Kamil eta Jonmikel

Jonmikel Intsaustiren mezu bat jaso dut Poloniatik, Wroclaw hirian baitago, Fagorren fabrika batean. Orain bost urte Londresen ezagutu genuen elkar, Institute of Basque Studies erakundeak eratutako euskal aste batean, artean bera Errioxako Unibertsitatean zebilela, eta ni Goienan.
Jonmikelek dio orain dela hiru aste irakurri duela nire liburua, nahiz eta, aurretik, bazekien nire esperientziaren berri, Sustatun irakurrita. Baina, horrekin batera, kazetari poloniar baten berri ematen dit: — Mezu honen helburua, aspaldiko partez goraintziak bidaltzeaz gain, zure kasua duen Poloniako Telebista Publikoko (TVP) Kamil Durczok kazetariaren berri ematea da. Ez dakit zein nolako minbizi izan duen, baina tratamenduaren kontra adorea jarriz, aurrera atera da eta berriz ari da telebistan lanean. Nire neskalagunak esan zidanez, berak lanean jarraitu zuen telebistan tratamendua jaso bitartean… eta sintomak nabariak izan zirenean, orduan ikus-entzuleei esan zien bere gaixotasunen berri. Bueno, zure kasuarekin gertatu den bezala, liburu bat ere atera berri du.

Liburuaren izenburua euskaraz da “Bizitza irabazi”, Jonmikelek diostanez. Pozten naiz Kamil Durczok osatu eta berriro lanera itzuli delako, eta pozten naiz berriro Jonmikelen berri izan dudalako. Hilabete pare bat barru Euskal Herrira itzultzeko esperantza du, beharbada betiko hemen geratzeko. Hitz eman diogu elkarri, berriro elkartuko garela kafe baten inguruan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude