Goiena, bidegurutzean

Joan den uztailaren 17an, Eusko Jaurlaritzak lizentzia bat eman zion Goiena Telebistari, aurrerantzean eskualde telebista moduan lan egin dezan. Albiste pozgarria, inondik ere, 1989an Arrasate Telebista sortu zenetik lehen aldiz, euskarazko telebista legezkoa izango baita Debagoienean.

Hala ere, orain arte legezkotasuna ez da izan erabakigarria. Zazpi urtez, Goienak ortu eder bat izan du gobernatzeko, Debagoiena, eta bera izan da ortulari bakarra ibarra modu sistematikoan lantzen. Orain, ostera, beste hiru telebista (eta komunikazio talde) iritsiko dira Debagoienera, eta ortuak beste hiru ortulari izango ditu, nork harrapatu zati handiagoa lur eremu berean.

Eskerrak 2000. urtean Debagoieneko eta Aramaioko hedabide lokal euskaldunek bat egin zuten eta gaur egun Goiena taldea sendotuta dagoen. Horri esker, gaur gaurkoz Goiena bera dago egoerarik onenean egoera berriari aurre egiteko: esperientzia dauka ibarra lantzen, ezagutzen ditu informazio iturriak, talde bat du eskarmentu handikoa, ondo landuta dauka publizitatea, sinesgarritasuna du eta benetako talde multimedia gisa lan egiten du.

Aurrerantzean, zer?
Etorri berriak baina, berehala hasiko dira lanean beren lekuak indartzeko: kendu nahi izango diote publizitatea Goienari, seguruenik langileren bat edo beste ere harrapatuko diote, eta baliteke horietako talderen bat, Vocento adibidez, aurrerantzean talde multimedia gisa lanean hastea ibarrean, uztartuta DVren erredakzioa eta bere tokiko telebistarena.

Hemendik aurrera, debagoiendarrek lau telebista lokal izango dute aukeratzeko. Beraz, Goiena ezingo da lokartu pentsatuz bere tokia ziurtatuta dagoela, edo jendeak bera aukeratuko duela euskara hutsean dagoelako. Aldiz, borroka egin beharko du bere ortuaren zatirik handienari atxikitzeko. Eta horretarako, denetan onena izatea beste erremediorik ez du.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

2 erantzun Goiena, bidegurutzean-ri

  1. egilea: ibai

    Aupa Joxe, ze lau telebista izango dira? Goiena, DVrena, eta beste biak? (tira, Eskoriatzan Telesko(!) ere badaukagu…)

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Ibai! Hauek izango dira lau telebistak, lizentzia lortu dutenak Debagoienean emititzeko: Goiena Komunikazio Zerbitzuak, Gipuzkoa TelevisiĆ³n S.A. (Localia),
    Grupo de Medios Audiovisuales de Gipuzkoa (Localmedia) eta KTB
    (Vocento). Ikusten duzunez, Telesko hortik kanpo geratu da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude