Nire mapak probatzen

Ikusi mapa handiagoa

Atzo Google Maps probatzen ibili nintzen, bereziki aplikazio horrek daukan aukera berria, My Maps —Nire Mapak—, aukera hori erabili nahi nuke-eta HUHEZI fakultatearen webgunean, kanpoko jendeari erabilgarri izan dakion Eskoriatzara etorri aurretik.

Oraingoz euskaraz egin dut, eta ikusiz gero balio duela, gaztelaniaz eta ingelesez ere egingo ditut, denak ere webgunean txertatzeko helburuarekin, horrelako mapek informazio osagarria eskaintzen baitiote kanpotik etorri behar duenari.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Posta elektronikoaren mende?

Zenbat aldiz begiratu diozu posta elektronikoari opor hauetan? Behin
baino gehiagotan aztertu baduzu, ez larritu, bada-eta artikulu bat
dioena erabiltzaileen %83k ikuskatzen duela posta elektronikoa oporrak
bitartean. AEBetan, jakina.

AOL
enpresak, Opinion Research Corporation-ekin batera, hainbat galdeketa
egin ditu online AEBetan, neurtzeko jendeak zenbateraino darabilen
posta elektronikoa. Galdeketa egin zitzaien 4.025 laguni, 20 hiritan,
denak 13 urte baino zaharragoak. Emaitzek diote estatubatuarrek 2004an halako
bi aldiz kontsultatzen dtuela gaur egun posta, egunean batez beste bost
bat bider, eta tresna eramangarria dutenen artean %59k posta iritsi
ahala aztertzen dutela. Eta, irakurri hau ondo, tresna eramangarriren
bat dutenen arteko %43k diote lo egiteko orduan uzten dutela tresna
inguruan (berdin ordenagailua, telefonoa edo PDA bada), entzuteko noiz
iristen diren mezuak.

Niri dagokidanez, hortik zehar ibili naizenean, Elorriotik kanpora, ez
dut posta ikuskatu. Etxean ibili naizenean, berriz, bai,
asteburuetan-edo izan ezik. Aurten lehen aldiz, gainera, fakultateko
postan sartu naiz behin baino gehiagotan, ikusteko ea ezer
garrantzizkorik iritsi zaidan. Hala ere, ez dut uste posta
elektronikoaren mende nagoenik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

MyYearbook, institutuan sortutako enpresa

Cook neba-arrebak gero eta ezagunagoak dira Montgomeryko institutuan ez
ezik, non orain arte ikasi duten, baita AEBetan ere. Orain bi urte MyYearbook
webgunea sortu zuten, institutuko gazteekin elkar eragiteko, eta gaur
egun milioiak irabazten ari dira, publizitateari esker. Izan ere, MySpace eta Facebook webguneen ostean, MyYearbook-ek ditu orri ikusi gehien AEBetan. Hilean 3 milioi bisitari erakartzen ditu, gehienak 13 eta 22 urte arteko estatubatuarrak.

Familia kontua da MyYearbook, zeren Dave eta Catherine
neba-arrebek izan bazuten berau sortzeko ideia, Geoff neba zaharrenak
ipini zituen lehen diruak, 250.000 dolar. Diru horri esker, webgunea
Indiako programatzaileek sortu zuten. Harrezkero, berriz, sail berriak
erantsi dizkiote webguneari, gehienak erabiltzaileek eta institutuko
lagunek proposatuta: boto lehiaketak, popularitate norgehiagokak,
aldizkari pertsonalizatuak…

Erabiltzaileak sortutako edukiak
Cook neba-arrebek sinesten dute erabiltzaileak sortutako edukietan, eta
hori gogoan ari dira webgunea moldatzen. Gaur egun 30 langile dituzte
enpresan, horietako zenbait editore lanak egiteko, besteak beste
txukuntzen erabiltzaileek bidalitako artikuluak eta idazlanak. MyMag
aldizkari pertsonalizatuan kaleratzen diren artikulurik irakurrienek
jasotzen dituzte 3.000 bat erantzun, halaxe dio Catherine gazteak.
Gainerakoek 1.000 inguru.

Catherinek 17 urte ditu, baina gogor egiten du lan: ikasturtean, astean 25-40 bat ordu edo gehiago, denak MyYearbook sustatzen. Udan, berriz, 60 bat ordu. C/net aldizkariak egin dio elkarrizketa neska gazteari. Gehiago jakin nahi izanez gero esperientzia horri buruz, klik egin hemen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Zelan egin aurkezpen egokiak

Aurkezpen bat aurkitu dut Slideshare webgunean, eta hor Alexei Kapterev izeneko batek azaltzen du zelan egin aurkezpen egokiak powerpoint edo antzeko programa bat erabilita. Merezi du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Lau egun Leonen

Ama-alabak
Abuztuaren 7tik atzo arte Leonen izan gara, eta han bisitatu ditugu Leon hiriburua, Astorga eta Castrillo de los Polvazares.

Denbora gehien Leon hiriburuan egin genuen, gustura, Leon oso ederra delako, batez ere alde zaharra. Katedralak harritu egin gintuen, hain da-eta ikusgarria, baina Leonek txoko eta eraikin asko ditu ederrak, hala nola plaza nagusia, Botines etxea, Rua kalea eta MUSAC, Gaur Egungo Arte Ederraren Museoa, besteak beste.

Astorgan hainbat ordu igaro genuen, herria oinez ibiltzen, eta hango lekuez gozatzen. Uste baino txikiagoa da, baina gustatu zitzaigun, polito zaharberritzen ari baita. Bi gauzak eman ziguten atentzioa han: erromatarren aztarnek eta Gaudik egindako jauregia.

Castrillo de los Polvazares herrixkan amaitu genuen ibilbidea, Astorgatik zazpi bat kilometrora. Oso herri polita da, eta ederki gorde du garai bateko mandazainen giroa. Han Cuca la Vaina hotelean hartu genuen ostatu, primeran.

Flickr-en ipini ditugu bidaia honetan ateratako argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Egunero hasten delako

Hogeita hamar bat urte igarota lehen aldiz irakurri nuela, opor hauetan bigarrengoz leitu dut Egunero hasten delako, Ramon Saizarbitoria idazlearen opera prima, oraingoan Erein argitaletxeak kaleratua, eta, egia esango dizuet: oso-oso gustura irakurri dut.

Izugarri gustatu zait egilearen hitzaurrea, testuinguru bat
zirriborratzen baitigu bere lehen eleberrirako, baina, horrezaz gain,
eleberria bera ere oso gaurkoa aurkitu dut, gaiari dagokionez eta
eleberria bilbatzeko moduan ere. Gogoan izan ia berrogei urte joan
direla lan horrek argia lehen aldiz ikusi zuela, 1968an argitaratu
baitzen lehendabizi, baina oso ondo eusten dio denboraren eraginari.

Astirik geratzen bazaizue uda honetan, hortxe duzue liburu interesgarria, aspaldikoa bezain gaurkoa. Erabat gomendagarria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Martin telesaioa

A zelako eguna!
Atzo Donostian izan ginen, ETBk Miramonen dituen estudioetan, ikusten zelan grabatzen zuten Martin telesaila. Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 16:00ak bitartean, tremendo pasatu genuen, batez ere Miren alabak eta Leire bere lagunak.

Pertsonaia berriak, bestelako egoerak, umorea barra-barra… Izan genuen, bai, zerekin entretenitu. Dagoeneko zain gaude datorren denboraldiko atalak noiz iritsiko. Mila esker telesaila egiten duen taldeari, denbora guztian etxean bezala sentiarazi gintuen-eta.

Flickr-en ipini ditugu han ateratako argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Azkoaga enea hotela, Eskoriatzan

Azkoaga enea hotela
Atzo arratsaldean inauguratu zen Azkoaga enea hotela, xarma handiko hotel bat Eskoriatzaren bihotzean, herriko plazaren ondoan. 14 logela dauzka, oso ondo diseinatuta, jangela bat eta taberna. Baita terraza txiki bat atzealdean, Bolibar errekatxoaren ondoan. Atzo egun osoan egon zen zabalik hotela, herritarrek ikus zezaten. Lanean, berriz, bihar hasiko dira, abuztuaren 1ean.

Zorte handia opa diot Balen Gomez Kerexetari, badakit-eta zelako apustua egin duen Azkoaga enea etxearekin, sasoi batean bere familiarena izandakoa. Mendraka txakolinarekin erakutsi duen iaiotasuna zerbaiten adierazgarri baldin bada, Azkoaga enea hotelak bide oparoa izango du. Flickr-en dituzue aurkezpeneko argazkiak.

tagzaniapaste
Azkoaga enea hotela, Eskoriatzan map – Tagzania

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Oporretan

Bai, joan den osteguna ezkero oporretan nago: berandu jaiki, goiz erdian kafesne bat hartu Xaranean, John le Carré idazlearen azken eleberria irakurri, Tourra ikusi… Horrela hasi ditut oporrok, lasai. Aurrerago izango dut hori baino lan ganorazkoagorik, baina hori etorriko da. Bitartean, zuek ere gozatu atsedena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Goiena, bidegurutzean

Joan den uztailaren 17an, Eusko Jaurlaritzak lizentzia bat eman zion Goiena Telebistari, aurrerantzean eskualde telebista moduan lan egin dezan. Albiste pozgarria, inondik ere, 1989an Arrasate Telebista sortu zenetik lehen aldiz, euskarazko telebista legezkoa izango baita Debagoienean.

Hala ere, orain arte legezkotasuna ez da izan erabakigarria. Zazpi urtez, Goienak ortu eder bat izan du gobernatzeko, Debagoiena, eta bera izan da ortulari bakarra ibarra modu sistematikoan lantzen. Orain, ostera, beste hiru telebista (eta komunikazio talde) iritsiko dira Debagoienera, eta ortuak beste hiru ortulari izango ditu, nork harrapatu zati handiagoa lur eremu berean.

Eskerrak 2000. urtean Debagoieneko eta Aramaioko hedabide lokal euskaldunek bat egin zuten eta gaur egun Goiena taldea sendotuta dagoen. Horri esker, gaur gaurkoz Goiena bera dago egoerarik onenean egoera berriari aurre egiteko: esperientzia dauka ibarra lantzen, ezagutzen ditu informazio iturriak, talde bat du eskarmentu handikoa, ondo landuta dauka publizitatea, sinesgarritasuna du eta benetako talde multimedia gisa lan egiten du.

Aurrerantzean, zer?
Etorri berriak baina, berehala hasiko dira lanean beren lekuak indartzeko: kendu nahi izango diote publizitatea Goienari, seguruenik langileren bat edo beste ere harrapatuko diote, eta baliteke horietako talderen bat, Vocento adibidez, aurrerantzean talde multimedia gisa lanean hastea ibarrean, uztartuta DVren erredakzioa eta bere tokiko telebistarena.

Hemendik aurrera, debagoiendarrek lau telebista lokal izango dute aukeratzeko. Beraz, Goiena ezingo da lokartu pentsatuz bere tokia ziurtatuta dagoela, edo jendeak bera aukeratuko duela euskara hutsean dagoelako. Aldiz, borroka egin beharko du bere ortuaren zatirik handienari atxikitzeko. Eta horretarako, denetan onena izatea beste erremediorik ez du.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin