Luistxo Fernandez

Atzo Luistxo Fernandez izan genuen HUHEZIn, Mondragon
Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Beste blog batean idatzi dut hark esandakoaren gainean. Hona, berriz, ekarriko dut ikasleei
esan nizkien hitzak Luistxo aurkezteko.

Luistxo
Eibarren jaio zen orain 40 urte eta Donostian bizi
da, emaztea eta bi seme-alabarekin. Ikasketaz kazetaria da, eta nik horrela
ezagutu nuen Durangoko Azokan, Euskaldunon Egunkariak lehen Estilo Liburua
argitaratu eta aurkeztu zuenean, berak ere parte hartu baitzuen lan hartan.
Gogoan dut nola eskatu nion sinatzea erosi berria nuen Estilo
Liburuan.

Orain ez dizuet kontatuko Luistxoren bizitza, nahiz
eta oso interesgarria izan. Bakarrik esango dizuet, hainbat arlotan utzi duela
arrastoa Luistxok, eta arrasto sakona:

Kazetari
gisa,
paperean. Argian,
Euskaldunon Egunkarian eta Arrasate Pressen egin du lan batez ere, eta horren
emaitza ikusi ahal duzue Tetris liburuan, 1995ean argitaratua. Eta baita
Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian liburuan.

Idazle moduan ere egin ditu pinitoak, adibidez lan
honekin, Kontaktua, bere garaian nahiko oihartzun izan zuen
narrazioa.

Teknofilo
bezala.
Luistxo aurreratu bat
izan da, eta, beste lagun batzuekin batera, eibartarrak posta zerrenda sortu
zuen orain zortzi bat urte, Euskal Herriko posta zerrendarik erabiliena
euskaraz. Lagun bertsuekin Aurki.com sortu zuen, bilatzaile bat, euskaldunoi
musu-truk etorri zitzaiguna Eusko Jaurlaritza milioiak eta milioiak gastatzen
ari zenean Microsofti dirua ematen, Word eta antzeko programak euskaratu eta
kadukatutakoan irits zitezen euskaldunongana.

Enpresari
moduan,
CodeSyntax sortu du,
beste lagun batzuekin batera, gure arteko enpresarik interesgarrienetako bat gaur egun
Internet kontuetan.

Teknologo
legez,
ere sortu du, Josu
Azpillagarekin batera,
Euskal Herriak Web 2.0 esparruari eman dion aplikaziorik
arrakastatsuarena: Tagzania.

Irakasle
bezala,
uste dut lan aparta
egiten duela. Sustatu sortu zuenean, zeren Luistxok sortu baitzuen Sustatu.com,
berak bazekien zer nahi zuen, zelakoa gura zuen Sustatu, eta posta zerrenda bat
sortu eta hor erakutsi zigun zelan idatzi, zertaz, etab., etab. Nik uste dut
bera dela euskal blogosferaren aita.

Polemista
zorrotza izan daiteke, nahi
duenean. Egun hauetan, adibidez, askoren ahotan dabil Maite Artolarekin izan duen
ika-mika, Mezularia irratsaioak ez dielako ematen euskarazko blogei beste
informazio iturriei ematen dien trataera.

Editore
gisa
, zorrotza da
Luistxo, eta hori ikusi da Sustatun bost urte hauetan: dedikazioa, begi
zorrotza, kazetari sena… denetik du, eta igarri egiten da.

Blogari
ere bada. Sustatun hasi zen
idazten, baina gero beste bi blog sortu ditu: Ingelesen Hilerria, hiru
hizkuntzatan egina, eta El Mapamovil,
gaztelaniaz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Wordie

Flickr bezalakoa, baina argazkirik gabe”. Horrela dio Wordie aplikazioaren  leloak. Wordiek uzten dizu hitz zerrendak egiten: zerrenda praktikoak, hitz maitagarriak, hitz gorrotagarriak, edozer. Arakatu eta ikusi nork idatzi dituen zure berba berdinak, erantsi aipamenak eta iruzkinak, eta eztabaidatu. Eta begiratu hiztegi horietan guztietan, testuinguru paregabea emango dizute-eta.

Begitandu zait ingeles irakasleek erreminta paregabea izan dezaketela Wordie, jolasaren bidez ikasleek ikasiz diberti daitezen. Horregatik ekarri dut hona, Biz Stoneri irakurrita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Aupa Barriola!

Bai, ni Abel Barriolaren alde nengoen atzo lau t’erdiko finalean. Aurten txapelketa izugarria egin du, bi urtez gorriak ikusita, eskuetako mina tarteko. Abelek baina, gainditu egin ditu oztopoak oro eta finalera iritsi da, nor eta Aimar Olaizola mendean hartuta, bere orain arteko nemesisa lau t’erdikoan.

Atzoko finalaz zer esan? Barriolak ausart jokatu zuen, eta hasieran zoratu egin zuen faboritoa, harik eta Irujo esnatu zen arte. Halako batean, 21-21 markagailuan, ezin gehiago eskatu final bati. Irujo irabazle ona izan zen, baina Barriola pozik egon daiteke, balentria handia egin du-eta.

Zer dela eta hainbeste gorazarre Barriolari? Beti izan dut gogoko (Olaizola II.aren kontra jokatzen duenean, orduan esaten diot neure buruari onenak irabaz dezala, Aimar ere gustuko dudalako), gogoko dut, besteak beste gustatzen zaidalako bere jarrera frontoian eta baita pilotalekutik kanpo. Atzo, adibidez, penatuta zegoen oso, galduta gero, baina hori ere irribarre batekin adierazi zuen, dramatizatu barik. Zorionak Irujori, eta zorionak Barriolari, biak ere txapeldun handiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Googol

Amerikarrak gu baino askoz ere liberalagoak dira izen kontuetan. Google enpresaren izena hanka sartze baten ondorioa da, baina hori nori inporta zaio orain? Horrela gogoratzen du Sean Anderson-ek Google izeneko liburuan nola sortu zuen izena Larry Page enpresako sortzailetariko batekin zegoen batean:

  • “Zer moduz Googleplex izendatzen badugu? Sortu nahi duzu enpresa bat jendeari utziko diona datu piloa bilatzen, indexatzen eta antolatzen. Googleplex hori da, zenbaki itzel bat”. Gustatu zitzaion. Eta esan zuen: “Zergatik ez Google?” Laburragoa zen eta are gustukoagoa zuen. Idazterakoan, ordea, gaizki idatzi nuen G-o-o-g-l-e, eta hor geratu zen kontua. Larryk ontzat eman zuen —arratsalde hartan bertan erregistratu zuen— eta arbelean idatzi zuen: Google.com. Ezin egokiagoa zen Interneterako, nola egokiak ziren Yahoo! edo Amazon. Hurrengo goizean, ordea, itzuli nintzenean lanera, Tamararen ohar bat aurkitu nuen: “Gaizki idatzi duzu. Idazten da G-o-o-g-o-l!”. Baina ordurako egina zegoen”.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Mikel Alvarezek irabazi du Sustatu saria

Laburra eta onaHUHEZI fakultateko ikasle batek, Mikel Alvarez beasaindarrak, irabazi du Sustatu saria, atzo arratsaldean Mondragoen eman zena, bertako kultura etxeko kalistroan. Epaimahaiak horrela azaldu zuen epaia:

  • The Indezents du izena blogak. Bruce Lee-ren aurpegia du aldamenean. Mezu bat baino gehiago proposatu zigun, baina oilasko petxugarena aukeratu du epaimahaiak. Mezu bihurri bat, ganberro samarra, baina freskoa. The Indezents-ek mutil gazte bat izan behar zuela susmatu genuen, bere hozkailuaren egoera jakinda, eta halaxe da, Sustatuko blog mezuen lehiaketaren irabazlea, Mikel Alvarez beasaindarra da.

Mikel Alvarez Ikus-entzunezko komunikazioa ari da ikasten HUHEZIn, 3. maila, eta sekulako zaletasuna hartu dio blogari. Beste ikaskide zenbaitekin batera, sarri idazten du, txispa berezi batekin.

Jaia
Sariez gain, jaia ere interesgarria izan zen oso. Eta atsegina. Ed Freyfogle, Iban Zaldua, Luistxo Fernandez eta Iban Arantzabalen hitzak entzun genituen, umorez eta ironiaz zipriztinduak. Bideo bat ere bai, Arteman agentziak egina, Sustaturen historia kontatzen. Eta ondoren, pintxoak eta agurrak bertaratutakoen artean, tartean blogari asko.

Ikusi nahi izanez gero orduko argazkiak, Flickr-en ditutuzue mordo bat. Hemen sorta bat, neuk sortua. Eta hemen sustatu5 etiketarekin argitaratuko diren guztiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Google Page Creator

Aurrekoan, ez dakit zelan, aurkitu nuen Googlen beste aplikazio hau: Google Page Creator, web orriak sortzeko. Eta, konturatu orduko, egina nuen lehena. Erraza begitandu zitzaidan.

Google Page Creator aplikazio bat da, sarean oinarritua, eta bertan gauzak egin ahala ikus daitezke argitaratutakoan geratuko diren moduan. Berau erabiltzeko ez da HTMLrik edo beste ezer jakin behar. Aplikazioak uzten du testua kokatu, baita irudiak edo bestelako edukiak ere, eta klik bat eginez, egindako lana argitaratzea Googlen zerbitzari batean.

Aplikazio hori berdin dabil Windows, Linux edo Mac sistema eragileetan, berau erabiltzeko kontu bat behar da Googlen, edo helbide bat Gmail-en. Erabiltzaile bakoitzak 100MBko muga bat du orriak gordetzeko.

Zer alde dago, hortaz, Google Page Creator eta Blogger aplikazioen artean, biak enpresa berarenak? Halaxe erantzuten du Justin Rosenstein GPC aplikazioaren sortzaileak: “Google Page Creator egina dago webgune sinple eta estatiko bat sortu nahi dutenentzat; Blogger, berriz, egin zen sarri idatzi nahi duen jendearentzat”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Erretiro gozoa

Agintzen dutIgandean bazkaria izan genuen Esteñibar baserrian, Elorrion, Javier Larrañaga koinatuak erretiroa hartu duela ospatzeko. Kanpoan eguraldi eskasa egin arren, barruan ederto igaro genuen, jaki eta edari gozoekin.

Javierrek 61 urterekin hartu du erretiroa, eta orain gustura bizi da, gustuko gauzak egiten: irakurtzen, paseatzen eta zinea ikusten. Jende asko zegoen atzo haren inbidiatan. Hona hemen bazkariko argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Durangon lasterka

Durangoko lasterketaAtzo Durangon izan ginen, baina ez azokan, baizik eta lasterka egiten. Aprobetxaturik Miren alabak arineketan egin behar zuela bere gelakideekin, guk ere horixe. Nire lehen lasterketa izan da azken lau urte eta erdian, eta lehena gaixotu nintzenetik.

Miren gaixoak eta bere lagunek zorte txarra izan zuten, lastertu bitartean goian behean egin baitzuen euria. Hala ere, ondo ibili ziren 1.200 metro korritzen. Gu lastertu bitartean, ostera, ateri egon zen, azkenean eguzki eta guzti.

Hasi baino lehen Juan Martin Elexpuru ikusi genuen, Jon Arretxerekin batera, berotze ariketak egiten. Horiek, baina, aurrera egin zuten berehala, eta bukatu arte ez genituen berriz ikusi. Ni Begorekin irten nintzen, eta Manu Igartibururekin, Anneren aitarekin. Gure martxan joan ginen, ohi baino bizkorrago aukeran, Manuren umoreaz gozatzen. Amaierarako justu iritsi nintzen, bi lagunen konpainian. 38´50´´egin genuen helmugan.

Ondoren dutxa beroa hartu genuen Iñaki eta Maribi koinatu-koinaten etxean, Durangon bertan. Haiei esker indarberriturik itzuli ginen Elorriora. (Argazkia: Iñaki Larrañaga)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

RNE bai, Euskadi Irratia ez

Radio Nacional de España hasi da eskaintzen zenbait programa podcast bidez. Horrela, entzuleak entzuteko gai izango dira RNE-1, RNE-3 eta RNE-5 irratietan entzun gabeko hainbat irratsaio, harpidetza eginda podcast horietara.

Zeri begira dago Euskadi Irratia? Hango arduradunek aspalditik dakite podcastek zer potentzial duten, baina, itxura denez, espainiarrek lehen urratsak egin arte, kieto.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Erasmo, Durangon

Bi gauza ditu niretzat bereziki erakargarriak Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak: aspaldiko lagunak agurtzea eta ustegabeko liburuak topatzea. Atzo, ostegunez, horixe gertatu zitzaidan. Mondragon Unibertsitateak lehen aldiz ipini du txosna bat azokan eta, horren kausaz, atzo eguerdi-arratsaldean han egotea egokitu zitzaidan, Miren alabaren konpainia onean. Halako batean, hasi nintzen begiratzen alboko txosnaren katalogo batean, EHUrena, eta konturatu nintzen Erasmo Rotterdamgoaren lan bat zutela salgai: Otorduak, Limes bilduman argitaratua.

Gaztetatik izan dut fijazioa Erasmorekin, institutuan nenbilela gaztelaniaz irakurri nuenetik Eromenaren laudorioa. Harritu egin nintzen orduan mendeak pasata gaurkotasunik ez zuelako galdu artean. Halaber, atentzioa eman zidan zein ondo idazten zuen Erasmok eta zein prosa ulerterraza zerabilen. Horregatik, orain zenbait urte jakin bezain laster Pentsamendu Unibertsalak izeneko bildumak lan hura argitaratu zuela euskaraz, liburu dendara joan nintzen ale bat erosteko asmoz. Halabaina, han bertan hasi nintzenean irakurtzen, ia erori egin zitzaidan esku artetik, hain zuen-eta euskara bihurria.

Atzokoan, ostera, harritu egin nintzen beste lan hori ikusita, Otorduak, eta pozik bai pozik erosi nuen, aurretik pasarte batzuk irakurrita. Berriro aurkitu dut Erasmo. Eskerrik asko, Durango.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina