Sukarra, Pavarotti eta iPod berria

Nahi baino beranduago hasi da niretzar 2007-2008 ikasturtea, sei egunez ohean egon naiz-eta laringitis akutuak jota. Sukarraren eraginez seguruenik, ez indarrik ez eta gogorik ere ez dut izan blogeatzeko. Laugarren egunean hasi nintzen posta elektronikoa begiratu eta presazkoena erantzuten. Besterik ez.

Gaur, berriz, zirt-zart ibili naiz hara eta hona sarean begira, huts egindako denbora berreskuratu guran bezala. Pavarotti handiaren heriotza iritsi zait. Oso gustukoa dut Pavarotti, Domingo eta Carreras baino gustukoago. Caruso abestia entzun dut haren omenez.

Ia bi ordu egin ditut, bestalde, Steve Jobsek atzo egindako aurkezpena ikusten. Apple enpresaren iPod berriak aurkeztu zituen, tartean iPod touch, telefonorik bako iPhone bat ia. Berriro ere, hautsak harrotu ditu Jobsen aurkezpenak, batez ere jakinarazi duenean 200 dolar merketu dituela iPhone telefonoak. Hasierako erosle batzuk haserretu egin dira, eta Applen akzioek behera egin dute apur bat.

Pozik ikusi ditut euskal esparruan sortu diren berritasunak: Euskaltube, batetik, eta Txioka.net, bestetik, alegia, Euskal Herriko Twitter sarea. Zorionak Haritz eta Teketen lagunei, lan bikaina egin dute-eta.

Eta zer esan Amagoiaren Predictor: positive blogari buruz? Errebelazio bat izan da niretzat. Espero duen haurrari zuzentzen zaio denbora guztian Amagoia, eta horrek bakarrik oso tonu berezia ematen dio blogari. Zorionak, Amagoia, izan duzun ideiagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Informazio gainkarga

Uda honetan garbiketa egin dut Bloglines informazio batzailean, eta 90etik 60ra ekarri ditut nire feed
edo informazio iturriak. Horrezaz gain, hainbat hitzetara harpidetu
naiz, Bloglinesek ekar diezadan hitz horien inguruan argitaratzen den
guztia, tartean “information overload”, alegia informazio
gainkarga, arazo bat blogen eta webguneen hazkundeak areagotu duena,
askotan ez baitakigu zelan egin aurre gehiegizko informazioari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 3 iruzkin

The Electric Company

AEBetara joan ginenean, 1981ean, gure helburuetako bat zen ingelesa ikastea. Eta hori lortzeko, sarri ikusten genuen The Electric Company, telebista saio bat PBS telebista publikoak ematen zuena,  zeren eta hor hitzak erakusten baitzituzten, testuinguru batean. Aktoreen artean gazte beltz bat zegoen, gerora oso ospetsu egin zena zineman: Morgan Freeman.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Kontzeptu mapak MindMeister erabilita

Opor hauetan MindMeister
aaplikazioaren berri izan dut. Probatu dut, eta oso pozik geratu naiz
emaitzekin. MindMeister sareko aplikazio bat da, eta balio du kontzeptu mapak egiteko. Doakoa da, erabilerraza, eta inportatzen ditu FreeMind eta Mindjet bezalako aplikazioetan egindako mapak. Aukera ematen du, gainera, mapak beste batzuekin partekatu edo baita argitaratzeko.

Nahi baduzue probatu, hiru pauso ematea gomendatzen dizuet:

  1. Klik
    egin “help” fitxan, eta hor bideo bat agertuko zaizue. Screencast bat
    da, pantailako bideo bat. Ikusi, hor oso ondo agertzen baita zelan
    dabilen aplikazioa.
  2. Klik egin “browse” izeneko fitxan, eta ikusi beste batzuek zelako gauzak egin dituzten MindMeister erabilita.
  3. Izena eman eta egin zure lehen kontzeptu mapa.

Nik bat egin dut, eta hor azaltzen dut opor hauetan egindakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Nire mapak probatzen

Ikusi mapa handiagoa

Atzo Google Maps probatzen ibili nintzen, bereziki aplikazio horrek daukan aukera berria, My Maps —Nire Mapak—, aukera hori erabili nahi nuke-eta HUHEZI fakultatearen webgunean, kanpoko jendeari erabilgarri izan dakion Eskoriatzara etorri aurretik.

Oraingoz euskaraz egin dut, eta ikusiz gero balio duela, gaztelaniaz eta ingelesez ere egingo ditut, denak ere webgunean txertatzeko helburuarekin, horrelako mapek informazio osagarria eskaintzen baitiote kanpotik etorri behar duenari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Posta elektronikoaren mende?

Zenbat aldiz begiratu diozu posta elektronikoari opor hauetan? Behin
baino gehiagotan aztertu baduzu, ez larritu, bada-eta artikulu bat
dioena erabiltzaileen %83k ikuskatzen duela posta elektronikoa oporrak
bitartean. AEBetan, jakina.

AOL
enpresak, Opinion Research Corporation-ekin batera, hainbat galdeketa
egin ditu online AEBetan, neurtzeko jendeak zenbateraino darabilen
posta elektronikoa. Galdeketa egin zitzaien 4.025 laguni, 20 hiritan,
denak 13 urte baino zaharragoak. Emaitzek diote estatubatuarrek 2004an halako
bi aldiz kontsultatzen dtuela gaur egun posta, egunean batez beste bost
bat bider, eta tresna eramangarria dutenen artean %59k posta iritsi
ahala aztertzen dutela. Eta, irakurri hau ondo, tresna eramangarriren
bat dutenen arteko %43k diote lo egiteko orduan uzten dutela tresna
inguruan (berdin ordenagailua, telefonoa edo PDA bada), entzuteko noiz
iristen diren mezuak.

Niri dagokidanez, hortik zehar ibili naizenean, Elorriotik kanpora, ez
dut posta ikuskatu. Etxean ibili naizenean, berriz, bai,
asteburuetan-edo izan ezik. Aurten lehen aldiz, gainera, fakultateko
postan sartu naiz behin baino gehiagotan, ikusteko ea ezer
garrantzizkorik iritsi zaidan. Hala ere, ez dut uste posta
elektronikoaren mende nagoenik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

MyYearbook, institutuan sortutako enpresa

Cook neba-arrebak gero eta ezagunagoak dira Montgomeryko institutuan ez
ezik, non orain arte ikasi duten, baita AEBetan ere. Orain bi urte MyYearbook
webgunea sortu zuten, institutuko gazteekin elkar eragiteko, eta gaur
egun milioiak irabazten ari dira, publizitateari esker. Izan ere, MySpace eta Facebook webguneen ostean, MyYearbook-ek ditu orri ikusi gehien AEBetan. Hilean 3 milioi bisitari erakartzen ditu, gehienak 13 eta 22 urte arteko estatubatuarrak.

Familia kontua da MyYearbook, zeren Dave eta Catherine
neba-arrebek izan bazuten berau sortzeko ideia, Geoff neba zaharrenak
ipini zituen lehen diruak, 250.000 dolar. Diru horri esker, webgunea
Indiako programatzaileek sortu zuten. Harrezkero, berriz, sail berriak
erantsi dizkiote webguneari, gehienak erabiltzaileek eta institutuko
lagunek proposatuta: boto lehiaketak, popularitate norgehiagokak,
aldizkari pertsonalizatuak…

Erabiltzaileak sortutako edukiak
Cook neba-arrebek sinesten dute erabiltzaileak sortutako edukietan, eta
hori gogoan ari dira webgunea moldatzen. Gaur egun 30 langile dituzte
enpresan, horietako zenbait editore lanak egiteko, besteak beste
txukuntzen erabiltzaileek bidalitako artikuluak eta idazlanak. MyMag
aldizkari pertsonalizatuan kaleratzen diren artikulurik irakurrienek
jasotzen dituzte 3.000 bat erantzun, halaxe dio Catherine gazteak.
Gainerakoek 1.000 inguru.

Catherinek 17 urte ditu, baina gogor egiten du lan: ikasturtean, astean 25-40 bat ordu edo gehiago, denak MyYearbook sustatzen. Udan, berriz, 60 bat ordu. C/net aldizkariak egin dio elkarrizketa neska gazteari. Gehiago jakin nahi izanez gero esperientzia horri buruz, klik egin hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zelan egin aurkezpen egokiak

Aurkezpen bat aurkitu dut Slideshare webgunean, eta hor Alexei Kapterev izeneko batek azaltzen du zelan egin aurkezpen egokiak powerpoint edo antzeko programa bat erabilita. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Lau egun Leonen

Ama-alabak
Abuztuaren 7tik atzo arte Leonen izan gara, eta han bisitatu ditugu Leon hiriburua, Astorga eta Castrillo de los Polvazares.

Denbora gehien Leon hiriburuan egin genuen, gustura, Leon oso ederra delako, batez ere alde zaharra. Katedralak harritu egin gintuen, hain da-eta ikusgarria, baina Leonek txoko eta eraikin asko ditu ederrak, hala nola plaza nagusia, Botines etxea, Rua kalea eta MUSAC, Gaur Egungo Arte Ederraren Museoa, besteak beste.

Astorgan hainbat ordu igaro genuen, herria oinez ibiltzen, eta hango lekuez gozatzen. Uste baino txikiagoa da, baina gustatu zitzaigun, polito zaharberritzen ari baita. Bi gauzak eman ziguten atentzioa han: erromatarren aztarnek eta Gaudik egindako jauregia.

Castrillo de los Polvazares herrixkan amaitu genuen ibilbidea, Astorgatik zazpi bat kilometrora. Oso herri polita da, eta ederki gorde du garai bateko mandazainen giroa. Han Cuca la Vaina hotelean hartu genuen ostatu, primeran.

Flickr-en ipini ditugu bidaia honetan ateratako argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Egunero hasten delako

Hogeita hamar bat urte igarota lehen aldiz irakurri nuela, opor hauetan bigarrengoz leitu dut Egunero hasten delako, Ramon Saizarbitoria idazlearen opera prima, oraingoan Erein argitaletxeak kaleratua, eta, egia esango dizuet: oso-oso gustura irakurri dut.

Izugarri gustatu zait egilearen hitzaurrea, testuinguru bat
zirriborratzen baitigu bere lehen eleberrirako, baina, horrezaz gain,
eleberria bera ere oso gaurkoa aurkitu dut, gaiari dagokionez eta
eleberria bilbatzeko moduan ere. Gogoan izan ia berrogei urte joan
direla lan horrek argia lehen aldiz ikusi zuela, 1968an argitaratu
baitzen lehendabizi, baina oso ondo eusten dio denboraren eraginari.

Astirik geratzen bazaizue uda honetan, hortxe duzue liburu interesgarria, aspaldikoa bezain gaurkoa. Erabat gomendagarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1