Liburutegi digitalari sufre usaina dario

Google enpresaren asmoa liburutegi zibernetiko erraldoi bat egiteko, ez zaio bat ere gustatu Karlos Linazasoro idazle eta liburuzainari. “Liburuaren geroa beltza da”. Horrela hasi zuen bere asteroko zutabea otsailaren 8ko DV egunkarian.

  • Google-en lana, kritikoek diotenez, teknikoa da huts hutsean: katalogazio, klasifikazio, komentario eta abarrak aurrez eginak ematen dizkiete liburutegi zein argitaletxeek.

Kritika bera egin ziezaioketen orain bostehun eta berrogeita hamazazpi urte inguru Johannes Gutenberg moldiztegiaren asmatzaileari, azken batean bere lana teknikoa zen huts hutsean: moldeak egin, sailkatu, paperean inprimatu eta berauek josi liburu moduan kaleratzeko. Hala ere, denok dakigu moldiztegiak sekulako iraultza ekarri zuela mundura, eta ateak ireki zizkiela Erreformari eta Lutero zein Kalbinoren proposamenei. Ez dut zalantzarik baten batek idatziko zuela orduan “liburuaren geroa beltza” zela, ordura arteko liburuen geroa, alegia, fraideek eskuz kopiatzen zituztenenak.

Artikulu bukaeran munduko desjabetuez gogoratzen da artikulugilea, deslijitimizatzeko-edo Googleren ahalegina.

  • Munduan 800 milioi analfabeto dago, eta horiek ez daukate ezerekin konexiorik, ezpada miseria, gosea eta heriotzarekin. Horiek gabe, ez dago ez demokraziarik ez Alexandria ez liburutegi zibernetikorik.

Nik dakidala, inork ez du zalantzan jarri Tolosako liburutegia munduan analfabeto mordoa dagoelako, ez eta Koldo Mitxelena kulturunekoa, edo Deustuko Unibertsitatekoa, hiru baino ez aipatzearren. Susmagarria da era horretako deslijitimazioak agertzea proiektua digitala denean.

Nik ere maite ditut liburuak -beharbada ez Karlosek beste, baina maite ditut-; niretzat asko eta asko atsegin iturri dira aukera ematen didatelako ikasteko, gozatzeko eta denbora pasatzeko, besteak beste. Baina ez nau kezkatzen teknologiak zenbateraino aldatuko duen liburua, zeren une jakin batean irakurtzeko aukeratzen badugu beste euskarri bat, izango da liburua baino hobea delako.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

7 erantzun Liburutegi digitalari sufre usaina dario-ri

  1. egilea: Gari

    Ez dut artikulua irakurri eta, galdera: “liburua” aipatzen du ala “paperezko liburua”?  Zein da arazoa, gutxi irakurtzea ala liburu gutxi erostea?

    Nik behintzat, Interneten nabilenetik, inoiz baino gehiago irakurri eta idazten dut, egunero. Irakurtzeko moduak aldatu da, testuak aldatu dira, baina asko irakurtzen dut.

    Burura etortzen zait berriz ere izotz banatzaile eta hozkailu saltzaileen arteko konpetentzia, XX. mendearen lehen zatian.

  2. egilea: Iñiko

    Teketen blogeko artikulu interesgarri batetik iritsi naiz ona. Zorionak oso gogoeta interesgarria da hau ere. Hala ere, Google enpresa pribatu gisa ez da niretzako egitura hoberena hau egiteko.

  3. egilea: Joxe Aranzabal

    Gari, hemen duzu Karlos Linazasororen artikulua. Goian ere irakur daiteke, DV jartzen duen loturan.

  4. egilea: Karrikas

    Noski liburuaren etorkizuna beltza dela, liburuak agertu zirenean bezala orduan erabiliko ziren beste formatuen etorkizuna beltza zen bezala. Liburua etorkizuneko museoen parte izango da. Baina ekimena oso ona da eta funtsezkoa Berlineko liburutegian edo Tokyon dagoen liburu bat kontsultatu ahal izatea benetako onura izan daiteke denontzat. Dagoen arazoa hori googelek kudeatzea da, duen bilatzailean bezala, berak ematen dituen emaitzak dira egi bakarra eta hortik kanpo gelditzen dena ez da existitzen. Eta jakinik zenbat axola zaizkion euskara bezalako hizkuntza txikiak, edu gure liburutegi digitala egiten dugu edo euskarazko liburuak ez dira existituko interneten.

  5. egilea: Ricardo

    Google-en egitasmo eta emaitzekin ados egon daiteke edo ez. Baina nik ez dut uste, Karrikasek dioen bezala, euskal liburutegi digitala izateko geuk egin behar dugunik.

    Antso Jakituna Fundazioak, edo Euskaltzaindiak, edo Euskal Herrian dagoen beste edozein liburutegi handik Google-ekin hitzarmen bat egin nahiko balu, ez dut uste eragozpen handirik izango luketenik. Begira, bestela, Kataluniako liburutegiek nola lortu duten.

    Besterik da Euskal Herriko liburutegiei interesatzen zaien ala ez, eta, nire ustez, bai izan liteke oso interesgarria. Gaur egun ditugun liburutegi digital saioak (Antso Jakituna Fundazioarena eta Bizkaiko Foru Aldundiarena, esaterako) oso gaizki antolatuta daude; lehenengoaren kasuan, digitalizatutako testuak irakurtzea ia ezinezkoa da, eta ordenagailura jaistea lan faraonikoa ia.

  6. egilea: diesen

    Nik arazoa “zatitu” egingo nuke.

    Alde batetik formatoa. Une honetan liburu digital bat irakurtzea koñazo bat da. Pare bat orriko pdf-a irakurtzea bale, baina liburu “estandar” bat pantailan irakurtzea paperezko liburu bat irakurtzea baino askoz deserosoagoa da. Etorkizunean paper digitala asmatzen dutenean berriro hitz egingo dugu, baina momentuz “pasando del amoto”. Disko gogorrean hamaika e-book ditut deskargatuta, eta Bierceren ipuin motz batzuk besterik ez ditut irakurri. Luzeagoekin ezin.

    Beste aldetik interneta bera. Nik uste sekulako bultzada eman diola literatur-zaletasunari, liburuei buruzko eztabaidagune espezializatuak, kritikak, foroak, dendak e.a.-ek irakurleei bere bakartasunetik atera eta bere gustu bereko pertsonekin harremanetan jartzea ahalbideratu die, eta horretaz gain liburu gehiago ezagutzeko eta lortzeko aukera ere eman die. Hori da punturik onena dudarik gabe, ez lana bera, lanaren inguruan bizi den guztia baizik. Nik, adibidez, http://www.latercerafundacion.net asko bisitatzen dut, eta horrelako bat euskaraz izatea euskarazko literaturarentzat oso bide ona izango zela iruditzen zait.

    Bukatzeko literatur-lana bera. Askotan entzun dut internet idazlearentzat sekulako aukera dela, argitaletxeei bizkarra eman eta norberak nahi duen moduan argitaratzeko aukera ematen diolako. Nik ez dut horretan sinisten. Batetik, literatur-lana idazleak berak ez duelako bakarrik egiten. Lana zuzendu eta maketatu egin behar da, eta aurreko bi pausoetako bat gaizki eginda badago lana baztertzeko arriskua dago, nahiz eta kriston lana izan. Bestetik, idazleak lanarekin zuzenean lotu gabe dauden baina oso garrantzitsuak diren beste lan batzuk argitaletxearen eskuetan uzten ditu (promozioa, diru-kontuak). Aurreko horietako lan guztiak berak egin behar badu, idazteko denborarik izango ote du?

    Beraz, nik uste dut inprentarekin bezalako iraultza kulturala emateko aukera badagoela, baina gehiago egongo dela lotua bigarren puntuan aipatu dudan literatur-lanaren inguruko “anbiente birtualari”.

  7. egilea: Berrotza

    Ez da hainbesterako. Oraingoz behintzat. Baliteke zeredozer asmatzea eta digital iraultzatik haratago joatea, baina bestela literaturari dagokionez liburu digitalak irakurtezinak dira, baita belaunaldi gazteentzat ere.

    Digitalizazioa aurrera doa eta joango da, beraz, hausnarketa bezala primeran dago… Baina, agian egokiago izango litzateke digitalizazioaren ezaugarriei buruz gogoeta egitea. Alde batetik, modernidadearen izenean agiri publikoak enpresa pribatuen eskuetan uzten ari gara, bigarrenik, erakunde ofizialak eta pribatuak digitalizazioaren planifikazioa egin digitalizatzen ari dira funts-bibliografikoak, batzuetan dokumentalistaren iritziaren kontra, dokumentazioaren beste atal batzuei aurrekontuaren kopuru handia kentzen baitiote

     

     

     

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude