Nazionalistak errudun

Kataluniako Parlamentuak estatutu berria onartu izanak hautsak harrotu ditu Espainiako hedabideetan. Iruzkin batek eman dit atentzioa, “Cristina López Schlichting-ek”:http://laerazp.blogspot.com/2005/09/una-actuacin-redonda.html COPE irratiko kazetariak egina
El nacionalismo es la forma política de neurosis de la compartimentalización. Tú allí y yo aquí. Yo patriota, tu extranjero. Ésto mío, ésto tuyo. La forma última del nacionalismo es la caverna, el individualismo anterior a la tribu.

Larrua behar da, gero, hori esateko, noiz eta denok ikusi dugunean Espainiako Gobernuak zer nolako horma eraiki duen Ceutan, ateak ixteko Europarantz datozen afrikarrei. Horma horrek, hori esaten du, hain zuzen: “tú allí y yo aquí. Yo patriota, tu extranjero”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

8.515

Larunbatean 8.515 kilo mahats jaso zituzten Mikelek eta Fatimak Esteñibarren, Elorrion, iazko kopurua halako bi. Eta mahatsa bera, inoiz baino osasuntsuagoa. Biltzea amaituta, euria eta jaia hasi ziren, baita niretzat ere, nahiz eta etxean geratua nintzen, beherakoa osatzen.

Gogorra da mahastizainaren bizimodua iraila ezkero. Ordura arteko lan guztiak txukun-txukun eginda izan arren, orduan hasten dira zalantzak, euriarekin eta eguraldi hezearekin batera. Mikelek oso ondo azaldu du hori guztia bere azken mezuan, Piperrautsean. Hurbilekook ere horrela bizi izan ditugu azken asteak, beti zeruari begira, ea ona ala kaltegarria izango ote zen mahatsarentzat.

Larunbatean etxean geratu nintzen, bezperatik ohean nengoen-eta, beherakoak jota. Pena hartu nuen, mahats bilketa urteko egunik politenetakoa izaten baita, baina lasai aldi berean, eguna ateri hasi zelako. Guretik Bego eta Miren joan ziren laguntzera, ordezkaritza ezin hobea.

Egunean zehar hainbat dei izan nituen: lana oso ondo zihoala, Miren txapeldunen pare ari zela, 8.515 kilo jaso zituztela… Eta ni pozik etxean. Batez ere dena bukatutakoan. Handik gutxira hasi zen euria, baina ordurako berdin zion, festa ere postrearekin batera hasi baitzen. Lana eginda zegoen, eta urtea salbatuta. Zorionak bikote!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Sahara eta gu

Gurutze Irizarrek mezu bat bidali dit, eta bertan gonbidatzen nau gaur iluntzean telebista saio bat ikustera, Beste Gu, non Dani Arizalak saharatar bat elkarrizketatatuko baitu, bere herriaren azken berriak eman ditzan. Interesgarritzat joko duzuelakoan, hona hemen gonbita zuentzat ere:
Kaixo denori: datorren ostegunean, irailak 29, gaueko 22:00etan gutxi gorabehera, eta ETB1en, Dani Arizalak Beste Gu saioan, Aichetu elkarrizketatuko du, Ali Salem Tamek-en emaztea. Ali Salem kartzelan dago berriro Sahara okupatuan, eta gose greban azkeneko 40 egunetan. Aichetu bera kartzelan egon zen, zigor eta tortura izugarriak jasan zituen, bortxatua izan zen, etab. Oso elkarrizketa interresgarria izango da.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Entrenatzailea behar dugu

Entrenatzaile bila ibili gara Durangaldean, eta ez dugu inor aurkitu, ez neskarik, ez mutilik. Pena da, zeren neskatila horiek, gure alabak, gogo handiz ari dira jokatzen, baina falta zaie entrenatzaile baten zuzendaritza. Inor prest baldin badago, utz dezala mezu bat hementxe bertan, edo idatzi mezu
bat kontaktu orria
erabilita.

Elorrio Kirol Elkarteak saskibaloi entrenatzaile bat behar du, nesken hirugarren taldea entrenatzeko. Guztira 14 neskatila dira, 10-11 urtekoak, hasi berrien mailan jokatzen. Prestatzaileak astean bi egun entrenatu beharko luke taldea, bakoitzean ordubete. Eta ez da ezinbestekoa bera joatea larunbatero partidak zuzentzera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Aldizkaria eta bloga

Aurrekoan esan nuen oso lanpetuta ibili naizela aldizkari bat prestatzen Mondragon Unibertsitatearentzat. Lan gehiena eginda dago, eta garaia izan daiteke esateko non sentitzen naizen erosoago lanean, aldizkarian ala Interneten.

Ez daukat zalantzarik. Gogorra egin zait berriro aldizkarian hastea. Lehendik ibilia nintzen Arrasate Pressen batez ere, baina ia ahaztuak nituen hango morrontzak. Interneten askoz ere sueltoago nabil, eta erosoago.

Aldizkarian dena da motelagoa, eta morrontza handiak daude. Aurretik, baina, esan dezadan oso gustura egin dudala lan aldizkariaren Erredakzio Kontseiluarekin. Baita Arteman agentziarekin ere, non aurkitu baitut oso jende atsegina, batzuk aspaldiko ezagunak.

Aldizkaria

Alldizkarian honako lan hauek egin behar izan ditut:

  • Idatzi hainbat artikulu eta elkarrizketa.
  • Zuzendu jasotako lan guztiak.
  • Kontrolatu lan guztiek zutela lehendik agindutako karakter kopurua.
  • Zuzendu berriro pantailaren aurrean solte geratutako xehetasunak, eta osatu atalak: izenburuak, etab.
  • Atera hainbat argazki eta jiratu beste batzuk.
  • Bidali zenbait artikulu arduradunek irakur zitzaten, ea aldaketarik egiten zuten.
  • Zuzendu beste behin aldizkari osoa behin maketatuta.

Beste eginkizun batzuk nire eskuetatik kanpo geratu dira, inprimatzea eta banatzea, adibidez, zein baino zein konplexuagoa.

Blog honetan, berriz, edo Gizakom izenekoan, gauzak askoz ere arinago egiten ditut: gai bat aurkitu, idatzi, zuzendu, eta argitaratu. Ez karakterrak zenbatu beharrik, ez maketa zuzendu, ez inprimatu, eta ez banatu beharrik posta bidez.

Bloga

Bloga gustatzen zait, argitaratzea di-da egiten delako, bitartekaririk gabe, askatasun osoz, eta morrontza barik. Bat-bateko gauza da, eta mundu guztiaren begi-bistan geratzen da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Aupa Etxebeste!

Atzo Arrasaten izan ginen Aupa Etxebeste! filma ikusten. Guztira sei senide, ama eta Miren alaba barne. Gure amak 45 bat urte eramango zituen zinemara joan barik, eta atzo animatu egin zen gurekin etortzera. Eta gustura irten, gu bezala.

Pasarte batzuk ez ziren ondo entzuten, eta horrelakoetan eskerrak azpitituluei, bestela ezin haria jarraitu. Une batez pentsatu nuen nire gorraizea izango zela, baina gero beste batzuek ere esan zidaten gauza bera, beraiek ere ez zituztela ondo entzun zenbait zati.

Hasieran kosta egin zitzaion filmari arrankatzea, baina istorioak aurrera egin ahala, hobetuz joan zen. Apala iruditu zitzaidan filmaren abiapuntua, baina zuzendariek ondo baliatu dute komedia gazi-gozoa egiteko. Bitarteko gutxirekin, emaitza ona atera dute. Aupa Etxebeste!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Aste gogorra

Joan den aste hau gelditu barik ibili naiz, laneko kontuak direla eta. Urriaren erdi aldean Mondragon Unibertsitateak aldizkari bat kaleratuko du, paperezko aldizkari bat, eta ni nabilenez berau koordinatzen, jo eta su tokatu zait ibiltzea: elkarrizketak egiten, datuak jasotzen, artikuluak idazten, deiak, zuzenketak, pantaila aurreko ajusteak… Hori eta fakultateko beste kontu batzuk, hala nola praktikak eta karrera amaierako proiektuak, barne komunikazioa, prentsa oharrak… Kontua da apenas izan dudala astirik Faroa eta Gizakom blogetan idazteko, ez eta besteen blogetan sartzeko ere.

Erredakzio Kontseilua osatzen dugunok horrela ibili gara, baina, zorionez, guri dagozkigun lan gehienak eginak daude, eta hemendik aurrera espero dut apur bat lasaixeago ibiltzea, Interneten gehiago begiratzea, irakurtzea…, eta ariketa fisikoa egiten hastea, irailean erabat lagata izan dut-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Maria Luisaren alaba

Bitxia izan zen. Txoritokian nengoen, ordenagailuan, etxeko neskak Goenkale ikusten ari ziren bitartean. Halako batean, telebistatik zetorren musika erabat aldatu zen, eta jite dramatikoa hartu. Behera jaitsi nintzen berehala, sumatu bainuen une erabakigarria zetorrela. Eta halaxe izan.

Maria Luisak neska heldu bat zuen aurrez aurre, eta horrek ez zion esan, bada, bere alaba zela! Begiak platerak bezala zituen gure Mirenek, nahiz eta aurretik jakin Maria Luisari alaba bat agertuko zitzaiola, telebistak berak aurreratu zuelako behin baino gehiagotan.

Jarraipena ikusteko gogoz geratu ginen, baina itxaron beharko dugu, atzo behintzat, Athleticek hartu baitzuen Goenkaleren lekua pantaila txikian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ene Zerak

Aitor Larrañaga aspalditxotik zebilen jolasean blog batekin, batez ere hor bere argazkiak eskegitzeko, baina ausartu barik frogatik harantzago egiten. Orain bai. Hortxe duzue Ene Zerak, Aitor Larrañaga elorriarraren bloga. Edo hobeto esanda, fotobloga.

Oraingoan 10 serie eskegi ditu blogean, batzuk argazki bakarrekoak, eta beste batzuk bikoak, gehienak Lekeition erakutsitakoak uda honetan. Ia denetan itsasoa du gai nagusi Aitorrek erakusketa horretan, lehorrekoa (Uxuen), eta bestea (Lekeition).

Sartzen bazarete Aitorren blogean, klik egin argazki bakoitzean, eta orduan gozatuko duzue benetan erakusketa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 4 iruzkin

Ibarretxerekin berbetan

Atzo gertatu zen, Oñatin. Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasiera egin behar zen Santa Ana aretoan, eta hantxe egokitu zitzaidan, txiripaz, Juan Jose Ibarretxeé_Ibarretxe_Markuartu Euskadiko lehendakariarekin berba egitea. Zertaz hitz egin genuen?

Lehendakaria sartu zenean, jende asko hurbildu zitzaion, agintariak batez ere. Guk, hori ikusita, atzera egin genuen, eta kristalezko hormaren kontra jarri ginen, jendeari trabarik ez egiteko. Halako batean, baina, Ibarretxe zuzenean etorri zen gure arteko lankide batengana, Susana Azpilikuetarengana, eta, agurtu ondoren, harekin hitz egiten aritu zen apur batez. Gero gu ere agurtu gintuen, Susanarekin geunden lankideak, Miren Gabantxo eta biok. Eta hirurokin geratu zen, aurrez aurre.

“Eta, atzo ibili zinen bizikletaz?” galdetu nion nik, bai bainekien igande gehienetan Ibarretxe bizikletaz ibiltzen dela. Eta berak berehala erantzun zuen baietz, Gorbeia aldean ibili zela, “mendiko txirrindulaz”. Eta benetan gozatu zuela eguraldiaz, fresko egin arren.

Laurok berbetan ari ginela, argazkilari ugari hurbildu ziren, eta, bat-batean, flash mordoa disparatu ziren inguruan, aktoreak bagina legez. Guk, berriz, berba eta berba, oraingoan udazkenaren ederraz. Ibarretxe atsegin egon zen, eta erakutsi zigun badakiela jendetasuna zer den. Aldendu zenean, barre egin genuen, egoeraren bitxiagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin