Karpetas itzuli da

Joan den astean, berriro Arraldeko ertzainburu izendatu zuten egun berean, Andoni bere bulegoko mahaian jarri, eta karpetak irekitzen hasi zen. Hastapenetan bezala. Gurean horregatik deitzen diogu, aspalditik, Karpetas.

Goenkale asko aldatu da hasiera hartatik, hobera esango nuke nik, baina noiz edo behin azaldu egiten dira hasierako tik haiek. Adibidez, hasieran Andoni beti agertzen zen bere bulegoan sartuta, eta hitz egiten ez zebilenean, planoak irekitzeko edo ixteko, beti karpetak astintzen agertzen zen. Hortik Karpetas goitizena gurean. Horregatik, aurrekoan grazia egin zigun, ertzainburu karguaz jabetu bezain laster, nola sartu zuten karpeta artean, lehengo moduan. Atzo ere, berdin.

Baina gurean sortu dira, berez-berez, beste goitizen batzuk Goenkaleko pertsonaien artean. Bi aipatuko dizkizuet, ea asmatzen duzuen nortzuk diren:

  • Hasperentxo.
  • Don Zerapio.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Agur, Arrasate Press

Joan den ostiralean, nola Goienkaria berrituan ez den joango Arrasate Press izeneko gehigarririk, galdetu zidaten Goiena Telebistan ea zer iritzi nuen mantxeta hori desagertzeaz, ni izan bainintzen Arrasate Presseko lehen zuzendaria.

Erantzun nien ezer ez dela betiko, ez konstituzioak ez eta egunkarien mantxetak ere. Hori baino inportanteagoa dela Debagoienean badela komunikazio talde bat oso dinamikoa, eta talde hori gero eta zerbitzu hobea eskaintzen ari zaiela bere irakurleei, nahiz eta horretarako Arrasate Press aldi batez desagertu. Aurrerantzean Goiena izango da marka horren jabe, eta berak ikusiko du erabiliko duen berriro, noiz edo nola.

Arrasate Pressek bilakaera logikoa izan du: lehendabizi aldizkaria izan zen, Arrasaten bertan banatzekoa. Gero gehigarri bihurtu zen, bailarako agerkari baten barruan. Eta orain desagertu egingo da aldi batez, debagoiendarrek astekari oso bat jasoko baitute, 56 orrialdekoa, eta hor bailarako herri guztien gaineko informazioa eskainiko da.

Beraz, agur Arrasate Pressi, baina ez adiorik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Arrate Plazaola

Gaur goizean Euskadi Irratian hitz egin dut eta, Itsaso Peñarekin batera, tarte batean osatu dut Faktoria saioak Arrate Plazaola medikuari egin dion elkarrizketa, zeren eta gaur Minbiziaren kontrako nazioarteko eguna baita. Niretzat pribilegio bat izan da une batez irratia partekatzea Arraterekin.

Orain hiru bat urte elkarrizketa gogoangarri bat entzun nuen Euskadi Irratian. Galdetzailea, Jaime Otamendi, eta erantzuten, Arrate Plazaola. Ordubetez, kieto jarrita egon nintzen, ezin aldendu irrati aparailutik. Emakume hark hitz egiten zuen heriotzaz, gaixotasunaz eta beste gauza askoren gainean halako patxadaz eta naturaltasunez, non harrituta utzi ninduen. Gaur bezala.

Beti aldarrikatu izan dut horrelako medikuak behar ditugula: garbi hitz egin bai, baina neurriz eta bizitzaren ikuspegi praktikoarekin. Nire medikua, Jesus Ojanguren, horietako bat da. Eta Arrate Plazaola ere bai. Egun berezi honetan, bihoakie nire omenaldia eta eskerrona Arrate Plazaolari eta bera bezala, minbiziaren kontra jo eta ke ari diren mediku saiatu guztiei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gugan bego

Aurreko batean, asko estimatzen dudan lagun baten blogean irakurri nuen: Gugan bego. Juan Mari Lekuona hil berriaz ari zen, eta berehala piztu zitzaidan argi bat. Izan ere, behin baino gehiagotan aritu naiz esapide egoki bila, hil berri bati buruzko hitzak bukatzeko, eta aurkitzen ez, zeren ohiko goian bego horrek ez nau asetzen.

Ez dakit nire lagunak nire antzeko arrazoiak izan dituen gugan bego hori idazterakoan, berak asmatu duen edo beste norbaiti hartu dion. Kontua da gustatu zaidala, eta aurrerantzean horixe erabiliko dudala. Eskerrik asko!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 4 iruzkin

Jostailu hautsiak

“Eta zu nola sentitzen zara horrelako erantzun bat jasota? Lur jota egongo zara, ezta?” Lankide batek baino gehiagok egin zidan galdera hori herenegun, jakin zutenean Lagun Arok ez nauela onartu mutualistatzat, nire osasuna dela eta. Atxikimendu eta elkartasun beroa jaso nituen lankide askorengandik, gehienek bazterkeriatzat hartzen baitute Lagun Aroren erantzuna.

Non gelditzen dira kooperatibetan aldarrikatzen ditugun elkartasuna eta lankidetza? Men egin behar dio HUHEZIk Lagun Arori eta atzera egin lankide bat bazkide izendatzetik? Osasuntsuak eta guapoak bakarrik izan ahal dira bazkide kooperatibetan? Horrelako galdera asko entzun nituen lankideen ezpainetan.

Gehienek ez zuten irakurrita nik Faroan ateratako mezua, baina herenegun, Ameliak posta elektronikoz bidalitako mezuari esker, jakin zuten nire egoeraren berri. Eta, nigana etorri zirenak behintzat, asaldatuta zeuden.

Badakit zenbaitentzat jostailu hautsi bat naizela, minbizia estigma moduan ulertzen dutelako, baina nire lankideek erakutsi didate elkartasuna kalkulu guztien gainetik dagoela, eta bihotz-bihotzetik eskertzen diet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Liburuak, gezurrak eta telebista

Hemeretzi urte zituenetik ari da Oprah Winfrey telebistan lanean. Gaur egun aurkezlerik ezagunenetako bat da AEBetan. Hala ere, inoiz ez du horrelako ataka gaiztorik igaro, egun hauetan bezala: 2005eko irailean hautatu zuen A million little pieces liburua hileko liburu bere klubean, eta bihurtu zuen liburua bat-bateko best seller, halakoxea baita Oprah Winfreyren eragina telebista-ikusleen artean. 2006ko urtarrilaren 26an, Oprahk onartu zuen gaizki aukeratu zuela, eta barkamena eskatu zuen milioika ikusleren aurrean. Zer gertatu zen tartean?

Gertatu zen 2006ko urtarrilaren 8an The Smoking Gun sareko aldizkariak salatu zuela James Frey kazetariaren liburuak gezur piloa zekarrela. Harrezkero, aldizkari eta egunkari askok, tartean The Washington Post entzutetsuak, salatu zituzten liburuaren asmakizunak, berez ez baitzen fikziozko liburua, autobiografia baizik.

Hasieran Egileak ezeztatu egin zituen salaketak, eta Oprhak bera Freyren alde irten zen. 2006ko urtarrilaren 26an, berriz, ikusirik zelako kritikak ari ziren jasotzen bai Freyk eta baita Oprahk berak, honek programa berezi bat egin zuen, eta bertara gonbidatu zituen James Frey idazlea, beronen argitaratzailea eta Richard Cohen, The Washington Posteko kritikari bat. Inork ez zekien zer gertatuko zen.

Oprahk zur eta lur utzi zituen denak: onartu zuen bere kritikariak zuzen zeudela eta bera oker, eta barkamena eskatu zien bere ikusleei. Eta ondoren, kontuak eskatu zizkien James Freyri eta haren argitaratzaileari. Haiek onartu egin zuten liburuan pasarte asmatu dezente daudela, gezur franko beraz.

Barkamen eta kontu eske

Oprah ez da literatura kritikaria, baina tarte bat du bere telebista saioan, non gomendatzen baititu bere liburu gogokoak, eta horiek sarri bat-bateko best seller bihurtzen dira. Freyren kasuarekin, ordea, bere sinesgarritasuna kolokan geratu zen. Horregatik Oprahren erantzun bizkorra. Ikusle eta kritikari gehienen ustez, asmatu egin du, eta bere sinesgarritasuna inoiz baino sendoagoa omen.

Argitaratzaileen lan egiteko modua, aldiz, zalantzan dago, antza denez, Freyren kasuan argitaratzaileak berak eraman zuen Frey liburuaren izaera aldatzera. Ikusirik fikzio liburu bezala ez zela salduko, gomendatu zion material hura apur bat moldatzea, eta autobiografia moduan aurkeztea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Diseinatu zure etxea, doan

Leku bat aurkitu dut zoragarria bere etxea edo lorategia diseinatu nahi dituenarentzat. Smallblueprinter deritzo, eta aukera ematen dizu zure etxearen planoa egiteko, emaitza 3D dimentsioan ikusteko, badaezpada ikuspegi isometrikoa hartzeko, eta baita egindako lana inprimatzeko ere. Doakoa da, eta erabilerraza. Egin aproba.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Otsailaren 3a, ostirala

Egun hori berezia izango da jende askorentzat, arratsaldeko 18:30ean aurkeztuko baita Bergarako Miguel Altuna ikastetxean Goienkaria berritua. Egun horretan, Goio Aranak, diseinatzailerik sarituenak euskal diseinatzaileen artean aurkeztuko digu paperean bere azken lana. Paperean esan dut, zeren dagoeneko erakutsi digu formatu digitalean, Goienkaria berritzen izeneko blogean, non, bera eta Eneko Azkarate, pausoz pauso jaon baitira esplikatzen birdiseinuaren nondik norakoak. Ahal baduzue, ez galdu aurkezpen hori. Ni, behintzat, banoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

HABE eta minbizia

HABE erakundea prestatzen ari da ikasmaterial bereziak Osakidetzako langileak euskalduntzeko, eta horien barruan unitate bat prestatu du nire kasuarekin. Horretarako, erabiliko ditu nik Sustatun argitaratutako hainbat artikulu, eta Euskadi Irratian egin zidaten elkarrizketa bat.

Aukera izan dut unitate hori ikusteko, eta, lehen begiratuan, iruditu zait interesgarria. Materialak helburua du ikaslea jabearaztea modu informalean zer den linfoma. Hori guztia hizkuntzaren ikuspegitik landuta, ikaslea trebatzeko hiztegian eta elkarrizketan. Atentzioa eman dit, hala ere, nola prestatu dituzten hainbat ariketa ikasleen artean eztabaidatzeko nola eman berri txarrak gaixoari, nola komunikatu harekin.

HABEko ordezkari batek esan didanez, orain HTML formatuan prestatzen ari dira material hori, geroago sarean eskegitzeko, Ikasbil atarian.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Faroak

Flickr-en nabilela, Mantangorri argazkilari euskaldunaren gunera iritsi naiz, eta bertan argazki bat aurkitu dut, faro bat urdin ederra. Sartu Mantangorriren gunera, eta gozatu haren argazkiez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1