Euskaldunon ereserkia

Egia esan, ez dakit zenbat ereserki ditugun euskaldunok, baina irudipena dut batek ere ez duela lortu herritarron onespen zabala. Ez dakit behar dugun ere ereserki bat, ez behintzat inoren kontra erabiltzekotan. Hala ere, aukera bat egin behar izango banu ezagutzen ditudanen artean, honatx nire hautua:

  • Gora ta gora. Hori da Eusko Jaurlaritzaren ereserkia. Sekula ez naiz identifikatu abesti horrekin. Uste dut, gainera, ez duela lortu alderdi baten esparrutik harago iristea.
  • Eusko Gudariak. Ez naute erakartzen horren odol kontuek, militar kutsua hartzen diot. Ez dut uste euskaldun gehienek onartuko luketela.
  • Gernikako Arbola. Gustatzen zait abesti honen lehen ahapaldia, batez ere “eman da zabal zazu munduan frutua”, eta uste dut ereserkiak ez lukeela beste ahapaldirik beharko. Mundu guztiko euskaldunak batzeko moduko ereserkia iruditzen zait.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , . Gorde lotura.

9 erantzun Euskaldunon ereserkia-ri

  1. egilea: Lutz Long

    Gora ta Gora ereserki ofizial bihurtu zuten arte, Gernikako Arbola kantatzen zen, era espontaneoan, ekitaldi emotiboen amaieran (adibidez, bertso saioetan). Nolabait herriak ereserkitzan hartua zuen kanta hori.

    Nik uste dut hori dela berez ereserki funtzioa betetzeko egokiena. Nire lagun batek, ordea, Agur Jaunak aldarrikatzen dut horretarako (nahiz eta emakumeek politikoki zuzentzat ez jo). Irakurria dut, era berean, Jeiki Jeiki ere aldarrikatu zuela blogari batek.

  2. egilea: Josu

    polita “eman ta zabal zazu munduan fruitua”

    katolikoa “bedeinkatua” eta “adoratzen zaitugu arbola santua”

  3. egilea: luistxo

    Jeiki Jeiki Etxekoak ere izan zitekeen, Olandresen Ibarrarena. Horren inguruan jardun izan dugu Eibartarrak zerrendan.

  4. egilea: JV

    Aipatzen dituzun artean, “Gernikako Arbola”rekin geratzen naiz, nahiz eta Josuk azpimarratzen dituen hitzak kenduko nituzke.
    Zergatik ez Benitoren ‘Oi ama Euskal Herria’?

  5. egilea: Jozulin

    Zalantza barik letra bakoa izan beharko litzateke. Eta musika aldetik ederrena “Gernikako Arbola” egiten zait niri. Gainera “zortzikoa” erritmo erabat euskalduna da, eta munduko musikari guztiek ezagutzen dute.

  6. egilea: iruri

    Beranduegi da Gernikako Arbolak berriz pasioak altza ditzan. Gainera Gernika Koka-Kola famatu harek min handia egin zion. Ziurrenik hiruretan onena da, integratzaileena, bai lurralde aldetik bai letra aldetik ere, baina foruzalea da. Eta Foruen denborak amaitu ziren. Guk estatua nahi dugu eta Gernikako Arbolan ez dago estatu aldarrikapenik.

     Gora ta Gorak eta Eusko Gudariak-ek altzatzen dituzte pasioak, askotan biek, gehienotan biek. Esklusiboki ulertzen dituztenek dute problema. Hau zuena, beste hau gurea.

     Masa-pasiorik sortzen ez duen kanta aukeratzekotan beste bat aukera dezagun (Etxahun Iruriren edozein: Agur Xiberua? Erramunen Nun hago, Benitoren Dolu Gabe, MIkel Laboaren Hegoak ebaki banizkio…) , edo sortu. Marijaiaren kanta ez du inorrek kuestionatzen, pasioak sortzen ditu, letra du, erraza da, jende guztiak daki eta berria da.

  7. egilea: Josu

    Eusko Gudariak abertzale sutsuegia ikusten dut, eta Gora ta Gora Euskadi askok ez dute ezagutu ere egiten. Eta ezagutzen dutenetatik, askok besterik defedatzen dute.

  8. egilea: Tarratian

    Jeiki-jeiki, musika aldetik, askoz ere gertuago dago ereserki bat izan behar lukeen formatik beste guztiak baino (Gora ta gora barne), eta gainera La Marseillaise handiaren ukitu epikoa ere badauka. Motza, lied formakoa, sonoritate handikoa, harmonia borobila… beste guztien gainetik dago, luzez. Letrak, gainera, aldaera batean zein besteetan, etsaiak aipatzen ditu (nola ez!), etxekoak ere bai, argia, eguna, iluna, tronpetak… eta, are garrantzitsuago, orain artean ez du inongo alderdik beretzat hartu.

  9. egilea: Mikel

    Ikusi mendizaleak dudarik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude