Beatrix Potter

Larunbat gauean Miss Potter filma ikusi nuen etxean, Beatrix Potter
idazle britainiarraren biografia, Renée Zellweger aktoreak antzeztuta.
Jakin-mina nuen Beatrix Potter-en gainean, Miren txikia zela hainbat
istorio irakurri baikenituen harenak, zein baino zein politagoa.
Gustura ikusi nuen filma, bertan argi erakusten baitira Potter
andereñoaren sorkuntza, sentiberatasuna eta nortasun handia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Gau berezia

Herenegun, Chelsea eta Barça futbol taldeek hasi zutenean itzuliko partidaren bigarren zatia, Bego eta biok Tangerrera joan ginen, gure auzoko aspaldiko taberna batera. Jende ezagunez beteta zegoen: Juan Mari, Iñaki, Balen, Ramon…, batzuk afaltzen, besteak tragoa hartzen, baina denak pantailari begira. Ni ere jarri egin nintzen, kafesne bat eskuetan.

Berrogeita bost minutu zirraragarriak izan ziren: Chelsea hobeto ari zen jokatzen, baina Barçak ez zuen amore ematen, penalty bat barkatu zieten katalanei, baina azken ordu erdia ia hamar jokalarirekin egin behar izan zuten, sufritzen. Nire begiek argi ikusten zuten Barçako jokalariak ezinean ari zirela, baina nahi nuen eurek irabaztea.

Azkenaren azkenean, dena galduta zirudienean, Barçaren jarraikitasunak fruitua eman zuen, Iniestaren ostikada ikusgarriarekin. Behin bakarrik jaurti aurkariaren atera, eta bertan asmatu! Txaplieguak bezala egin genuen denok gora, orro koral batean. Eta ni tartean. Pozik irten nintzen tabernatik, pentsatzen bainuen Barçak merezi zuela finalera iristea, denboraldi osoan hain ondo, ikusgarri eta ausart jokatuta.

Etxera bidean, Aitor iturginak perspektiban jarri zidan partida: “Chelseari lapurtu egin diote partida”, esan zidan, “akats bat egin du, hori bai, bigarren golik ez sartzea, baina, bestela, arbitroak zerikusi handia izan du emaitzan”. Hala ere, oheratu nintzen pentsatuz ikusi berri nuela partida bat, ahazten ez den horietakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Arbel eta mahai digitalak

Applek arbel digital bat aterako omen
du aurten, tamainaz gaur egungo iPhone halako hiru. Horixe diote
zurrumurruek, gero eta ozenago. Urtarrilean, bestalde, PQ Labs enpresak
Multi-Touch iTable mahai digitala aurkeztu zuen Las Vegasen.

Bai
arbela eta baita mahaia ere senideak iruditzen zaizkit niri, oso
antzekoak kontzeptuz. Bigarrena garestia izango da oraingoz, baina
lehena txurroak bezala sal daiteke, prezio batere eskuragarrian jartzen
badute. Eta begitatzen zait biek ala biek aldatu egingo dutela zelan
erabiltzen ditugun tresna informatikoak. Saguak eta arkatz digitalak,
esate baterako, egunak zenbatuta izan ditzakete.

Arbel digitala,
kasu, erabat eramangarria izan daiteke, eta hor denetik egin ahal
izango da: Interneten nabigatu, posta kudeatu, liburuak irakurri
(testuliburuak, liburu normalak, egunkariak, etab.), bideo jokoetan
ibili, marraztu, margotu, argazkiak editatu, telefonoz hitz egin, bideo
konferentziak egin…

Ordenagailua erostekotan direnek hobe
izango dute itxarotea, ahal badute behintzat, tresna eta software
horiek beste paradigma bat ireki dezakete-eta informatikaren erabileran.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Agur, eta ongi etorri

Joan da Juan Jose Ibarretxe, eta etorri da Patxi Lopez. Lehenari eskerrak eman nahi dizkiot egin duen lanagatik. Uste dut gizon zintzoa dela, eta horrela jokatu duela Lehendakaritzan ere. Patxi Lopezi, berriz, opa diot asma dezala bere lanean, asmatzen badu, denok ibiliko baikara hobeto.

Jatorrizko bekatua dakar Patxik, frentismoak eraman baitu Ajuria Eneara (berak abertzaleei hainbestetan egotzitako hobena), baina zergatik ez diot sinistuko esaten duenean politika irekia egin nahi duela? Beste kontu bat izango da ea lortzen duen horrelakorik egitea, dituen lagunak izanda.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Gida baimena beste hiru urterako

2002an ez zidaten berritu gida baimena aldi batez, minbizia nuelako aitzakiarekin. Ondoren, hiru urterako eman zidaten bakarrik, badaezpada. Joan den ostegunean, beste hiru urterako berritu zidaten, baina oraingoan aurreratu didate hiru urte barru normaltasunera itzuliko naizela, ordurako hamar urte beteko dira-eta gaixotu nintzenetik. Ea bada 2012an “normal” bihurtzen naizen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Tasmin Little

Biolin jole miraria da Tasmin Little: Londresen jaio zen 1965ean, eta mundu osoan da ezaguna. Dagoeneko 23 disko kaleratu ditu, baina bere webgunean CD bat du zenbait piezarekin, doan jaits daitezkeenak. Lan handia egiten ari da nonahi musika klasikoa zabaltze aldera, eta horretarako ederki baliatzen ditu teknologia berriak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Prentsa ariketak

Badakit DV egunkariak agenda oso zehatza duela —Espainia zalea, bertako tanto folkloriko zenbaitez apaindua—, eta une erabakigarrietan Vocento
taldeak oso gogor jokatzen duela Euskadi Espainian finkatzearen alde.

Hala
ere, aitortu beharra dut zenbait unetan DVk badakiela aztiago jokatzen
prentsa abertzaleak baino. Adibidez, gaur. Begiratuz gero Gara, Berria eta DV
egunkarien lehen orriei, hirurek eskaintzen diote albiste nagusia
Maiatzaren 1ari. Baina Berriak eta Garak argazki nagusia LAB
sindikatuari eskaintzen dioten bitartean, DVk hiru argazki erakusten ditu, Gipuzkoan nagusi diren
sindikatuen deialdiei eskainiak. Gaur, itxuraz, DV zabalagoa eta
inpartzialagoa da besteak baino.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

ZuZeu, Mondragon Unibertsitatean

“Mundu “pantallagrueliko” batean bizi gara”, hasi zuen aurkezpena
Hasier Etxeberria, Gilles Lipovetsky eta Jean Serroy aipatuta, atzo
arratsaldean Huhezin izan baikenituen Hasier bera eta Mikel Lasa
kazetaria, ZuZeu albistari digitala 1. zikloko ikasleei aurkezten,
Ikus-entzunezko Komunikazioan.

Pasio handiz aurkeztu zuten ZuZeu, nahiz eta oraindik albistaria
probatan dabilen, maiatzaren 14an aurkeztuko baita modu ofizialean.
Sarean izan duen ibilbideaz hitz egin zuen lehendabizi Hasierrek, bere
diagnostikoa ere azaldu zuen euskaldunok zer eskaintza dugun sarean,
eta hortik eratorritako galdera, “nola sortu kalanbre bat lur antzu
horretan?”. Ahalegindu arren, ez zen posible izan proiektu bateraturik
Sustaturekin batera, eta presa zutenez, ZuZeu kaleratu zuten apirilaren
14an.

ZuZeu proiektu horizontal gisa ulertzen dute bere sortzaileek,
tresnarik ahalik eta zabalduena nahi dute-eta euskaldunon artean. Pozik
daude egindakoarekin, ikusten baitute ZuZeu sortze hutsarekin eragin
dutela euskal panoraman. Orain, berriz, jendearen inplikazioa bilatzen
dute, horregatik etorri ziren Mondragon Unibertsitatera, komunikazio
ikasleak inplika daitezen bertan. Esango nuke gure ikasleen arreta eta
interesa, behintzat, harrapatu zutela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Kazetari multimedia

Atzo Iban Arantzabal izan genuen Huhezin, Goiena.net-eko arduraduna eta
Goiena Telebistako zuzendaria, hitzaldia eskaini zuen-eta Web 2.0
irakasgaian, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari diren 1. mailako
ikasleentzat.

Kazetari multimediak direla-eta, bere aurkezpenak hiru lekukotasun
zituen: Martxelo Otamendik zioen teorian bai, polita izan daitekeela
kazetari multimedia, baina praktikan ez duela emaitza onik izan,
AEBetan esate baterako. Ondoren, berriz, etorri ziren Iker Barandiaran eta Maider Arregi Goienako kazetariak, zeinek azaldu baitzuten
Goienaren barruan zer motatako lanak egiten dituzten, hedabidearen
euskarrietan: telebistan, irratian, paperean eta Interneten. AEBetara
joan beharrik ez dago ikusteko kazetari multimedia iritsi dela gure
artera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Rock Terapia

Lor musika taldeak orain dela gutxi grabatu du azken diskoa. Rock Terapia du izena, eta aurkeztuko da maiatzaren 7an. Horrekin batera, bideo bat ere grabatu du taldeak Elorrion bertan, Lor Elorriokoa baita, eta Youtuben dago ikusgai.

Abeslaria Lander Irazola da; baxua, Kimetz Blanco, eta bateria, Ramiro Unzeta. Atxeh Independent Records etxeak ekoitzi die diskoa. Zorterik onena, mutilak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin