Grandola Vila Morena

Hogeita bi urte nituen, Franco noiz desagertuko bizi ginen, eta tunela beti bezain beltz zegoela, bat-batean, jakin genuen Portugalen Armadako ofizial gazteek diktadura eraitsi zutela… tiro bakar bat bota barik. Krabelinen iraultza izan zen.

Gauero Paris eta Londres irratiak entzuten genituen, gehiago jakin guran. Triunfo eta Cuadernos para el diálogo ere irakurtzen genituen. Orduan izan genuen Jose Afonso abeslariaren berri, eta orduan entzun genuen, behin eta berriro, iraultzaren ereserkia izango zena: Grandola Vila Morena.

Herenegun, apirilaren 25ean, hogeita hamabost urte bete ziren iraultza hartatik. Asteburu honetan, hainbat aldiz entzun dut. Oraindik ere, ederra begitatzen zait.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Egunkarien gainbehera

2004an Philip Meyer kazetari eta idazleak argitaratu zuen The Vanishing Newspaper liburua, eta bertan esaten du gaur egungo joerak segituz gero, AEBetan 2040an argitaratuko dela azken egunkaria. Egia ote? Eta gure inguruetan?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Ausarki akometatzea da erdi garaitzea

Atzo lagun batekin hitz egiten ari nintzela —laster abiatuko baita ekimen zail batean— aipatu nion aspaldi Oihenarteri irakurritako esaera zaharra: “ausarki akometatzea da erdi garaitzea” (Atsotitzak eta neurtitzak, 92. or.). Esan nahi nion ausardiaz erasotzea dela erdi irabaztea, animoa emateko modu bat.

Behin etxean, Euskal Hiztegian begiratu nuen, eta aurkitu nuen esaeraren aldaera bat, baina Sebero Altubek esango lukeen moduan: “ausarki erasotzea erdi garaitzea DA”. Nik, nahiago Oihenarteren moldea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Twitter eta TinyURL

Atzo Twitter zelan erabili erakutsi nien ikasleei, Web 2.0 ikasgaiaren barruan. Hogeita hamar ikastetatik, batek bakarrik zuen Twitter kontu bat, baina orain astebete egina. Denek ezin izan zuten kontua sortu —batzuetan, IP bera erabiltzeak arazoak sortzen dizkigu zenbait eragiketa egiterakoan—, baina uste dut interesez hartu zutela aplikazioa. TinyURL ere azaldu nien, inork ez baitzuen horren berri. Goiko aurkezpen hau erabili nuen gaia lantzeko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Similar images

Atzo Googlek hainbat aplikazio berri plazaratu zituen, tartean Similar images. Horren arabera, aukeratzerakoan argazki bat, baldin badauka argazkiaren azpian lotura bat “similar images” dioena, egin klik hor eta Googlek bilatuko dizkizu milaka argazki oso antzekoak, zuk nahi duzuna aukeratu arte.

Proba egin dut, eta oso ondo dabil:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zerbitzaritegiak, hodei informatikoari eusteko

Googlen lehen zerbitzaritegia
Gero eta indar handiago hartzen ari da hodei informatikoa, zerbitzu informatiko multzo hori zeina eskaintzen baizaigu ez ordenagailuetan, baizik eta sarean. Google, Amazon, Salesforce.com, Sun, Microsoft… ari dira horrelako zerbitzuak eskaintzen. Baina non hartzen dute ostatu zerbitzari horiek? (Argazkia: Toshihiko Katsuda)

Nicholas Carr idazleak zerbitzaritegi horietako bat erakutsi du bere blogean (ingelesez server farms esaten diete), The Dalles herrian dagoena, Oregon estatuan, AEBetan. Googlek eraikitako lehena da, zaharrena beraz, Columbia ibaiaren ondoan, eta handik jasotako argindarra erabiltzen du zerbitzaritegia elikatzeko. Carr-ek kalkulatzen du horietako batean 150.000 zerbitzari egongo direla, elkarren artean lotuta, eta lanean. Hainbeste zerbitzarik eragindako berotasuna hozteko, berriz, Googlek hoztorreak erabiltzen ditu, argazkian ikusten diren modukoak.

Bestalde, Googlek berak bideo bat erakutsi du zelakoa den zerbitzaritegi horietako bat barrutik. Gmail edo Google Calendar erabiltzen duzunean, pentsatu han erabilitako datuak beharbada zerbitzaritegi erraldoi horietako batean egongo direla gordeta.

Microsoft ere bai
Microsoftek ere ikusgai utzi du bere zerbitzaritegi horietako bat, berriagoa Googlek erakutsi duena baino. Hura bezala, ordea, horrek ere urtegi hidroelektriko bat du ondoan —gunea argindarrez hornitzeko— eta hoztorreak erabiltzen ditu —zerbitzariak hozteko.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Osatu egin dut nire biografia

Blog honek badu atal bat eskuineko zutabean, Nor naizen, eta hor idatzita nuen biografia labur bat. Egun hauetan osatu egin dut horko informazioa, irakurleak argibide gehiago izan dezan nork idazten duen blog hau.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Blogari gaiztoak

Atzo Eskoriatza-Luku autobide zati berria probatu genuen lehen aldiz —erosoa eta ikusgarria—, Gasteizera joan ginen-eta, film bat ikustera: La sombra del poder, thriller bat kazetariak dituena protagonista. Atzealdean, Washington, AEBetako gobernuaren asmoa segurtasuna pribatizatzako, bi hilketa, kongresista bat, maitasunezko triangelu bat, eta egunkari handi bat, gainbeheran. Entretenigarria egin zitzaidan, nahiz eta bihurriegia ere iruditu zenbaitetan.

Filmak indartu egiten du aurreiritzia, hortik zehar dabilena, zeinaren arabera, blogariek arinkeriak idazten baitituzte. Aitzitik, paperean dabiltzanak, profesionalismoaren eta sakontasunaren paradigma dira. Une batean, gainera, blogariak berak aitortu egiten du esku artean duten informazioa inportanteegia dela, eta hobe paperean ateratzea. Enpin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gutenberg galaxiaren hastapenak

Aspaldi ikusia nuen bideo hau, baina gero denbora luzea egin nuen berau ezin aukiturik. Seguruenik ikusita izango duzue, baina hona ekarri dut, beti egin didalako grazia, oso ondo islatzen ditue-eta gure hasierako beldurrak ordenagailuarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Sustatu vs ZuZeu?

Atzo izar bat gehiago agertu zen, erabat berria, euskarazko komunikazioaren esparruan: ZuZeu albistari digitala. Harritzekoa bada ere, salbuespenak salbu, sarean ez nuen igarri bozkario berezirik, euskaraz bizi garenon informazio esparrua zabalduko delako (Sustatun, adibidez, albisteak ez zuen erantzunik jaso), baina bai zelabaiteko kezka, Hasier Etxeberria ZuZeu albistariko bultzatzaile nagusiak Komunikariak sarean idatzi eta Sustatun bertan agertutakoagatik: “Behingoagatik euskarazko sarearen tripetan konpetentzia dagoela dirudi”.

Bat bitan banatzen da?
Errepikatu egingo al da, beste behin, euskaldunon arteko betiko
madarikazioa, alegia, bat bitan banatzen dela beti? Euskaltzaindia vs
Euskarazaintza, HPS vs Kontseilua… Kanpotik ari naiz hitz egiten, baina
ez zait iruditzen beldur horrek funts sendorik duenik, hasteko ZuZeu ez
delako Sustaruren eszisioa. Antza denez, Hasier Etxeberriak eta
Luistxo Fernandezek elkarrekin hitz egin zuten ea zerbait egin
zezaketen batera, baina ez bide ziren ados jarri. Kito.

Nik, berriz, beste modu batean ikusten dut egoera. Nire autoaren
irratian hainbat irrati-emisora dauzkat memorian sartuta: Euskadi
Irratia, Gaztea, EITB Irratia, Herri Irratia… Hori bitasuna baino
gehiago da: lautasuna, bai, gutxienez. Baina ez naiz kexatzen,
eskertzen baitut aukera gehiago izatea.

Iruditzen zait batak zein besteak —Sustatuk nahiz ZuZeuk— posizionatzea
dutela desafio handien euskal sarelarioi begira, produktu desberdinak
eskaintzea, nahiz eta biek informazioa erabili lehengai, eta
horretarako, asmatu beharko dute erabiltzaileei entzuten.

Flickr eta Facebook
Beharbada adibide bat jarrita hobeto ulertuko da zer esan nahi dudan. Flickr 2004an sortu zen jendeak argazkiak parteka zitzan Interneten. Beraz, argazkiak dira bere espezialitatea. Facebook, ostera, urte berean jaio zen, baina sare sozial gisa.

Kontua da gaur egun askoz ere argazki gehiago daudela Facebooken Flickr-en baino, nahiz eta hori ez izan Mark Zuckerberg-en
hasierako asmoa. Horrek kalterik ekarri dio Flickr-i? Bat ere ez.
Zergatik? Bitartean, Flickr ere aldatzen joan delako: hasieran zen
zerbitzu bat familiari eta lagunarteari begira, baina azken urteotan,
aldatzen joan da, eta gaur egun da argazkizale potenteen sare eta
erakusleiho globala. Flickr-ek erakutsi du badakiela entzuten, eta joan
da sortzen bere erabiltzaileek aldian-aldian eskatutako azpiegiturak.
(Gainera, argazkizale sutsu horietako askok eta askok pro kontua dute Flickr-en, eta urtean 25 dolar ordaintzen dute, argazkiak muga barik igotzeko)

Hala Flickr-ek nola Facebookek argazkiak kudeatu behar dituzte euren
negozioetan, baina biak dabiltza olatuaren aparretan, bakoitza bere
nortasunarekin.

Sustatu eta ZuZeu
Atzo ezkero, beste panorama bat dugu euskarazko komunikazio digitalean,
orain aukera bat gehiago dugulako. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu:
Sustatuk ia zortzi urteko historia, sinesgarritasuna, eta
etorkizunerako asmoak. ZuZeuk, ilusioa eta anbizioa gauzak ondo
egiteko. Arrakasta izango dute, asmatzen badute euskal sarelarion
nahiak entzuten eta interpretatzen. Nik horixe opa diet.

Bitartean, “kanta dezagun denok, hau degun alaia, ZuZeu jaio da-eta, kanta aleluia!”

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin