Curriculum elektroniko bat sortu dut

Ez nabil lan bila, baina curriculum bat sortu dut, Google Pages erabilita. Nire ikasleentzat sortu dut —eta horretarako kopiatu egin dut Christopher S. Penn gazteak egindakoa—, haiek ere ikas dezaten zelan egin curriculum elektroniko bat, komunikazioko ikasleak izanda, ondo etorriko zaie-eta beren burua hobeto saltzeko lan merkatuan.

Curriculum elektronikoa bereziki egokia iruditu zitzaidan komunikazioan eta teknologia berrietan ari den jendearentzat, horrelako curriculum batean enplegatzaileak erraz ikus baitezake eskatzailea zenbateraino den erabiltzaile aurreratua eremu bietan, komunikazioan eta teknologia berrietan.

Curriculum elektronikoaren elementuak
Curriculumak hiru zutabe ditu: erdikoan bideo bat dago curriculuma bera aurkezteko, biografia labur bat, eta hainbat lotura, hiurpalau lan erakusteko. Ezkerreko zutabean, berriz, biografia oso bat atera daiteke LinkedIn aplikazioan klik eginda. Eta paperean irakurri nahi duenak, hortxe dauka pdf dokumentua, aplikazioak berak sortutakoa. Horien ondoan, nire blogaren lotura, nire argazkiak Flickr-en, nire podcastak Odeon, nire hedabideak Bloglines-en, eta nire irakurketak del.icio.us-en, pare bat bideo orain bi urte egindakoak, eta nire mapak Tagzanian. Eskuin zutabean, ostera, nire telefono eta helbide elektronikoa, Skype nortasuna eta Twitter loturak, eta hainbat rss, baten batek bertara harpidetu nahi izanez gero.

Zelan iritsi nintzen horretara
Justu Aste Santuko oporren aurretik izan nuen curriculum elektronikoaren berri, The New York Times egunkarian irakurritako artikulu batean. Horren bidez, iritsi nintzen Christopher S. Penn gaztearen curriculumera, eta txundituta geratu nintzen. Goitik behera irakurri eta klik egin nuen bertako lotura guztietan. Konturatu nintzen osoa zela, eta ondo betetzen zuela bere helburua.

Eta Penn gaztearen gomendioari jarraituz, Google Pages aplikazioan sartu, eta kopiatu egin nuen haren curriculumaren egitura. Zuek ere, animatzen bazarete horrelako bat egiten, kopiatu lasai hemendik. Mila esker Iñigo Arriaran, Amaia Pavon eta Gari Araolazari, emandako laguntzagatik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Mondragon, Humanity at work

Mondragon

Goiena.net-en irakurri dut Mondragon Kooperatiba Korporazioak, MCCk, izena eta irudi korporatiboa aldatuko dituela. Aurrerantzean Mondragon deituko da, besterik gabe, “izen horrekin ezagutzen baita nazioartean, egoitza zentrala duen herriaren izenarekin, alegia, eta ez hainbeste figura juridikoarekin”.

Izena
Izenari dagokionez, ondo iruditzen zait, sinplifikatu eta erraztu egiten du-eta izena. Askoz ere errazagoa da esatea “Mondragon” eta ez “Mondragon Corporación Cooperativa”. Esango nuke aldaketa hamar urte berandu datorrela, baina tira.

Leloa
Mondragon izenak lelo bat izango du aurrerantzean: Humanity at work; euskaraz, Gizatasuna lanean. Eta hor zalantzak ditut, ez baitut garbi ikusten zer irudi eman nahi duen kooperatiben mugimenduak. Horrela irakurrita, bat-batean, gehiago dirudi UNESCOren edo gobernuz kanpoko erakunde baten leloa, eta ez dut uste Mondragon hori denik.

Logoa
Mondragón hitzak berez azentua dauka, baina, bere garaian Telefonicak nola, MCCk nahiago izan du azentu barik idatzi, errazago nazioarteratzeko-edo. Bale. Hor agertzen diren berba guztiak, gainera, letra larriz idatzita daude. Handigura? Humanity at work horren gainean, berau azaldu guran-edo, ikono bat agertzen da, irudika dezakeena bi pertsona elkarri eskua ematen. Koloreak, bestalde, plano samarrak iruditu zaizkit; hala ere egokiagoak aurreko gorri deigarriegia baino.

Laburbilduz, izenak irabazi egin du, nire ustez, baina zalantzak ditut irudi berriaren osotasunarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

8. probintzia, 27. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 27. saioa. 2008ko martxoaren 30ean egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Zertarako Photoshop? Hor dago Flickr

Photoshop Express programaren lizentzia aldatzen ez den bitartean —eta badirudi sarelari askok ez dutela Adoberen azken programa erabiliko lizentzia hori aldatu aurretik—, hor dago Flickr aplikazioaren argazki editorea, doakoa eta arazo bakoa lizentziari dagokionez.

Hori erabiltzeko, sartu Flickr-en, eta aukeratu argazki bat. Argazki bakoitzaren gainean hainbat ikono aurkituko dituzu, tartean, bat berria: “edit photo”. Egin klik hor, eta Picnik irekiko zaizu, argazki editore bat, zeinek eskaintzen baititu oinarrizko eragiketak: moztu, aldatu neurriak, doitu esposizioa eta koloreak, efektuak, gehitu testua, etab. Efektu bereziren bat izan ezik, gainerakoa doakoa da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Photoshop, online

Adobek sarean jarri berri du Photoshop programaren doako bertsioa. Photoshop Express deritzo, eta nor bere nabigatzailetik sar daiteke bertan. Hori bai, Flash 9 behar da sareko aplikazioa erabiltzeko. Behin izena emanda, ezinbestekoa aplikazioa erabili nahi izanez gero, erabiltzaile bakoitzak 2GB jasotzen ditu bertan bere argazkiak gordetzeko.

Aplikazio berriak aukera ematen du Facebook eta antzeko sareekin bat egiteko, baita Flickr eta tankerako zerbitzuekin. Oraingoz, JPG formatua darabil soilik. Adobek esan du eskaini nahi duela aplikazio hau off-line ere lan egin dezan. Nik erabili dut, eta iruditu zait erabilerraza dela, eta ondo dagoela berarekin oinarrizko edizioak egiteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

El Hereje

Eraman bai, besapean, Antonio Machadoren biografia, baina Valladolidera iritsi bezain laster El hereje erosi nuen, Miguel Delibes idazlearen azken eleberria, eta egun hauetan horixe irakurri dut. Gustura irakurri ere.

Eleberria XVI. mendean kokatzen da, Valladoliden bertan, eta kontatzen du zelan sortu zen inguru haietan talde bat Martin Luther-en jarraitzaileekin, ezinbestekotzat jotzen zuena erreforma eliza katolikoan. Inkisizioaren garaia zen, eta taldeak isilpean egiten zuen lan, harik eta Inkisizioak harrapatu eta sutara kondenatu zituen arte, haietako zenbait torturatu ostean.

Hori kontatzeko, hainbat pertsonaje sortu ditu Delibesek, printzipalena Cipriano Salcedo, umerzurtz bat bihurtuko dena hiriko merkataririk eraginkorrenetako bat, eta jaio zena 1517an, Martin Luther-ek indulgentzien kontra iltzatu zituenean bere laurogeita bost tesiak Wittenbergeko elizan. Haren inguruan mundu oso bat bilbatu du egileak, aberatsa eta adierazgarria orduko denborak erakusteko.

Askatasunaren aldeko aldarri bat da El hereje, eleberri sendoa, eta beronen orrialdetan ederto ikusten da zelakoa zen Carlos V.aren garaiko Valladolid hura. Hunkituta amaitu dut liburua, ikaratuta eliza katolikoaren intolerantziak izandako ondorio suntsitzaileekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Valladolid, elurra, tximistak eta routerra

Hiru egun egin ditugu Valladolid hirian, lagun baten etxean. Gustatu zait hiria. Arkitektura interesgarria du, kale ederrak eta giro ona. Ostiralean prozesio bat ere ikusi genuen, baina horrek apur bat atzeraka eragin ninduen, ez baitzait gustatzen ostentazio hori.

Asmoa genuen igandean itzultzeko, baina ostiral gaueko iragarpenak ikusita, ekaitz gaiztoa zetorrela larunbat eguerdian, erabaki genuen larunbat goizean abiatzea etxera bidean. Gasteiztik Leintz-Gatzagaraino elurpean egin genuen buelta, baina onik iritsi ginen Elorriora.

Larunbat gaueko eta igande goizeko tximistek, berriz, hondatu egin zuten routerraren kablea etxean, eta Internet barik egon gara atzo arte. Jose Luis Agote lagunari esker, lortu dugu routerra berriro piztea, hura ere grogi geratu baitzen ekaitzaren ondorioz. Horri esker, hementxe gaude berriro ere, etxean eta konektatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Gaztelara

Miguel Delibesen herrira noa, Antonio Machadoren biografia bat eskuetan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

8. probintzia, 26. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 26. saioa. 2008ko martxoaren 16an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Bloga curriculum gisa.
  • Zertaz hitz egin den euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Ibiltarixanak eta Sareinak.

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Eliza katolikoaren gainbehera

Aurrekoan ikusi nuen CBS telebistan azken urteotan Eliza Katolikoak 23 milioi fededun galdu dituela AEBetan. Erraz esaten da: 23.000.000 katoliko gutxiago. Gaitzerdi hango elizarentzat, latinoek bete dute zulo hori nolabait. Noiz arte, baina?

Hau ez da Amerika, baina Ratzinger, Rouko eta enparauak buru diren bitartean, begitatzen zait hemen ere gainbehera geldiezina dela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin