Mondragon, Humanity at work

Mondragon

Goiena.net-en irakurri dut Mondragon Kooperatiba Korporazioak, MCCk, izena eta irudi korporatiboa aldatuko dituela. Aurrerantzean Mondragon deituko da, besterik gabe, “izen horrekin ezagutzen baita nazioartean, egoitza zentrala duen herriaren izenarekin, alegia, eta ez hainbeste figura juridikoarekin”.

Izena
Izenari dagokionez, ondo iruditzen zait, sinplifikatu eta erraztu egiten du-eta izena. Askoz ere errazagoa da esatea “Mondragon” eta ez “Mondragon Corporación Cooperativa”. Esango nuke aldaketa hamar urte berandu datorrela, baina tira.

Leloa
Mondragon izenak lelo bat izango du aurrerantzean: Humanity at work; euskaraz, Gizatasuna lanean. Eta hor zalantzak ditut, ez baitut garbi ikusten zer irudi eman nahi duen kooperatiben mugimenduak. Horrela irakurrita, bat-batean, gehiago dirudi UNESCOren edo gobernuz kanpoko erakunde baten leloa, eta ez dut uste Mondragon hori denik.

Logoa
Mondragón hitzak berez azentua dauka, baina, bere garaian Telefonicak nola, MCCk nahiago izan du azentu barik idatzi, errazago nazioarteratzeko-edo. Bale. Hor agertzen diren berba guztiak, gainera, letra larriz idatzita daude. Handigura? Humanity at work horren gainean, berau azaldu guran-edo, ikono bat agertzen da, irudika dezakeena bi pertsona elkarri eskua ematen. Koloreak, bestalde, plano samarrak iruditu zaizkit; hala ere egokiagoak aurreko gorri deigarriegia baino.

Laburbilduz, izenak irabazi egin du, nire ustez, baina zalantzak ditut irudi berriaren osotasunarekin.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

6 Responses to Mondragon, Humanity at work

  1. egilea: Errasti Krusty

    Nire iritziz, talde industrial baten logoa baino, ONG edo holako erakunde baten logoa dirudi.

    Logotipoan nik ez ditut bi pertsona eskua ematen ikuzten (aurretik esaten ez badidate behintzat), nik, hasieran, errege korona bat edo igel begi-handi baten aurpegia ikusten ditut… nire gustorako okerrera egin du MCC-k.

    Goraintziak!

  2. egilea: Gari

    Gaiaren sakonean sartu gabe, kolore, forma eta irudi horiek egokiak diren ala ez, badago zerbait lotsagarria.

    Horrelako erakunde batek irudi berria baldin badauka, nola da posible publikatu dutenek hain kalitate exkasaz atera izana? Jpg distorsionatu bat, ez dakigu kolore egokiak horiek diren, irudiaren rekortea ere zuzena den, beraien webgunean ere ez dago irudi berririk, jarraitzen du estilo zaharrean…

    Agian filtrazio bat izan da, baina kasu horretan ere tratamendu eskasa. Filtrazioa izan bada, di-da batean atera behar da hor dagoen baino irudi hobea, ez?

  3. egilea: azpi

    Niri, berriz, izenetik eta lelotik kooperatiba hitza desagertu izana egiten zait zinez deigarri, mugimendu horren ezaugarririk nagusiena horixe dela uste baitut.

  4. egilea: Joxe Aranzabal

    Egia da irudia modu askotan uler daitekeela. Nik bi pertsona ikusten ditut hor, elkarri eskua ematen, baina ulertzen dut beste interpretazio batzuk ere egotea.

    Egia da, halaber, kaleratu den jpg hori eskasa dela, eta gauzak hobeto egin zitezkeela.

    Eta bat nator Azpirekin, nik ere uste dut leloan kooperatiba hitza agertu beharko litzatekeela, izenaren lagungarri, hori baita Mondragon taldearen ezaugarririk behinena.

  5. egilea: Joxe Aranzabal

    Oraintxe bidali dizkidate logoak kalitate hobearekin. Hemen duzue logoa ingelesez eta euskaraz.

  6. egilea: Errasti Krusty

    Nik ere bi pertsona ikusten ditut hor eskua emanda, baina ikusi eta gero, leloaren “instrukzioak” irakurri nituelako.

    Lepoa jokatuko nuke, 100 inkestatuetatik 50-ek ez luketeela bi pertsona eskua ematen ikusiko lehenengo aldian.

    Niri, pertsonalki, eta uste dut, orokorrean gertatzen ari den iritzi bat dela, ez zait MCC bezalako erakunde serio eta arduratsu baten irudia izateko bezain beste egokia iruditzen; “Txiki-park” edo “Mondragon Haurtzaindegiak” bezalako erakunde batentzat aproposagoa dela deritzot.

    Izugarrizko hanka sartzea logo berriaren aldaketa hau…. uufffaaa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude