Azalaren indarra

Lehen aldiz jakin dut baten batek erosi duela nire liburua portadagatik. Eta poztu egin naiz, ahalegin handia egin genuelako portadarekin. Batetik, nahi nuen liburuaren azalak garbi adieraztea liburuaren mamia minbiziarekin zegoela lotuta. Horretarako hautatu nuen izenburua, Medikuak esan dit minbizia dudala, eta baita argazkia ere, non ni neu burusoil agertzen naizen, kimioterapiaren ondorioz.

Atzo lagun baten mezua jaso nuen, eta, besteak beste, kontatzen zidan zer gertatu zitzaion bere lagun bati nire liburuarekin:
Gasteizko lagun batek Medikuak esan dit erosi zuen, portadagatik. Ez zuen liburua ezagutzen, baina portadak inpaktatu eta erosi egin zuen. Ostiralean deitu zidan, esateko irakurri duela. “Eta?”, galdetu nion. Erantzuna: “horrelako zerbait irakurtzeko beharra nuen”.

Eta horren gainean, Jabi Ubiernak sekulako lan ona egin zuen, ez baitzen lan erraza halako izenburu luzea uztartzea horrelako argazki batekin. Izan ere, arriskua baitzegoen azal gordinegia egiteko, eta horrek atzera eragin zezakeen hainbat jende.

Pozerako bigarren motiboa azken esaldiak eman zidan. Gasteiztar hark portadagatik erosi bai, liburua, baina gero edukiaz ere gustura geratu omen zen. Zer gehiago eska lezake egileak?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Blogak eta marketina

Netadblog izeneko blogean irakurri dut nola Ideup marketin etxearen aholkuari jarraiturik, Espainiako bi argitaletxe — Temas de Hoy eta M.R.— hasi diren beren liburu berriak bidaltzen doan, hainbat blogari ezaguni. Horien artean daude J.J. Melero (Atalaya), Jose Luis Orihuela (eCuaderno) eta Mayoral (Diario de un Debianita).

Susmo txarrak uxatze aldera, blogari horiek azaldu dute enpresak ez diela eskatu kritika onak egitea, nahikoa dutela liburu horien gainean idaztea, ondo nahiz gaizki.

Kontua da marketin enpresak ohartu direla zer ahalmen duten blogek, eta baliatu nahi dutela horien eragina. Seguru asko, ez dira azkenak izango horrelako erabakiak hartzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Aulkiak, ipurdiak eta ametsak

Atzo Anjel Lertxundik zutabe zoragarria —beste bat— oparitu zigun Berria egunkarian. Ahal baduzue, irakurri. Hona hemen zatitxo bat:
Gure ipurdiaren neurriko aulki bat dago munduan gutariko bakoitzarentzat. Hantxe esertzea dugu amets.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Eten digitala

Herenegungo artikulua dela-eta, atzo lagun batek, asko estimatzen dudan lagun batek, ohar bat bidali zidan, eta bertan adierazten zidan “amildegi digitala” baino, “eten digitala” egokiago ikusten zuela:
Hizkuntza ohartxo bat zure “Amildegi digital berria” artikuluaz. Ingelesezko “digital divide” gazteleraz “brecha digital” eman zuten noizbait, eta gero hor hasi ginen euskaldunok, “divide” eta “brecha”, bata nola bestea, emateko zalantzan. Egia esateko, “amildegi” askotan ikusten da, baina niri handi samarra iruditzen zait “digital divide” adierazteko. Nahiago dut “eten digitala” erabiltzea. Izan ere, jendearen harremanaz ari garela, euskarak badu tradizio bat, harreman hori puskatu eta haserre edo zatiketa (“divide”!) sakona gertatu denean, “eten handia” sortu dela esateko.

Arrazoizkoa deritzot lagunak esandakoari, eta aurrerantzean nik ere eten digitala erabiliko dut digital divide hori adierazteko. Eskerrik asko oharragatik!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Martin Zabaleta

1983an ezagutu genuen Martin Zabaleta mendizale euskalduna… Vancouver hirian, Kanadan. Alaskara bidean agertu zen han, Kaliforniatik zetorrela. Izeko bat zuen Vancouverren, eta harenean geratu, pare bat egun, Ipar aldera egin aurretik. Izekok guri deitu, eta hara joan ginen, kafe bat hartzera beraiekin. Gizon trinkoa agertu zitzaigun atarian, irribarre zabalekoa. Eskua ematerakoan, harrizkoa ematen zuen.

Gizon lasaia. Horrela gogoratzen dut Martin, umila, eta irribarre errazekoa. Ez dakit zenbat kafe edan genuen elkarrekin, huntaz eta hartaz hitz egiten genuen bitartean. Une batez, saiatu nintzen haren bizkar zorroa jasotzen, Alaskara eraman behar zuena…, eta ia erori egin nintzen, hain zen pisua.

Harrezkero ez dugu Martin ikusi, telebistan bakarrik, orain bost bat urte. Ile motzagoa zuen, baina pantailan ere, gure Martin ikusi genuen: lasaia, umila, eta umore onekoa. Bejondeiala!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Amildegi digital berria

Seth Godinek hautsak harrotu ditu bere azken artikuluetako batekin, Amildegi digital berria, non azaltzen baitu nola sortzen ari den amildegi gero eta handiagoa teknofiloen eta gainerako jendearen artean. Teknofiloei digerati dietzen die Seth Godinek. Digerati hitz konposatua da —“digital” eta “literati”—, eta esan nahi du alfabetatua edo jantzia kontu digitaletan. Hor sartzen dira ordenagailu zientzilari ezagunak, teknika idazleak eta blogari ezagunak.

Godinek dioenez, orain urte batzuk aipatzen zenean amildegi digitala, horrek esan nahi zuen batzuek, aberatsek, sarbidea izango zutela Internetera, eta hortik etorriko zitzaiela lana eta dirua, eta ikasteko aukerak. Gainerakoak, berriz, hortik kanpo geratuko ziren. Hori zela eta, kableatu egin ziren AEBetako eskola guztiak, inork gal ez zezan aukera hori.

Aukera kontua

Gaur egun, ostera, beste amildegi digital bat sortu da. Sarea inoiz baino indartsuago dago, eta lau haizeetara zabaltzen da. Eta giro horretan, blogariak —beraiek baitira aitzindari— ideiak barreiatzen ari dira sareak eskaintzen dizkien erremintak baliatuta.

Beraz, orain amildegiaren alde batean edo bestean egotea aukera kontua da, ez zirkunstantzien ondorio, lehen izaten zen bezala. Norberak hautatu beharko du Microsoftek jotzen duen musikan egingo duen dantza, edo ausartuko den beste irtenbide batzuk probatzen, eta aurrera egiten.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Pertsonaiarik antzeztuenak zineman

Genero bakoitzak ditu bere pertsonaiarik gogokoenak, baita zinemak ere. Eta badago modu erraz bat jakiteko zeintzuk diren horiek: nahikoa da arakatzea zeintzuk izan diren pertsonaiarik antzeztuenak, edo, beste modu batera, zeinen inguruan egin diren film gehien. Hauxe da sailkapena: 1. Sherlock Holmes. (207 film).

  1. Napoleon. (196 film).
  2. Drakula. (164).
  3. Jesukristo. (152).
  4. Frankeinstein. (116).
  5. Tarzan. (98).
  6. Lenin. (88).
  7. Hitler. (76).
  8. El Zorro. (70).
  9. Robin Hood. (62).

Hamarretik sei dira fikziozko pertsonaiak. Gainerako lauak, berriz, bizi izandako jendea: Napoleon, Jesukristo, Lenin, eta Hitler. (Eskerrik asko Enrique Martinez Salanoari).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zer idazten dugu blogetan?

Azken aldian hainbat galdera plazaratu dira euskal blogosferan, blogariok ote gabiltzan geure burua nabarmendu nahian, idazten ote ditugun interesik bat ere ez duten gauzak, etab. Gaur saiatuko naiz galdera horiei erantzuten.

Geure burua nabarmendu nahian ote gabiltza?

Mikel Iturriak idazten zuen aurrekoan, Elena Lakaren mezu gogoangarria aitzakia hartuta, “oigo y leo por ahí que los bloggers somos unos exhibicionistas. Ni entro ni salgo, pero me quedo con este tipo de exhibicionismo, a pecho descubierto”.

Luis Rojas Marcos psikiatrak dio La fuerza del optimismo bere azken liburuan denok dugula bizi-bizirik jasota geure autobiografia, eta, lagun minekin aritu edo ezagutu berri ditugun pertsonekin, etengabe hitz egiten dugula geure iraganaz. “Are gehiago —dio—, iraganari buruzko kontuak gogoraraztea da mintzagai gogokoenetako bat, eta elkarrizketa guztietan irteten omen da, sei bat aldiz bai orduko”.

Blogak boladan daude, eta perretxikoak bezala agertzen ari dira nonahi. Udako Euskal Unibertsitateak ere ikastaro bat antolatu du uda honetarako, blogen gainean. Horren harira, Patxi Gaztelumendik hainbat galdera plazaratu ditu bere blogean, gure artean eztabaida sanoa piztu guran. Saiatuko naiz niri dagokidan zatia erantzuten.

Bat nator Rojas Marcosekin, eta, horren haritik, esango nuke blogetan geure buruaz idazten dugunean ere, hori besterik ez dugula egiten, geure autobiografiaz idatzi. Blogetan aurkitu dugulako beste plaza bat gure arteko elkarrizketak bideratzeko. Beraz, esango nuke ez dihardugula geure burua nabarmendu nahian, baizik eta beste eremu bat aurkitu dugula apeta unibertsal hori betetzeko. Ordea, nola esparru hori berria den, blogena, hainbat jende ari da esaten exhibizionista hutsak garela.

Zer idazten dugu?

Faroa sortu nuenetik, aldatu egin dut idazteko erregistroa, lehen Sustatun erabiltzen nuena. Gaixotu nintzenetik, 2002ko irailaren 11n, bi urtean dezente idatzi nuen Sustatun, estilo nahiko landuan, gainera. Eta hori horrela zen, denbora nuelako artikuluak lantzeko.

Orain, berriz, lanean dihardut egun osoz, eta askoz ere asti gutxiago daukat artikuluak-eta prestatzeko. Beraz, beste estilo bat ari naiz lantzen Faroan: estilo laburra. Gaiei dagokienez, denetik sartzen dut hemen: hausnarketak, kontakizunak, aipuak, anekdotak, eta —oso noiz behinka— artikulu landuak, denbora eskatzen duten horietakoak. Adibidez, Etxeparegandik Sintxanengana, orain dela gutxi argitaratua.

Ni saiatzen naiz zehatza izaten idazten dudanean, eta idazteko modu erraza bilatzen dut, ahozkotasunetik gertu, hobeto komunikatzeko.

Azken aldi honetan, gainera, beste blog bat ari naiz elikatzen, Gizakom, nire lantokian, HUHEZIn egiten hasi garena, eta horrek ere denbora dezente kentzen dit. Adibidez, TU Lankide aldizkariari buruz prestatu dudan artikulua egiteko, aldizkaria bera hartu, hainbat artikulu irakurri, begiratu Interneten zer aurki nezakeen aldizkari horren gainean, eta artikulua osatu dut.

Nola idazten dugu?

  • Esaldi laburrak. Saiatzen naiz esaldi laburrak egiten.
  • Aditza aurrera. Aurreratu egiten dut aditza, konturatu bainaiz Sebero Altubek ezarritako estiloak sekulako arazoak dituela euskaraz komunikatzeko orduan.
  • Testu antolatua. Saiatzen naiz testua ondo antolatzen, izenburuak tartekatuz, eta horretarako bolatxoak edo zenbakiak erabiltzen ditut sarri, testua sailkatzeko, irakurleak errazago gainbegira dezan zer dagoen artikuluan.
  • Lotura ugari. Ahalegintzen naiz irakurketa transbertsala eskaintzen, eta horretarako ahalik eta lotura gehien sartzen ditut, harira datozenean, irakurleak ahalik eta irakurketa aberatsena izan dezan.

    Patxi Gaztelumendik dio blogetan irakurtzen dituen gauza askok eta askok ez dutela bat ere interesik. Seguru horrela dela. Baina seguru nago gauza asko daudela blogetan interes handikoak. Gauza bera gertatzen da eskuz banakako txapelketan, pilotan, edo futbolean, nahiz eta Europako Txapeldunen kopa izan, edo gure inguruan jokatzen diren hainbat eta hainbat txirrindulari lasterketatan.

  • Erantzunak. Saiatzen naiz erantzunei erantzuten, irakurle horiek jakin dezaten kontuan hartzen ditudala beraiek esandakoak, haiekin bat etorri edo ez, elkarrizketa baita blogen aberastasunik handienetako bat.

Non dago idazten dugunaren interesa?

Saiatzen naiz erabiltzen gairik interesgarrienak, ikuspegirik originalena, eta modurik errazena, baina badakit emaitzak ez direla beti nire gustukoak. Horrelakoetan, irakurleak eskubide osoa du alde egin eta beste larretan bilatzeko gustuko janaria. Nik ere horixe egiten dut nabigatzen dudanean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 5 iruzkin

Isidra Bernes

Gure amak 88 urte ditu, eta birritan irakurri du bere semearen liburua. Ulertzekoa, bera ere parte delako historia horretan, bere seme-alabekin batera. Baina asteburu honetan, Elorrion nengoela, amama bat etorri zitzaidan, Isidra Bernes, 80 urtekoa, eta esan zidan liburua irakurri berri duela.

“Ez pentsa, kostatu egin zait, ez nago-eta ohituta euskaraz irakurtzen. Guk ikasi genuen guztia erdaraz ikasi genuen. Eta, gainera, zuk batuaz idazten duzu, nire bilobentzat egoki. Hala ere, bi egunean irakurri dut”. Berak hori esan bitartean, Maite Yu zebilkion inguruan, Txinatik ekarritako bilobatxoa, Mireni eta bioi begira-begira. “Balientea zara, gero, pasatu dituzunak horrela kontatzeko. Zenbait gauza irakurrita, negar egiteko gogoa egiten zitzaidan”.

Mireni ere erreparatu zion: “Miren, zuk ere a zelango laguntza eman diozun aitatxori! Makina bat errezatuko zenuen bere alde, ezta?” Eta Mirenek, piska bat tokiz kanpo, inoiz ez baitu errezatu, baietz erantzun zion, zertxobait lotsatuta, “bai, apur bat”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Haimar, galoi gutxiagorekin

Atzo irakurri nituen Berria egunkarian Haimar Zubeldia txirrindulari usurbildarraren adierazpenak. Adierazgarriak ziren, oso. Hedabideetatik jakin zuen aurten Giroa egin beharko zuela. Gainera, berak ez zuen Giroa egin nahi, Tourra baizik. Baina, beste erremediorik ez-eta, gaur ekingo dio Italiako Itzuliari.

Elkarrizketa irakurri ahala, gogora etorri zitzaizkidan iaz Horrillok eta Mayok El País egunkarian egindako adierazpen batzuk, Tourra hastear zela. Ermuko txirrindulariak azpimarratzen zuen Mayok beti ematen duela duen guztia, eta ez beste batzuek moduan, saiatzen direla bakarrik hiru urtez behin, kontratua berritu behar dutenean. Orduan ez nuen zalantzarik Horrillok Haimar zuela gogoan.

Espainiako Itzulia iritsi aurretik ere, Mayok berak sekulakoak esan zituen, kokoteraino zegoela, ez zuela gogorik Vuelta egiteko, nahikoa eta gehiago egin zuela iaz, Duphiné eta beste lasterketa batzuk irabazita. Beste batzuk ere hor zebiltzala, majo kobratzen, baina potrojorran antza. Berriro, Haimarren itzala pasatu zen nire gogotik.

Haimarri errealitatea etorri zaio muturraren aurrera: urtero puntaren puntan dabiltzanek izan dezakete Tourra besterik ez prestatzeko pribilejioa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina