Agur Mrs. Robinson

Anne Bancroft aktorea hil da. Bera zen Mrs Robinson The Graduate film gogoangarrian. Gogoangarria musikagatik, Simon eta Garfunkelek egin baitzuten famatu Mrs Robinson abestia, eta gogoangarria gaiagatik, Robinson andre gaiztoak ohera eraman baitzuen Dustin Hoffman graduatu berri inuxentea, berau haren alabarekin zebilela. Artean Peñaflorida Institutuan ari ginen gu ikasten, Donostian, eta baita Seminarioan ere, Burgosko epaiketaren garaian. Frantsez irakasleak gomendatu zigun joatea, baina haren gomendio barik ere berdin-berdin joango ginen gu, puri-purian baitzegoen film hura ikasleon artean.

Geroago beste birritan-edo ikusi izan dut The Graduate, eta horietan beste modu batean ikusi nuen Mrs. Robinson: helduagoa, ironikoagoa, gizatarriagoa… maitagarriagoa. 73 urte zituela hil zaigu, minbiziak jota. Here’s to you Anne Bancroft, ohorea zuri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Jon eta Josu, etxera

Atzo arratsaldean Arrasaten izan nintzen, ekitaldi batean, eskatzeko Jon Agirre eta Josu Uribetxebarria preso mondragoetarren askatasuna. Bien egoera oso berezia da: Jonek aspaldi bete zituen hiru laurdenak, eta gaixorik dago. Hainbat ebakuntza egin diote, eta baliteke gehiago ere egin behar izatea. Josuri, berriz, orain bi hilabete minbizia aurkitu zioten ezker giltzurrunean, eta ostegunean egingo diote ebakuntza Donostia ospitalean. Han nengoela gogora ekarri nituen orain bi urte Valdecillako ospitalean egindako egunak, bereziki bakartuta egindako hamabost egunak. Zaintza berezia nuen arren, jota amaitu nituen aste biak. Orduan idatzi nuen Sustatun: “Behin baino gehiagotan gogoratu nintzen bahituekin eta zigor ziegetan dauden presoekin, inkomunikaturik eta ingurukoen gorrotoa nozitzen…”.

Nire kasuan, familiaren hurbiltasuna eta lagunen babesa ezinbestekoak izan dira minbiziari buelta emateko. Horregatik nik ere eskatzen dut Jon eta Josu ekar ditzatela etxera, beren hurbilenekoen babasean senda daitezen, legea ez baita mendekua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sahara

Aurreko batean, Miren eta biok telebistaren aurrean geundela, albisteak ikusten, zurtuta geratu ginen, ikusi genuenean Marokoko poliziak nola jipoitzen zituen sahararrak El Aaiunen. Berdin zen emakumeak zein gizonezkoak; gupida barik egurtzen zituzten. Gizon bat luze zetzan lurrean, polizia bat joan, eta zapaltzen hasi zitzaion. Irudiak oso gogorrak ziren, eta Miren benetan harrituta geratu zen. Geroago Jabi Zabalaren kronikak irakurri nituen, Saharatik itzuli berritan. Berrian, berriz, ezin testigantzarik irakurri Saharatik bertatik, Kristina Berasain berriemaileari debekatu egin zioten-eta han sartzea. Atzo eta herenegun, baina, Gurutze Irizarri entzun nion Euskadi Irratian, haserre Marokoko gobernuarekin, eta haserre Espainiakoarekin.

Ez dago eskubiderik. Hogeita hamar urte pasatu dira Espainiako gobernuak Pilatosenak egin, eta Sahara Marokoren esku utzi zuenetik. Denetariko gobernuak pasatu dira Madriletik, eta inork ez du ezer ganorazkorik egin basamortuan galdutako duintasuna berreskuratzeko. Ezta Nazio Batuek ere. Bitartean, sahararrak gogor, euren eskubideen alde, nazioarteak ahaztuko dituen beldur. Ezin ditugu ahaztu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gipuzkoako Foru Aldundiaren okerra

Aurreko batean lagun batek esan zidan ez zuela oso ondo ulertzen liskarra, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta euskal blogarion artean sortutakoa. Orduan, adibide bat ipini nion, hurbilagoa bere ohiko esparrutik, nire lagun hori oso lotuta baitago papera den guztiarekin, oso Gutenberg zalea da-eta. Irudikatu une batez —esan nion—, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitzen duela, euskarazko liburugintza sustatzearren, sari bat antolatuko duela, saritzeko euskarazko libururik onena Gipuzkoan. Baina baldintza bat izango du sariketa horrek: saria jasotzeko, liburua argitaratua izan behar da Elkar argitaletxean. Horrek, berez, sekulako eskandalua sortuko luke, jendeak, arrazoi osoz, galdetuko bailuke zer gertatuko den Erein, Susa edo Alberdania argiteletxeetan publikatutako liburuekin.

Nire lagunak berehala ulertu zuen orduan liskarraren zioa, eta aditu zuen, halaber, Elkar esaten nuen tokian berdin ezar nezakeela beste edozein argitaletxe, nik esandakoa adibide bat besterik ez baitzen.

Eta orduan galdetu zidan: eta zelan egin liteke horrelako hanka sartzea? Baina horretarako erantzunik ez nik. GFAko arduradunek erantzun beharko liokete galdera horri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Irujo

Nahi nuen Aimarrek irabaztea, eta azkenean berak irabazi, 22-18, baina oraindik ez dut garbi ikusten nola eskuratu duen txapela, goizuetarra oso gaizki hasi baita. Partida arraroa izan da, oso, eta gauean berriro ikusi beharko dut, ulertzeko zer gertatu den.

Sariak banatu ondoren, berriz, atentzioa eman didate Irujoren hitzek: “hasierako beroaldia pasata, kontuan hartu behar dut txapeldunordea izatea ez dagoela bat ere gaizki”, edo horrelako zerbait. Alegia, finala amaitu eta hamar minutu baino pasatu ez direnean, bere buruan buelta ematen hasi dela hartutako zartakoari.

Eta horrela behar da. Irujo gaztea da oraindik, baina erakutsi du, beste behin, txapeldun handia dela, eta ezbeharrean ere badakiela burua jasotzen. Zorionak, bada, txapeldunari eta txapeldunordeari!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Hitzak

Anjel Lertxundiren gaurko zutabea irakurrita, erabaki dut aipamen bat egingo niola, eta, aldi berean, lotura eskaini, bere artikulura. Joan naiz Berriara, eta aurkitu dut lotura bat kilometrikoa, 214 letra eta zenbakikoa.
http://www.berria.info/iritzia/zutabea_ikusi.php?Saila=IRITZ
IA&Iturria=BERRIA&Data=2005-06-05&Produktua=BERR
IA&Edizioa=00&Orria=007&Kont=029&Sinadura=AN
JEL%20LERTXUNDI&Zint=%3Czintiloa%3Ehitz%20beste%3C/zinti
loa%3E Atentzioa eman dit, larregikoa iruditu baitzait. Horregatik, TinyURL bat egin dut lotura horrekin, eta beste hau atera zait, 24 karakterekoa: — http://tinyurl.com/9eldv
Lotura biek leku berera garamatzate, Anjel Lertxundiren zutabera. Ni esaldi honekin geratu naiz, baina gomendatzen dizuet irakurtzea:
Gerrak ez dira lurraldeak konkistatuz bakarrik egiten. Hitzak konkistatzen dira lehendabizi manipulatu, eraldatu, arma bihurtu, gero gainerako konkistak zuritzeko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Jon Arretxerena literatura ote?

Eztabaida polita izan dugu Ibon Egañak Gara egunkarian egindako adierazpen batzuen harira. Baina eztabaida horrek oraindik izan lezake jarraipenik, beste kontu baten harira: zer den, eta zer ez den literatura.

Ikusten dut Ibanek eta Ibonek listoia goi jarri nahi dutela lliteratura zer den definitzeko orduan, baina ahaztu egiten zaie beste faktore bat: irakurlea. Literatura ez du egiten idazleak bakarrik, baita irakurleak ere.

Bere erantzunean, Iban Zalduak zalantzan jartzen du Jon Arretxeren lanak literatura ote diren. Nik gauza bat esango dizuet: Tubabu kaleratu zenean, Jonen lehen liburua oker ez banabil, oso gustura irakurri nuen; niretzat izan zen oso esperientzia berezia liburu hura irakurtzea. Jon Arretxeren eskutik, zeharkatu nituen Saharako basamortua, eta Afrika beltzaren lurralde zoragarriak. Bera estu zebilenean, ni ere, halatsu; eta pozik zihoanean, berriz, nik ere lagundu egiten nion pedalei eragiten.

Horregatik, Tubabuk beti izango du leku bat nire altxor literarioan, eta ez dut zalantza izpirik hori literatura dela, bidai literatura. Sinpleegia naizela? Baliteke, baina nik neuk agintzen dut neure ondarea antolatzeko orduan, pribilejio hori dugu-eta irakurleok geure gauzekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Woodstein

Watergate kasua bere gorenera iritsi zenean, 1974an, EUTGn ari nintzen ikasten, Donostian. Gogoan dut nola, gutxi iritzita hemengo egunkariek zenbat idazten zuten eskandalu hartaz, LExpress aldizkaria erosten nuela, eta han irentsi Watergatez idatzitako guztia. Liburua gaztelaniaz kaleratu zenean ere, ia-ia jan egin nuen.

Miretsi egiten nituen Woodward eta Bernstein kazetari gazteak. Geroago jakin nuen askok deitzen zietela Woodstein, pertsona bakarra bailiran, hainbeste zabaldu baitzen bien arteko talde lanaren oihartzuna. Urte asko pasatu dira harrezkero, eta aldi horretan bakoitzak bere bidea egin du, baina, egun hauetan gertatu den moduan, gure oroimenean Watergate kasuak batu ditu berriro, oraingoan jakinarazi delako nor zen Deep Throat.

The Washington Post egunkariak blog bat sortu du jakin bezain laster Vanity Fair aldizkariak publiko egin zuela nor zen Deep Throat, kazetariei informazioa ematen ziena.

Blog bat “Eztarri urratuaz”

Bloga oso bizia da, irakurterraza, eta informazio mordoa ematen du zenbat hauts harrotu den Mark Felt zaharraren inguruan. Uste izatekoa zenez, izugarri igo dira salmentak gai horren inguruko liburu eta materialenak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Kamil eta Jonmikel

Jonmikel Intsaustiren mezu bat jaso dut Poloniatik, Wroclaw hirian baitago, Fagorren fabrika batean. Orain bost urte Londresen ezagutu genuen elkar, Institute of Basque Studies erakundeak eratutako euskal aste batean, artean bera Errioxako Unibertsitatean zebilela, eta ni Goienan.
Jonmikelek dio orain dela hiru aste irakurri duela nire liburua, nahiz eta, aurretik, bazekien nire esperientziaren berri, Sustatun irakurrita. Baina, horrekin batera, kazetari poloniar baten berri ematen dit: — Mezu honen helburua, aspaldiko partez goraintziak bidaltzeaz gain, zure kasua duen Poloniako Telebista Publikoko (TVP) Kamil Durczok kazetariaren berri ematea da. Ez dakit zein nolako minbizi izan duen, baina tratamenduaren kontra adorea jarriz, aurrera atera da eta berriz ari da telebistan lanean. Nire neskalagunak esan zidanez, berak lanean jarraitu zuen telebistan tratamendua jaso bitartean… eta sintomak nabariak izan zirenean, orduan ikus-entzuleei esan zien bere gaixotasunen berri. Bueno, zure kasuarekin gertatu den bezala, liburu bat ere atera berri du.

Liburuaren izenburua euskaraz da “Bizitza irabazi”, Jonmikelek diostanez. Pozten naiz Kamil Durczok osatu eta berriro lanera itzuli delako, eta pozten naiz berriro Jonmikelen berri izan dudalako. Hilabete pare bat barru Euskal Herrira itzultzeko esperantza du, beharbada betiko hemen geratzeko. Hitz eman diogu elkarri, berriro elkartuko garela kafe baten inguruan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Obszenoak gara blogariok?

Joan den larunbatean, Gara egunkariaren Mugalari gehigarriak erreportaje interesgarri bat zekarren, Urtzi Urrutikoetxeak idatzia, blogak eta literatura gai hartuta. Bertan Xabier Mendiguren Elizegi, Julen Gabiria eta Volgako Batelariak elkarrizketatu zituen Urtzik. **Ibon Egañaren** esaldi batek eman zidan atentzioa:
Blog pertsonal batzuek badute zerbait streaptease intelektual eta ez hain intelektualetik. Niri obszeno xamarrak iruditzen zaizkit asteburua eta zaletasunak kontatzeko baliatzen diren blog horiek.

Beraz, idazle batek ateratzen badu autobiografia bat, non kontatzen dituen, besteak beste, nola pasatzen dituen asteburuak, eta zer zaletasun dituen, hori literatura da; baina blogari batek gauza bera egiten badu, obszeno samarra da?

Obszenoak iruditzen zaizkio Ibon Egañari Anne Frankek bere egunerokoan idatzitakoak? Ala egunerokoak ez dira obszenoak, baldin eta idazten badira ez publikatzeko baldintzarekin? Eta berdin autobiografiak?

Bere lagunekin elkartzen denean, Ibon Egañak ez du hitz egiten asteburuez eta zaletasunez? Horretaz hitz egitea obszenoa da? Ala hitz egitea ez da obszenoa, baina idaztea bai, batez ere idazten den hori publikatzen bada Interneten?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 11 iruzkin