Debagoieneko tobera

Aretxabaletarren akusazioa
Gustura irten nintzen atzo iluntzean Debagoieneko tobera ikusita. Mondragoera egin aurretik, ez nekien nondik nora joango zen, baina emaitza ona izan zen. Eszenaratzea, egokia; elementu multimedien erabilera, aproposa; Arizmendiarrietaren agerpena, sekulakoa; aktoreen lana, ona; umorea, neurrian…

Hala ere, apur bat desorekatua ikusi nuen tobera. Bergarak oso ondo landu zuen bere akusazio sorta. Arrasatek, ostera, parte askoz txikiagoa izan zuen harian. Azalduko naiz. Bergarak gauza asko leporatu zizkion Mondragoeri, eta honek erantzun ere ez zien egin horietako askori. Bi adibide: Bergararen ustez, Arrasatek desleiak jokatu du bailarako hedabideen aurrean, Mondraberri sortu baitu. Arrasatek, txintik ere ez. Bi modutan erantzun ziezaiokeen akusazioari: batetik, Mondraberri euskaraz dagoela, eta indartu egiten duela euskararen erabilera herritarren artean; bestetik, galde ziezaiokeen Bergarako fiskalari ea monopolioen alde dagoen hedabideen esparruan. Beste akusazio bat izan zen Arrasatek berera ekarri dituela Goienaren zerbitzuak. Hor ere, Mondragoek, erantzunik ez. Esan zezakeen hori behin behineko neurria dela, eta laster Aretxabaletara joango dela… Bestetik, Arrasateko bi lagun zeuden akusatuen aulkian, baina ez zitzaien aukerarik eman hitz egiteko.

Alegia, Mondragoek ez zuela ondo defendatu bere burua, eta ez zituela ganoraz azaldu bere lorpenak. Aitzitik, Bagara elkartearen tesia nagusitu zen antzezpenaren harian, antolatzailearena. Toberaren kaltetan, nire ustez. Hala eta guztiz ere, uste dut toberak joko ona eman dezakeela, eta merezi duela urteroko ahalegina.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

2 erantzun Debagoieneko tobera-ri

  1. egilea: Gorri

    Kaixo, Joxe. Tarteka Sustaturen bitartez iristen naiz zure blogera, eta gustura irakurtzen ditut testuak. Toberari buruzko honetan begietako mina ezin izan dut saihestu, ordea, “azalduko naiz” irakurri eta gero. Gaztelaniaren kalko garbia ez al da? Hor “azalduko dut” edo “azalduko dizuet” jarri beharko litzatekeela uste dut. Segi idazten, guk irakurtzen jarrai dezagun.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko, Gorri! Ezin garbiago azaldu didazu arazoa, eta kontuan izango dut. Segi ondo.

Utzi erantzuna Gorri(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude