailean Fatima nire arreba gaztearen hezur-muina sartu zidaten, mini-alotransplante batean Valdecillako ospitalean. Hori egin zidaten linfoma bat gainditzeko, hau da, minbizi mota bat, agertzen dena odolean.

Transplantatu guztiek bezala, erretxazo arazoak izan nituen, batez ere hasieran. Oraindik ere bi modutan agertzen zait erretxazoa: ahoan eta azalean. Azala sikatu egiten zait, batik bat aurpegian eta enborrean. Eta hori konpontzeko, goizero-goizero ematen dut krema bat, batez ere aurpegian.

Baina nola ez dakidan hori nahikoa ote den esateko metrosexuala naizela, begiratu egin dut Interneten, eta definizio hau aurkitu dut The Word Spy hiztegian:

Metrosexual iz. Gizaseme hiritarra, gustu estetiko handikoa, zeinek xahutzen baitu denbora eta diru asko bere itxuran eta bizimoduan.

Ikus dezagun bada. Gizasemea naiz, bai. Hiritarra ere bai, erabat asfaltokumea. Gustu estetikoarena, esan dezagun normala dudala. Eta definizioaren azken puntuei dagokienez, susmoa dut hortxe egiten dudala kale, nahiz eta, lehen esan bezala, inoiz baino krema gehiago ematen dudan azala gozatzeko.

Hasi naizenean idazten, uste nuen gauzak nahiko argi nituela, baina orain erabat nahastuta geratu naiz, jakin ezinik metrosexuala naizen ala ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Oraindik txertorik ez

Astebete baino gehiago daramat burutik beherakoarekin, eta hemen nago, etxean, eztula kendu ezinik. Aurreko batean medikuak esan zidan oraindik ezin dudala hartu gripearen kontrako txertorik, eta azaldu zidan zergatik.

Orain urtebete eta erdi egin zidatenean hezur-muinaren transplantea Valdecillako ospitalean, hezur-muin berriak ezabatu egin zidan, erabat, txikitatik hartuta nituen txertoen eragina. Beraz, orain nago haur jaio berri bat bezala, berriro arriskua baitaukat gorrina, baztanga eta bestelako gaixotasunak harrapatzeko.

“Horregatik”, esan zidan medikuak, “agurtzera bazoaz lagun batzuk, eta konturatzen bazara haur txikia gorrinak jota dagoela, lehendabizi alde egin, eta aukera duzunean, azaldu zergatik joan behar izan duzun handik”.

Bakarrik bukatzen dudanean prednisona-eta hartzen, bizpahiru hilabete igarota, orduan hasiko nintzateke lehendik hartuta nituen txertoak berriz ere hartzen, banan-banan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Ahozko euskararen oihartzunak

Tarteka bi liburu hasi naiz irakurtzen, eta bietan aurkitu dut idazteko modu bitxi bat, urrundu egiten dena Sebero Altubek proposatutako bidetik, azken urteotan hain arrakastatsua.

Lehen liburua da Odolean Neraman, Joan Mari Irigoien idazleak kaleratu berria, eta bertan horrelako esaldi bat aurkitu dut:

Eta irten ginen, ekin genion mugaz bestaldera eramango gintuen aldapari, utzi genuen atzean Juan el Pitoren benta, heldu ginen mendateko gainera, eta beherakoan, nik ez dakit zer gertatu zitzaigun, automobilak zibarena egin zuen, bidegainean koipe-aztarnaren bat zegoelako, beharbada. (37. or.)

Bigarren liburua da Ahulerio, liburu bat Pello Añorgak idatzia haur txikientzat, eta bertan beste esaldi hau aurkitu dut:

Eta gurasoak, bada, egin ziren kezkatu, egin ziren larritu eta aztoratu. “Oso ahul dago gure semea, oso ahul; eta, gainera, dorpe. Eta, beraz, zerbait egin behrko dugu”. Eta egin zuten gauza bat: bizkortzera bidali zuten Aurelio…

Liburu biak ez daude goitik behera estilo horretan idatzita, baina bietan agertzen dira ahozko euskarararen oihartzunak. Horrek esan nahi du zenbait idazle hasi direla aditzak aurreratzen, eta, ondorioz, irakurtzea ere erraztu egiten dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sarean.com, berritua

Jabi Zabalak berritu egin du, erabat, bere bloga, Sarean.com, eta niri izugarri gustatu: argia da, atsegina eta irakurterraza. Lehen bezain interesgarria, beraz, baina erakargarriagoa. Zorionak, Jabi!

Gehiago jakin nahi baduzue Jabiren gainean, irakurri hauxe.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Izarak tolesten

Gaur ohean geratu naiz, katarroak jota. Eguerdian, baina, jaiki naizenean, gora igo naiz, ordenagailura, eta ireki egin dut leiho eder hori, mundua begibistara ekartzen didana, Internet. Han eta hemen apur bat kuskuseatu, eta Xabier Mendiguren Elizegiren testu eder batekin egin dut topo, bere amari eskainia, atzo izan baitzen Santa Luzia, jostunen eguna.

Izarena irakurrita, mila oroitzapen etorri zaizkit arrapaladan, neu ere aritua bainaiz horrelako lantxoak egiten. Baina, Xabierrek ez bezala seguruenik, horrelakoetan beti nenbilen presaka jolastera joateko. Eskerrik asko, Xabier.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Talibanak

Behin baino gehiagotan ahoa bete zaigu zer gaiztoak diren talibanak emakumeekin. Baina erraz ahaztu dugu geu ere talibanen agindupean bizi izan garela orain gutxi arte. Horratx hiru adibide:

  • Kontu korronteak. 1975a arte, emakumeek ezin zuten kontu bat ireki edozein aurrezki kutxatan, senarraren baimen barik. Euskal Herriaz hitz egiten ari naiz, jakina, ez Afganistanez.
  • Débito conyugal. Ezkontzaren barruan, débito gonyugal deitzen zen arauak aukera ematen zion edozein senarri edonoiz sexu harremanak eskatzeko bere emazteareari. Eta horrelakoetan emazteak obligazioa zuen gizonaren apeta asetzeko.
  • Entrática. Gu txikiak ginela, edozein emakumek haurra eduki berritan, eta umetxoa bataiatu aurretik, elizara joan beharra zuen kandela batekin, eta eliza atarian abadeak zeremonia berezi bat egingo zion, entrática, emakume “zikina” berriz garbitzeko, eliz komunitatean ostera ere sar zedin.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina