Blog bat liburu baten zerbitzuan

Joxe Felix Diaz de Tuesta nire aspaldiko lagunak liburu bat aurkeztuko du gaur Donostian eta Arrasaten: Euskal Herria atzerritarren ahotan. Eta liburu hori sustatzeko eta bultzatzeko, blog bat sortu du: Argitan. Beraz, Joxefek marketin-tresna moduan erabiliko du bloga, berak ez baitu izango, besteok izan dugun moduan, argitaletxe bat atzean zabalkunde lanak egiteko. Hori berak egingo du.

Lan interesgarria egin du Joxefek, ia 250 orrialdetan jaso baititu atzerritar ospetsu askok (Dante, Shakespeare, Rabelais, Hugo, Steer, Heminguay, Welles…) Euskal Herriaz eta euskaldunon gainean esandakoak. Kontua da haien begietan ez omen garela hain gaiztoak, zenbaitek sinetsarazi nahi izan diguten legez.

Liburua euskara hutsean dago, oso ondo eginda, zenbait argitaletxek ateratzen dituztenak baino hobeto. Horretan meritu handia izan dute Joxefek berak, Jon Etxeberria maketagileak, Diego Martiartu hitzaurregile eta itzultzaileak eta Gertu moldiztegiak.

Ni ere Joxeferekin izango naiz, goizean Donostian (KM kulturunean) eta arratsaldean Mondragoen (Kajoi tabernan), liburua aurkezten. Honatx han esango ditudanak, pokastin honetan. Entzun nahi baduzu, klik egin biribil arrosan.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Berria berritua

Ez dit zirrara berezirik sortu paperezko Berria berrituak, eta sentitzen dut hori esateak. Gaur egungoa zailagoa egiten zait irakurtzeko. Izan ere, uste dut tipografiaren tratamenduak huts egin duela oraingoan, tipografia baitago irakurgarritasunaren oinarrian.

Txikienetik hasita, zerbait bilatu nahi duenak agendan, jai dauka, lupa bat hartzen ez badu. Eta jakin nahi duenak zer film ematen duten halako herritako zinetokitan, beste horrenbeste. Letra txikiegiak eta zenbait testu kolore grisetan jartzeak du horren errua. Halaber, zenbait albiste txikik izenburu indargeak dituzte orain, eta hainbat aipu oharkabean pasatzen dira, letrak gris tankerakoak izanda, ez direlako ondo irakurtzen.

Letratipoak nola antolatzen diren, ezinbestekoak izaten dira kontrastea sortzeko eta, horren bidez, irakurlearen begiak batetik bestera bideratzeko. Uste dut horretan ere kale egin duela diseinu berriak zenbait kasutan.

Azalean aldatu egin dute izenburuen tipografia, eta berau indartu. Horren ondorioz, baina, Berria izenak berak indarra galdu du, orain borroka bizian baitabil beheko izenburu indartsuekin.

Une berezi batean harrapatu nau Berriaren diseinu aldaketak, baina hori ondorengo pokastinean azaltzen dut, Egunkarien gainbehera izena duen honetan. Entzun nahi baduzu, klik egin biribil arrosan.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 10 iruzkin

Nire lehen pokastina

Aurrekoan, Biz Stone blogariari esker jakin nuen Odeo enpresak erabat berritu duela bere webgunea. Egia esan, orain bi webgune ditu: bat pokastinak grabatzeko eta bestea pokastinak entzuteko. Sartu nintzen lehenera, eta konturatu nintzen erabat berritu dutela eta, nire zorionerako, inoiz baino errazago egin dutela pokastin bat sortzea.

Aurikularrak eta mikroa ipini (orain urtebete inguru erosi nituen Skype erabiltzeko), larakoak sartu, klabijak, record botoiari eman, eta grabatzen hasi naiz. Harrituta utzi nau zein erraz egin daitekeen. Hori bai, hau pokastina a capella da, ahots hutsarekin egina, inolako edergailurik gabe. Hemen duzue emaitza: Gelditasunaren gorazarrea. Klik egin zirkulu larrosean, eta entzungo duzue. Esango didazue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Berriro hasi naiz lasterka egiten

Apirilaren 24an hasi nintzen berriro lasterka egiten. Elorrioko futbol zelaira joan, eta hantxe hasi nintzen, belar artifizialaren gainean, tipi-tapa, lasterraldiak eta oinez aldiak tartekatzen. Hasiera xumea izan zen oso: minutu bat arineketan eta minutu bat oinez, horrela hogei minutu bete arte. Gaur, berriz, lau minutu arineketan eta minutu bat oinez. Hala ere, horretara iristeko, aldatu behar izan dut arineketan egiteko modua.

Ikusirik berriz ere min hartzen nuela ezkerreko hankan, Akilesen zainean, erabaki nuen beste modu batean lasterka egitea, buru gainean sabai bat banu bezala, burutik gertu, edozein modutan ere saihestu beharrekoa. Hori dela eta, hankak gutxiago jasotzen ditut arineketan egiterakoan, eta, beraz, lurra kolpatu ere, gutxiago.

Horri esker, azken astean ez dut minik hartu. Horrela segituz gero, hankak indartuz joango dira eta arazo gutxiago izango dut aurrerantzean. Beraz, gutxieneko maila bat hartu arte, sistema horrekin segituko dut, hori bai, arineketaldiak eta oinez aldiak tartekatuz. Piano-piano.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Zer egingo du orain MCCk?

El Mundo egunkariak nahastu egin zuen MCC martxoaren 11ko atentatuarekin, esan baitzuen poliziak MCCren txartel bat aurkitu zuela furgoneta batean, terroristena inondik ere. Gero, “El País”:http://www.elpais.es/ egunkariak argitu zuen “Orquesta Mondragón”:http://es.geocities.com/laorquestamondragon2000/ musika taldearen zinta bat aurkitu zutela.

Hori argituta, ondokoa gertatu zen, Anjel Lertxundik kontatu bezala: “Antena 3 telebistak Zaplanari: ‘Zer da azkenean, Mondragoi taldeko bisita-txartel bat edo Mondragoi Orkestraren kasetea?’. Eta Zaplanak: ‘Biak, biak!”. Ordurako jakina zen El Mundok huts egin zuela. Hala ere, Zaplanak nahiago izan zuen gezurrarekin segitu.

Gero bat baino gehiago saiatu da hanka-sartzea justifikatzen: “Con tantas pruebas y tanto Mondragón cualquiera se lía,” esan du batek.

Kooperatibista batek haserre idatzi du, eta gogor salatu du El Mundo egunkaria. MCC bera, ordea, isildu egin da. Inork ez ditu eramango El Mundo eta Zaplana auzitegietara, taldeko 70.000 kooperatibisten izenean, gezurra esan dutelako, eta taldea iraindu, jakinda gezurretan ari zirela? Libre da edozer esatea MCCren kontra?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Zirkulu berde hori

Joan den larunbatean oso nabarmen gertatu zen berriro. Hasier Etxeberria elkarrizketatzen ari zen Castillo Suarez poeta Sautrela saioan, eta azken hau oso ondo ikusten zen bitartean, Hasierren aurpegia berde agertzen zen. Bakarrik burua mugitzen zuenean irteten zen zirkulu berdetik. Esan zitekeen, Hulk, Shrek edo Digante berdea zebiltzala pantailan.

Arazoa ez da oraingoa, lehendik ere gertatzen zen, baina konpondu beharko lukete, itsusitu egiten baitu Sautrela, programa bat oso ondo egina bestela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Paula jaio da

Larraitz eta Oskar gure ilobak dira, eta maiatzaren 3an alabatxo bat izan zuten, Paula. Jaio berriak gure amaren izena eramango du. Izan ere, familian bi Paula izango ditugu orain: gure ama, mater familias sendoa, eta jaio berria. Atzo izan ginen Gurutzetako Ospitalean, eta pozik eta onik ikusi genituen denak: guraso berriak, aiton-amonak, izeko-osabak eta gure Miren, pozez zoratzen lehengusin txikia besoetan izanda.

Berria jákin nuenean, Julen Lekuonaren abesti hura parafraseatzeko gogoa egin zitzaidan: kanta dezagun denok, hau degun alaia, Paula jaio da-eta, kanta aleluia!

Goiko argazkian Bego, Miren eta Paula jaio berria agertzen dira. Argazki gehiago, hemen

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Baimena urtebeterako

Atzo gutun bat jaso nuen Valdecillako Ospitaletik, Santandertik. Pozik nago hark ekarritako berriekin. Halaxe dio:
En la valoración realizada destaca que presenta un quimerismo 100% del donante. No hay otros hallazgos dignos de mención. Próximo control, dentro de 1 año, previa petición de fecha.

Beraz, dena ondo. Batetik, nire odolean Fatima arrebak emandako zelulak dira nagusi erabat, ondo ibiltzeko behar den bezala, transplante bat izan eta gero. Gainerako probak ere ondo irten dira. Eta, lehenbiziko aldiz, urtebete eman didate hurrengo kontrola egiteko. Aupa, Joxe!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 15 iruzkin

Upelak ala petrolioa, zer garestitu da?

Evo Moralesek hautsak harrotu ditu nazioartean, Boliviako petrolio enpresak nazionalizatu egin ditu eta. Euskadi Irratiak atzo esan zuenez, erabaki horrek “petrolio upela” garestitzea ekarri du, bi dolar. Horren arabera, upelak garestitu dira, eta ez petrolioa. Beste hedabide batzuetan, berriz, entzun eta irakurri genuen petrolioa garestitu dela. Merkatua nola dabilen ikusita, horixe da logikoa, petrolioa garestitzea, eta ez upelak. Orduan, zergatik nahaspila?

Nahaspila sortzen da ez dugulako garbi zer den upel petrolioa eta zer petrolio upela, edo, bestela esanda, garai batean Sustatun piztutako eztabaidara itzuliz, botila ardoa eta ardo botila. Esaten badugu iazko uzta txarraren ondorioz “botila ardoa” garestitu dela, badakigu ardoa garestitu dela. Baina irakurtzen badugu “ardo botilak” garestitu direla, orduan ondorioztatu beharko dugu kristal produkzioa okertu egin dela, eta hortik botilak garestitzea.

Beraz, Evo Moralesen erabakiak ekarri du, ondorio moduan, “upel petrolioa” garestitzea. Has gaitezen, beraz, pentsatzen nola aprobetxatu, ahalik eta ondoen, energia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Aste Santuan irakurritakoak

Aste Santuko oporretan hiru liburu irakurri ditut, hirurak gustura irakurri ere: bat teknologia berrien gainekoa, bigarrena saio bat, eta hirugarrena eleberri bat. Hirurak gomendatzeko modukoak.

Blogs, Wikis, Podcasts

Beste hau, Lazarraga. Ernazimendua euskaraz, Pruden Gartziarena da, eta oso gustura irakurri nuen. Zenbait gauza irakurriak nituen Lazarragaren gainean Sustatun eta Berrian, Pruden Gartziak berak idatziak, baina liburua ez zait errepikakorra egin. Bereziki erakargarria egin zait euskal pizkundeaz egin duen saioa. Beharbada oraindik froga gehiago falta dira, baina iradokitzailea da, oso. Ia-ia eleberri bat moduan irakurri nuen, erraz eta gustura.

Liburuaren izen osoa da Blogs, Wikis, Podcasts, and Other Powerful Tools for Clasrooms, eta Will Richardson irakasle blogariak idatzi du. Niretzat sekulako aurkikuntza izan da, oso ondo uztartzen baititu teknologia berriak irakaskuntzarekin. Gizakom blogean zabalago idatzi dut liburu honen gainean.

Lazarraga

Hau ere irentsi egin nuen, Paul Auster idazle amerikarraren azken lana, Brooklyngo erokeriak. Gizon nagusi baten historia kontatzen digu, erretiroa hartu berria eta minbizitik irten berria, baina horren inguruan pertsonaia asko sartuko dira, eta irten, batzuk bere inguruan dabiltzanak, eta beste asko literaturaren gordailutik berreskuratuak, izan ere, Austerrek inork baino hobeto egiten du metaliteratura.
Poe, Kafka eta beste idazle batzuen gaineko historiak oso dira erakargarriak. Oskar Aranaren itzulpena, ona iruditu zait. Liburuan aurrera egin ahala, gero eta hobea.

Eragozpen bat aipatu behar izanez gero, bat aipatuko nuke: liburuan hainbat akats agertzen dira behin eta berriro, hizkuntzarekin lotuak. Nik uler dezaket pertsona batek ez erabiltzea ondo mugagabea, baina non daude argitaletxeko zuzentzaileak? Ala ez dago zuzentzailerik?

Brooklyngo erokeriak

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin