Zozoa eta birigarroa, mp3n

Aspaldi nenbilen txori kantuak ikasi guran, nekez bereizten ditut-eta txorien jardunak, kukuarena eta belearena izan ezik. Atzo aurkitu nuen webgune bat, BBC albistarian, eta hor 10 txoriren kantuak eskaintzen zaizkigu mp3 formatuan, denak ere oso ezagunak Britainia Handian ez ezik, baita Euskal Herrian ere. Besteak beste, txori hauen kantuak aurkituko dituzue hor:

  • Blackbird: zozoa.
  • Collard dove: usoa.
  • Greenfinch: txarraskila.
  • Robin: txantxangorria.
  • Song Thrush: birigarroa.
  • Wren: txepetxa.

Seme-alabak dituzuenentzat ere egokia izan daiteke webgune hori; erdi jolasean, bertan ikas ditzakete-eta hor agertzen diren txorien kantuak. Izan ere, kantuok webgunean bertan entzun daitezke, baina jaistea ere posible da, mp3 formatuan, gero entzuteko edozein mp3 irakurgailutan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Televisió Cardedeu, zorionak!

Aurten “Televisió Cardedeu”:http://www.cardedeu.org/tele/ izeneko herri telebistak 25 urte bete ditu. 1980ko ekainaren 7an sortu zen Cardedeu herrian, herri irratiek Katalunian izandako arrakasta aprobetxaturik. Estatu espainiarrean bera izan zen lehen herri telebista, eta ateak ireki zizkien atzetik etorri ziren beste telebista lokal askori. Arrasate Telebista sortzekotan ginela, 1989aren hondarrean gutxi gorabehera, Katalunian izan ginen lagun batzuk Televisió Sabadell-ek antolatutako jardunaldi batzuetan. Eta orduan izan genuen aukera Cardedeura joan eta lehen telebista hura ikusteko. Apala zen, oso, baina eredugarria. Izan ere, oso telebista parte hartzailea zen, herritarra, lokala, eta katalanez egina.

Itxura denez, 1999an krisi handi bat izan zuen Cardedeu Telebistak, eta itzali egin zen. Baina 2001ean, talde berri bat eratu, eta berriro hasi zen emititzen.

Heriotza eta piztuera

Beste askok bezala, Cardedeu Telebistak erronka bat gehiago du orain: lizentzia bat lortzea telebista digitala izateko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Hamilton Naki

The Guardian egunkariak zioen: “Bi gizonek egin zuten lehen bihotzeko transplantea gizakiengan. Bat aberats eta famatu egin zen; besteak lorezain itxurak egin behar izan ditu. Orain arte.” Harri eta zur geratu naiz Hamilton Naki aitzindariaren berri irakurri dudanean, justu hil denean.
Ondo gogoratzen dut Christian Barnard zirujau hego afiikarrak egin zuenean lehen bihotzeko transplantea gizon batekin. Baina orain jakin izan dut bere ondoan izan zuela beste zirujau bat, Hamilton Naki, gizon eskolarik gabea eta pobrea, baina ezinbesteko bihurtu zena ebakuntza historiko hura egiteko. Hala ere, apartheidak ez zion aitortu egindako lana, ez Hego Afrikan, ez eta beste inon ere. Dirua eta ospea gizon zuriarentzat izan ziren.

Naki lorezain moduan hasi zen lanean Groote Schuur ospitalean. Halako batean, Robert Goetz medikuak hautatu zuen laboratorioan laguntzeko. Eta, poliki-poliki, hasi zen laguntzen laboratorio hartan egiten ziren zirugia kontuetan… goi mailako aditu bihurtu arte.

Christian Barnard itzuli zenean AEBetatik teknika berriak ekarri zituen, eta prestatu zuen bere taldea lehen bihotz transplantea egiteko gizaki batengan. Nakik zuzendu zuen talde bat, eta haien ardura izan zen emailearen bihotza ateratzea. Ondoan, beste talde bat zegoen, Barnard buru, bihotz hori hartzaileari txertatzeko.

Barnarden ondoan

Egun luze eta historikoa izan zen. Ehunka kazetari elkartu ziren Lurmutur Hirian, mundu guztitik etorriak. Bat-batean, Christian Barnard izar distiratsu bihurtu zen. Aitzitik, inork ez zuen jakin izan Hamilton Nakiren berri. Agertu, agertu omen zen argazki ofizialean, baina lorezain bezala.

Txabola batean bizi zen, 10 seme-alabaren aita, edateko ur barik, argindarrik gabe, lorezain baten pentsio batekin. Eta, hala ere, Hamilton Nakik ez zien gorrotorik bere lana aitortu ez ziotenei. Orain hiru bat urte, jakin zenean zer egin zuen 1967ko egun gogoangarri hartan, orduan ikasi zuten kazetariek bere etxerako bidea. Domina bat ere eman zioten Mandela eta Leklerk politikariek, baina segitzen zuen lorezain pentsioa jasotzen. Oraintsu arte.

Ni ere transplantatua naizen aldetik, nire aitormenik bihozkorrena Hamilton Nakiri, esker onez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aupa Landaluze!

Atzo Dauphiné Libéré lasterketa ikusi nuen ETBn, eta harrituta geratu nintzen “Iñigo Landaluzek”:http://www.capture-the-peloton.com/Races/TdFP04/EUS-Landaluze.jpg zein ondo erantzun zien aurkarien erasoei. Bukaeran, eutsi egin zion lidergoari, minutu eta pikuko errentarekin. Gaurko etapan, berriz, nire bihotzak erakutsi dit sasoiko dagoela, horrek ere ezin hobeto eutsi baitio etaparen emozioari.
Azkenean, Landaluze irabazle, baina 11 segunduko alde urriarekin. Justu ibili da, gaurkoan eutsi ezinik onenen —edo famatuenen— oldarrari, baina erakutsi digu burua bere lekuan duela, eta ondo kudeatzen dituela denborak (asko ikasi du, antza, iazko hutsegite hartatik, non Tourrean galdu baitzuen etapa bat, 50 metro berandu erasotu zuelako).

Deigarria da nola Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari bakarrak bukatu duen lasterketa: Iñigok berak. Hori dela eta, gaur beste txirrindulari batzuen laguntza jaso du euskaldunak, baina hori gaitz erdia da, beste batzuek ere beste horrenbeste egiten baitute. Kezkatzekoa, taldea ematen ari den itxura. Baina orain Landaluze zoriontzeko unea da: zorionak, motel!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Alicia

Zeresan handia ematen ari da Alicia gaztea AEBetan. Minbizi arraro bat antzeman ziotenetik, bere gaixotasunaren gaineko kronikak idazten ari da San Francisco Chronicle egunkarian, non lehendik ere lanean ari baitzen, bekadun gisa. Alicia Rose Parlettek 23 urte ditu, eta orain hiru hilabete medikuak aurkitu zion sarkoma albeolarra, minbizi arraro bat, eta zaila tratazekoa. Aliciak ez zekien asko gaixotasun zehatz horren gainean, baina bazekien zer den minbizia, orain hiru urte ama hil zitzaion-eta minbiziak jota.

Sarkoma hedatu egin zitzaion mokorretik bularretara eta biriketara. Alicia idazten hasi zen, posta elektronikoa erabilita, eta bere sentipenak partekatzen bere ingurukoekin. Mezu horietako bat iritsi omen zen Robert Rosenthal, The Chronicle egunkariko editore baten eskuetara, eta horrek, hunkituta, eskatu zion Aliciari idatziko ote zuen egunkarian bere gaixotasunaren gainean.

Aliciak pozez zoratzen onartu zuen eskaintza, txiki-txikitatik idatzi nahi izan baitzuen egunkari horretan hain justu. Jende asko ari omen da irakurtzen Aliciaren kronikak. Berari, bestalde, behin betiko lan kontratua eskaini diote egunkarian.

NPR irrati publikoak ere (bide batez, oso ona da irrati publikoa AEBetan) erreportaje bat eskaini dio. Nik hor izan dut historia horren berri. Eutsi goiari, Alicia!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Apple + Intel

Orain dela egun gutxi Applek jakinarazi zuen IBM utzi eta Intelek egindako txipak hasiko dela erabiltzen, datorren urtetik hasita. Jobsek berak esan zuen moduan, trantsizioa bi urtean egingo da.
Erabakiak ez nau gaizki harrapatu, urtarrilean erosi bainuen PowerBook bat, eta horrekin egingo baitut lan trantsizioak dirauen bitartean. Gutxienez. Oraingoz oso pozik nabil ordenagailu berriarekin, eta aldaketaren albisteak ez dit poza galaraziko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur Mrs. Robinson

Anne Bancroft aktorea hil da. Bera zen Mrs Robinson The Graduate film gogoangarrian. Gogoangarria musikagatik, Simon eta Garfunkelek egin baitzuten famatu Mrs Robinson abestia, eta gogoangarria gaiagatik, Robinson andre gaiztoak ohera eraman baitzuen Dustin Hoffman graduatu berri inuxentea, berau haren alabarekin zebilela. Artean Peñaflorida Institutuan ari ginen gu ikasten, Donostian, eta baita Seminarioan ere, Burgosko epaiketaren garaian. Frantsez irakasleak gomendatu zigun joatea, baina haren gomendio barik ere berdin-berdin joango ginen gu, puri-purian baitzegoen film hura ikasleon artean.

Geroago beste birritan-edo ikusi izan dut The Graduate, eta horietan beste modu batean ikusi nuen Mrs. Robinson: helduagoa, ironikoagoa, gizatarriagoa… maitagarriagoa. 73 urte zituela hil zaigu, minbiziak jota. Here’s to you Anne Bancroft, ohorea zuri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

Jon eta Josu, etxera

Atzo arratsaldean Arrasaten izan nintzen, ekitaldi batean, eskatzeko Jon Agirre eta Josu Uribetxebarria preso mondragoetarren askatasuna. Bien egoera oso berezia da: Jonek aspaldi bete zituen hiru laurdenak, eta gaixorik dago. Hainbat ebakuntza egin diote, eta baliteke gehiago ere egin behar izatea. Josuri, berriz, orain bi hilabete minbizia aurkitu zioten ezker giltzurrunean, eta ostegunean egingo diote ebakuntza Donostia ospitalean. Han nengoela gogora ekarri nituen orain bi urte Valdecillako ospitalean egindako egunak, bereziki bakartuta egindako hamabost egunak. Zaintza berezia nuen arren, jota amaitu nituen aste biak. Orduan idatzi nuen Sustatun: “Behin baino gehiagotan gogoratu nintzen bahituekin eta zigor ziegetan dauden presoekin, inkomunikaturik eta ingurukoen gorrotoa nozitzen…”.

Nire kasuan, familiaren hurbiltasuna eta lagunen babesa ezinbestekoak izan dira minbiziari buelta emateko. Horregatik nik ere eskatzen dut Jon eta Josu ekar ditzatela etxera, beren hurbilenekoen babasean senda daitezen, legea ez baita mendekua.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Sahara

Aurreko batean, Miren eta biok telebistaren aurrean geundela, albisteak ikusten, zurtuta geratu ginen, ikusi genuenean Marokoko poliziak nola jipoitzen zituen sahararrak El Aaiunen. Berdin zen emakumeak zein gizonezkoak; gupida barik egurtzen zituzten. Gizon bat luze zetzan lurrean, polizia bat joan, eta zapaltzen hasi zitzaion. Irudiak oso gogorrak ziren, eta Miren benetan harrituta geratu zen. Geroago Jabi Zabalaren kronikak irakurri nituen, Saharatik itzuli berritan. Berrian, berriz, ezin testigantzarik irakurri Saharatik bertatik, Kristina Berasain berriemaileari debekatu egin zioten-eta han sartzea. Atzo eta herenegun, baina, Gurutze Irizarri entzun nion Euskadi Irratian, haserre Marokoko gobernuarekin, eta haserre Espainiakoarekin.

Ez dago eskubiderik. Hogeita hamar urte pasatu dira Espainiako gobernuak Pilatosenak egin, eta Sahara Marokoren esku utzi zuenetik. Denetariko gobernuak pasatu dira Madriletik, eta inork ez du ezer ganorazkorik egin basamortuan galdutako duintasuna berreskuratzeko. Ezta Nazio Batuek ere. Bitartean, sahararrak gogor, euren eskubideen alde, nazioarteak ahaztuko dituen beldur. Ezin ditugu ahaztu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Gipuzkoako Foru Aldundiaren okerra

Aurreko batean lagun batek esan zidan ez zuela oso ondo ulertzen liskarra, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta euskal blogarion artean sortutakoa. Orduan, adibide bat ipini nion, hurbilagoa bere ohiko esparrutik, nire lagun hori oso lotuta baitago papera den guztiarekin, oso Gutenberg zalea da-eta. Irudikatu une batez —esan nion—, Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitzen duela, euskarazko liburugintza sustatzearren, sari bat antolatuko duela, saritzeko euskarazko libururik onena Gipuzkoan. Baina baldintza bat izango du sariketa horrek: saria jasotzeko, liburua argitaratua izan behar da Elkar argitaletxean. Horrek, berez, sekulako eskandalua sortuko luke, jendeak, arrazoi osoz, galdetuko bailuke zer gertatuko den Erein, Susa edo Alberdania argiteletxeetan publikatutako liburuekin.

Nire lagunak berehala ulertu zuen orduan liskarraren zioa, eta aditu zuen, halaber, Elkar esaten nuen tokian berdin ezar nezakeela beste edozein argitaletxe, nik esandakoa adibide bat besterik ez baitzen.

Eta orduan galdetu zidan: eta zelan egin liteke horrelako hanka sartzea? Baina horretarako erantzunik ez nik. GFAko arduradunek erantzun beharko liokete galdera horri.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1