Goiena komunikazio taldeak oso esperimentu interesgarria abiatu du. Aprobetxaturik datorren urtetik aurrera Goienkariak edizio bakarra izango duela eta birdiseinatu behar dela goitik behera, Goienak erabaki du blog bat sortzea, Goienkaria berritzen, eta hor azaltzea birdiseinuaren gorabeherak. Nik badut proposamen bat birdiseinu taldearentzat, dakidan arren inposiblea dela.
Goio Arana diseinatzaile saritua eta Eneko Azkarate Goienkariako zuzendaria Irizar etxeko sotoan sartu dira, Goienkariaren egoitzan, Bergaran bertan, eta handik ematen ari zaizkigu beren lanaren berri: astekariaren historia, zergatik edizio bakarra, “aukeratutako tipografiak,” etab.
Nik inoiz ez dut aukerarik izan horrelako birdiseinu bat zuzenean jarraitzeko, eta iruditzen zait Euskal Herrian inork ez duela horrelako oportunitaterik izan, nik dakidala, gure artean sekula ez baita horrelako ezer irekian egin. Eta eskertzen diot Goienari, eta bereziki Goiori eta Enekori, aukera hori eskaini digutelako. Sinestuta nago aitzindari bihurtu direla birdiseinu kontuetan.
Nola bloga sortu duten irakurleekin elkar eragiteko, eta haien feedbacka jasotzeko, aprobetxatu nahi dut aukera proposamen bat egiteko, nahiz eta badakidan ez dutela onartuko: kendu Goienkaria izena, eta sortu beste bat.
Aldatu izena
Urte hauetan konturatu naiz Debagoienean inork gutxik ikasi duela Goienkaria izena esaten: Arrasaten batzuek Arrasate Press deitzen diote oraindik, beste batzuek Goiena, zenbaitek Goienaren periodikue, baina gutxik erabiltzen dute Goienkaria. Beraz, astekari bat dugu merkatuan, zeinaren 20.000 ale baino gehiago banatzen baitira astero Debagoienean, eta, hala ere, jendeak ez daki haren izena esaten.
Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Akaso euskaraz gaizki eratuta dagoelako? Besterik gabe ez duelako arrakastarik izan? Jakin ez. Kontua da Goienkaria izenak ez duela arrakastarik izan.
Horregatik, eta aprobetxaturik birdiseinuak aldaketa handiak ekarriko dituela, ez bakarrik itxuran, baizik eta baita astekaria nola antolatzen den ere, proposatzen dut izena aldatzea. Orain da momentua izen egokiagoa aukeratu eta astekariari bultzada handiagoa emateko, denok jakin dezagun, pentsatu beharrik gabe ere, zein den gure astekariaren izena. Amen.
Ni erabat ados. Goienkaria esateko modu desberdinak erabiltzen dira ibarrean. Arrasaten Bergaran edo Elgetan batzuk bertako lehengo aldizkariaren izena erabiltzen dute eta beste batzuk ez dute ohiturarik Goienkaria erabiltzeko. Edizio bakarra egitera doazela ikusita une aproposa dirudi aldatzeko, nahiz eta asko eta asko aldaketen kontrakoak izango diren. Ausardia dutenez itxura aldaketa egiteko, ausardia gehitxuagorekin borobilduago geldituko litzateke eta seguru nago urtebete pasa ondoren inor ez dela gogoratuko Goienkariarekin. Izen berria aukeratzeko lehiaketa antolatzea proposatuko nuke. Jende askok parte hartuko luke eta emaitza adostuagoa litzateke.
Aupa, Joxe eta Alberto: erabiltzen dituzuen argumentuekin ez nago erabat ados. Egia da Goienkaria modu askotan esaten dutela. Baina, gauza bera gertatzen zaio Arrasate Pressi (Arrasate Express, Arrasate…), Berrigarari (Birgara, Bergara), Goienari (Guena) edo El Diario Vascori (Diarixua…).
Agian, horiek ere ez dute izenarekin asmatu eta horregatik da.
Baina ez zait ideia txarra iruditzen izena aldatzearena eta horretarako lehiaketa antolatzearena. Benetan diot. Serio aztertzekoa da eta egingo dugu.
Eskerrik asko biei.
Aupa, Eneko! Diarixua dioenak Diario Vasco ari da esaten, Guena dioenak Goiena darabil, eta Birgara esaten duenak Berrigara du oinarrian. Hiru kasuetan, izena bera erabiltzen dute, baina beste modu batean. Kontua da jende askok izendatzen duela Goienkaria beste izen bat erabilita, ez berea (Elgetan Goibekokale, Mondragoen Arrasate Press edo antzekoak ), eta hor ikusten da jendeak sekulako traba duela izena behar den moduan esateko, edo antzekoan.
Bost urte pasata jendeak ez badu izena erabiltzen, eta aintzat hartuta Goienkaria bailarako etxe gehienetan sartzen dela, gauzak argi daude. Beharbada lehiaketa bat antolatzeak atzeratu egingo lizueke dena, baina, modu batean edo bestean, nik gero eta argiago ikusten dut astekari berrituak beste izen bat behar duela.
Gogoan izan, gainera, beste gauza bat. Gaur egun ez duzue konpetentziarik euskarazko hedabideen artean, oraingoz beste inork ez baitu ezer ateratzen Debagoienerako propio egina. Baina inoiz norbait hasten bada zuen antzeko astekari bat –edo egunkari batateratzen, orduan ikusiko duzue zein inportantea den zuen bezeroak ondo identifikatzea zuen produktua.
Honekin gaixonekin iritzixak hamaika izan leikez eta argumentuak horrek iritzixok defenditzeko beste hainbeste. Eta ez dakit ez ete dan izango biderik zuzenena, luziena izan arren, Alberto Agirreazaldegik proposatutakua: Lehiaketia.
Dana dala, ni neu Goienkaria izenaren aldekua naiz. Lau urteko ibilbidia egin dau eta nere inguruan Goienkarixa esaten jako, eta ez Goibekokale. Akaso, ez dakit, informaziño orokorretik aparte Arrasate Press edo Goibekokale esaten dotsenak horrek atalok besterik ez dittue irakurtzen eta holan identifikatu Goienkaria. Mantxetak aldatu eta izen bakarra erabili bihar???
Eneko Azkaratek Goienkariaren Blog-ean diño mantxetak balixo erantsia dakela, baiña apur bat balixo hori diluitu egin dala. Zeinen mesedetan? Nere ustetan Goienkaria izenaren mesedetan.
Beste aldetik, zenbat urte pasau ziran zuen herrixetan herri aldizkarixaren izena errotu zanerako?
Izena aldatzearena agian ideia ona da. Baina nik uste Goienkariak beste aldaketa askoz garrantzitsuago bat egin beharra daukala: euskalkia erabiltzea. Batez ere telebistan.
Horra hor beste froga bat izen horrek zer nahaste eragiten dituen: Goienkaria ez da telebista, astekari bat baino. Telebista Goiena Telebista da.
Bestetik, Alberto Telleriari erantzunez, Arrasate Pressen kasuan erabilera okerra anekdotikoa izan zen, eta urte batzuk igarota ere, aurkituko zenuen zaharren bat Arrasate Express esango zuena, baina hori anekdota hutsa zen. Jende gehienak ondo erabiltzen zuen izena, Arrasate Press, eta hasieratik.
Neuri oso egokia eta polita iruditzen jat: Egunkaria, Nafarkaria, Goienkaria, Botxokaria ,…
“Baina nik uste Goienkariak beste aldaketa askoz garrantzitsuago bat egin beharra daukala: euskalkia erabiltzea.”
Baita neuk be.
Demagun Goienkaria berriak jasotzen dituela barruan Debagoieneko herri aldizkariak: Arrasate Press, Berrigara…
Demagun Goienkariari izena aldatzen diogula: Gurea…
Uste duzu, Joxe, orain Goienkariari leporatzen diozun arazo hori gaindituta geratuko litzatekeela eta, esate baterako, Goienkaria eta Arrasate Press etxean jasotzen dituen horrek eta horri Arrasate Press deitzeko ohitura daukan horrek aurrerantzean Gurea deituko ziola? Hori zeuk sinistuko duzu, Joxe. Nik ez, behintzat.
Arazoa ez da hori. Arazo garrantzitsuagoa da zer egin behar dugu herri aldizkarien mantxetekin eta Arrasate Press edo Arrasate erabili behar dugun aurrerantzean.
Aupa, Eneko! Nik aldatu egingo nioke izena mantxeta nagusiari, eta gorde egingo nituzke Arrasate Press, Berrigara eta gainerako izenak egoera berezietarako. Bigarren puntu horretan ados nago Goiok azaldu duen iritziarekin. Eta horrela eginda, izen egoki batekin eta diseinu on batekin, uste dut jendeak erraz ikasiko lukeela astekari berrituaren izena.
Goienkariari dagokionez, bi gauza nahasten dituzue: astekaria oso hedatuta egotea (baina hori da doakoa delako) eta jendeak izena barneratuta izatea. Bigarren hori ez da gertatzen, nire iritziz, behintzat.
Konpetentziarik ez duzuen bitartean, ez duzue arazo handirik izango, baina hori iritsi aurretik aprobetxatu egin beharko zenukete ahulguneak konpontzeko.
Ondo segi.