Twitter-ek idazle hobea egiten zaitu

Asko hitz egiten da Twitter zein egokia den marketina eta negozioa lantzeko, baina Jennifer Blanchard kazetariaren iritziz, Twitter egokia da, orobat, norberaren idazkuntza lantzeko. Zelan?

Behartzen zaitu zehatza izatera
Twitter-ek gehienez jota 140 karaktere eskaintzen dizkizu zeure mezuak idazteko, ez 140 hitz. Ez da toki handia, zeren letrak, sinboloak, puntuazioa eta espazioak karakterrak baitira. Horrek esan nahi du zehatza izan behar duzula. “Laburra eta ona, bi bider ona”.

Behartzen zaitu hiztegia lantzera
Twitter-en hitz motzak bilatu behar dituzu, esanguratsuak. Sarri sinonimo egoki bila abiatuko zara, zeure mezua doitzeko, adjektibo eta adberbiio gutxiagorekin, esan nahi duzun hori sar dadin 140 karakteretan

Behartzen zaitu hobeto editatzera
Askotan zaila izaten da zure mezua sarraraztea 140 karakterretan, zentzua galdu barik. Horregatik, maiz berridatzi behar izaten dira esaldiak, esatekoa biribil joan dadin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Eta zer dio Korrikak berak?

Eman du zeresana, bai, igandean hemen bertan idatzi nuen artikuluak —Korrika eta ETAren presoak. Beste behin, elkarrizketa sortu da Interneten, blog honetan eta Twitter-en, eta bertan parte hartu dugu euskaltzale talde batek, bi ikuspegi nagusirekin: batzuek Korrika euskararen aldeko aldarrikapen huts izan dadin, eta beste batzuek Korrika era guztietako aldarrikapenen aterpe izatearen alde. Korrika izan genuen hizpide, behin eta berriro.

Internetek begi-bistan jarri du gaia: euskaltzaleen artean desadostasunak daude Korrika zelan proiektatzen den. Baina, zer dio Korrikak berak auzi horren gainean?

Korrika ondo kokatuta dago Web 2.0 esparruan, besteak beste badituelako bloga eta kontu bat Twitter-en. Bietan begiratu dut, baina hor ez dut aipamenik aurkitu eztabaidaren gainean. Hala ere, auzia ez da hutsala, ez da lau sarelari zororen ika-mika zentzugabea, ikusitakoak ikusita, Nafarroako Gobernuak erabaki baitu diru laguntza kentzea Korrikari.

Zilegi du Korrikak isilik egotea. Beste batzuek ere horixe egin dute behin baino gehiagotan. Baina Telefonicak, Euskaltelek, Volkswagenek edo enpresa handi horietako batek hori egiten duenean —isilik geratu Interneten edo merkatuan egiten zaizkion kritiken aurrean— hasten da bezeroak galtzen, gaur egungo bezeroak azalpenak eskatzen dituelako, argibideak, batez ere Internetek ahotsa eman dionetik. Gari Araolazak ezin argiago adierazi zuen Faroan, erantzun batean:

  • Ni ez naiz inor esateko nork joan behar duen Korrikan, baina Korrikarekin bat egiten badut euskararen alde nagoelako da, Korrikaren aldarria euskara dela ulertzen dudalako. Oker baldin banago, argitu dezatela aurretik eta gero erabakiko dugu joan ala ez.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 14 iruzkin

Korrika eta ETAko presoak

Ikusi dudanean gaurko Berria egunkariaren azala
zur eta lur geratu naiz, bertako argazki handiari begira. Argazkian
agertzen dira korrikalariak Iruñeko alde zaharra zeharkatzen,
Korrikaren pankarta aldean daramatela, eta lerro bat atzerago,
dozenatik gora pertsona beste horrenbeste argazki handi eramaten, ETAko
presoenak nik pentsa.

Oraindik ezin dut ulertu zergatik agertzen diren argazki horiek euskararen festa erreibindikatiboan, niretzat horixe baita Korrika. Presoen hizkuntza eskubideak aldarrikatzen ote dira? Eta Inazio Uria euskaldun petoaren hizkuntza eskubideak? Eta Isaias Carrasco etorkinaren hizkuntza eskubideak? (“Etorkinak izan ziren maiz lekukoa eramaten, bereziki Txantrea auzoan: txiletarrak, mexikarrak, katalanak…”)

Era
horretako agerpenek kalte egiten diote euskarari, eta kalte Korrikari
berari ere, euskara euskal herritar guztion hondarea baita, ez batzuena
edo besteena soilik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 45 iruzkin

Cirque du Soleil

Atzo Bilbon izan nintzen, Cirque du Soleil ikusten. (Ez, ez nituen
ikusi Patxi Lopez eta Basagoiti, baina bai agintari eta jende ospetsu
asko.) Beste behin, liluratuta irten nintzen zirku horretatik. Haria
beste batzuetan baino meheagoa iruditu zitzaidan Varekai ikuskizunean,
baina atal guztiak ikusgarriak izan ziren.

Cirque du Soleil izugarria da: zirkuaren krisirik sakonenean,
berrasmatu egin zuen zirkua: hartu zituen zirkuaren eta Broadwayren
elementurik komenigarrienak, eta munduko zirkurik onena egin zuen. Dena
da polita bertan: koreografia, musika, jantziak, umorea… Aukerarik
baldin baduzue Varekai ikusteko, ikusi, ez zarete-eta damutuko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Twitter informazio batzaileen ordez?

Sarea elkarrizketa dela sinistuta, atzo goizean galdera bat idatzi nuen Twitter-en:

  • Zenbat feed jarraitzen
    dituzue zuen informazio batzaileetan (Bloglines, Reader…)? Nik 73
    ditut, baina gero eta gutxiago erabiltzen ditut
    .

Behin
ordubete igarota, zazpi erantzun jaso nituen Twitter-en bertan, eta
beste hiru Facebook-en, Ping.fm erabilita mezua Facebook-en ere agertu
baitzen. Ez dago zalantzarik: sarea elkarrizketa da.

Ondorioak
Jasotako
erantzunak kontuan hartuta, esango nuke oraindik ere erabiltzen
ditugula informazio batzaileak, baina ez lehen beste seguruenik, gero
eta selektiboagoak baikara feed kopuruarekin (hainbatek aitortu zuten
garbiketa bat egin behar dutela, alegia feed gutxiagora harpidetu).

Oraindik ere informazio gehiena batzaileetan aurkitzen dugu, baina Beñat Unzuetak zioen moduan, “twitterretik espero ez dudan informazio gehiago jasotzen dut, nik bilatuko ez nuena”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Sukaldariak, zineko izarren parean

Herri honetan, sukaldariak irabazten dituenak irabazi du hedabideen lehia. Atzo Huhezinema film laburren eta dokumentalen jaialdia aurkeztu zen Donostian: kazetari bakarra agertu zen bertan. Bezperan, berriz, kazetari parrasta bat azaldu zen Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzietako Fakultatearen aurkezpenera, hantxe baitziren gure sukaldaririk ospetsuenak.

Beharbada datorren urterako ESB izan liteke Huhezinemaren gai printzipala, alegia, Euskal Sukaldaritza Berria. Kasu horretan, beste kuku batek joko luke kazetarien artean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zorionak Herriari!

Etzi, hilak 26, Herria
astekariak 3.000. alea kaleratuko du. 65 urte behar izan ditu zenbaki
biribil horretara iristeko, eta lan izugarria. Zenbait urtez nik ere
jasotzen nuen Herria
etxean, eta, irakurri ere, irakurtzen nuen, gustura, atal batzuk beste
batzuk baino errazago, egia esan. Azken horien artean zeuden, adibidez,
Gexan Ponttoren zutabea edo herrietako berriak.

Aurrera begira iruditzen zait Herriak berritu egin beharko lukeela diseinua: tipografia, maketa, kontrasteak, kolore egokiak…, eta baita edukiak ere, gaur egungo gazteak errazago sar daitezen astekarian. Asmatuko ahal du! Nik, behintzat, horixe nahi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Irakurlea

Bitxia da. Qué leer aldizkarian irakurri nuen berri labur bat El lector eleberriaren gainean, eta bertan ikusi nuen Kate Winslet aktorearen aurpegia. Revolutionary road filmean prendatuta geratu bainintzen haren antzezpenarekin, erabaki nuen Bernhard Schlink idazle alemanaren liburua erostea. Eta behin erosita, egun batean irakurri dut.

Hariak
erakarri nau, kontatzeko moduak, pertsonaia bakoitzaren bilakaerak…
Hunkituta amaitu dut, baina egoera ere halakoxea zen, gogorra.

Liburua irakurri bitartean, ez nuen inondik
inora ikusten Kate Winslet Hanna pertsonaiaren larrutan. Hala ere,
Elorriora iristen denean, zuzen joango naiz filma ikustera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Sony & Google vs Amazon

Sonyk eta Googlek hitzarmena egin dute, eta horren arabera, Sony Reader irakurgailu digitalak 500.000 titulu eskainiko ditu, doan, denak Googlek eskaneatuak. Orain arte, Sonyk 100.000 liburu digital eskaintzen zituen bere irakurgailuan. Amazonek, berriz, 250.000.

Horrek esan nahi du hemendik aurrera Sony Reader-ek 350.000 titulu gehiago eskainiko dituela Amazonek baino. Esan nahi du, halaber, lehia gogortzen ari dela liburu digitalen inguruan. Irakurleon onerako, seguruenik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Bikote hura

Nire ipotxak hitz egingo balu, seguruenik salatuko luke gehien entzun ditudan diskoak izan direla Bridge over trouble water eta Graceland, lehena Simon & Garfunkel bikotearena, eta bigarrena Paul Simonena.

Aspalditik gustatu izan zait bikote hori, The graduate filma ikusi nuenetik seguruenik —gogoratzen Mrs. Robinson abestia? Vancouverren bizi ginela, gainera, aukera izan genuen bikotea zuzenean ikusteko, hango estadio estalian eman zuten kontzertuan.

Hala ere, bikotea desegin bezain laster, konturatu nintzen nor zen taldeko arima, musikaria, sortzailea: Paul Simon. Ondoren egin zituen diskoak horren froga dira, denen gainetik Graceland aspaldikoa. Art Garfunkel, berriz, baladen esparruan geratu zen, ez arre ez iso, orduko errentak eta bere ahots berezia aprobetxatuta.

Zahartzen ari naiz, ezta?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina