Iritsi da kazetari multimedia

Atzo ikusi nuen, garbi-garbi, zelan egiten duen lan kazetari multimedia batek. Prentsaurreko bat izan genuen HUHEZIn, aurkezteko Literatura Astearen X. aldia. Goiena Telebistatik pertsona bakar bat etorri zen (orain arte beti etortzen ziren bi).

Trepetak askatu, tripodea jarri, kamera bertan txertatu, mikroa ipini, prentsa oharra irakurri, prentsaurrekoa grabatu, argazkiak atera, elkarrizketa bat egin… dena bakar-bakarrik egin zuen, inoren laguntza barik. Bukatu zuenean, trepetak bildu, eta Arrasaterantz abiatu zen, denok agurtu ondoren.

Kazetari multimedia iritsi da, eta Goiena ari da hori lantzen, beharbada inor baino gehiago euskal hedabideen artean. Baina Goiena ez da bakarra izango. Etorriko dira beste batzuk ere. Seguru.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gure familia zuhaitza

Gure familia zuhaitza, Geni aplikazioan

Orain astebete pasatxo, Luistxok idatzi zuenean Geni aplikazioaren gainean Sustatun, aplikazio bat familia zuhaitzak egiteko, begitandu zitzaidan probatzeko modukoa, seguruasko Luistxok berak emandako azalpenei esker. Pentsatu eta egin. Sortu nuen bat, erraz asko gainera, eta gonbitak bidali nizkien neba-arrebei, eurek ere osa zezaten zuhaitza.

Astebetean gure familia zuhaitza hazi egin da ikaragarri, eta gaur egun 134 kide ditu. Eta hori gertatu da zenbait senitartekok osatu egin dituztelako beren familia zuhaitzak guretik abiatuta, eta gure arteko zenbaitek sekulako grina erakutsi dutelako familia zuhaitza osatzeko. Beraz, gurean behintzat, erabateko arrakasta izan du Geni familia zuhaitz egileak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

8. probintzia, 29. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 29. saioa. 2008ko apirilaren 13an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan. Arazoak izan ditut Odeorekin kargatzeko, beraz, oraingoan Boomp3 erabili dut podcast honi ostatu emateko

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

  • Euskarazko Wikipediak, 25.000 sarrera (elkarrizketa Arkaitz Zubiaga eta Mikel Iturberekin).
  • Zertaz hitz egin den euskal blogosferan.
  • Bi blog aipagarri: Arrasate Irratia eta Berriki.

boomp3.com

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Tulipanak Kanadan

Tulipanak Ottawan

Ottawan bizi nintzela, harrituta geratu nintzen ikusita bost hilabeteko elurrak urtu ondoren, zelan loratzen ziren nonahi milaka eta milaka tulipan, kolore guztietakoak. Geroago jakin nuen zelan zabaldu ziren tulipanak Holandatik Kanadara.

Historiak dioenez, naziek okupatu zutenean Holanda, hango errege-erreginek ihes egin zuten Kanadara, Juliana erregina gaztea haurdun zegoela. Holandako konstituzioaren arabera, ordea, Holandako Koroako burua Holandan jaio behar da. Beraz, iheslariek arazo bat zuten, beren herriak okupatuta segitzen baitzuen, eta jaio beharrekoa atzerrian baitzegoen.

Hori konpontzeko, eta Juliana erditzear zegoela, Kanadako Parlamentuak erabaki zuen Ottawako ospitaleko gela bat, Herberehetako erregina zegoena, hain zuzen, Holandari oparitzea, bertan jaio zedin haren haurra. Horri esker, Beatrix Holandako erregina da gaur egun, bera jaio baitzen Ottawako ospital hartan.

Harrezkero, eta esker onez, Holandako gobernuak urtero tulipanak bidaltzen ditu Kanadara, opari. Hortik omen dator kanadarren zaletasuna tulipanetara.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Futbol ikusgarria

Atzo iluntzean LiverpoolArsenal futbol partida ikusi nuen: lehen zatiko lehen hamar minutuak eta bigarren zati osoa. Partida zoragarria izan zen: ikusgarria, bizkorra, garbia, aldakorra…

Nire ustez, Arsenal talde hobea izan zen, eta futbol biribilagoa egin zuen, baina Liverpoolek adore ikaragarria du, eta sekula ez zuen amore eman. Azkenean, gainera, berak irabazi: 4-2.

Ez dut uste oker nabilenik esaten badut gaur egun futbolik onena Ingalaterran egiten dela. Atzokoa, adibide bat gehiago izan zen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Webgunea ez da web orria

Ez. Webgunea eta web orria ez dira berdinak, nahiz eta leku askotan
berdintzat jotzen dituzten. Seguruenik, gaztelaniatik datorkigu
nahasketa, hizkuntza horretan jende askok esaten baitu “página web”,
esan beharrean “sitio web”.



Hobeto ulertzeko zer alde dagoen webgunearen eta web orriaren artean,
liburua erabiliko dugu adibide moduan. Denok bereizten ditugu liburua
eta orria. Kasu horretan, bigarrena lehenaren parte bat da. Berdin
gertatzen da webgunearekin. Web orria da webgunearen parte bat.
Osotasuna webgunea da; partea, web orria.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Euskarazko Wikipediak, 25.000 artikulu

Atzo, apirilak 7, euskarazko Wikipediak 25.000. artikulua argitaratu zuen, mugarri bat. Zorionak! Hori dela-eta, hona ekarriko dut Gotzon Egiak, Mikel Iturbek eta Arkaitz Zubiagak idatzitako artikulua, esanguratsua iruditzen zait-eta:

“Euskarazko Wikipediak, sarean den euskal entziklopedia aske handienak, 25.000 artikuluen muga gainditu du. Wikipedia entziklopedia eleanitza da, eduki askeduna eta dohainekoa, edonork eraiki eta ekarpenak egiteko aukera ematen duena.

Muga gainditu duen 25.000 artikulua Euskal Herriak Bere Eskolaren ingurukoa izan da. 24.999.a Finlandiako Maunu herriaren ingurukoa izan da eta 25.001.a Sunset Boulevard filmaren ingurukoa. Hiruak atzo igandekoak.

Entziklopedia tradizionaletan ez bezala, Wikipediak bere komunitatearen ahaleginean uzten du artikuluak sortzea, gainbegiratzea edota zuzentzea. Komunitate horren partaideei wikilari edota lankide deritze. Ez dago artikuluak berrikusten dituen lantalde profesionalik, wikilarien eskuetan geratzen da dena. Ez dago agintzen duen inor, erabakiak wikilari guztien arteko bozketa bidez ematen baitira, ahal den adostasun handiena bilatuta betiere.

Proiektu asko sortu izan dira historian zehar Euskal Herrian auzolanaren bidez. Ez dugu inolako dirurik edo ondasun materialik jasotzen eginiko lanagatik. Hala ere, ikasten den guztia, gisa honetako proiektu baten partaide izatea edota Argia Sarien bitartez izandako aitorpena, hori dena ordainezina da.

Gizartean Internetek leku gero eta garrantzitsuago duenez, beharrezkoa da euskararentzat sarean proiektu sendo eta oinarrizkoak izatea. Horien artean dago Wikipedia, gizateria osoaren jakintza doan eta aske banatzeko sortu zen proiektua. Horretan sinesten dugu: internauta euskaldunek, dauden lekuan daudela, gizadiaren informazio ahalik eta osatuena jasotzeko aukera izatea, beste hizkuntzetara jo behar izan gabe.

Jakintza askean sinesten dugu, jakintza baita aske egiten gaituena, jakintza baita gizarteari emateko daukagun opari onena.

Euskarak Interneten leku garrantzitsua izan dezan ari gara lanean, euskara garatu eta zabaltzeko beharrezkoa den ingurua baita sarea, eta horren alde jarraituko dugu lanean. Euskara teknologia berrietan, sarean, komunikazioaren munduan sustatzen duen baliabidea da Wikipedia; denon artean, auzolanean, euskaldun guztiok euskaldun guztiontzako sorturiko edukia biltzen duena.

Zuk ere egin dezakezu jakintza aske eta euskaldunaren alde, edonork hartu baitezake parte proiektu honetan: ez da inolako gaitasun berezirik behar, ekarpen guztiak ongietorriak bezain beharrezkoak dira. Hurrengoan, agian zu, irakurle, edota zure auzokoa, lankidea, senidea… izango zarete euskarazko jakintza askearen sortzaile eta sustatzaile”.

Kategoriak Sailkatugabeak | 2 iruzkin

8. probintzia, 28. saioa

Horra “8. probintzia“ irratsaioaren 28. saioa. 2008ko apirilaren 6an egin dugu Euskadi Irratian, Amarauna saioan.

Edukiak
Saio honetan, honako gai hauek jorratu ditugu:

powered by ODEO

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Google Docs eta galdetegi elektronikoak

Aho bete hortz geratu naiz ikasi dudanean Google Docs aplikazioak aukera ematen duela galdetegi elektronikoak egiteko. Proba egin dut, eta zoragarri dabil.

Urratsak

  1. Sortu kontu bat. Galdetegi bat egin nahi baduzu aplikazio hau erabilita, lehendabizi sortu behar duzu Google kontu bat. Horretarako, nahikoa da Gmail kontu bat irekitzea, Google Groups erabiltzea edo Blogger erabiltzea, zeren behin kontu bat edukita, kontur horrekin erabil baitaitezke Googlen zerbitzu guztiak.
  2. Sartu Google Docs aplikazioan. Aukeratu New, eta ondoren Spreadsheet, alegia, kalkulu orria.
  3. Gorde dokumentua. Ezer egin aurretik, gorde eta izena eman dokumentuari.
  4. Partekatu. Klik egin share botoian, dokumentua partekatzeko. Ezker aldean hiru aukera agertuko zaizkizu. Aukeratu “Fill out a form”, alegia, bete galdetegia.
  5. Osatu galdetegia. Izenburua eman, gero azalpen bat idatzi (aurkezpen lerro batzuk, jendeak jakin dezan zertaz galdetzen zaion), eta hasi galderak egiten. Lehendabizi, idatzi galdera bera; nahi izanez gero, azalpen bat galderarekin batera (adibidez: “aukeratu 1etik 10era zenbaki bat, egokien irizten diozun aukerarekin”), eta sortu aukerak. Zelako galdetegia egin nahi den, aukeratu erantzun motak. Bukatutakoan, gorde.
  6. Aukeratu nori bidali galdetegia. Sartu pertsona horien helbide elektronikoak, eta gero, bidali.

Ondoren, jendeak jaso egingo du mezu bat bere postontzian, eta hor joango zaie galdetegia. Jasotzaileak bertan erantzun dezake, eta, bukatutakoan, bidali baino ez. Bueltan, mezu bat jasoko du, esker onekoa. Emaitzak zuzenean joango dira guk sortutako kalkulu orrira.  Informazio gehiago, XPhi blogean.

Hona hemen gezurrezko adibide bat, di-da batean egina:

Galdetegia

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Palm enpresaren adar jotzea

Dolarra ahul ibili denean, euroa baino ahulago, Applek ohitura izan du bien prezioak parekatzeko bere produktuetan. Azken aldian, hala ere, hasi da piska bat kontuan hartzen euroaren indarra.

Baina Apple ez da bakarra; Palm enpresak zerbait okerragoa egin du: AEBetan 99 dolarretan saltzen du Palm Centro telefonoa; baina horrek berak Espainian balio du 299 euro! Hori bai adar jotzea!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin