Kontrola

Atzo arratsaldean, lanetik etxera bidean Kanpazar gora nentorrela bide berritik, Sara jatetxera iritsi aurretik kontrol bat ezarria zuen Goardia Zibilak. Stop.

Morrosko bat aurreko autoari begira, esku artean metralladora duela eta belarri inguruan mikro bat. Zalantzatan dago, baina aurrera egiteko esan dio aurreko autoari. Niri ere, aurrera egiteko, beste barik. Bistan da zaharren klubekoa naizela. Abiatu naiz poliki-poliki, eta hiruzpalau lagun ikusi ditut zutik, beste bi goardia zibilen begiradapean. Zain daude. Bat ezagutu dut, Elorrioko irakasle bat, ni baino gazteagoa.

Oraindik ere urduri jartzen naute kontrol horiek, gogora ekartzen dizkidate beste garai bateko oroimen txarrak. Horrelakoetan pentsatzen dut baten batek gogorarazi nahi digula, armak eskuetan, nork agintzen duen hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Liburutegi digitalari sufre usaina dario

Google enpresaren asmoa liburutegi zibernetiko erraldoi bat egiteko, ez zaio bat ere gustatu Karlos Linazasoro idazle eta liburuzainari. “Liburuaren geroa beltza da”. Horrela hasi zuen bere asteroko zutabea otsailaren 8ko DV egunkarian.

  • Google-en lana, kritikoek diotenez, teknikoa da huts hutsean: katalogazio, klasifikazio, komentario eta abarrak aurrez eginak ematen dizkiete liburutegi zein argitaletxeek.

Kritika bera egin ziezaioketen orain bostehun eta berrogeita hamazazpi urte inguru Johannes Gutenberg moldiztegiaren asmatzaileari, azken batean bere lana teknikoa zen huts hutsean: moldeak egin, sailkatu, paperean inprimatu eta berauek josi liburu moduan kaleratzeko. Hala ere, denok dakigu moldiztegiak sekulako iraultza ekarri zuela mundura, eta ateak ireki zizkiela Erreformari eta Lutero zein Kalbinoren proposamenei. Ez dut zalantzarik baten batek idatziko zuela orduan “liburuaren geroa beltza” zela, ordura arteko liburuen geroa, alegia, fraideek eskuz kopiatzen zituztenenak.

Artikulu bukaeran munduko desjabetuez gogoratzen da artikulugilea, deslijitimizatzeko-edo Googleren ahalegina.

  • Munduan 800 milioi analfabeto dago, eta horiek ez daukate ezerekin konexiorik, ezpada miseria, gosea eta heriotzarekin. Horiek gabe, ez dago ez demokraziarik ez Alexandria ez liburutegi zibernetikorik.

Nik dakidala, inork ez du zalantzan jarri Tolosako liburutegia munduan analfabeto mordoa dagoelako, ez eta Koldo Mitxelena kulturunekoa, edo Deustuko Unibertsitatekoa, hiru baino ez aipatzearren. Susmagarria da era horretako deslijitimazioak agertzea proiektua digitala denean.

Nik ere maite ditut liburuak -beharbada ez Karlosek beste, baina maite ditut-; niretzat asko eta asko atsegin iturri dira aukera ematen didatelako ikasteko, gozatzeko eta denbora pasatzeko, besteak beste. Baina ez nau kezkatzen teknologiak zenbateraino aldatuko duen liburua, zeren une jakin batean irakurtzeko aukeratzen badugu beste euskarri bat, izango da liburua baino hobea delako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 7 iruzkin

EKT 3 Elorrio, lider

EKT-3-Elorrio-07.jpg
Azken bi asteotan gure neskak lider dira Bizkaiko Minibasket txapelketan, eskola artean jokatzen dena. Igartzen da Usuri eta Felix entrenatzaileen lana, orain taldeak sendoago ematen baitu jokoan.

Argazkian, zutik ezkerretik eskuinera: Felix, Ibrahima, Miren A., Irune, Irati, Miren S., Leire, Altea eta Usuri. Makurtutan, berriz, Katxa, Edurne, Ainhoa, Elene, Ane eta Itxaso.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Teacher

Atzo, aspaldiko partez, ingeles eskolan izan nintzen, mintza praktika egiten. Fakultatean bertan, sei lankide elkartu ginen irakasle batekin, zeina astean behin etorriko baita bi orduz gurekin berba egitera. Berba egin eta berba eragin. Hitz egitea tokatu zitzaidanean, agerian utzi nuen ugertuta dudala ingelesa, baina pozik irten nintzen, berba egiteaz gain, ondo pasatu genuelako.

Elurraz eta eskiaz hitz egin genuen, Urtainenez eta beronen aitaz, Arrasatez eta Boisez, eta ikasi genuen zenbateraino diren desberdinak teacher, trainer, coach eta instructor. See you.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Zertaz idatzi blogean

Nabigatzen ari nintzela, albiste bitxi batekin egin dut topo, non gai zerrenda bat eskaintzen den, blogariok agortua dugunerako ganbara. Hona zenbait gai zertaz idatzi:

  1. Prentsa oharrak.
  2. Eguneko pentsakizunak.
  3. Produktu konparazioak.
  4. Iritziak gai baten inguruan.
  5. Propaganda zure zerbitzu edo produktuaren gainean.
  6. Hausnarketak azterketa baten inguruan.
  7. Loturak antzeko produktuekin.
  8. Eskatu jendeari probatzeko produktu bat.
  9. Partekatu esperientzia onak eta txarrak kontsumitzailearen ikuspegitik.
  10. Aholkuak eskaini.
  11. Informazioa eskaini zure inguru eta bidaiei buruz.
  12. Eskaini ideia sortzaileak zure negozioaz.
  13. Partekatu informazioa inguruko gertakizun edo erakustazokez.
  14. Azken berriak.
  15. Eskaini iradokizunak, FAQ edo laguntza.
  16. Informazioa eguneratu zure webgunearen azken berrikuntzei buruz.
  17. Informazioa eskaini proiektuen gainean.
  18. Nola kudeatu krisiak.
  19. Azaldu zelan bezero batek erabiliko lukeen zure produktu bat.
  20. Hobekuntzak zure produktuetan.
  21. Hitz egin zure etxeko animaliaren gainean.
  22. Feedbacka bezeroengandik.
  23. Informazio trukea.

Nire gusturako, gehiegitxo lerratua enpresa ikuspegirantz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Zer moduz ipotxak?

Saridun jatorrak
Abenduaren 13an Goio Aranak eta Mikel Iturriak iPod txiki bana irabazi zuten Sustaturen 5. urteurreneko jaian, Mondragoen. Egun hartan pozik bai pozik abiatu ziren etxera, ezusteko opariarekin, nola etxeratu baitzen kontent Mikel Alvarez, hura ere iPod handi batekin poltsikoan. Baina zer moduz joan zaizue ipotxekin lagunak? Erabiltzen duzue? Aldatu egin dizue musika entzuteko modua?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 6 iruzkin

Diseinu ona kirolean

Prakak-eta-giltza.jpg
Lasterka egitea inbertsio bat da guretzat. Gustoz egiteaz gain, ontzat jotzen dugu geure osasunarentzat. Hala ere, merkea da, beste kirol zenbaitekin alderatuz gero. Gasturik handiena zapatillak izaten dira, urtean behin-edo erosten ditugu eta. Prakak eta elastikoak, ostera, oso noizean behin berritzen ditugu. Azken praka luzeak, adibidez, neguan jaztekoak, 22 urtez erabili ditut korrika egiteko.

Horregatik, berriak erositakoan, ez da harritzekoa ezustekoren bat hartzea, diseinuarekin lotuta gehienetan, hor igartzen baita batez ere urteen joana. Oraindik orain erosi ditugun praka luze berriek badute gauzatxo bat txit polita eta, batez ere, praktikoa: poltsikotxo bat gerriaren atze aldean, non gorde daitekeen etxeko giltza. Txikikeria bat, pentsa lezake norbaitek, baina ez da horrela, atxintxiketa egiten dugunon arazo bat horixe izaten baita: non gorde etxeko giltza.

Kasu honetan, beste askotan bezala, diseinu on batek atseginagoa egiten du gure zaletasuna, arineketan egitea, alegia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Trafikoa hizpide Mondragoen

Trafiko kaosa Mondragoen
Egun hauetan jendeak ez du beste berbagairik Mondragoen: udalak eragin dituen aldaketak herri barruko trafikoan. Batez ere Gipuzkoa Etorbidean ipini duten semaforoak eta horrek zirkulazioan eragiten dituen arazoak.

Semaforo hori dela eta —irudian trakets marraztua puntu gorri, berde eta laranjaz—, alboko biribilgunea ataskatu egiten da, Maala kalekoa, eta horrek eragiten ditu auto pilaketa handiak Otalora kalean gora, San Frantzisko atzeko biribilguneraino. Beraz, biribilguneak (garai ez oso urrutian bedeinkazio moduan hartu zirenak, agertu bezain laster konpondu zituztelako sasoi bateko arazo ustez konponezinak)  anulatuta geratu dira orain semaforo berriarengatik.

Hala ere, hori ez da aldaketak eragindako arazo bakarra: orain jende askok sekulako buelta egin behar du autoz ospitalera joateko, etab., etab.

Ona litzateke jakitea udalak apropos egin duen hori, herrian zirkulazio kaosa eragin eta jendea behartzeko garraio publikoa erabiltzera, edo ez delako konturatu. Edozelan dela ere, malo.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Esker oneko hitzak minbizia gaindituta

Lagun bat dut minbizia izan duena. Linfoma bat, nik bezala. Orain dela hilabete inguru hartu zuen azken kimio dosia, eta medikuak esan dio erabat garbi geratu dela. Atzo lerro hauek idatzi zizkidan:

  • Lerro hauen bidez eskertu egin nahi nian Medikuak esan dit minbizia dudala liburua irakurleon eta, bereziki, linfomadunon esku jartzeagatik. Aldean edukitzeak sekulako mesede egin zidak, minbizia nuela jakin nuenean gaitzaren nondik-norakoa eta garapenaren aurrean nire burua kokatzen lagundu zidalako eta, gainera, tratamendua hartzen aritu izan naizen bitartean, oso lagungarri gertatu zaidalako behin eta berriro, bai alde praktikotik, baita borrokarako izan duzun grinagatik ere. Mila esker, beraz, Joxe, eta besarkada bat.

Laster bi urte izango dira liburua argitaratu zenetik —lehen artikulua, berriz, orain lau urte eta erdi, Sustatun. Horrelako mezu bakar batek justifikatzen du bai artikuluak eta baita liburua idatzi izana, nire lagunari atzo bertan erantzun nion bezala. Bejondeiola!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Spama ala captchas, zer amorragarriago?

Atzo jakin nuen nire zenbait ikasleri amorragarri egiten zaizkiela captchas direlakoak, alegia, letra eta zenbaki zerrenda horiek, euskarazko blog gehienetan bete beharrekoak erantzun bat uzterakoan. Onartzen dut traba apur bat egiten dutela, batez ere zenbait kasutan letrak ez direlako ondo irakurtzen, baina gustura sufritzen dut zerga txiki hori, badakit-eta beste gaitz handiago batetik babesten nautela, spametatik, erantzun komertzialetatik.

Captchas sistema hori ezarri aurretik, joan den udan hainbat egunez 250 bat erantzun edo trackback sartu ziren egunero blog honetan, denak spamak, robot ezezagunetatik zetozenak inolako kontrol barik. Bazirudien larrapoteen izurri digitala iritsia zela faraoien Egiptotik, harik eta letra eta zenbaki zerrenda horiek agertu ziren arte. Harrezkero, spam-erantzunik ez. Bakea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1