Kolibria

Ikusia nuen kolibria indiarren arte lanetan, Kanadako Mendebaldean, baina sekula ez nion arreta handirik jarri. Joan den ostiralean, berriz, Vancouverren ginela Andrearen zain, Prowsetarren etxean, Miren konturatu zen txori txiki-txiki bat zebilela kanpoaldean, erleak nola, lore batetik bestera hegan eginez, denetatik zurrupaka.

Galdetu genuenean zer izen zuen txoritxoak, humming bird esan ziguten. Gauean, ostera, afaltzen ari ginela, kontatu genien afaltiarrei zelan ikusi genuen txoritxo hura, eta galdetu zigutenean zer izen zuen gaztelaniaz, hirurok mutu geratu ginen, ez baikenekien. Jen, orduan, telefonora hurbildu eta bere amari deitu zion, Kolonbian jaioa baita: “mamá, cómo se dice humming bird en español?” Erantzuna berehala etorri zen: Chupaflor. Barre egin genuen guk, inoiz entzun barik halako izenik, baina harrituta zein ondo azaltzen zuen txoritxoaren ezaugarri nagusia. Handik puntuko, ama gogoratu zen colibrí ere esaten zaiola, eta hori bai, ezaguna genuen.

Berriro Elorrion, Begok ohartarazi dit koadro bat dugula, Vancouver aldeko indiarrek egina, eta bertan ikusten dela kolibri bat lore batean zurrupaka, eta bere gainean beste bat, indiarrek marrazten duten eran. Orain bai, kolibria itsatsita geratu da nire gogoan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Iritsi gara etxera

Azken eguna, Prowse-tarrekin
Neka-neka eginda iritsi ginen atzo eguerdian Elorriora, baina pozik, zeren bidaia luzea izan zen arren —hamar ordu eta erdi Bartzelonara—, dena ondo joan zelako.

Goizeko 06:45etan heldu ginen Bartzelonara. Zortzi ordu itxaron beharra genuen hartzeko Bilborako hegazkina, berau arratsaldeko 15:00ak aldean irteten baitzen. Luze iritzita, erabaki genuen ahalegina egingo genuela bidaia goizeko 09:00etara aurreratzeko, ordu horretan gure konpainiak beste hegaldi bat baitzuen Bilbora. Kostata, iritsi ginen Vueling konpainiaren bulegoetara, eta esprint luzea eginda, justu iritsi ginen hegazkinera. Hiru ordu laurdenetan Loiun ginen. Eta han, Fatima eta Mikel gure zain.

Arratsaldean lo kuluska bat egin genuen, lau bat ordukoa, eta horrek lagundu zigun eguna hobeto igarotzen. Bart gauean, berriz, goizeko 03:00ak aldera esnatu naiz, ordu aldaketak eraginda seguruenik —bederatzi orduko aldea dago Vancouver eta Elorrio artean—, eta horrela egon naiz, egonean, zazpiak arte.

Bidaia zoragarria izan da —barkatu errepikatzen banaiz, baina horrela izan da—, neurri handi batean Prowse familiari esker, euren etxea eskaintzeaz batera, denbora, aholkuak eta arreta ere oparitu baitizkigute. Espero dut berandu baino lehen aukera izango dugula geure artean izan daitezen, Euskal Herrian, ondo zainduko ditugu-eta. Beste horrenbeste esan beharra dugu Bridgertarrak, Shandrotarrak eta Vancouverren bizi diren euskaldunen gainean: gozatu egin digute egonaldia Kanadako mendebalean.

Goiko argazkia ostiral arratsaldean atera genuen, Prowsetarren etxean, afaltzen hasi aurretik. Ezkerretik eskuinera: Miren, Bego, Joxe, David, Clif aita, Janet, Clif semea eta Jen.

Bidaia honetako argazki guztiak Flickr-en daude: lehen astekoak eta bigarrengoak ere bai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Azken egunean, arraunean

Arraunketaren hasiera
Osteguna izan da gure azken eguna Vancouverren. Hotz egin du gauean, eta fresko egin du goizeko lehen orduetan. Horregatik, nagi samar ibili gara arraunean joan aurretik. Egia esan, nik arraunean egin dut Begok eta Mirenek azken orduan bultzatuta, hasieran ezetz esan dut-eta.

Andrea etorri da gure bila, garai batean Begok zaindu izandako neska. Zuzenean joan gara Granville Islandera, handik ginen-eta abiatzekoak. Jantzi, eta berehala joan gara kayak mordoa zegoen lekura, moilara. Andrew gaztea izan dugu gidari. Berak esan ditu atariko hitzak, zelan nabigatu, zelan egin arraunean, eta nondik nora ibiliko ginen. Esan eta egin: laster abiatu gara. Ni Begorekin, eta Andrea Mirenekin; irakaslea, bakarrik.

Itzuli ederra izan da, bi ordukoa, False Creek inguruan zehar. Olinpiar hiriraino joan gara, amaitu barik oraindik, eta handik buelta. Tartean, japoniar arraunlariekin egin dugu topo, entrenatzen suhiltzaileen arteko jokoetarako. Buelta nekatuago egin dugu, baina pozik, batez ere ni, azkenean arraunean egin dugulako.

Betty-renean
Handik Betty-ren etxera joan gara, bazkaltzera. Berriro elkartu gara garai batean Begok zaindu izandako haurrekin, gaur egun ama bihurtuta. Hiru ume izan ditugu geurekin, ez baitira alperrik igaro 27 urte gu hemen bizi izan ginenetik.

Azken afaria
Ilunabarrean, berriz, Prowstarren etxean elkartu gara, gure etxean, azken afaria egiteko, gu etxera itzuli aurretik. Denok izan gara, David eta Nicky barne, nik zaindu izan nuen mutila eta bere neska. David atzo etorri zen Vancouverrera, kontzertu itzulian ibili baita AEBetan, Japandroids taldearekin.

Penaz joango gara Vancouvertik, denak ere oso ondo portatu direlako gurekin, eta ikaragarri ondo pasatu dugulako. Kanada gure bigarren etxea da guretzat, eta Vancouverrek beti izango du toki berezi bat.

Bigarren asteko argazki guztiak Flickr-en dituzue, sorta batean eratuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Shandro familiarekin

Sandro familiarekin
Asteazkena fresko esnatu zaigu Vancouverren, fresko eta lainotua. Horregatik, goizean lasai ibili gara, ordubatean hitzordua genuen-eta Judy Shandrorekin. Orain 27 urte, hiruzpalau hilabete bizi izan nintzen Shandrotarrenean, harik eta lana aurkitu nuen arte umezain gisa Prowsetarrekin. Horregatik, ezin Vancouvertik joan Shandrotarrak agurtu barik.

Europatik etorri berri zirenez, gaurko geratu ginen, eta hantxe agertu zaigu Judy, beti bezain dotore. Handik gutxira, Peter etorri da, senarra, eta eurekin bazkaldu dugu, itsasoari begira. Honetaz eta hartaz egin dugu berba mahaiaren bueltan: semeen gorabeherak, bilobak, kooperatibak, Santiago bidea, etab. Bukaeran, Matt agertu da, seme zaharrena, lana utzi eta guri kuku bat egitera. Ez dakit zergatik, irudipena dut berandu baino lehen, Judyk eta Peterrek Santiago bidea egingo dutela. Eta hori egiten badute, badut esperantza gurera ere etorriko direla, bisita egitera.

Itsas lamiaren ondoan
Stanley Parken, bizikletaz
Shandrotarrak agurtuta, bizikleta denda batera joan gara, eta hiru bizikleta alokatu ditugu, Stanley Parkeri itzulia egin nahi genion-eta. Itzuli zoragarria izan da, han eta hemen geratuta, hainbat argazki ateratzeko. Miren ere, pozez zoratzen ibili da.

Ikus dezazuen zein ederra den Stanley Park, ikusi Janusz izeneko argazkilariak Vancouver hiriari egin zion argazkia, Harry Jerome lasterkariaren omenezko estatuaren ondotik.

Behin bizikletak utzita, Clif Prowse etorri da gure bila. Granville merkatura joan gara, eta han fruta eta blueberry pastela erosi dugu, izozkiarekin. Horixe izan da gure afaria, gozoa benetan. Biharko eguna baino ez zaigu geratzen Vancouverren, ostiral goizean bagoaz-eta Euskal Herrirantz.

Ikusi nahi badituzue eguneko argazkiak, Flickr-en dituzue denak, sorta batean antolatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Baleak ikusten Vancouver uhartean

Ferrian, Vancouver uhartera bidean
Asteartean Prowse familiak —berauen etxean hartu dugu ostatu Vancouverren gauden bitartean— opari galanta egin digu: jai hartu lanean eta Vancouver uhartera eraman gaituzte baleak ikusi eta egun pasa egitera. Cif aita-semeak etorri dira, Janet eta Jan.

Eguneko une gorena arratsaldea izan da, baleak ikustera joan garenean, Victoria hiriburutik mendebalera.
Espedizioa, prest
Zodiac ontzi bizkor horietako batean joan gara, astronautak bagina legez jantzita. Ziztu batean joan ere, olatuen gainean salto eta brinko. Halako batean, motorrak geratu eta zain geratu gara, beste ontzi batek ohartarazi baitigu baleak hurbil zeudela. Eta hantxe ikusi ditugu, hasiera urruti samar, eta gero hurbilago, gure ondo-ondotik pasatu diren arte. Bihotza taupa-taupa zebilkigun, ezin sinesturik begien aurrean geneukan ermosura.

Gidariak esan digunez, 75 bat balea izango genituen talde hartan, eta martxa nagian zetozen, atsedena hartzen ibilaldi luzeak egin ondoren. Irten, bizkarra erakutsi eta sartu egiten zuten, noiz edo behin putz handiak eginda. Arrak isats luze eta handiekin, kumeak atzerago. Guztira ordubete eta erdi ibili gara baleak ikusten, arratsaldeko 15:30etan bueltarako bidea hartu dugun arte.

Zorteko izan gara, zeren, esan digutenez, oso gutxitan ikusten baitira horrenbeste balea batera, itsasoa bare dagoela eta eguzkia garbi. Beraz, umeak baino poziago ekin diogu bueltari. Eta atzeratuta genbiltzanez, gidaria egurra eman dio motorrari, eta joaterakoan baino lasterrago itzuli gara, salto handiak eginez. Uju eta aja etorri gara, tarteka oihu galantak emanda, pozik denok ere, egun biribila izan baita.

Arratsaldean, berriz, hirian osteratxo bat emanda, afaltzera geratu gara Prowstarrekin, berriro ferrira joan garen arte. Lasai eta nekatuta etxeratu gara, eskerronez beteta. Gaur baleekin egingo dugu lo.

Eguneko argazkiak ikusi nahi izanez gero, begiratu Flickr zerbitzuan, denak sorta batean daude-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Whistler

Agur Whistlerreri
Joan den igandean Whistler hirira joan ginen, Greyhound autobusa hartuta. Han, Betty eta David lagunen etxean hartu genuen ostatu, egurrezko etxe zoragarri batean. Bego egiten zuenez, piska bat jan eta Pemberton aldera joan ginen, Daviden bila.

Pemberton herria oso Western itxurakoa da, baina egun hartan ke handia zegoen bazterretan, inguruko zenbait mendi erretzen ari zirelako. Linda eta Colinen etxera joan ginen, filmetan ikusten den etxe horietakoa: ederra bezain garestia, edozein aldizkaritan agertzeko modukoa.

Igande gauean afari ederra oparitu ziguten Bridgertarrek, eta han aspaldiko lagunak agertu zitzaizkigun: Bobby eta Marianne. Eguneko beroak joanda, gauen fresko egin zigun.

Whistler mendian
Whistler eta Blackcomb mendiak
Astelehenean Whistler mendira igo ginen, gondola batean, han da, kable batean zintzilik doan kabina batean. Quebec-eko suhiltzaile batzuekin batera egin genuen gorako bidean. Haik esan zigutenez, egun hauetan 10.000 suhiltzaile daude Vancouverren, euren arteko jokoetan parte hartzen.

Gondola utzita, oinez egin genuen mendian gora, baina gero beste aulki zintzilikatuetan jarri ginen, tontor nagusira joateko. Zirrara handia izan genuen ikusita zelako garaiera hartu genuen. Goian jende asko, eta paraje zoragarria. Gero Blackcomb mendira egin genuen, beste gondola horietako batean. Hura ere, ikusgarria.

Behin Whistler herrira jaitsita, hango txirrindulariak ikusten izan ginen, bertan baitaude munduko pistarik handienak mendiko bizikletan ibiltzeko; pista tramankuluz beteak, txirrindulariek ariketak egin zitzaten. Ikustekoa zen zelako jantziak janzten zituzten gehienek, gladiadoreak ematen baitzuten. Astia izan genuen Andrew Shandro agurtzeko, gure aspaldiko ezaguna, eta garai bateko txapelduna mendi bizikletako jaitsieretan. Jaitsi berria zen, talde batekin batera, Whistler menditik behera.

Flickr-en dituzue egun horietako argazkiak, sorta batean antolatuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Bi arratsalde eder

White Rock: atzean, AEBak
Ostirala egun nagia izan genuen. Asmoa genuen bizikletak alokatu eta Stanley Park-era joateko, baina berandu hasi ginenez eguna —eta autobus txartelak erosi behar genituenez gaur Whistler-era joateko, Neguko Olinpiar Jokoetako egoitzara—, erabaki genuen egin beharrekoak lasai egin, eta bizikleta kontua atzeratzea beste baterako. Eskerrak eguna fresko samar agertu zela, ordura arteko beroak atzean utzita.

Arratsalde horretan aukera izan genuen British Columbia probintziako Auzitegi Gorena bisitateko, Janet Prowse bertan da-eta epaile. Berak erakutsi zigun bere bulegoa, auzitegi areto bat eta beste hainbat leku. Bidenabar, azaldu zigun bertako legearen zenbait ezaugarri. Gustura izan ginen hirurok berari entzuten.

Handik, berriz, White Rock herri txikira joan ginen, Clif eta Janet Prowse senar-emazteek eramanda. Paraje zoragarria da hangoa, itsas bazterrean, eta bistan ditu AEBak. Terraza batean afaldu genuen, ilunabar zoragarria ikusten genuen bitartean.

Vancouverko euskaldunekin
Vancouverko euskaldunekin
Larunbatean hitzordua egin genuen Pedro eta Maribel Onaindia eta beste euskaldun batzuekin, Vancouver inguruan bizi direnak. Ez dira asko, eta larunbatero Hume parkean elkartzen dira, New Westminster herrian, Vancouver hegoaldean.

Vancouverren bertan ezagutu genituen euskaldunak, orain 27 bat urte, eta poz handia hartu genuen beraiekin berriro elkartzean. Lasai jarri eta kontu kontari ibili ginen, paella jaten hasi ginen arte. Gero euretariko batzuek musean egin zuten gogor, prestatzen ari baitira Munduko Txapelketan parte hartzeko, Balmasedan. Mirenek ere egin zuen briskan, Piarekin batera, Tomas eta Maribelen kontra. Arratsalde ederra igarota, gustura itzuli ginen etxera.

Bigarren asterako beste argazki sorta bat sortu dut Flickr-en, ikusi nahi duenarentzat.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Vancouver, hiri garestia

Capilano Bridge: hasi da abentura
Eskerrak ez dugula ordaintzen ostatua, bestela Vancouver hiri garestia da: garraio publikoa garestia da, eta jakiak ere halakoxeak dira. Zer esanik ez ikuskizunak, hirian zehar daudenak.

Ostegunean, adibidez, Capilano bridge bisitatu genuen Ipar Vancouverren, zubi zitzinlikatua, arroila bat lotzen duena. 28 dolar kobratu ziguten bakoitzari. Han geratuz gero bazkaltzen edo zerbait jaten, hirian baino dezente garestiagoa zen dena.

Hala ere, gustura ibili ginen Capilanoko zubi inguruan. Zuhaitzez zuhaitz ere ibili ginen, zubi zintzilikatuetan zehar, basoa beste modu batean ikusten. Ordubete-edo egin genuen bertan, eta, ospa egin genuen Ipar Vancouverko merkatura, bertan bazkaltzera.

Lehen asteko argazki guztiak, Flickr-en dituzue, Capilano inguruan ateratakoak barne.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bero itzela Vancouverren

Vancouverko akuariuma
Bartzelonan bero izan genuen, eta Vancouverren ere bero egiten du, hainbestekoa non, esaten dute, errekorrak hausten ari baitira. Atzo Vancouverko Akuariumera joan ginen, eta eskerrak barruan aire girotua zegoela emanda, bestela ito egingo ginen. Etxera bidean ere, autobusean, kiskalduta etorri ginen. Onik, hala ere.

4D zinea
Akuariumean 4D filma bat ikusi genuen, ordu laurdenekoa. Anteoju bereziak eman zizkiguten, 3D inpresioa jaso genezan, baina han beste zerbait ere bazegoen, horregatik 4D izena. Balea bat uretara jausten zenean, airean salto handia eginda, guk ere ur zaparrada txikia jasotzen genuen, denon harridurarako. Ura, haizea, usaina, besaulkiko mugimendua… horrek guztiak eskaintzen dira 4D esperientzian. Pentsa dezakezuenez, mundu guztia ulu batean, pozez zoratzen, halako esperientzia sentsoriala jasota.

Beluga baleak ere ikusi genituen, bat jaio berri samarra. Baita izurdeak, marrazoak, dortoka erraldoiak, krokodiloak eta akuarium gehienetan ikusten diren animaliak. Batzuk ikusteko, ordea, kanpora irten behar izaten genuen, eta orduan ematen zuen ingurua sutan zegoela, halako beroa egiten baitzuen.

Bisitarien artean suhiltzaile piloa ikusi genituen, Espainiakoak, Frantziakoak, Australiakoak… mundu guztikoak, egun hauetan kirol lehiaketa handi bat izango baitute Vancouverren, nazioarteko suhiltzaileen artekoa. Tartean Bilboko suhiltzaileak ere izango dira, egutegi hartan agertu zirenak, gihartsu asko.

Bridgertarrekin
Bridgertarrak
Iluntzean, berriz, afaria izan genuen Bridger familiarekin. Sasoi batean, orain 27 bat urte, Begok zaindu zituen hango bi alaba, Andrea eta Nicole. Atzo, ostera, orduko neskatilak ama bihurtuta etorri ziren, senarrekin eta umeekin. Afari atsegina izan zen, aspaldiko kontuak kontatzen, eta kontu berriak jorratzen. Harrituta nago hemen egiten diren edariekin. Aurrekoan ardo zuria izan genuen, Okanagan bailaran egindakoa, oso ona. Atzo, berriz, garagardoa probatu nuen, Okanaganen egina hori ere, eta ezin hobea.

Atzoko argazkiak ere sorta batean jarri ditugu, Flickr-en. Slideshow loturan eginez gero klik, diapositiba pase moduan ikusiko dituzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Granville Market

Granville Market: paregabea
Bezperako nekerik ez errepikatzeko, asteartean erabaki dugu lasai ibiliko garela. Horregatik, Granville Island-era joan gara, batez ere bertako merkatua eta inguruak ikustera. Kanpoan 35 gradu egiten zuen, bero —hemen diote bizitzan behin tokatzen direla horrelako beroak Vancouverren, eta gehienek ez dutela horrelakorik ezagutu—, baina merkatuan oso giro ona egiten zuen.

Orain 26 urte ere Granville Market zen guretzat lekurik gogokoenetako bat: sarri etortzen ginen hona, giro paregabea egiten baitzuen. Gaur ere, horrela izan da, eta Miren alabari izugarri gustatu zaio. Bazkalostean, kanpora irten, eta lasai jarri gara, musika entzun eta giroa ikusten. Fruta erosi, eta etxera egin dugu, arratsaldeko bostak eta erdietan neskak erosketak egitera joan behar ziren-eta etxeko andrearekin.

Argazki gehiago ikusi nahi izanez gero, Flickr-en ari gara denak ipintzen, propio sortutako sorta batean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina