Gipuzkoako Foru Aldundiaren okerra

Aurreko batean lagun batek esan zidan ez zuela oso ondo ulertzen liskarra, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta euskal blogarion artean sortutakoa. Orduan, adibide bat ipini nion, hurbilagoa bere ohiko esparrutik, nire lagun hori oso lotuta baitago papera den guztiarekin, oso Gutenberg zalea da-eta. Irudikatu une batez —esan nion—, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitzen duela, euskarazko liburugintza sustatzearren, sari bat antolatuko duela, saritzeko euskarazko libururik onena Gipuzkoan. Baina baldintza bat izango du sariketa horrek: saria jasotzeko, liburua argitaratua izan behar da Elkar argitaletxean. Horrek, berez, sekulako eskandalua sortuko luke, jendeak, arrazoi osoz, galdetuko bailuke zer gertatuko den Erein, Susa edo Alberdania argiteletxeetan publikatutako liburuekin.

Nire lagunak berehala ulertu zuen orduan liskarraren zioa, eta aditu zuen, halaber, Elkar esaten nuen tokian berdin ezar nezakeela beste edozein argitaletxe, nik esandakoa adibide bat besterik ez baitzen.

Eta orduan galdetu zidan: eta zelan egin liteke horrelako hanka sartzea? Baina horretarako erantzunik ez nik. GFAko arduradunek erantzun beharko liokete galdera horri.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Gipuzkoako Foru Aldundiaren okerra bidalketan

  1. egilea: asier

    Kasu honetan, gainera, sareak dituen berezitasunak ere kontuan hartu behar ditugu. Hau da: egilea izan behar da gipuzkoarra? Ala bloga? Eta nola neurtzen da blog baten “gipuzkoartasuna”?

    Aldundiarendako erraza da, bai. Gipuzkoa=Diario Vasco. Baina erantzuna, berez, ez da hain nabarmena. Gipuzkoar batek bloggerren egindako blog bat, edo EHU-ko ikasleek dituztenak, ez al dira gipuzkoarrak?

    Den-dena lotsagarria izan dela, eta ez dauka beste izenik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude