Oporrak, hitzez hitz

Oraindik hiru egun geratzen zaizkit lanera itzuli aurretik, baina piztu dut berriro Faroa, egunero argia egin dezan. Hasteko, oporrak izango ditut gogoan, alfabetoaren arabera.

Atrofia. Hasi naiz berriro lasterka egiten, lasterraldiak eta ibilaldiak tartekaturik, baina, behin eta berriro, min hartu dut ezker hankan. Urtebetez galtza berezi bat jantzita, hanka atrofiatu egin zait. Horregatik, futbol zelaiko giltza lortu arren, aldi batez utzi behar izan ditut arineketaldiak, eta bizikletan hasi naiz ibiltzen.

Boulevard. Bigarrengoz, gauez izan nintzen Gasteizen, Boulevard saltoki handietan, eta zinetik irtendakoan, zubitik behera begiratu, eta begitandu zitzaidan, orduan ere, zientzia fikziozko komiki batean nengoela, eraikinak berak, argiek, eta hango kaleek horixe irudikatzen baitzuten.

Clarin. Aurten ere Lizarran izan gara, hiru bat egun egiten, eta, betiko moduan, Clarin liburu dendara joan nintzen, bisita bat egin eta liburu bat erostera. Gogoko dut Clarin liburu denda, eta gogoko hango jabeak.

Dopina. Egun hauetako batean irakurri nuen LEquipe egunkariak esan duela Lance Armstrong dopatu egin zela 1999an, lehen Tourra irabazi zuenean. Sinetsita nago txirrindulari gehienak dopatu egiten direla Tourrean aritzeko, beraz, egia izan daiteke egunkari frantsesak dioena, baina zergatik atera orain Armstrongena, eta ez beste guztiena?

Erromesak. Aurten erromes asko ikusi ditugu abuztuan Done Jakue bidea egiten: batzuk Nafarroan zehar, eta beste batzuk kostaldeko bidean barrena. Villatuertan eta Lizarran zein Ziortzan eta Markinan ikusitakoak nekatuta sumatu genituen, baina pozik.

Fisioterapeuta. Ezker hankako mina zela-eta, fisioterapeuta batengana joan nintzen, Arrasaten. Gomendatu zidan hamabost egunean ez egiteko lasterka, eta horren ordez bizikletan aritzeko, eta oinez, ea bitarte horretan hankak indartzen zaizkidan. Oraingoz, aintzat hartu ditut haren hitzak.

Gasolioa. Egun batean Ondarroara joan ginen, baina ezin hango hondartzan bainatu: ordu batzuk lehenago, gauez, arrain ontzi batek hustu omen zituen gasolio depositoak portuaren sarbidean. Goizean orbain handi bat ikusten zen, ortzadar kolorekoa zenbait lekutan, eta hondartzaraino iristen zena. Bandera gorria.

Hogeita lau ordu. Uda honetan gustura ikusi dut 24 ordu, Kiefer Sutherland aktoreak hirugarren aldiz Antena 3en antzeztu duen telesaila. Gaueko 21:45etan hasten zen, eta hiru orduz luzatu, baina oporretan arazorik ez berandu arte geratzeko. Dagoeneko bukatu da, eta Bauer agentea bizirik dago, laster laugarrenari ekiteko prest, seguru asko.

Jostuna. Panamako Jostuna ere telebistan ikusi nuen, baina gogoratu ez non. Aurretik zatika nuen ikusia, baina inoiz ez osorik. Oraingoan, berriz, hasi eta buka.

Kirmen. Ondarroan ginela jatetxe baten bila, gazte batzuk geldiarazi genituen, eta horiei galdetu. Kirmen Uribe zen horietako bat, eta berak gomendatu zigun Joxe Manuel erretegia, zubi zaharraren ondoan. Aspaldiko partez, bisigu ederra jan genuen han.

Limpias. Asteburu batean Kantabriara egin genuen. Limpiasen aurkitu genuen ibai zoragarri bat, garai batean merkataritza gune inportantea izana. Baita garai bateko Cervera gerraontziaren kanoi bat erakusgai, gerra zibilean Donostiaren kontra hainbat bonba jaurtikitakoa.

Makaltasuna. Hasi naiz, bai, bizikletan ibiltzen, baina hankak oso makal sentitzen ditut, gurinezkoak balira bezala. Hala ere, ibiliaren ibiliaz, igartzen dut badoazela indartzen.

Nagialdia. Abuztuan oso gutxi idatzi dut Faroan. Eta oso gutxitan igo naiz txoritokira, ordenagailuan saltseatzera. Bitartean, irakurri egin dut, ahal izan dudan guztia.

Olioa, olioa eta gatza. Limpiasen ginela, oso gustura probatu genuen inoiz jan gabe genuena: ogia, oliba olio pixka bat gainean, eta gatz larri apur bat.

Pitza. Ondarroan gertatu zitzaidan. Euripean nindoala, pizzeria bateko kartela antzeman nuen: Pitza jartzen zuen, horrela, tz-rekin. Grazia egin zidan.

**Santoña.** Limpias utzita, Santoñara joan ginen, eta han hondartza ederra aurkitu. Gura barik, gerra zibilaz oroitu nintzen, eta Santoñan euskaldunei gertatutakoez.

Tim. Bai, guk ere ikusi genuen Charly eta Txokolate Fabrika, eta izugarri gustatu zitzaigun, hiruroi. Harrituta geratu nintzen Tim Burton zuzendariak zelako ahalmena duen mundu fantastikoak pantailaratzeko.

Uzta. Orain arte, behintzat, urte ezin hobea izan da txakolingileentzat: sikua eta eguzkitsua. Beraz, gauzak okertzen ez badira, uzta ezin hobea aurtengoa ere. “Esteñibarko mahastiak”:http://www.goiena.net/blogak/piperrautsa/66 txukun-txukun daude, eta mahatsez besteak. Aspaldiko partez, hainbat ordu sartu ditut han laguntzen, eta indartsu sentitu naiz. Bizikletak-eta balio dute, bai, norbera indartzeko. Mahastia lekuko.

Villatuerta. Lizarra ondoan dago, eta aurten ere hara joan ginen, igerilekura, baina zorterik ez. Ura aldatzen ari zirela-eta, ezin bainurik hartu. Horrek, ordea, aukera eman zigun herria hobeto ezagutzeko. Ez da marabilla bat, baina jende jatorra bai, hori badauka.

Widget. Uda honetan Tiger sistema eragilea ipini dut nire ordenagailuan, eta horren barruan atentzioa eman didate widget direlakoek, programa txikitxo batzuk, zeinek aukera ematen baitute, era ezin errazagoan, hainbat lan egiteko: hiztegia kontsultatu (ingelesez), jakin zer ordu den New Yorken, ikusi abesti baten letrak iTunes jotzen duenean, etab. Polita.

Zarata. Etxean izan garen egunetan, nabarmena izan da gauez zenbait gaztek Elorrioko kaleetan antolatu dituzten motor lasterketak. Motorrek, berez, isilgailuak dauzkate erosi berritan, baina gazte horiek kendu egiten dizkiete, eta sekulako zarata egiten dute azeleratzen duten bakoitzean. Nola herrian ez dagoen ertzainik (hainbat aldiz su eman zioten kuartel txikiari, eta ertzainak Durangora joan ziren), udaltzainek bulegoa ixten dutenean, orduan hasten da festa zaratatsua.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

2 erantzun Oporrak, hitzez hitz-ri

  1. egilea: e-gor

    Gu ere Lizarra ondoko herri baten, Zurukuainen, egon ginen aste betez, eta Lizarrako liburudendetan ibiltzen nintzen Berria-ren bila, baina ez dakit Clarin horretan sartu ote nintzen…

    Gu ere joan ginen Bilatortako piszinara eta guk ere ezin izan genuen bainurik hartu.

    Eta guk ere ikusi dugu “Charly y la fábrica de chocolate”, baina ez zitzaigun hain ona iruditu. Ona bada, bai, baina ezta hainbesterako ere. Hasiera eta bukaera oso onak ditu baina erdikoa ez zitzai gun horrenbeste gustatu, kontatzen duen istorio sinplerako gehiegi luzatzen du, eta abestiak batez ere nekagarriak egiten dira.

  2. egilea: Joxe Aranzabal

    Aupa, Igor! Elkarren ondoan ibili gara, baina elkarren berri jakin barik. Nik dakidala, Clarin liburu dendan ez zuten egunkaririk saltzen; beste denda askotan, berriz, bai. Bilatorta diozu, baina Egunkariaren estilo liburuak Villatuerta dakar, eta hango bizilagunak, villatuertar, jator askoak. Eta Tim Burtonen azken filmaz, berretsi, besterik ez, gu oso gustura irten ginela zinematik, nahiz eta ulertzen dudan zuri hainbeste ez gustatu izana. Besarkada bat.

Utzi erantzuna e-gor(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude