Stefan Zweig-en perla bat

Asteburu honetan Emakume ezezagun baten gutuna irakurri dut, liburu bat benetan hunkigarria. Stefan Zweig idazle austriarrak idatzi zuen 1927an, eta gure artera Igela argitaletxeak ekarri zigun. Orrialde gutxi ditu, 60, baina intentsitate handiz irakurtzen da.

Berez gutun bat da eleberri labur hau, emakume batek idazle ospetsu bati egiten dion gutuna, eta hor aitortzen dio bere bizitzako maitasun handi eta bakarra izan dela, neskatila bat besterik ez zenean maitemindu baitzen idazleaz. Harrezkero, isilean maitatu izan du, baina idazlea ohartu ere ez da egin, nahiz eta behin baino gehiagotan egin duen topo berarekin. Liburu handia, benetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 15. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 15. saioa. Abenduaren 23an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamabosgarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Gabon gutunak eta posta elektronikoa.
  • Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Klik bikoitza eta Euskaljakintza.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Liburu bat erabat gomendagarria

Durangon erosi nuen, eta asteburu honetan irakurri dut: Gu, nafarrok, Xabier Zabaltzaren azken liburua. (Sentitzen dut, baina Alberdania argitaletxeak oraindik ez du liburu hori erakusten bere webgunean). Gustura irakurri dut, Xabier Zabaltzak beste ikuspegi bat eman didalako Nafarroaz eta beronen harremanez gainerako euskal herrialdeekin eta Espaniarekin. Liburua ondo idatzita dago, erraz irakurtzen da, eta eduki oso interesgarriak ditu.

Liburu honek salatzen ditu Nafarroan lehian dauden bi nazionalismoak, ez direlako gai izan nortasun elkarganatzaile bat sortzeko. “Espainolistek euskara eta euskal kultura mespretxatzen dituzte, eta abertzaleek ez dute oraindik ikasi euskalduntasuna nafartasunaren atal bat besterik ez dela”. Ahal baduzue, erosi eta irakurri opor hauetan; laburra da, eta jarrialdi batean irakur daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Euskaldunon ereserkia

Egia esan, ez dakit zenbat ereserki ditugun euskaldunok, baina irudipena dut batek ere ez duela lortu herritarron onespen zabala. Ez dakit behar dugun ere ereserki bat, ez behintzat inoren kontra erabiltzekotan. Hala ere, aukera bat egin behar izango banu ezagutzen ditudanen artean, honatx nire hautua:

  • Gora ta gora. Hori da Eusko Jaurlaritzaren ereserkia. Sekula ez naiz identifikatu abesti horrekin. Uste dut, gainera, ez duela lortu alderdi baten esparrutik harago iristea.
  • Eusko Gudariak. Ez naute erakartzen horren odol kontuek, militar kutsua hartzen diot. Ez dut uste euskaldun gehienek onartuko luketela.
  • Gernikako Arbola. Gustatzen zait abesti honen lehen ahapaldia, batez ere “eman da zabal zazu munduan frutua”, eta uste dut ereserkiak ez lukeela beste ahapaldirik beharko. Mundu guztiko euskaldunak batzeko moduko ereserkia iruditzen zait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 9 iruzkin

8. probintzia, 14. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 14. saioa. Abenduaren 16an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamalaugarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Egoera bitxia Wikipedian

Ikusita euskarazko Wikipedian oso gutxi zegoela idatzita Elorrio herriaren gainean, pare bat aste neraman herriaren gaineko informazioa prestatzen. Bi lan hartu nituen horretarako: euskaratzea gaztelaniazko Wikipedian zetorren informazioa, eta hori osatzea.

Atzo gauean, dena prest nuenean, joan nintzen Elorrio izeneko sarrerara, eta konturatu nintzen beste norbaitek egin zuela lan hori nik baino lehenago.

Ondorioak
Hasieran harri eta zur geratu nintzen, ezin nuen sinistu horrelakorik geratu izana. Beste wikipedialariak, gainera, nik egindakoa egin zuen, gaztelaniazko sarrera euskaratu. Hasierako unea igarota, bi ondorio atera nituen:

  1. Osatzea lankidearen lana. Han zegoenaz gain, nik informazio gehiago nuenez, hori erantsi nion sarrerari.
  2. Hurrengorako, hasten naizenean gai batekin, luzea baldin bada, egin ahala argitaratuko dut, itxaron barik dena amaitu arte. Horrela ez dut denborarik galduko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Citizendium

Wikipedia bezala, Citizendium ere entziklopedia bat da, wikian oinarritua eta irabaz asmorik gabea. Larry Sanger sortzaileak azaldu duenez —Larry Sanger izan zen, Jimmy Wales-ekin batera, Wikipediaren sortzailea—, badira hiru ezaugarri bereizten dituena Citizendium hori Wikipediatik:

  1. Citizendiumek eskatzen du bertan idazten duenak sinatzea bere izen-deiturekin, eta ez du onartzen anonimorik. Halaber, eskatzen dio bertan idatzi nahi duen guztiari biografia labur bat bidaltzea. “Era horretan, dio Sangerrek, badakigu norekin egiten dugun lan”.
  2. Entziklopedia horrek bereiztu egiten ditu oinezko idazleak, horiei ez die ezelako kualifikaziorik eskatzen, eta editoreak, zeinek erakutsi behar baitute esperientzia dutela eremu jakin batean. “Gure editoreek arikuluak onartu eta erabakiak hartuko dituzte edukien gainean. Hala eta guztiz ere, orpoz orpo egiten dute lan egileekin. Inork ez dio inori lanik agintzen; oraindik ere behetik gorako bidea da”.
  3. Proiektu horretan idazten duten guztiek sinatu behar dute kontratu moduko bat, non zehazten diren komunitatearen arauak. “Espero dugu jendea profesional moduan aritzea, baina baditugu zenbait lagun, ertzainak bezalakoak, behar izanez gero, bidaliko dituztenak endredamakilak pikutara”.

Citizendium orain urtebete inguru hasi zen, eta, Larry Sangerren hitzetan, dagoeneko baditu 4.200 artikulu. “2.000 idazle ditugu, eta 200 editore baino gehiago. Wikipediak bere lehen urtean baino hitz gehiago (…), eta ia ez dugu bandalismorik”.

Larry Sanger
Jimmy Wales eta Larry Sanger izan ziren Wikipedia proiektuaren sortzaileak 2001ean. Denborak aurrera egin ahala, berriz, Larry Sanger urrundu egin zen Wikipedia proiektutik. Behin eta berriz kritikatu du Wikipediak onartzen dituela ekarpen anonimoak, eta horrek kalte egiten diola entziklopedia librearen sinesgarritasunari. Azken urtean Citizendium delakoa sortu zuen, Citizen’s Compendium, Hiritarren Bilduma.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Durangoko Azokaren alde ilunak

Amaitu da Durangoko Azokaren 42. aldia. Badakigu zenbat jende ibili den aurten azokan? Ez. Badakigu zenbat liburu eta disko saldu diren? Ez. Badakigu zer liburu eta disko saldu diren gehien? Ez. Horren ordez, kea dugu ugari: “zorionez, urte ona izan da aurtengoa, iaz baino jende gehiago ibili baita azokan”. Hori, eta sailkapentxoak: “Erein pozik dago halako libururekin, polito saldu baita; Elkarren, berriz, hau eta bestea nabarmendu dituzte…”. Eta horrela, urtero, ad infinitum.

Egun hauetan sei liburu erosi ditut Durangon. Behin ere ez didate eman erreziborik erositakoaren truk, liburu dendetan ematen didaten moduan. Durangon diru beltza da nagusi, dena eskudiruan ordaintzen baita, ez dago erreziborik.

Sailkapentxoen gainetik, berriz, beste egia bat ezkutatzen da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan: libururik salduenak, gehienetan, gaztelaniazkoak izaten dira.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 13. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 13. saioa. Abenduaren 9an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamahirugarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Jesus Azkoaga, in memoriam

Zurtuta geratu nintzen. Fakultateko tabernan nengoen, egunkaria begiztatzen ari nintzenean. Eskeletara iritsita, Jesus Azkoagarena ikusi nuen. 80 urte zituela hil omen da, Donostian. 1977an Iñaki Mendiguren eta biok Eskola Politeknikoan sartu ginenean, Jesus Azkoaga izan zen gure zuzendaria Ofizialian. Gizon ona. Azken aldiz orain hamabost bat urte ikusi nuen, pozik, erretiroa hartu berritan baitzegoen. Jesus Azkoagak beti izango du tokitxo bat nire bihotzean. Gugan bego.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina