Aupa Barriola!

Bai, ni Abel Barriolaren alde nengoen atzo lau t’erdiko finalean. Aurten txapelketa izugarria egin du, bi urtez gorriak ikusita, eskuetako mina tarteko. Abelek baina, gainditu egin ditu oztopoak oro eta finalera iritsi da, nor eta Aimar Olaizola mendean hartuta, bere orain arteko nemesisa lau t’erdikoan.

Atzoko finalaz zer esan? Barriolak ausart jokatu zuen, eta hasieran zoratu egin zuen faboritoa, harik eta Irujo esnatu zen arte. Halako batean, 21-21 markagailuan, ezin gehiago eskatu final bati. Irujo irabazle ona izan zen, baina Barriola pozik egon daiteke, balentria handia egin du-eta.

Zer dela eta hainbeste gorazarre Barriolari? Beti izan dut gogoko (Olaizola II.aren kontra jokatzen duenean, orduan esaten diot neure buruari onenak irabaz dezala, Aimar ere gustuko dudalako), gogoko dut, besteak beste gustatzen zaidalako bere jarrera frontoian eta baita pilotalekutik kanpo. Atzo, adibidez, penatuta zegoen oso, galduta gero, baina hori ere irribarre batekin adierazi zuen, dramatizatu barik. Zorionak Irujori, eta zorionak Barriolari, biak ere txapeldun handiak.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude