Estresa

“Enpresaz aldatu behar dut, ezin dut gehiago. Joan den asteazkenean, negarrez irten nintzen fabrikatik”. Hauek izan ziren nire lagunaren hitzak, elkar agurtu bezain laster. Harrituta geratu nintzen, bera gizon alaia baita, eta indartsua.

Urteak daramatza nire lagunak enpresa horretan, eta ardurak ditu aspalditik. Irabazi ere, ondo egiten du. Ordainetan, baina, ordu asko egiten ditu lanean, “batzuetan goizeko 07:00etan sartzen naiz, eta 18:30etan irten, eguerdian ogitarteko bat janda, besterik ez. Beste batzuetan, goizeko 04:00ak arte ezin irten fabrikatik. Leher eginda nago, batez ere ikusten dudanean beste jende asko potrojorran dabilela”.

Triste dago nire laguna: “jota nago, iruditzen zait ez dudala balio ezertarako ere. Baina badakit beste egoera batean balio dudala. Horregatik, erabaki dut enpresa uztea. Hasi naiz beste leku batzuetan begira, eta galdetzen. Ez zait inporta gutxiago irabaztea, dirua ez da dena”. Berrogeita bi urte besterik ez, eta erreta. Ezin gehiago.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Gerra Zibila, Barojaren ikuspegitik

Egun hauetan Pio Barojaío_Baroja zenaren liburu bat irakurri dut, La guerra civil en la frontera. Beharbada ez da puntako liburua izango, baina bai interesgarria. Pio Barojak mugaz bestaldera egin behar izan zuen gerra hasi bezain laster, justu-justu salbatu baitzuen larrua faxistek preso hartuta. Mugaz haraindi, Hendaiatik ikusitakoak kontatzen ditu askotan, baina Donibane Lohitzunen bizi izandakoak ere.

Liburu hori Pio Barojaren memoria liburuen arteko bat da, baina idatzi zenetik argitaratu gabe egon da, badaezpada. Gogora ekarri dit Fermin Irigarai Larrekok gerra ostean idatzitako beste hura: Gerla urte, gezur urte, hura ere urte askoan argitaratu gabea, frankisten beldur. Bietan, gerraren krudelkeriak ilundu egiten ditu idazleen espirituak, eta baita irakurleona ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Berria

Atzo Andoainen izan ginen, Berria egunkariaren egoitzan, Ikus-entzunezko Komunikazioa karreraren berri ematen, eta egunkaria bera bisitatzen. Harrituta geratu nintzen, zein ondo dagoen dena han: eraikina bera, sarrera, bulegoak eta erredakzioa. Dena bikain antolatua eta ezin txukunago. Lan giroa ere, ona eta isila, nahiz eta goiza zen, eguneko aldirik lasaiena egunkarietan. Munduko egunkari askok baino itxura hobea zuen. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Wazemank, umore freskoa

Atzo hasi zen ETBren lehen katean Wazemank saioa, eta dagoeneko konturatu gara asteartero arazoak izan ditzakegula etxean, saioak orain arte bezala segitzen badu: Miren eta biok barre batean, eta oherako bidea hartu ezinik. Halako batean, jakina, Begok txartel horia atera zigun.

Egia da bigarren aldi honetan saioa lehen baino beranduago hasten dela, baina hain dago ondo egina, eta hain da freskoa, Mirenek ere merezi baitu lasai barre egitea zoro koadrilla horren kontura, nahiz egun horretan ordu erdi beranduago joan ohera. Denboraldiaren bukaeran oparitxo bat egingo diogu Begori, eta denok pozik.

Atzokoan, gainera, konturatu ginen pertsonaje berriak iritsi direla saiora, Mendebaleko hizkera eta soinua ekarri diotenak. Aupa Wazemank!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 80 iruzkin

Nazionalistak errudun

Kataluniako Parlamentuak estatutu berria onartu izanak hautsak harrotu ditu Espainiako hedabideetan. Iruzkin batek eman dit atentzioa, “Cristina López Schlichting-ek”:http://laerazp.blogspot.com/2005/09/una-actuacin-redonda.html COPE irratiko kazetariak egina
El nacionalismo es la forma política de neurosis de la compartimentalización. Tú allí y yo aquí. Yo patriota, tu extranjero. Ésto mío, ésto tuyo. La forma última del nacionalismo es la caverna, el individualismo anterior a la tribu.

Larrua behar da, gero, hori esateko, noiz eta denok ikusi dugunean Espainiako Gobernuak zer nolako horma eraiki duen Ceutan, ateak ixteko Europarantz datozen afrikarrei. Horma horrek, hori esaten du, hain zuzen: “tú allí y yo aquí. Yo patriota, tu extranjero”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

8.515

Larunbatean 8.515 kilo mahats jaso zituzten Mikelek eta Fatimak Esteñibarren, Elorrion, iazko kopurua halako bi. Eta mahatsa bera, inoiz baino osasuntsuagoa. Biltzea amaituta, euria eta jaia hasi ziren, baita niretzat ere, nahiz eta etxean geratua nintzen, beherakoa osatzen.

Gogorra da mahastizainaren bizimodua iraila ezkero. Ordura arteko lan guztiak txukun-txukun eginda izan arren, orduan hasten dira zalantzak, euriarekin eta eguraldi hezearekin batera. Mikelek oso ondo azaldu du hori guztia bere azken mezuan, Piperrautsean. Hurbilekook ere horrela bizi izan ditugu azken asteak, beti zeruari begira, ea ona ala kaltegarria izango ote zen mahatsarentzat.

Larunbatean etxean geratu nintzen, bezperatik ohean nengoen-eta, beherakoak jota. Pena hartu nuen, mahats bilketa urteko egunik politenetakoa izaten baita, baina lasai aldi berean, eguna ateri hasi zelako. Guretik Bego eta Miren joan ziren laguntzera, ordezkaritza ezin hobea.

Egunean zehar hainbat dei izan nituen: lana oso ondo zihoala, Miren txapeldunen pare ari zela, 8.515 kilo jaso zituztela… Eta ni pozik etxean. Batez ere dena bukatutakoan. Handik gutxira hasi zen euria, baina ordurako berdin zion, festa ere postrearekin batera hasi baitzen. Lana eginda zegoen, eta urtea salbatuta. Zorionak bikote!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Sahara eta gu

Gurutze Irizarrek mezu bat bidali dit, eta bertan gonbidatzen nau gaur iluntzean telebista saio bat ikustera, Beste Gu, non Dani Arizalak saharatar bat elkarrizketatatuko baitu, bere herriaren azken berriak eman ditzan. Interesgarritzat joko duzuelakoan, hona hemen gonbita zuentzat ere:
Kaixo denori: datorren ostegunean, irailak 29, gaueko 22:00etan gutxi gorabehera, eta ETB1en, Dani Arizalak Beste Gu saioan, Aichetu elkarrizketatuko du, Ali Salem Tamek-en emaztea. Ali Salem kartzelan dago berriro Sahara okupatuan, eta gose greban azkeneko 40 egunetan. Aichetu bera kartzelan egon zen, zigor eta tortura izugarriak jasan zituen, bortxatua izan zen, etab. Oso elkarrizketa interresgarria izango da.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Entrenatzailea behar dugu

Entrenatzaile bila ibili gara Durangaldean, eta ez dugu inor aurkitu, ez neskarik, ez mutilik. Pena da, zeren neskatila horiek, gure alabak, gogo handiz ari dira jokatzen, baina falta zaie entrenatzaile baten zuzendaritza. Inor prest baldin badago, utz dezala mezu bat hementxe bertan, edo idatzi mezu
bat kontaktu orria
erabilita.

Elorrio Kirol Elkarteak saskibaloi entrenatzaile bat behar du, nesken hirugarren taldea entrenatzeko. Guztira 14 neskatila dira, 10-11 urtekoak, hasi berrien mailan jokatzen. Prestatzaileak astean bi egun entrenatu beharko luke taldea, bakoitzean ordubete. Eta ez da ezinbestekoa bera joatea larunbatero partidak zuzentzera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aldizkaria eta bloga

Aurrekoan esan nuen oso lanpetuta ibili naizela aldizkari bat prestatzen Mondragon Unibertsitatearentzat. Lan gehiena eginda dago, eta garaia izan daiteke esateko non sentitzen naizen erosoago lanean, aldizkarian ala Interneten.

Ez daukat zalantzarik. Gogorra egin zait berriro aldizkarian hastea. Lehendik ibilia nintzen Arrasate Pressen batez ere, baina ia ahaztuak nituen hango morrontzak. Interneten askoz ere sueltoago nabil, eta erosoago.

Aldizkarian dena da motelagoa, eta morrontza handiak daude. Aurretik, baina, esan dezadan oso gustura egin dudala lan aldizkariaren Erredakzio Kontseiluarekin. Baita Arteman agentziarekin ere, non aurkitu baitut oso jende atsegina, batzuk aspaldiko ezagunak.

Aldizkaria

Alldizkarian honako lan hauek egin behar izan ditut:

  • Idatzi hainbat artikulu eta elkarrizketa.
  • Zuzendu jasotako lan guztiak.
  • Kontrolatu lan guztiek zutela lehendik agindutako karakter kopurua.
  • Zuzendu berriro pantailaren aurrean solte geratutako xehetasunak, eta osatu atalak: izenburuak, etab.
  • Atera hainbat argazki eta jiratu beste batzuk.
  • Bidali zenbait artikulu arduradunek irakur zitzaten, ea aldaketarik egiten zuten.
  • Zuzendu beste behin aldizkari osoa behin maketatuta.

Beste eginkizun batzuk nire eskuetatik kanpo geratu dira, inprimatzea eta banatzea, adibidez, zein baino zein konplexuagoa.

Blog honetan, berriz, edo Gizakom izenekoan, gauzak askoz ere arinago egiten ditut: gai bat aurkitu, idatzi, zuzendu, eta argitaratu. Ez karakterrak zenbatu beharrik, ez maketa zuzendu, ez inprimatu, eta ez banatu beharrik posta bidez.

Bloga

Bloga gustatzen zait, argitaratzea di-da egiten delako, bitartekaririk gabe, askatasun osoz, eta morrontza barik. Bat-bateko gauza da, eta mundu guztiaren begi-bistan geratzen da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Aupa Etxebeste!

Atzo Arrasaten izan ginen Aupa Etxebeste! filma ikusten. Guztira sei senide, ama eta Miren alaba barne. Gure amak 45 bat urte eramango zituen zinemara joan barik, eta atzo animatu egin zen gurekin etortzera. Eta gustura irten, gu bezala.

Pasarte batzuk ez ziren ondo entzuten, eta horrelakoetan eskerrak azpitituluei, bestela ezin haria jarraitu. Une batez pentsatu nuen nire gorraizea izango zela, baina gero beste batzuek ere esan zidaten gauza bera, beraiek ere ez zituztela ondo entzun zenbait zati.

Hasieran kosta egin zitzaion filmari arrankatzea, baina istorioak aurrera egin ahala, hobetuz joan zen. Apala iruditu zitzaidan filmaren abiapuntua, baina zuzendariek ondo baliatu dute komedia gazi-gozoa egiteko. Bitarteko gutxirekin, emaitza ona atera dute. Aupa Etxebeste!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin