Betaurrekoak, hautsita

Bart gauean betaurrekoak apurtu zitzaizkidan. Zehatzago esateko, betaurrekoen eskuin besoa. Inoiz gertatu bazaizue, jaten ari zaretela, hortz baten betegarria edo azala platerera erortzea, hori bizi izan baduzue, orduan ulertuko duzue nire etsipena, anteojo horiek barik ezin baitut ondo irakurri edo pantaila aurrean ganoraz lanik egin.

Gaur goizean optikan izan naiz, eta esan didate ostiral arte, gutxienez, itxaron beharko dudala berriak etorri arte. Izorra hadi! Bitartean, XX. mendeko azken hamarkadan ibilitakoak jantzi beharko ditut, nahiz eta horiek ez diren bifokokoak. Gaitz erdi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Twitter eta bloga

Twitter Revolution liburuak gomendatzen du nork bere blogeko lotura jartzea Twitter-en profila betetzerakoan, ez webgune batekoa. Eta horretarako, Simon Leung Googleko adituaren iritzian oinarritzen da:

  • Googlek ikusten ditu hedabide sozialak (blogak-eta) aginpide handiko gune moduan, eta, ondorioz, gorago sailkatzen ditu webgune estatiko eta salmentako orriak baino, zeren eta haietan baitabil jendea etengabe parte hartzen eta elkarren artean eragiten. (199. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Interneten etorkizuna

Hemen duzue beste bideo bat, Simon Herguetak egina, zelakoa izango den Interneten etorkizuna, baldin eta gobernuek eta erakundeek ez badute kontrolatzen. (Via Enrique Dans).

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Twitter, okindegian

Albion okindegia Londresen dago, eta Twitter hasi da erabiltzen, jakinarazteko harpidedunei noiz atera duen ogi egin berria labetik: “Croissant bero eta egin berriak… zain dituzu!”, eta antzeko mezuak bidaltzen ditu.

David Dedrick okindegiko arduradunak esan omen duenez, esperimendua oso ondo doa, eta bai ogiak zein pastelak berehala saltzen omen dituzte. Hain ondo, ze pentsatzen ari dira sistema zelan zabaldu hiriburuko beste okindegietan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Zelakoa izango da Internet 2015ean?

MMH erakundeak (Museum of Media History) bideo bat egin du, erakusteko zelakoa izango den Internet 2015ean, hau da, zazpi urte barru, eta bertan zer rol izango duen paperezko prentsak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Tomas Ondarra

Laguna dut Tomas Ondarra, 90 hamarkadan hainbat kongresutan elkartu ginenetik. Artean El Correon zebilen, infografia buru. Gero Argentinara joan zen, eta bertan zazpi urte egin zituen Clarin egunkarian. Gaur egun, berriz, El País kazetan dabil, Madrilen, infografia buru.

Orain dela gutxi baina, bloga estreinatu du Tomasek, El Dibu, eta bertan bere ilustrazioak ari da erakusten —Tomas ilustratzaile bikaina baita—, egunkarirako egiten dituenak, eta bestelakoak. Zuek zeuek ikusi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bezeroa, enpresaren aliatu

Gaur egun enpresa aitzindariak ez dira konformatzen bezeroari arrazoia aitortzearekin —“Bezeroak beti du arrazoia”—, ezta nonbaiten Iradokizun kaxa xixtrin bat jartzearekin, haren iritziak behetik gora jasotzeko, noranzko bakarrean. Enpresa aitzindariek eztabaida bidez jaso nahi dituzte bezeroen iritziak eta iradokizunak, eta horretarako, birdefinitzen ari dira bezeroarekiko elkarrizketa.

Enpresa horietako bi dira Dell ordenagailu egilea eta Starbucks kafe saltzailea. Lehendabizikoak IdeiaStorm webgunea sortu zuen, bere bezeroen ideiak, iradokizunak eta proposamenak jaso eta, kasu askotan, gauzatzeko. Ondoren, kafe saltzaileak sortu zuen MySturbucksIdea.com webgunea, helburu berarekin. Horretarako, biek darabilte Salesforce.com enpresaren Ideas plataforma.

Biek ala biek berehalako erantzuna jaso zuten: milaka boto, ideia eta iruzkin, Dell-en kasuan, esate baterako, 11.477 ideia jaso dituzte dagoeneko, eta 85.429 iruzkin.

Kafe kontuetara etorrita, bezero batek eskatu zuen izotz koskorrak kafearekin egiteko, era horretan edari hotzak urtu ez daitezen. Berehala jaso zuen 7.600 berezoren babesa. Beste batek, berriz, eskatu zuen arratsaldez ere saltzeko kafe deskafeinatua, berak arratsaldeko 15:00etatik aurrera hasten baita kafeina bako kafea edaten, arazorik ez izateko loarekin. 6.080 puntu jaso zituen.

Noiz edo behin hari garbiak agertzen dira arazo beten inguruan: zenbait bezerok eskatzen zuten ilara bizkor bat jartzea kafe egin berria ordaintzeko, denbora ez galarazteko zenbait zaleren eskari sofistikatuekin (deskafeinatua txokolate hauts piska batekin, baina esne erdigaingabetu epelarekin…), beste batzuek eskariak iPhone bidez egitea, eta beste askok programatu ahal izatea beren eskariak Starbucks txartelean, halako moldez, non dendan sartzeaz bat, eskatu eta ordain bailezakete. Kasu horietan garbi dago haria: jendea aspertuta dago ilara amaigabeekin. Hala ere, kexatu beharrean, bezeroek soluzioak eskaintzen dituzte, musutruke. Enpresak galdetzea besterik ez zuen.

Webgune biak komunitateak dira, sarean antolatuak, bezeroen ideiak jaso, partekatu eta eztabaidatzeko, enpresek egia bihur ditzaten. Noiz ikasiko dute gure enpresek beste horrenbeste egiten?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Sploga

Sploga da spam bloga, blog berezia software automatikoarekin egina, gezurrezko edukiarekin eta lotura mordoarekin, denak zenbait bezeroren webguneetara zuzenduta, haien webguneek gora egin dezaten Googlen rankinetan.

Helburu hori lortze aldera —Googlen bilaketetan goian agertzea—, zenbait enpresak kontratatu egiten dute jendea herrialde pobreetan, diru apur baten truke, spam blogak sor ditzaten. Beste batzuek nahiago dute blogariak kontratatu artikulu baikorrak idatz ditzaten zenbait enpresaren alde, haien loturak eskainita.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Twitter, bilatzaile eta guzti

Twitter berritua
Ezarian-ezarian, Twitter ari da aldaketa nabarmenak egiten bere webgunean, batez ere azken hilabetean. Nire kontuan, hiru berritasun ditut aipatzeko:

  1. Lauki bat, Twitter-en beste zerbitzu batzuk iragartzeko: Twi-stor-i, etab.
  2. Bilatzailea. Orain hiru bat egun agertu zitzaidan, orriaren eskuin aldean. Lehen Twitter Search-en egiten nituen bilaketak, orain Twitter-en orri nagusian egin ditzaket.
  3. Gai beroak. Bilatzailearekin batera agertu zitzaidan, justu haren azpian, eta hor zerrendatzen dira une horretan zer gai dauden puri-purian Twitter-en.

Irakurri dudanez, azken bi berritasun horiek oraingoz zabaldu dira erabiltzaile gutxi batzuen artean bakarrik, seguruenik Twitter kontuari jarraitzen gatzaizkionen artean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Utzi iruzkina

Etorkizuna, ikuskizun

Unatuta itzuli bainaiz etxera, neka-neka eginda, erabaki dut oparituko dizkizuedala beste hamar atsotitz eder, ez dut-eta beste ezer idazteko gogorik. Zuentzat.

  • Neu nagusi ala muturrak hautsi
  • Dakienak, badaki. Ez dakienak, baleki
  • Lasto-su, laster-su
  • Itsuak ikusgura, errenak ibilgura, gorrak entzungura
  • Deus ez duena, balu, emaile handi
  • Otsoak egiten duena beleari atsegin zaio
  • Garizuma eta urkabea, zoritxarrekoentzat
  • Haurtzaroan ikasia, zahartzaroan oroi
  • Emaile bahaiz, adiskide faltan ez haiz
  • Elerik hoberena, laburrena
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina