Kanon digitalaren zitalkeria

Espainiako Parlamentuak kanon digitalaren legea onartu du, SGAEk proposatuta. Gaizki sentitu naiz gehiegikeria horrekin. Hemendik aurrera, CD bat, DVD bat, pendrive bat edo horrelako aparailu bat erosten dudan bakoitzean, zerga bat ordaindu beharko dut, kanon bat, “badaezpadan kopiarik-edo egiten badut”. Hori oso logika makurrean oinarritzen da:

1. Lapurrak omen gara
Lehenengo eta behin, pentsarazi nahi digute lapurrak garela musika, bideoak edo bestelako informazioa kopiatzen dugunean guk erabiltzeko. Zinera goazenean edo DVD bat alokatzen dugunean film bat ikusteko, iragarki bat erakusten digute, Espainiako gobernuarena, eta hor esaten digute filmak edo musika kopiatzea lapurreta egitea dela. Mezu horiek bidaltzen dizkigutenek inoiz ez digute esaten larregiko dirua kobratzen digutela disko batengatik edo film batengatik, baina horrela da. Teknologia berriek argi erakutsi dute gaur egun film bat DVD batean kopiatzea edo abesti batzuk CD batean kopiatzea oso merkea dela, eta, beraz, ez dagoela zertan kobratu kobratzen dizkiguten kopuru handiak. Denok dakigu disko eta film horiekin sekulako margenak dituztela, larregizkoak. Horregatik, jende askok, milioika pertsonak, uste dugu hori lapurreta bat dela, legeak babestutako lapurreta bat.

2. Berdin ordaindu behar dugu, kopiak egin edo ez egin
Behin erruduntasun kulpa sartu digutenean, esaten digute: “seguru asko, erabiliko duzunez aparailu hauek legez kanpoko kopiak egiteko, guk, badaezpada, zerga bat kobratuko dizugu bekatua egin aurretik”. Hori da logika. Bush presidente amerikarrak erabili zuen logika berbera Irak inbaditzeko. Hori aberrazio hutsa da. Zenbait kasutan, zoritxarreko kanon horrek garestituko du produktua %20, baina beste zenbait kasutan baita %40 ere.

3. Hala ere, ez digute kopiarik egiten utziko
Baina hor ez da bukatzen kanon digitalaren logika makurra. Izan ere, zerga bat kobratu ondoren susmagarriak izateagatik, gero ez digute kopiarik egiten utziko, segituko dutelako diskoak eta DVDak saltzen kopien kontrako babesarekin.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude