Agur 2008-2009 ikasturteari

Gaur da gure azken laneguna HUHEZIn, zeren bihar ikasturte amaierako txangoa izango baitugu, aurten Elorriora. Ikasturte betea izan da, baina ona, besteak beste gure karrerari, Ikus-entzunezko komunikazioa, perspektiba berriak irekitzen ari baitzaizkio, sendotzen ari den neurrian.

Azken ukituak eman beharko dizkiot prentsa txostenari, urtero egiten dudana neurtzeko HUHEZIk zenbateraino agertu den hedabideetan, banatu dagokienei, azken orduko lantxoak amaitu, mahaia garbitu, eta agur esango diet lan mahaiari eta ordenagailuari, baita lankideei ere, irailaren bata arte. Zuek ere, izan ontsa!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Alarma faltsua

Igande arratsaldean A gripearen itzala zabaldu bazen ere Urbasa inguruetan, Miren alaba eta bere lagunak egiten ari diren udalekuan, orain badakigu ezetz, alarma faltsua izan dela.

Telefono dei bat jaso genuen. Udalekuko arduradunek esan ziguten udatiar bi gaixotu egin zirela. Osasun etxera eraman eta, badaezpada, Osasunbideak protokoloa abiarazi zuen, A gripea balitz bezala, gaixoen osasuna zaindu eta gaixotasuna zabal ez zedin bertakoen artean. Horregatik deitu ziguten guraso guztiei.

Atzo, berriz, jakin genuen analisien emaitzak negatiboak izan direla, A gripearen arrastorik ez dela agertu. Vancouver-erako bidaia ziurtatze aldera, gu prest geunden Miren etxera ekarri, eta zenbait egunetan ni etxetik kanpo bizi izateko, badaezpadako neurri gisa. Orain, ostera, ez dugu horren beharrik izango.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Udan, Vancouverrera

Udako opor hauetan Vancouverrera joango
gara, Kanadara, han pare bat aste pasatzera. Gazteagoak ginenean,
1982an hasita, urtebete eta erdi egin genuen Begok eta biok han,
bakoitza familia batean bizi izaten, umezain eta etxezain.

Dagoeneko
hogeita sei urte igaro dira Vancouver utzi genuenetik, eta bertan ni
bizi izandako familiaren etxean egongo gara, Prowse-tarrenean,
oraingoan Miren alabarekin batera. Ez dakit astirik izango dugun nahi
dugun guztia egiteko, baina hona itzuli aurretik nahiko nuke arineketan
egin Stanley Park zoragarrian, erdiuharte bat, 10 bat kilometroko
perimetroa duena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Wordnik, hiztegia 2.0

Hiztegi bat sortu da Interneten, Wordnik, oso ondo uztartzen dituena Web 2.0ren baliabideak. Euskaltzaindiko kideei gomendatuko nieke arretaz proba dezaten, ikusteko zer egin daitekeen informazioa libre jartzen denean Interneten, 2.0 garaian hiztegiak uztar baitaitezke beste baliabide batzuekin, direla argazkiak, Twitter mezuak, estatistikak edo prentsatik ateratako aipuak.

Sartzen duzunean hitz bat Wordnik hiztegian —oraingoz ingelesez izan beharko da—, honako informazioa jasoko duzu:

  • Definizioak. Hainbat definizio, beste hainbat hiztegitatik jasoak: American Heritage Dictionary, Century Dictionary, Webster’s Unabridged (1913) eta WordNet.
  • Loturiko hitzak. Sinonimoak, antonimoak eta beste hitz zenbait, lotura izan dezaketenak bilatutako berbarekin.
  • Ahoskera. Hiztegiak aukera ematen dizu entzuteko zelan ahoskatzen den hitz hori.
  • Adibideak. Esaldiak eta testuak, hitza testuinguruan ikusteko, berau hobeto ulertze aldera.
  • Twitter. Hiztegiak arakatu egiten du Twitter, ikusteko ea bilatutako hitz hori agertzen den mezuren batean.
  • Irudiak. Flickr-etik hartutako hainbat argazki erakusten ditu, hitzaren etiketa dutenak.
  • Etimologia. Jakin nahi dutenentzat hitzaren jatorria eta bilakaera.

Jakin nahi izanez gero zerbitzu hauek guztiak batera, nahikoa da Summary fitxan sakatzea.

Hona hemen Web 2.0 garaiko hiztegi bat. Begitatzen zait guk ere egin genezakeela horrelako zerbait, baldin eta Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua eta beste hiztegi batzuk libre egongo balira. Askatu, behingoz, “artxibo sekretua!”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ba ote egiazko historiarik?

Liburu bat hasi naiz irakurtzen, El blog del Inquisidor, eta bertan esaldi hau aurkitu dut:

  • Ez dago, eta sekula ez da egongo, egiazko Historiarik, zeren eta inoiz inori ez baitzitzaion egia interesatu, ez bada bere bertsioa nagusitu zedin gainerakoen artean. (20. or.)

Esaldia gordina da, baina nik gauza bera sentitu nuen ikasketak amaitu eta gutxira, Gaur Egungo Historia ikasi bainuen Deustuko Unibertsitatean. Bakoitzak bere erara erabiltzen zuen historia, bere interesak justifikatzeko: inperialistek, iraultzaileek, espainol zaleek, abertzaleek… Nazkatu egin nintzen, eta utzi egin nuen. Gaur egun, distantziatik begiratzen diet historia kontuei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 4 iruzkin

Datuak, nork bere mesederako

Sasoi batean, denboran ez oso urruti, Vocento taldeko egunkariek titular handiak egiten zituzten azalean, Euskobarometroak ematen zituenean hainbat datu, kritiko izan zitezkeenak Ibarretxeren gobernuarekin. Gogotik baliatzen zituzten datuok aurreko lehendakaria jorratzeko.

Hori lehen zen. Gaur egun, berriz, dena da bakea, loria eta sosegua Patxi Lopezen gobernuarekin. Euskobarometroak dioela EAEn galdetutakoen artean %61ek ez dutela onartzen PSE eta PPren ituna? Asko jota El Correon aipamen txiki bat, behe-behean, ezkerreko zutabe txikian, beste baten azpian, hori bai, positiboa lehendakariarentzat. DVn, noski, ezta aipatu ere azalean. Nagusilandian ere, txakurrak ortosik.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Pertzepzioak

Udaberrian lagun batek esan zidan berak bi Joxe ezagutzen dituela: bata birtuala eta bestea erreala. Lehena blogean agertzen da, eta ez dauka lotsarik bere buruaz hitz egiteko, batzuetan “harrokeria puntu bategaz”. Joxe hori, birtuala, horrela dabil pozik eta askatuta, haren ustez. Joxe erreala, ostera, oso bestelakoa omen da, isilkorra.

Orain dela gutxi, berriz, beste batek aurpegiratu dit ni famatua banintz, Jezulin Ubriquekoaren emaztea-eta bezala ibiliko nintzatekeela, telebistaz telebista, dirua egiten nire kontuak kanporatzearen truke.

Faroa blog pertsonala da, eta egia da bertan nire kontuak ere kontatzen ditudala zenbaitetan, blogak egunerokoak ere izan baitaitezke (ez ahantzi bitakora ere esaten zaiela), baina hortik exibizionismoa egitera bide luzea dago, eta uste dut oraindik ez naizela muga horretara iritsi.

Hala ere, bistan da oraindik ere jende askorentzat jarduera birtuala harroa edo exibizionista izan daitekeela, ukitu pertsonalak baldin baditu. Zer egingo diogu, bada!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 6 iruzkin

Zergatik adimen mapak

Orain dela gutxi, Dan Woods kazetariak artikulu bat idatzi zuen Forbes.com aldizkarian adimen mapen ahalmenaz. Horrela zioen:

  • Adimen
    mapa batean ideiak harrapa ditzaket  elkarrizketa batetik edo diseinu
    bat liburu baterako, eta ez naiz sentitzen zapuztuta edo nekatuta.
    Ikuspegi lineala utzita, eremu bidimentsional batean sartzeak aukera
    ematen dit bizkor mugitzeko, ideia bat dagokion tokian jartzeko
    saguaren bidez batetik bestera mugituz, xehetasun maila zabalduta edo
    txikituta, beharren arabera. Hau guztiau bizkorra eta erraza denez,
    ideia gehiago harrapatzen ditut eta bizkorrago berregituratzen. Era
    horretan, nire adimen mapak hobeto ispilatzen du nire ulermena. Itzultzen
    naizenean adimen mapa batera, berehala datorkit testuingurua, hura
    egiterakoan pentsatutakoa; ezer ez da galtzen. Ez dut beldurrik izaten.
    Adimen mapak handiak eta konplexuak izan daitezke, eta berauen
    sakontasuna kontrolatzeko, hedatu edo uzkurtu egiten ditut besoak.
    Sarri erabiltzen ditut adimen mapak antolatzeko eta aztertzeko beste
    inon dudan informazioa, hala nola Salesforce.com enpresan sortzen
    zaizkidan aukerak.
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Euskaltzale tipologia berria

Biharko euskaltzaleak, gaur
Zenbait jendek galdetu dit nortzuk
diren euskaltzale horiek, goiko diapositiban agertzen direnak, ikusi
dituzte-eta Internet elkarrizketa da aurkezpenean, eta ez dituzte
ezagutu. Ezkerretik eskuinera goiko ilaran: Iban Arantzabal
(Goiena.net), Maite Goñi (Euskaljakintza) eta Jabi Zabala
(Sarean.com). Beheko ilaran, Arkaitz Zubiaga (Zabaldu.com), Gari
Araolaza
(Tagzania) eta Gorka Julio (Teketen.com).

Aurkezpen hartan esan nuen Interneten inguruan sortzen ari dela euskaltzale tipologia berria, honako ezaugarri hauekin:
    •    Gaztea.
    •    Euskaltzalea.
    •    Software librearen aldekoa.
    •    Sarean lan egiteko prest.
    •    Lana boluntario gisa egiteko gertu.
    •    Komunitate zentzu handiarekin.
    •    Teknozalea edo teknologia erabiltzeko prest, euskararekin batera.
    •    Multimedian hazia.
    •    Profil askotarikoa: informatikaria, irakaslea, ikaslea…

Argazkiko
izenetatik aparte, beste hainbat izen aipatu nituen: Luistxo Fernandez,
Ana Malagon, Patxi Gaztelumendi, Jokin Lacalle, Josi Sierra, Leire
Narbaiza, Haritz Rodriguez
eta Joxe Rojas, besteak beste. Zorionez,
badira gehiago ere, baina diapo batean sei baino ez zitzaizkidan
sartzen.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Bleu

Bleu lehen aldiz ikusi nuenean, liluratuta geratu nintzen; filmak, musikak eta Juliette Binochek prendatuta. Atzo bigarrenez ikusi nuen, eta berdin: a zelako emozioa transmititzen duen musikak! Eta zer esan Juliette Binochez? Zoragarri zegoen.

Rouge filma ere ikusi nuen —atzo zine eguna izan nuen etxean, Eskoriatzako jaiak aprobetxatuta—, eta, gustura ikusi nuen arren, ez ninduen hunkitu trilogiako lehenak bezala. Orain hirurak ditut ikusita —Bleu, Blanc eta Rouge—, baina badakizue niretzat zein den onena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 6 iruzkin