Komunikazioan ditugun Erasmus ikasle biak hasiak dira praktikak egiten eitb24 zerbitzuan. Han egingo dituzten lanen artean, bat izango da hainbat erreportaje idaztea Euskal Herriaren gainean. Eta, dagoeneko, idatzi dute lehena. Tieme Hermans mutil herberehetarrak Maritxu Kajoi aukeratu du gaitzat. Saskia Kamphuis neska herberehetarrak, ostera, pintxoak, gure tabernetan hain ugari ikusten direnak. Biek ala biek, ederto idazten dute, ingelesez noski.
Denbora gehiago eramango balute gure artean, ohartuko lirateke euskaltzale belaunaldi bat joaten ari zaigula. Gotzon Garate, kasu. Edo Juan San Martin. Atzo bertan, etxera joan eta, telebista piztu nuenean, hantxe ikusi nuen Joxe Mari Iriondo Juan San Martin elkarrizketatzen, aspalditxo egindako saio batean. Eta orduan pentsatu nuen zenbat jende joan zaigula azken aldi honetan: Luis Villasante, Juan Mari Lekuona, Lourdes Iriondo…
Ekaitza, ekaitza…
Aitortu behar dut harritu egin nintzela irakurri nuenean Sarah Palin presindenteordegai estatubatuarrak esan zuela Barack Obama terroristen laguna dela, etab. CBS telebista kateko analista baten iritzian, hemendik eta azaro bitartean, errepublikanoak saiatuko dira Obamaren irudia ahalik eta gehien zikintzen, jakina baita kanpaina gordin eta itsusi jartzen denean jendeak erantzuten duela abstenituz, eta hain zuzen, horixe nahi omen dute errepublikanoek, bozketa egunean ahalik eta jende gehien gera dadin etxean, parte hartze handiak demokratei egiten dielako mesede.
Hauteskunde kanpainan ez ezik, telefonoen merkatuan ere ekaitza agertu zen atzo, Blackberry konpainiak Storm telefonoa aurkeztu baitzuen, telefono bat ukipen pantaila bat duena, iPhonek bezala. Iragan Gabonetan ez bezala —orduan iPhone zen bakarra ukipen pantailarekin— aurtengoetan bospasei telefono izango dira ezaugarri horietakoak: iPhone, Samsung Sprint, G1, Nokia 5800 XPressMusic eta Blackberry Storm, besteak beste. Geroz eta garbiago dut ordenagailu eramangarrien baliabide gero eta gehiago sartuko direla aparailu horietan, eta berandu baino lehen, horrelako batekin ibiliko garela batetik bestera, erabat konektatuta.