8. probintzia, 21. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 21. saioa. 2008ko otsailaren 10ean egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Zenbat informazio jasotzen dugu egunero?

Orain urtebete pasatxo, 2006ko azaroaren 30ean, The Economist aldizkariak horrela erantzun zion izenburuko galderari:

  • Jendeak irakurtzen du 10 MB inguru material egunero, entzuten du 400 MB egunero eta ikusten du 1 MB informazio segundoro.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Mikro-ospea

Mikro-ospea fenomeno nahiko berria da Web 2.0 hedabideetan, eta hor pertsona bat izan daiteke izugarri ezaguna, ez milioika lagunen artean, Madonna izan daitekeen bezala, baizik eta talde txiki batean —milaka lagun edo dozena batzuen artean. Blog bat baldin baduzu, edo kontu bat Flickr-en, litekeena da hainbat jendek zuri jarraipena egitea, eta zutaz jakitea zuk uste baino gehiago.

Gure artean, Luistxok aurreratu zigun horrelako zerbait buztan luzeaz eta mikro-audientziaz ari zela: “Etorkizunean denok izango ditugu 15 harpidedun”. Gaur, ostera, Clive Thompson kazetariari irakurri diot mikro-ospeaz hitz egiten: zelan gaztetxoak jazten diren modu berezian party batera joan aurretik, baibaitakite han ateratako argazkiak Flickr-en agertuko direla, nola blogari baten jarraitzaileek posta zerrenda bat sortu zuten Yahoon, eztabaidatzeko haren mezuen gainean, etab.

Clive Thompson baikor da, eta uste du fenomeno berri horren aurrean, jendea garatzen hasi dela hainbat gizarte gaitasun, mikro-ospera egokitzeko. “Ikasten ari gara zelan bizi jendetzaren aurrean”. Fenomeno berria esan dugu, baina, horrela ote? Ez hainbeste, egilearen iritziz beti egin baitugu horrelako zerbait: herri txikietan zabaltzen diren txutxumutxuek antz handia dute blogetan hedatzen direnekin; bestetik, jazten garen bakoitzean, ozen esaten ari gara zelakoak garen. “Mikro-ospeak apur bat irekiagoa egiten du betidanik landu dugun gizarte ingeniaritza —eta agian, zintzoagoa”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Mitxel Kaltzakorta: euskara komunikagarriagoa

Laguna eta lankidea dut Mitxel Kaltzakorta. Ostiralean bere azken liburuaren ale bat oparitu zidan, Prosa komunikagarriago egiten. Pozik ikusi nuen Mitxel, eta izugarri poztu nintzen beragatik, badakit-eta zelako lan handia egin behar izan duen liburu hau esku artean ikusi bitartean.

Nik asko ikasi dut Mitxelengandik, berak erakutsi zidan euskara biziagoa idazten. Eta nirekin erabilitako sistema bera darabil orain liburu honetan, irakurleari pausoz pauso erakusten dio-eta zelan konpondu komunikazio arazoak, atzerakargak eragindakoak.

Liburua oso didaktikoa da: unitate bakoitza teoria apur batekin hasten da, ondoren adibideak erakusten dira, eta, bukatzeko, ariketak, irakurleak berak ahaleginak egin ditzan esaldi gaizki antolatuak konpontzen. Liburuaren amaieran, gainera, soluzioak eskaintzen ditu Mitxelek, aurretik proposatutako ariketa guztienak.

Klasikoak, xehe-xehe
Lan hau egin aurretik, Mitxel Kaltzakortak goitik behera irakurri ditu euskal klasikoak ez ezik, baita Auspoa argitaletxeko liburuak ere. Hori behin eta berriro ikusten da liburuan barrena, egileak sarri aipatzen baititu klasikoen esaldiak, orrialde eta guzti markatuta.

Liburu hau erabat gomendagarria da euskara komunikazio tresna dugun guztiontzat, irakasleak izan, kazetariak edo ikasleak. Nik, behintzat, biziki gomendatzen dizuet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

8. probintzia, 20. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 20. saioa. 2008ko otsailaren 3an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hogeigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Aita-semeen balentriak

Lagun on batek bidali dit bideo hau. Hunkitu egin nau, benetan. Bertan Dick eta Rick Hoyt aita-semeak agertzen dira, Australiako Ironman  lasterketa gogorra egiten. Kontua da Rick semeak burmuineko paralisia duela, eta ezin duela mugitu; aitak eraman zuen bide osoan: ontzitik tiraka igerian egin bitartean, edo bizikleta gainean nahiz gurpildun aulki batean.

Jaio zenean, zilbor-hestea korapilatu zitzaion Rick jaio berriari, eta horrek eragin zion burmuineko paralisia. Hortik aurrera, ezin hitz egin eta ezin mugitu. Gurasoei esan zieten haur hura begetal hutsa izango zela bere bizi guztirako, eta hobe zutela erakunde batera eramatea. Gurasoek, berriz, ezetz, hezi egingo zutela edozein haur bezala. Eta horrela egin zuten, eta haurrak erantzun ere bai. Hamabi urterekin, ordenagailu batek ahotsa eman zion, programa berezi bati esker. Geroago, unibertsitateraino iritsi zen, eta bertan graduatu.

Institutuan zebilela, mutilak eskatu zion aitari berak ere nahi zuela jarduera fisikoren bat egin. Aita, orduan, arineketan egiten hasi, eta semea berarekin eramaten zuen, gurpildun aulki berezi batean. Harrezkero, 950 lasterketa egin dituzte elkarrekin, tartean 60 maratoi eta 6 Ironman. Aitak 66 urte ditu, eta semeak 44. Osasunak lagundu bitartean, segitzeko asmoa dute. Ikusi bideoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Erromako gizonen musuak

Axularren hitzak dira ondorengoak. Ez dakit kontakizun hau zenbateraino den egia, baina ederki erakusten du gure abadearen mundu ikuskera:

  • Lehenago Erromako emazteek ez zuten bat ere arnorik edaten. Zeren bertzerentzat ere itsusi da sobera edatea, baina emazteentzat are itsusiago eta perilosago. Handik uste dut etorri zela usantza, arrotz kalean, kanpotik etortzean, gizonek emazteei pot egitea, musu emaitea, jakiteko ea arno usainik bazutentz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Rodrigo, Pelayo eta Espainia zaharmindua

Jakin nuenean lehen biloba Rodrigo izendatu zuela, ez nion garrantzirik eman. Ordea, irakurri dudanean bigarrenari Pelayo jarri diola, garbi ikusi dut José María Aznar bere familian bertan proiektatzen ari dela bere fantasia Errekonkista zalea.

Musulmanen kontrako tema horretan, bi izen aukeratu ditu bere kumeentzat, Erdi Aroko bi jauntxoren izenetan inspirazio hartuta (Rodrigo Díaz de Vivar, El Cid, eta Don Pelayo), zeinak historiografia frankistak  heroitzat erabili baitzituen mairuen kontrako gudu mitifikatuan, eta sinbolotzat ustezko Espainia batu, handi eta librean.

Zein izango da hurrengoa, hirugarrenik baldin badu?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Zorionak euskarazko Wikipediari!

Sareko Argia saria jaso du aurten euskarazko Wikipediak, sari inportantea, lehen aldiz aitortu baita era horretako sarietan euskarazko Wikipedia egiten ari den lana, sarean jartzea, mundu guztiaren esku, euskaraz sortzen ari garen jakintza.

Euskara, 46. hizkuntza Wikipedian
Wikipedia hizkuntza askotan argitaratzen da: 253 hizkuntzatan, tartean euskaraz. Ba, argitaratutako sarrera kopuruari begiratuz gero, euskara da 46. hizkuntza Wikipedian. Aurretik dauzka ingelesa, alemana, frantsesa, poloniera, japoniera, holandesa, italiarra, portugesa, gaztelania, katalana eta gailegoa, besteak beste. Eta atzetik, bosniera, islandiera, bretoia, georgiera, latina eta hindia, beste askoren artean. Hemen dago sailkapen osoa.

Hizkuntza Sarrerak Wikipedian Hiztunak
Ingelesa 2.186.431 1.800.000.000
Alemana 696.184 128.000.000
Frantsesa 611.126 350.000.000
Gaztelania 323.919 450.000.000
Katalana 100.538 9.500.000
Euskara 23.607 1.034.000
Hindia 15.763 280.000.000

Euskarazko Wikipedia 2002ko uztailean abiatu zen. Harrezkero 23.607 sarrera idatzi dira bertan, eta 637.594 aldaketa egin. Guztira 1.846 lankide daude izena emanda hor, eta horietatik 60 bat ari dira edukiak editatzen, zuzentzen eta osatzen. Administratzaile estatusa, berriz, 6 lagunek bakarrik dute. Denei, zorionik beroena!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

8. probintzia, 19. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 19. saioa. 2008ko urtarrilaren 27an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Hemeretzigarren saioan honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 4 iruzkin