Kanon digitalaren zitalkeria

Espainiako Parlamentuak kanon digitalaren legea onartu du, SGAEk proposatuta. Gaizki sentitu naiz gehiegikeria horrekin. Hemendik aurrera, CD bat, DVD bat, pendrive bat edo horrelako aparailu bat erosten dudan bakoitzean, zerga bat ordaindu beharko dut, kanon bat, “badaezpadan kopiarik-edo egiten badut”. Hori oso logika makurrean oinarritzen da:

1. Lapurrak omen gara
Lehenengo eta behin, pentsarazi nahi digute lapurrak garela musika, bideoak edo bestelako informazioa kopiatzen dugunean guk erabiltzeko. Zinera goazenean edo DVD bat alokatzen dugunean film bat ikusteko, iragarki bat erakusten digute, Espainiako gobernuarena, eta hor esaten digute filmak edo musika kopiatzea lapurreta egitea dela. Mezu horiek bidaltzen dizkigutenek inoiz ez digute esaten larregiko dirua kobratzen digutela disko batengatik edo film batengatik, baina horrela da. Teknologia berriek argi erakutsi dute gaur egun film bat DVD batean kopiatzea edo abesti batzuk CD batean kopiatzea oso merkea dela, eta, beraz, ez dagoela zertan kobratu kobratzen dizkiguten kopuru handiak. Denok dakigu disko eta film horiekin sekulako margenak dituztela, larregizkoak. Horregatik, jende askok, milioika pertsonak, uste dugu hori lapurreta bat dela, legeak babestutako lapurreta bat.

2. Berdin ordaindu behar dugu, kopiak egin edo ez egin
Behin erruduntasun kulpa sartu digutenean, esaten digute: “seguru asko, erabiliko duzunez aparailu hauek legez kanpoko kopiak egiteko, guk, badaezpada, zerga bat kobratuko dizugu bekatua egin aurretik”. Hori da logika. Bush presidente amerikarrak erabili zuen logika berbera Irak inbaditzeko. Hori aberrazio hutsa da. Zenbait kasutan, zoritxarreko kanon horrek garestituko du produktua %20, baina beste zenbait kasutan baita %40 ere.

3. Hala ere, ez digute kopiarik egiten utziko
Baina hor ez da bukatzen kanon digitalaren logika makurra. Izan ere, zerga bat kobratu ondoren susmagarriak izateagatik, gero ez digute kopiarik egiten utziko, segituko dutelako diskoak eta DVDak saltzen kopien kontrako babesarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Posta kontuak, bateratuta

Gabonak hasi aurretik, bateratu egin nituen posta elektronikoan dauzkadan kontuak Gmail zerbitzuan. Orain, etxean nagoenean ez daukat zertan joan fakultateko webgunera nire laneko posta begiratzera, eta lanean nagoelarik, ez noa Euskaltelera, kontsultatzeko zer iritsi zaidan etxeko postara. Gmail ireki, eta hor daukat posta guztia, lanekoa eta etxekoa. Bikain.

Bi webgune topatu ditut, gainera, Gmail power users eta How to become a Gmail Jedi Master, eta hor irakasten dute zelan atera etekinik handiena Gmail zerbitzuari. Beraz, hor ari naiz ikasten, Gmail hobeto erabiltzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Hasiera ona

Ondo hasi naiz urte berria. Oñatitik bueltan, goizeko 01:15ak izango ziren, ordenagailura igo eta sarrera labur bat idatzi dut Wikipedian Will Richardson pedagogo estatubatuarrari buruz.

Goizeko 11:00etan, berriz, ondo-ondo jantzi, eta arineketan egitera joan gara Bego eta biok. Sekulako hotza egiten zuen, baina primeran egin dugu joan-etorria. 37 minutu izan dira, gogoangarriak.

Orain Esteñibarrera goaz, Fatima arrebaren baserrira, Urteberriko bazkaria egitera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Urteberri on!

2007 urteari ordu batzuk baino ez zaizkio geratzen. Laster Oñatira egingo dugu, hantxe ospatuko dugu-eta gaurko gaua. Zuek ere, ahal duzuen eta itxurosoen igaro. Besarkada bat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

8. probintzia, 16. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 16. saioa. Abenduaren 30ean egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamaseigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Zelan egin blog bat gutxika-gutxika.
  • Zertaz hitz egin den 2007an euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Filoblogia eta De Rerum Natura.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Vancouverko haur haiek

1983an bi haur zaindu nituen Vancouver hirian, Kanadan: Clif eta Dave. Azken aldiz orain hiru bat urte ikusi nituen, Euskal Herrira etorri zirenean, hemendik Santiago Bidea hasi nahi zuten-eta.

Orain jakin dut Clifek film bat egin duela Guatemalan, kooperatiba bateko kafea sustatzeko, bidezko merkataritza tarteko. Davek, berriz, antropologia ikasketak amaitu eta buru-belarri sartu omen da musika talde batean, Japandroids, zeinak kritika nahiko onak jaso baititu Vancouverren bertan. Sormen handiko mutilak dira orain, beren gurasoak bezala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Stefan Zweig-en perla bat

Asteburu honetan Emakume ezezagun baten gutuna irakurri dut, liburu bat benetan hunkigarria. Stefan Zweig idazle austriarrak idatzi zuen 1927an, eta gure artera Igela argitaletxeak ekarri zigun. Orrialde gutxi ditu, 60, baina intentsitate handiz irakurtzen da.

Berez gutun bat da eleberri labur hau, emakume batek idazle ospetsu bati egiten dion gutuna, eta hor aitortzen dio bere bizitzako maitasun handi eta bakarra izan dela, neskatila bat besterik ez zenean maitemindu baitzen idazleaz. Harrezkero, isilean maitatu izan du, baina idazlea ohartu ere ez da egin, nahiz eta behin baino gehiagotan egin duen topo berarekin. Liburu handia, benetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

8. probintzia, 15. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 15. saioa. Abenduaren 23an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hamabosgarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Gabon gutunak eta posta elektronikoa.
  • Zertaz hitz egin den aste honetan euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Klik bikoitza eta Euskaljakintza.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Liburu bat erabat gomendagarria

Durangon erosi nuen, eta asteburu honetan irakurri dut: Gu, nafarrok, Xabier Zabaltzaren azken liburua. (Sentitzen dut, baina Alberdania argitaletxeak oraindik ez du liburu hori erakusten bere webgunean). Gustura irakurri dut, Xabier Zabaltzak beste ikuspegi bat eman didalako Nafarroaz eta beronen harremanez gainerako euskal herrialdeekin eta Espaniarekin. Liburua ondo idatzita dago, erraz irakurtzen da, eta eduki oso interesgarriak ditu.

Liburu honek salatzen ditu Nafarroan lehian dauden bi nazionalismoak, ez direlako gai izan nortasun elkarganatzaile bat sortzeko. “Espainolistek euskara eta euskal kultura mespretxatzen dituzte, eta abertzaleek ez dute oraindik ikasi euskalduntasuna nafartasunaren atal bat besterik ez dela”. Ahal baduzue, erosi eta irakurri opor hauetan; laburra da, eta jarrialdi batean irakur daiteke.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Euskaldunon ereserkia

Egia esan, ez dakit zenbat ereserki ditugun euskaldunok, baina irudipena dut batek ere ez duela lortu herritarron onespen zabala. Ez dakit behar dugun ere ereserki bat, ez behintzat inoren kontra erabiltzekotan. Hala ere, aukera bat egin behar izango banu ezagutzen ditudanen artean, honatx nire hautua:

  • Gora ta gora. Hori da Eusko Jaurlaritzaren ereserkia. Sekula ez naiz identifikatu abesti horrekin. Uste dut, gainera, ez duela lortu alderdi baten esparrutik harago iristea.
  • Eusko Gudariak. Ez naute erakartzen horren odol kontuek, militar kutsua hartzen diot. Ez dut uste euskaldun gehienek onartuko luketela.
  • Gernikako Arbola. Gustatzen zait abesti honen lehen ahapaldia, batez ere “eman da zabal zazu munduan frutua”, eta uste dut ereserkiak ez lukeela beste ahapaldirik beharko. Mundu guztiko euskaldunak batzeko moduko ereserkia iruditzen zait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 9 iruzkin