Etxe Zuria, Harri Aroan. Eta gu?

Obamaren jendea sartu denean Etxe Zurian aurkitu omen du AEBetako lehendakariaren egoitza oso atzeratua zebilela teknologia berrien ikuspegitik: telefono lineak deskonektaturik, aplikazioen bertsio zaharkituak, segurtasun arau murriztaileak (ordenagailuek ezinbestean izan behar zuten Windows sistema eragilea, adibidez), etab.

Barre egiten dugu hori irakurtzerakoan, baina gu ere antzeko parezido gabiltza: aurreko batean, bilera batean nintzela Mondragon Unibertsitatearen errektoretzan, ezin izan nuen ordenagailua erabili, bertako wifiak eskatzen zidalako ez dakit zenbat gauza, momentuan ezin zirenak hornitu, nahiz eta bertako informatikari bat gogoz saiatu zen arazoa konpontzen.

Gure IT departamenduek oso estu jokatu dute askotan erakundeon sare informatikoak ezartzerakoan, beti ere segurtasunaren izenean, hainbeste ezen sarri mugatu egin baitute teknologia berrien ahalmena denok ere modu irekiagoan egin dezagun lan.

Etxe Zuriak beste modu batean jokatzen badu informazio teknologiak erabiltzeko orduan, zergatik ez guk?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Goiz haizetsua

Zortzi ordu izan gara etxean argindar barik. Gurean dena baitugu elektrikoa, jaikitakoan lehen pentsamendua izan da zer gosaldu, ezer ez zebilen-eta. Betikoa, ordea: katilu bete labore, esne epelarekin. Ondoren, Berria irakurri. Gero, liburu bat hartu, eta harekin egin dut denbora.

Ordea, larunbata ez baita larunbat kafe barik, jakin dugunean herriaren behe aldean bazela argindarra, kalera irten gara kafea hartzera. Plaza inguruan, jende asko, etxean argirik ez-eta. Asteburuko egunkariak erosi eta kafesnea hartu dugu, gozo-gozo.

Berriro etxean, irakurtzen jarri gara berriro: kalean afrontua, eta barruan letra jolasa, ondo jantzita, hori bai, ordurako etxea hotzak hartuta baitzegoen. Eta, halako batean, argia egin da.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Kikoak

Elorrion entzun nuen lehen aldiz “kiko” hitza, bertan zegoelako talde bat izen hori zeramana. Katekumeno ere esaten zieten herrian. Orduan jakin nuen kikoak talde bat direla Eliza Katolikoaren barruan, eta dutela oso ikuspegi tradizional eta kontserbadorea erlijio kontuetan. Hala ere, inoiz ez nien garrantzi handirik eman, talde erabat marjinala iruditu baitzitzaidan.

Orain dela gutxi, ostera, jakin dut kikoak asko direla —barreiatuta omen daude bereziki estatu espainiarrean eta Latinameriketan—, eta eurak direla sostengurik handiena Rouco Varela eta beronen jarraitzaile ultrakontserbadoreen manifestazioetan, Espainiako gobernuaren kontra. Lehen anekdota hutsa begitantzen zitzaizkidan; orain, ez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Twitter eta Obamaren kargu hartzea

Atzo arratsaldeko 18:00etan Twitter Search bilatzailean sartu, eta
saiatu nintzen jarraitzen Barack Obamaren kargu hartzea AEBetako lehendakari
moduan. #inaug09 etiketa idatzi nuen, baina Twitter Search oso mantso
zebilen artean. Une hartan, Aretha Franklin omen zebilen kantatzen;
jendea, behintzat horretaz idazten ari zen. Baina harrigarria: hamabost
bat segundu igarota, baziren zain beste 1.800 bat tweet edo mezu labur.
Jendea ari zen eroen pare idazten, bere lekukotasuna uzten Twitteren.
Gehienak, pozik, aro berri bat irekitzen zelako AEBetan; beste batzuk,
kezkatuta ekitaldi zibil hartan ere erlijio kontuak nahasten zirelako;
zenbait, telebista kateen jarraipena egiten; iruzkinak Michele Obamaren
jantziaz; txisteak Hillary Clintonen gainean…

Ikusita Twitter Search oso motel zebilela, CNN telebistara pasatu nintzen, beti
Interneten, eta han ikusi nituen Obamaren zin egite aurreko hainbat
momentu. Jendetza izugarria ikusten zen inguruetan, beltzak batez ere.
Nire Twitter-en, berriz, gauza askorik ez Obamaren inguruan. Bi mezuk
eman zidaten atentzioa: “Parece que anda un tal Obama por ahí”, zioen
lehenak. Bigarrenak, berriz, “fuck usa” amaitzen zuen, Obamaz
aspertuta. Biak euskaldunek idatziak.

Iluntzean, Internet bidez ikusi genituen Obamaren kargu hartzea eta
hitzaldia, CBS telebistan, sarean. Beti bezala, neurtua eta
inspiratzailea. Geroago, CNNn ostera, baina Interneten, zuzenean ikusi
genuen  presidente berria eta bere emaztea oinez Pennsilvania
etorbidean, jendea agurtzen.

Ordurako
Twitter Search arinago zebilen,
eta mezu emaria ere askoz ere apalagoa zuen: hamabost segunduero 80 bat
mezu sartzen ziren bertan. Arratsaldeko 18:00etan baino dezente
gutxiago, baina, hala ere, asko. Atzoko irabazletako bat, dudarik gabe:
Twitter.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Mina

Joan den larunbatean irakurri nuen Berriaren hemerotekan Karmele Jaio idazleak lehenago Noticias de Álava egunkarian idatzitako zutabe bat, minaren gainean. Hona pasarte bat:

  • Ez
    dugu minik sentitu nahi, baina mina bizitzaren osagaia da,
    ezinbestekoa. Minez maitatzen dugu, minez burutzen ditugu gero zoriona
    emango diguten lanak, minez gainditzen ditu kirolariak bere markak,
    mina sentituz eta sentiaraziz jaiotzen gara, minak jartzen gaitu
    martxan bidegabekeria baten lekuko garenean… Eta minak bere funtzioa
    betetzen du: besteak beste, logaletik ateratzen gaitu. Bozgorailua da
    mina, iratzargailua, geure gorputz, arima eta bizi garen munduaren egia
    sentitzen eta ikusten uzten diguna. Itsumenaren kontrako pilula da
    mina. Errealitateak ematen digun atximurka.

Bat nator
Karmelerekin. Hala ere, iratzargailua izanda ere, minak honda lezake
bizitza bat. Eta, horrelakoetan, nahiago neurri paliatiboak hartzea,
jendeak sufri ez dezan alferrik. Azken orduan, esate baterako.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Beste liburu bat, bikaina

Stefan Zweig idazle handiarekin nabil egun hauetan. Oraingoan, Momentos estelares de la humanidad irakurri dut. Prendatuta geratu naiz liburuarekin. 1927an idatzi zuen, baina ez du gaurkotasunik galdu, bat ere.

Liburu honetan Zweig urrundu egiten da historiaren interpretazio ohikoetatik, eta, horretarako, aukeratu ditu hainbat une, 14 zehatz esateko, non protagonista nagusiak diren zenbait pertsona ezagun, nolabaiteko gainbehera bizitzen ari direnak: Zizeron hondar egunetan, Napoleon Waterlooko guduan, Tolstoi hil aurrekoetan, etab.

Horko istorioak zoragarri kontatuta daude. Ni bereziki liluratuta geratu naiz bertako hirurekin: Händel, Dostojevski eta Tolstoi. Lehenak kontatzen du zelan sortu zuen Händel musikariak Mesias oratorioa; bigarrenak tsarraren garaian zelan daramaten pertsona bat fusilatzera; eta hirugarrenak Tolstoi idazlearen azken egunak. Hirurak zoragarriak dira.

Händelen gaineko istorioa irakurrita, erabaki nuen entzun nahi nuela haren Mesias, eta erosi egin nuen. Orain hori nabil entzuten, behin eta berriz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Herri kazetaritza gure artean

Askotan amerikarrei begira ibiltzen gara, herri kazetaritzaren adibide bila, aurreko egunean bezala, Hudson ibaian erori zen hegazkin istripuan, non argazkirik preziatuena afizionatu batek atera baitzuen, ferry batean zihoala hegazkiekoei laguntera. Argazkiak munduari bira eman zion, Twitpic-en eskegita zegoela.

Atzo iluntzean gure artean antzeko zerbait gertatu zen. Asier Lozano autobusean zihoala, Basauritik Etxebarrira doan autobusean, bat-batean autobusak aurrez aurre jo zuen auto bat. Berehala, Asierrek mezu bat bidali zuen Twitter-era:

  • El bus lanzadera de basauri a etxebarri en el que estoy acaba de ostiarse de frente contra un coche.

Handik gutxira, beste mezu bat, esanez bidaiariak ondo zeudela, eta, horrekin batera, argazki bat atera sakelako telefonoarekin, eta Twitpic-en eskegi zuen.

Mezu pare bat gehiago bidali zituen, eta beste argazki bat, harik eta etxera heldu, eta arnasa hartu zuen arte.

Hortxe, bada, herri kazetaritzaren beste adibide bat, gure artean gertatua. Seguruenik, Asier ez da kazetaria, baina atzo ederki erakutsi zigun zer den herri kazetaritza, Web 2.0 teknologiez lagunduta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Nire memoria birtuala, arriskuan

Googlek jakinarazi du aurrerantzean ez duela garatuko Notebook, eta ez dituela onartuko erabiltzaile gehiago, gaur egun aplikazioa darabiltenak baino. Zur eta lur geratu naiz, Google Notebook delako nire memoria birtuala. Hortxe ditut nik ohar piloa, txuletak, ideiak, loturak…

Aplikazioaren blogak dioenez, orain arte Notebook erabili dugunok segi dezakegu berau erabiltzen, baina iradokitzen digu Googlen beste zenbait aplikazio erabiltzea, hala nola, Google Docs, Tasks, Search Wiki, etab., helburu bera lortzeko, alegia, informazioa gorde eta sailkatzeko.

Niretzat beste programa horiek oso diferenteak dira. Beraz, poliki-poliki, Google Notebook-eko edukiak Zohoren Notebook-era pasatuko ditut, badaezpada, hori aurrekoaren oso antzekoa baita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Kafe orduan, zinemaz

Eguneko unerik onenetakoa izaten da. Goizeko 09:00ak aldera, Aitor
Arregi
lankidea ganbarako gelan sartzen da, bizkar zorroa aldean duela.
Kafea hartzera joaten gara orduan. Zinemaz eta literaturaz hitz egiten
dugu, baita musikaz ere. Baina, batez ere, zinemaz.

Aitor zinemazale
handia da, entziklopedia bat, gainera, izugarri daki-eta. Lelotuta
moduan egoten naiz berari entzuten: Kubrick, Buñuel, Kiewslowski, Six
feet under…
hori guztia goizeko kafe beroa urrupatzen dugun bitartean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

2008an irakurritako liburuak

Begiratu dudanean Google Docs-en —azken lau urteotan hortxe idazten baitut zer liburu irakurri ditudan urtero, kalkulu orri batean— aurkitu dut 2008an irakurri ditudala 26 liburu. Hauek:

  • Bezperaren bezpera. Aingeru Epalza. (Pamiela)
  • Amodio gutunak oinordetzan. Lydia Flem. (Alberdania)
  • Nola hustu nuen gurasoen etxea. Lydia Flem.    (Alberdania)
  • Euskal Herri imajinario baten alde. Santi Leoné. (Elkar)
  • Prosa komunikagarriago egiten. Zenbait proposamen. Mitxel Kaltzakorta. (UEU)
  • Axularren historiak. Patxi Salaberri Muñoa. (Pamiela)
  • El hereje. Miguel Delibes. (Destino)
  • Sommer jaunaren istorioa. Patrick Süskind. (Erein)
  • Erotik. Antton Kazabon. (Aizkorri)
  • Tunela. Ernesto Sabato. (Alberdania-Elkar)
  • Bederatzietatik bederatzietara. Leo Perutz. (Alberdania-Elkar)
  • Kafka eta panpina bidaiaria. Jordi Sierra i Fabra. (Elkar XaguXar)
  • Heriotza Nilo ibaian. Agatha Christie. (Igela)
  • La ciencia y la vida. V. Fuster, J.L. Sampedro, O. Lucas. (Plaza & Janés)
  • Sasi guztien gaiñetik. Nikolas Zendoia. (Auspoa)
  • Iturrino handia. Hasier Etxeberria. (Susa)
  • El Dr. Jekyll y Mr. Hyde. Robert Louis Stevenson. (Alianza Editorial)
  • The Big Switch. Nicholas Carr. (W. W. Norton)
  • Lur zabaletan. Aingeru Epalza. (Pamiela)
  • The world is flat. Thomas L. Friedman. (Picador)
  • Tom hil da. Marie Darrieussecq. (Alberdania)
  • Altxor uhartea. Robert. L. Stevenson. (Elkar)
  • Don’t bother me mom—I’m learning. Marc Prensky. (Paragon)
  • Ekialdetik iritsi zen Enara. Xabier Etxaniz Rojo. (Alberdania)
  • Zer da, ba, maitasuna? Miren Agur Meabe. (Elkar)
  • El mundo de ayer. Memorias de un europeo. Stefan Zweig. (Acantilado)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1