Etiketa posta elektronikoan

Jende askok erabiltzen du posta elektronikoa kontuan hartu barik eremu horretan erabiltzen den gutxieneko etiketa. Horrela dabilenak jakin beharko luke ingurukoak nazkatzen ari dela, bera ere lerdemerke huts agertzen dela besteen aurrean, eta zaborra banatzen ari dela, nahiz eta asmorik onenarekin egin. Nahi baduzu seguru ibili, gogoan izan aholku hauek: 1. Baimena eskatu, inor gehitu aurretik posta zerrenda batean. Talde bat antolatzen baduzu zeure mezuak bidaltzeko, egokiena duzu aurrez galdetzea. Zuk uste baino jende gehiagok ez du nahi horrelako zerrendetan egotea. Horregatik, baten batek ezetz esaten badizu, ez gaizki hartu.

  1. Garbitu mezuen zerrenda amaigabeak. Atzera eragiten dute mezu horiek, non goialdea dozenaka (edo ehunka) izen eta helbiderekin datorren. Horrelako bat jasota erabakitzen baduzu beste norbaiti bidaltzea, aurretik, mesedez, kenduiozu zabor hori guztia, mezua jasotzen duenak erraz irakur dezan han zer esaten den.
  2. Ezkutatu taldeetako helbideak. Bidaltzen diozunean mezu bat talde bati, ari zara mezu horretako irakurle bakoitzari agerian ipintzen taldeko guztien helbide elektronikoak, eta hori jende askori ez zaio bat ere gustatzen.
  3. Pertsonalizatu mezua. Inoiz erabakitzen baduzu lagun bati bidaltzea mezu bat, zabor hutsa, baina zuri gustatu zaizuna, ondo legoke ohartxo bat idaztea: “Aupa, Ander. Pentsatu dut barre apur bat egingo zenukeela hau ikusita”.
  4. Identifikatu dokumentu atxikiak. Bidaltzen diozunean baten bati dokumentu bat atxikita, esaiozu zer nolako dokumentua den, hartzaileak jakin dezan zer programa beharko duen dokumentua irekitzeko. “Josune, honekin batera dokumentu bat bidaltzen dizut RTF formatuan. Beraz, ez duzu oztoporik izango Wordekin irekitzeko”.
  5. Ez sinestu hortik zehar dabiltzan gezurrak. Jasotzen duzunean izuak eragindako mezu apokaliptiko horietako bat, non ohartarazten zaituen halako birus ikaragarritik, kontuz ibili, seguruenik gezur hutsa izango da-eta, ingelesez hoax deitzen den horietakoa.

Aholku hauek jaso ditut Robin Williams idazlearen liburu batetik, Cool Mac Apps iruditu baitzait aintzat hartzekoak direla.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Liburuaren aurkezpena EHUn

Atzo Leioan izan nintzen, Euskal Herriko Unibertsitatean. Angel Bidaurrazaga eta Gorka Palacio irakasleek gonbidatu ninduten, liburuaren aurkezpena egin nezan Medikuntzako eta Kazetaritzako ikasleen aurrean. Aretora iritsi orduko kartel mordoa ikusi nuen hitzaldia iragartzen. Han, baina, bederatzi lagun bakarrik agertu ziren, gehienak Kazetaritzako ikasleak eta blogariak. Gustura sentitu nintzen, giro ona nabaritu nuelako. Nire aurkezpena bukatutakoan, elkarrizketan aritu ginen ia ordu erdiz. Eta han jakin nuen Gorka Palacioren taldeak euskaratu egin duela WordPress blog softwarea, eta EHUn 300 ikasle ari direla programa hori erabiltzen blogak egiteko. Geroago esan zidatenez, Software Libreko Euskal Institutua egin nahi dute, Euskal Herriko beste unibertsitateekin batera, eta enpresa mordo baten laguntzarekin.

Bukatu aurretik, berriro gogorarazi genion elkarri datorren apirilaren 17an euskal blogariok hitzordu bat dugula Elgetan

Unibertsitatean bertan bazkaldu genuen, Sukaldaritza Eskolan. Eta nola jan, gainera! Jateko ona, edatekoa ere bai, eta zerbitzu ezin hobea. Atentzioa eman zidan hango arduradunak, zeinek jangelaren kontrola baitzeraman, eta aldi berean laguntzen baitzien ikasleei egoki zerbitzen, eta hori guztia umorea inoiz galdu barik. Bazkari atsegina izan zen, Angelen eta Gorkaren konpainian.

Sukaldaritza eskolan

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Goiz bat ospitalean

Atzo goiza Deustuan igaro genuen, San Sebastian ospitalean. Aspalditik nuen proba bat egiteko han, PET delakoa, alegia Positroiak Igorritako Tomografia. Hori da teknika bat diagnostikoa lortzeko irudi bidez, eta erabiltzen da onkologian eta neurologian batez ere. Beraz, han agertu nintzen baraurik eta litro eta erdi ur edanda, medikuek aurretik agindu bezala. PET probak bi zati ditu: lehenean kontraste bat sartzen dizute zanetan, eta etzanda egon behar duzu ia ordubete, likido hori zabal dadin gorputzean zehar. Gela txiki batean igaro nuen tarte hori, ohatila batean etzanda, eta Beatlesen musika entzuten, nire ipotxean. Eskerrak horri.

Komunetik birritan pasata, tunel antzeko makina batean sartu ninduten, eskanerraren antzekoa, eta han ordubete luze egin nuen, geldi-geldi, momiak bezala. Klaustrofobikoa izan zitekeenez, erabaki nuen begiak itxi eta lasai egotea. Eta, egia esan, nahiko ondo igaro nuen tunela, nahiz eta bukaerarako sekulako txizagura izan.

Paper batean azaldu zidatenez, kontrastearen bidez irradia dosi txiki bat jaso nuen, radiazioa, baina eskanerrak eragiten duena baino txikiagoa omen.

Kontua da makinatik irten nintzenean, zorabiatuta moduan irten nintzela, nahasita, ez dakit kontrasteak eraginda edo zerk. Hori zela eta, etxera bidean ez nintzen ausartu autoa gidatzen, eta behin etxean, ohera sartu eta atsedena hartu nuen.

Azken bisitan Valdecillan, hango medikuak azaldu zigun garaia zela diagnostiko sakon bat egiteko, jakin genezan nola nagoen hezur-muinaren transplantea egin eta urtebete eta erdira. Horretarako hiru proba egin behar genituen:

Hiru proba diagnostikorako

  • Eskanerra. Joan den otsailean egin genuen, Galdakaon. Esan zidatenez, emaitzetan ez zuten ezer susmagarririk aurkitu.
  • PET. Atzo egindakoa. Gai radioaktiboak erabiltzen ditu aztertzeko organoen funtzioa eta egitura. Emaitzak Galdakaoko ospitalera bidaliko dituzte.
  • Kimerismoa. Valdecillan bertan egin zidaten, baina ez dugu emaitzaren berri izango maiatza arte, hurrengo kontrola dugunean. Kimerismoan neurtzen da nire hezur-muinaren egoera, jakiteko hor Fatima arrebak emandako zelulak diren nagusi ala lehengo nireak.

Beraz, hiru probak eginda daude. Orain maiatza arte itxaron behar hiruren berri jakiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Aurkezpenetako argazkiak

**Aitor Larrañaga** koinatua eta laguna gurekin izan zen liburuaren lehen aurkezpenetan, eta han ibili zen argazkiak ateratzen, gelditu barik. Orain Flickr webgunean ipini ditu haietako zenbait, denok ikus ditzagun.

Klik egiten baduzue eskuin aldean “View as slideshow” dioen tokian, itxaron apur bat, eta aukera izango duzue argazki horiek hurrenkeran ikusteko, diapositiba moduan. Eskerrik asko, Aitor, oso ederrak dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Diseinua enpresetan

John McWade diseinatzaileak eta PageLab bere enpresak beste liburu bat kaleratu dute, interesgarria oso diseinatu behar dutenentzat materiala enpresentzat: Before and After Graphics for Business. Liburu horretan, John McWadek erakusten du nola erabili gaur egungo erremintak enpresa diseinuak egiteko, zeinek transmitituko baitute enpresaren nortasuna forma eta euskarri askotan. Erakusten digu nola sortu pastelak, grafikoak, egutegiak eta mapak; nola diseinatu berripaperak, nola erabili argazkiak mezua indartzeko, eta nola sortu ziurtagiriak, iragarkiak telefonotegietarako, kupoiak, etab. Hitz batean esanda, nola aurkeztu munduari norberaren enpresa, modu grafikoan.

John McWadek bide luzea egin du autodiseinua sortu zenetik, bera izan baitzen aitzindarietako bat diseinua eta ordenagailuak uztartzen, hasiera hartan PageMaker programa baliatuta. PageLab enpresa sortu zuen gero, eta Before & After aldizkaria, non proiektuak lantzen baititu ordenagailu bidezko diseinuan oinarrituta.

John McWade

Aurretik McWadek bazuen beste liburu bat, hori ere diseinuaren gainean: Before & After Page Design, aurrekoa bezala, aholkuz eta adibidez josita, eta Peachpit argitaletxeak kaleratuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Erreportajea Argian

Aste honetako Argiak ere lau orriko erreportajea eskaini dio liburuari. Berau egiteko Julen Gabiriak beste ikuspegi bat landu du: oinarritu da nik aurkezpenetan erabilitako zortzi argazkitan, eta nire familiakoen iritzietan (Bego, Miren, Fatima, Mikel eta ni). Emaitza oso polita da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Liburuaren oihartzuna

Hilabete pasatxo igaro da Donostian aurkeztu genuenetik Medikuak esan dit minbizia dudala, eta dagoeneko agertu da liburu salduenen buruan. Lehen kritikak ere agertu dira han-hemenka. Martxoaren 30ean, Correoren Territorios gehigarriak liburu salduenen zerrenda zekarren, eta euskarazkoen artean, gure liburua agertzen zen buruan, ez fikziozkoetan. Hau zen sailkapena:

  1. Medikuak esan dit minbizia dudala. Joxe Aranzabal. Elkarlanean.
  2. 2003 eta 2004 azterketak EGA. Eusko Jaurlaritza.
  3. Griot. Jon Arretxe. Elkarlanean.
  4. Bakarka. Letamendia/Mujika. Elkar.
  5. Euskaldunen anekdotak. Juan Luis Goikoetxea. Mendebalde.

    Joan den ostiralean, berriz, Felipe Juaristik argitaratu zuen kritika bat Diario Vascoren Kultura orrietan, Lekukotza izenarekin. Ondo dago idatzita, baina harrituta geratu nintzen bukaerako esaldiarekin: “Liburua irakurrita esan dut ‘gizon hau ez da gure garaikoa. Presokratikoa dirudi’”.

Felipe Juaristiren kritika

Badaezpada, entziklopedian begiratu dut ea zer dioen presokratikoen gainean, baina hor ez dut argi handirik aurkitu: Sokrate-ren aurreko filosofoei deitzen zitzaiela horrela, Kristo aurreko VII. mende bukaeratik K.a. V. mende artean bizi izan zirela Grezian, eta gauzen arrazoia edo printzipioa bilatzen ahalegindu zirela.

Urrutira bidali nau Felipe Juaristik, baina oraindik ere asmatu ezinik nabil zergatik idazle azkoitiarrak ipini nauen halako konpainia ederrean. Baten batek antzemango balu, eskertuko nioke argibidea.

Atzo, berriz, El Correok argitaratu zuen orrialde osoko elkarrizketa bat Gipuzkoako edizioaren barruan. Ricardo Díez kazetariak egin zidan oporretara joan aurretik.

Correon eta Berrian

Aste honetan, bestalde, egunero galdera bati erantzungo diot Berria egunkariaren Galde-eskean izeneko atalean. Irakurleek galderak helaraziko dizkidate Berriaren webgunetik, eta nik erantzun atal horretan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Cookie

Gero eta gehiago entzuten da cookie hitza sarean (kuki esanda). Hala ere, Internetez eta ordenagailuez ari garela, badakigu cookie horiek ez direla gailetak, nahiz eta Morris hiztegiak adiera hori eman. Zer dira, bada, zorioneko cookie horiek? Cookie
bat da kode zati bat, eta jeneralean webgune batek bidaltzen du ordenagailu batera, hortik hainbat informazio jasotzeko. Eman dezagun Amazonera zoazela, eta erregistratu egiten zarela webgune horretan. Hortik aurrera, Amazonen sartzen zaren bakoitzean, Amazonek berak badaki nor zaren, berriro sinatu beharrik gabe. Cookiei esker.

Beraz, zuzena eta egokia da cookie horiek onartzea, baldin eta badatoz zure uste osoko webguneetatik. Cookie-ak inoiz ez onartzeak, ostera, mugatu egin lezake zer egin ahal duzun hainbat webgunetan.

Zuhurra bazara, onartu ahal dizkiezu cookie-ak soilik zure konfiantzako webguneei. Horrela saihestu egingo duzu zaborra, iragarleek bidalitakoa zure baimen barik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Rouco, pontifex

Gaur goizeko 04:45etan esnatu naiz, Tenerifen nengoela. Izan ere, hiru ordu laurden geroago autobusak hartu behar gintuen aireportura eramateko, etxera bidean berriz ere. Eta burutazio zoro bat etorri zait: Rouco Varela izango da hurrengo Aita Santua. Asko idatzi da nola gerra hotzaren garaian CIAk eraman zuen kardinal poloniar bat San Petriren aulkira, Sobiet Batasuna eta bloke komunista desorekatzeko asmoz. Are gehiago idatzi da nola beste aldeko zerbitzu sekretuek prestatu zuten atentatu bat Carol Wojtyla hiltzeko. Zauritu bai, zauritu zuten Joan Paulo II, baina hil ez.

Harrezkero, Berlingo harresia erori zen. Beraz, orain arriskua ez dator Ekialdetik. Ordea, bai munduko enperadorea nola Opus Dei kezkatuta daude Espainiako gobernuarekin. Bakoitzak bere motiboak ditu. Eta 1978an hain ondo atera bazitzaien jokaldia, zergatik ez errepikatu orain? Zapaterok hor izango luke oposiziorik gogorrena, eta markajerik zorrotzena nazioarteari begira.

Dutxapean sartu naizenean, berriz, esnatu bezala egin naiz, eta ohartu burutazio hau amesgaizto baten hondarra baino ez dela izan. Baina, horrekin batera, pentsatu dut txiripa batek Rouco Vatikanoko burura eramango balu, euskaldunok beste izen bat asmatu beharko genukeela Aita Santua izendatzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Magnolioa

Aurrekoan Mikelek aipatu zuen bere blogean, Piperrautsan, nola loratu den bere etxe ondoko magnolioa. Eta nola loratu, alajaina! Gaur han izan garenean, Esteñibar baserrian, liluratuta geratu gara, magnolioaren ederraz. Eta ezin geratu argazki bat atera barik. Mikelek berak egin digu erretratua, hemen duzuena.

Magnolioa ez ezik, loratan ikusi ditugu geriza arbolak, kintxaunak (gingak ematen ditu, eta lore ikusgarria egiten zaio, arrosa kolorekoa ), okaranak eta baita sagar arbola batzuk ere, zein baino zein dotoreago. Horixe da udaberriaren oparia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina