Etiketa posta elektronikoan

Jende askok erabiltzen du posta elektronikoa kontuan hartu barik eremu horretan erabiltzen den gutxieneko etiketa. Horrela dabilenak jakin beharko luke ingurukoak nazkatzen ari dela, bera ere lerdemerke huts agertzen dela besteen aurrean, eta zaborra banatzen ari dela, nahiz eta asmorik onenarekin egin. Nahi baduzu seguru ibili, gogoan izan aholku hauek: 1. Baimena eskatu, inor gehitu aurretik posta zerrenda batean. Talde bat antolatzen baduzu zeure mezuak bidaltzeko, egokiena duzu aurrez galdetzea. Zuk uste baino jende gehiagok ez du nahi horrelako zerrendetan egotea. Horregatik, baten batek ezetz esaten badizu, ez gaizki hartu.

  1. Garbitu mezuen zerrenda amaigabeak. Atzera eragiten dute mezu horiek, non goialdea dozenaka (edo ehunka) izen eta helbiderekin datorren. Horrelako bat jasota erabakitzen baduzu beste norbaiti bidaltzea, aurretik, mesedez, kenduiozu zabor hori guztia, mezua jasotzen duenak erraz irakur dezan han zer esaten den.
  2. Ezkutatu taldeetako helbideak. Bidaltzen diozunean mezu bat talde bati, ari zara mezu horretako irakurle bakoitzari agerian ipintzen taldeko guztien helbide elektronikoak, eta hori jende askori ez zaio bat ere gustatzen.
  3. Pertsonalizatu mezua. Inoiz erabakitzen baduzu lagun bati bidaltzea mezu bat, zabor hutsa, baina zuri gustatu zaizuna, ondo legoke ohartxo bat idaztea: “Aupa, Ander. Pentsatu dut barre apur bat egingo zenukeela hau ikusita”.
  4. Identifikatu dokumentu atxikiak. Bidaltzen diozunean baten bati dokumentu bat atxikita, esaiozu zer nolako dokumentua den, hartzaileak jakin dezan zer programa beharko duen dokumentua irekitzeko. “Josune, honekin batera dokumentu bat bidaltzen dizut RTF formatuan. Beraz, ez duzu oztoporik izango Wordekin irekitzeko”.
  5. Ez sinestu hortik zehar dabiltzan gezurrak. Jasotzen duzunean izuak eragindako mezu apokaliptiko horietako bat, non ohartarazten zaituen halako birus ikaragarritik, kontuz ibili, seguruenik gezur hutsa izango da-eta, ingelesez hoax deitzen den horietakoa.

Aholku hauek jaso ditut Robin Williams idazlearen liburu batetik, Cool Mac Apps iruditu baitzait aintzat hartzekoak direla.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Etiketa posta elektronikoan-ri

  1. egilea: Jabi

    Aupa Joxe. Gurutzada horretan nabil aspaldian, baina ematen du jendeak ez duela ulertu nahi. Internauta berriek ez dakite netiketa zer den eta zaharragoetan ere gehienek ez dute ikasi. Euskaraz ere idatzi dut horretaz hamaika bider, baina badakizu oso eragin mugatua dutela aholku horiek. Tira, erreferentzia batzuk aipatzearren:

    http://www.sarean.com/sarean/000468.html
    http://www.sarean.com/sarean/000576.html
    http://www.sarean.com/sarean/000615.html

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Jabi! Arrazoi duzu: nahi baino gehiago kostatzen zaigu kontu honetan ere alfabetatzea. Baina horregatik ez dugu etsiko. Zuk lan ederra egiten duzu, eta horren adibide dira goian aipatu dituzun artikuluak.

    Ondo segi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude