Eta zer dio Korrikak berak?

Eman du zeresana, bai, igandean hemen bertan idatzi nuen artikuluak —Korrika eta ETAren presoak. Beste behin, elkarrizketa sortu da Interneten, blog honetan eta Twitter-en, eta bertan parte hartu dugu euskaltzale talde batek, bi ikuspegi nagusirekin: batzuek Korrika euskararen aldeko aldarrikapen huts izan dadin, eta beste batzuek Korrika era guztietako aldarrikapenen aterpe izatearen alde. Korrika izan genuen hizpide, behin eta berriro.

Internetek begi-bistan jarri du gaia: euskaltzaleen artean desadostasunak daude Korrika zelan proiektatzen den. Baina, zer dio Korrikak berak auzi horren gainean?

Korrika ondo kokatuta dago Web 2.0 esparruan, besteak beste badituelako bloga eta kontu bat Twitter-en. Bietan begiratu dut, baina hor ez dut aipamenik aurkitu eztabaidaren gainean. Hala ere, auzia ez da hutsala, ez da lau sarelari zororen ika-mika zentzugabea, ikusitakoak ikusita, Nafarroako Gobernuak erabaki baitu diru laguntza kentzea Korrikari.

Zilegi du Korrikak isilik egotea. Beste batzuek ere horixe egin dute behin baino gehiagotan. Baina Telefonicak, Euskaltelek, Volkswagenek edo enpresa handi horietako batek hori egiten duenean —isilik geratu Interneten edo merkatuan egiten zaizkion kritiken aurrean— hasten da bezeroak galtzen, gaur egungo bezeroak azalpenak eskatzen dituelako, argibideak, batez ere Internetek ahotsa eman dionetik. Gari Araolazak ezin argiago adierazi zuen Faroan, erantzun batean:

  • Ni ez naiz inor esateko nork joan behar duen Korrikan, baina Korrikarekin bat egiten badut euskararen alde nagoelako da, Korrikaren aldarria euskara dela ulertzen dudalako. Oker baldin banago, argitu dezatela aurretik eta gero erabakiko dugu joan ala ez.
Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

14 Responses to Eta zer dio Korrikak berak?

  1. egilea: assar

    Uste dut hau dela AEKren komunikatua (ez dut aurkitu euskaraz, baina egongo da nonbait):
    http://gerindabaibi.blogspot.com/2009/03/comunicado-de-aek-y-korrika-en-relacion.html

    Bide batez, ni ere ados nago zurekin, Joxe. Euskara eta aldarrikapen politikoak nahasteak uxatu egiten du jende asko euskaratik.

  2. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Aingeru Epalzak ere mintzagai izan zuen gai hau Euskalerria Irratian. (via @olagarro)

  3. egilea: Jokin

    Askotan etxekoak dira txarrenak, morboaren bila dabiltzanak.

    Korrikaren aldarriak bere web orrian aurki daitezke, horretan parte hartu nahi duzuenok batu Korrikara. Ezin zaio eskatu eta egotzi Korrikari ez dagokionaren aurrean bere jarrera azaltzeko, euskara ez baita batzuena edo besteena. Ezin eska dakioke Korrikari norberaren iritzi politiko bera, guztiena batu beharko luke eta euskarak.

    Gaitz erdi korrika ez egiteko, euskararen alde nekerik ez hartzeko, aitzakia ez balitz…

  4. egilea: assar

    Ba euskararen alde neke asko -asko- eta lan asko egiten duen jendea ikusi dut nik hemen iritzia ematen.

    Lasai, ez dizut zuri eskatuko esan diezaguzun zer egin duzun euskararen alde.

  5. egilea: newton

    Zurekin erabat ados Joxe! Gauza bat euskararen alde egotea eta bestea bertan politika kontuak sartzea.

  6. Korrikak agertu du bere iritzia Nafar Gobernuaren azken ankerkeriaren gainean. Argi mintzatu da ere bestelako ekimenen parte hartzeaz.

  7. egilea: Benito

    Korrikaren eta AEKren zer esanak hemen dituzue atzotik. Korrika.org webgunean hain zuzen ere:
    Korrikan parte hartzen duten eragile guztiek badakite jakin zein diren
    Korrikaren asmoa eta helburua, zein Korrikarekin zabaldu nahi dugun
    mezua. Korrika bitartean azal litezkeen bestelako aldarrikapenak, parte
    hartzea bezain anitzak, Korrikaren parte hartze zabal eta anitz horren
    isla baino ez dira, baina ez dira ez Korrikaren ardura ez beronen
    helburua.
    Bide batez, ez dut ulertzen zertara datorren AEKri kargu hartzeko obsesio hau, bai zure partez Joxe, bai Aingeru Epaltzaren partez. Gogoratu momentuz kaltetuenak geu garela.

  8. Joxe Aranzabal egilea: Joxe Aranzabal

    Eskerrik asko denoi zuen iritziengatik. Benito, nirea ez da inolako obsesioa. Jende asko ari denean berbetan beste norbaiten inguruan, normala da jakin nahi izatea beste horren iritzia.

    Kasu honetan, gainera, eztabaida piztu zen Korrikaren beraren erabileraz. Normala da eskatzea antolatzaileen iritzia.

  9. egilea: Irune

    Joxe:

    Senide bat daukat preso, eta benetan, asko mindu nau zure artikuluak.

    Zure liburua irakurrita, beti izan zaitut pertsona sentikortzat eta ez nuen hau espero. Izugarrizko erresentimentua nabaritzen zaizu eta hori ez da ona….

    Guk borrokan jarraituko dugu, zuri gustatu ez arren. Eta jarraituko dugu jende askoren babesa eta maitasuna edukitzen, zuri gustatu ez arren.

  10. egilea: Joxe Aranzabal

    Irune: Sentitzen dut nire artikuluak mindu bazaitu, hori ez baitzen nire mezuaren helburua. Zuk bezala, bizia maite dut, denon bizia, Euskal Herria maite dut, denon Euskal Herria, eta euskara maite dut, denona.

    Uste dut euskarari kalte egiten diogula Korrika erabiltzen dugunean bestelako aldarrikapen politikoak egiteko, euskara aurrera ateratzeko ahalik eta jende gehienaren babesa behar dugulako, ezkerrekoak izan, eskuinekoak, abertzaleak edo konstituzionalistak, kristauak zein ateoak.

    Ondo iruditzen zait zure senide presoen alde egitea, ni ere hainbat manifestaziotan izan naiz euskal presoen egoera salatzeko, eta eskatu egin dut, publikoan, euskal preso gaixoak askatzea, baina ez eskatu niri aldarrikapen horiek eramatea Korrikara, Kilometroetara, Herri Urratsera edo euskara aldarrikatzen den tokietara. Besarkada bat.

  11. egilea: Peru

    Baina Irunek ez dizu eskatu zuri aldarrikapen horiek Korrikara edo halako ekitaldietara eramateko, Joxe. Irunek eskatzen duena da berak, edo beste batzuek, eramaten badituzte, errespetatzeko. Eta kito. Errespeta dezagun euskararen alde gaudenon aniztasuna.

    Zer uste duzu ba, denok artaldean txintxo-txintxo joateagatik espainolista nahiz txaubinistek euskarara erakarriko ditugula, ala? Bo, bo, bo… Inozoa izan behar da gero! Horiek euskararen KONTRA egon dira beti, egon dira, daude, eta egongo dira, eta horientzako euskararik onena lurpean dagoena da. Presoena aitzakia besterik ez da, Joxe! Ez al zara ohartzen?  Hasi zaitez zeure burua deskolonizatzen!

     

  12. egilea: Unai

    Peru, dena ez da txuria ala beltza. Alde batean euskaltzaleak daude eta beste muturrean españolistak. Baina erdian jende asko eta asko dago. Eta horiek dira “euskararen mundura” erakarri behar ditugunak.

    Eta presoen aldeko kartelekin, Segiren kamisetekin, eta ezker abertzalearen eszenografia guztiarekin nekez lortuko dugu.

    Beste batean zanpantzarrei buruz ere hitz egin beharko dugu…

  13. egilea: Peru

    Unai, badakigu dena ez dela zuri ala beltz. Baina zu ezin zara euskararen alde erdizka egon, edo laurden batean, katu bat erdi katu eta erdi txakur ezin izan daitekeen legez. Eta hemen badakigu nortzuek nahi dugun euskara bultzatzea eta nortzuek lurperatzea. Zu ere Torquemadakoaren ildotik zabiltza, euskararen alde egiteko zer komeni den edo nor egotea komeni den, edo nola jantzi behar dugun, edo zein elastiko erakutsi behar dugun esanez. Labelak banatzen. Askok oso oso pozgarria deritzogu presoen irudiak ikusteari Korrikan, are gehiago, oso positiboa da presoek, erretratu bidez bada ere, Korrikan parte hartzea.

    A! eta izugarri poztuko nintzateke PPkoek, UPNkoek edo nik dakita nortzuek euren eszenografia guztiarekin, euren “biktimen” erretratuekin, Korrika, Kilometroak eta halakoak antolatuko balituzte, baldin eta eszenografia hori guztia euskararen aldarrikapenaren barruan bilduko balitz. Noiz egingo dute? 

  14. egilea: Unai

    Bai Peru, Torquemadaren ildokoa naiz. Oso atsegina zurekin eztabaidatzean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude