Txertatuta A gripearen kontra

Txertatu naiz, bai, A gripearen kontra. Medikuak esan zidan txertoa hartzeko, badaezpada, arrisku taldeen barruan bainago, eta nik hartu. Gripe arruntaren kontrakoa lehenengo, eta A gripearen kontrakoa gero. Ezker besoa zulatuta daukat 😉

Oraingoz ezin kexatu, udazken honetan oraindik ez baitut gaixotasunik harrapatu. Ea negua ere horrela doakidan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Puntua Bertsozale Elkarteari

Zorionak eman nahi dizkiot Bertsozale Elkarteari, azken urteotan egin duen lan zoragarriagatik, eta puntua jarri, etorkizunari begira: sar dadila bideo jokoen eremuan, sor ditzala bideo jokoak, aukera izan dezagun ikusteko Xalbador Andoni Egañaren kontra, Lujanbiotarrak aurrez aurre (Txirrita eta Maialen), eta Pello Errota Sustrai Colinaren aurka, esate baterako.

Ez naiz bertsozalea, baina badakit Bertsozaleen Elkartea gauza asko ari dela ondo egiten; komunikazioaren ikuspegitik, behintzat, bai. Aurrekoan, Hitzetik Hortzera ikusi nuen ETB3 katean, eta oso modu duin eta entretenigarrian eman zuten azken kanporaketaren berri. Beste horrenbeste esan dezaket Hitza Jolas Euskadi Irratian entzundako saioaz: bizia, jakingarria eta entretenigarria.

Jakitun zeintzuk diren bertsolaritzaren mugak, aspaldi hasi zen Bertsozale Elkartea erabaki ausartak hartzen, arriskatzen, eremu berriak esploratzen. Iruditzen zait gaurko arrakastak —milaka eta milaka ikusle eta jarraitzaile kanporaketetan, azken txapliguaren zain BECen— orduko erabakien emaitza direla. Ea etorkizunean ere horrela erantzuten duen!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Eskerrak emateko eguna

Gaur AEBetan Thanksgiving da, eskerrak emateko eguna, jende askorentzat Gabonak eurak baino egun seinalatuagoa, han horixe baita familia egunik inportanteena, beste guztien gainetik. Azaroaren laugarren ostegunez ospatzen da beti.

Guk, berriz, Kanadan bizi izan ditugu eskerrak emateko egunik gehienak, baina han hilabete eta erdi lehenago ospatzen da Thanksgiving, urriaren bigarren ostegunez.

Gaur egun, ostera, Gernikan ospatu ohi dugu eskerrak emateko eguna, lagun estatuar baten etxean. Geroxeago izaten da hori, Durangoko azokaren garaitsuan. Eta han ere ez da falta izaten indioilar gizenik, ez eta ardo onik ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Golaren ondorengo erritualak

Partida amaitzear dago. Baloia,
aurkariaren area txikian. Han, etxeko jokalari batek buruz bidali du
sarera. Goooooool! Golegilearen ondoan, taldeko beste jokalari bati
irribarrea loratu zaio aurpegian, eta taldekidea besarkatzera abiatu
da. Honek baina, astindu egin du lagunaren besoa, eta arineketan
urrundu da beste norabaitera, orro eta imintzioka. Halako batean,
gelditu egin da, harmailetara begiratu du, besoak astindu, eta
orduan bai, utzi die taldekideei bera besarkatzen. Oihuka segitu du,
hala ere, haserre balego bezala.

Hainbat aldiz ikusi ditut
antzeko egoerak futbolean, eta azkena joan den igandean, gure inguruan
jokatutako partida batean. Badirudi jadanik ez dela nahikoa poza
partekatzea taldekideekin. Haserre puntua erakutsi beharra dago, ahal
bada keinu oldarkorrez lagunduta, gorilak nola, irabazitako borrokaren
ondoren.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

Kameleoiaren azken txiribuelta

Beste behin, Vatikano agintearen eskakizunetara makurtu da, eta, oraingoan, ikusita zelan dauden indar erlazioak Madrilgo gobernua eta Eusko Jaurlaritzaren artean, izendatu du Jose Ignacio Munilla Gipuzkoako gotzain. Abade koartelero bat probintziarik bihurrieneko fededun katolikoak “normalizatzeko”.

Euskaldunontzat ez da albiste ona, zalantzarik ez baitago Eliza katolikoak eragin handia duela hemen —Munilla bera Herri Irratia erosteko ahaleginetan ari omen da—, baina zezen hori katolikoek eurek toreatu beharko dute.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

EKT-3 Elorrio, berriz ere lehian

EKT-3 taldea, 2009-2010 denboraldian
Atzo Basaurin izan ginen, EKT-3 Elorrio saskibaloi taldeak hantxe jokatu baitzuen, Uribarri institutuko nesken kontra. Erraz nagusitu ziren gureak, 88-6, aurkariak hasi berriak baitira saskibaloi kontuetan.

Hemendik aurrera, bada, larunbat askotan Bizkaian barrena ibiliko gara Miren alaba eta bere taldekideak eramaten. Begira taldea zelan aldatu den urteen poderioz. Hemen dituzue gure neskak 2005ean eta baita 2007an ere.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

DJ lanak egiten afari batean

Aurreko batean zenbait senide mahaiaren bueltan elkartu ginen Aitor koinatuaren etxean. Bapo jan, bapo edan eta bapo hitz egin genuen, jakinda, gainera, biharamona jai eguna zela. Halako batean, aprobetxaturik bertako ordenagailuan Spotify zoragarri entzuten dela, berau piztu eta hasi nintzen abestiak aukeratzen, baina disk-jockeyek egiten duten moduan, banan-banan, bat entzunez batera astia ematen baitzidan hurrengoa bilatzeko.

Kontua da sekulako errepertorioa erabili nuela, Matusalenen garaiko abestiekin, bost hizkuntzatan bai behintzat. Barre dezente egin genuen, eta ni harrituta, Spotifyk zelako aukerak eskaintzen dituen. Gau batez, neu DJ. Harrapazank!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Ben-Hur

Zortzi bat urte izango nituen –1960 uste dut zela–,
eta sekulako poza hartu nuen jakinda Mondragoeko erretoreak sarrera
bana oparitu zigula San Isidroko meza-mutiloi, kalean Ben-Hur filma
estreinatu berria ikusteko.

Arratsalde gogoangarria izan zen.
Ideal zinema jendez lepo, bertan sartu ezinik ia. Filma hasi zenean,
akabua,horrelako ikuskizunik inoiz ikusi bakoak ginen-eta, batez ere
Ben-Hur eta Messalaren arteko lehia Erromako koliseoan estadioan, guda-gurdi
ikusgarri haietan.

Egun hartan, auzora bidean, denok nahi genuen Ben-Hur izan. Aspaldiko kontuak, inola ere, duela ia mende erdi gertatutakoak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Carlos esaten zioten gizona

Pedro Alberdi idazle eta irakasle eibartarrak liburu bat argitaratu berri du Alberdania argitaletxean: Carlos esaten zioten gizona, eta bertan Mario Onaindia gaztearen ibilerak kontatzen ditu, umetan Lekeitiotik Eibarrera iritsi zenetik, ETAn sartu eta Bilbon poliziaren esku erori zen arte. Bi egunean, rau, irentsi dut liburua, erraz irakurtzen da-eta.

Tartean pasarte deigarri bat aurkitu dut, “La casa de todos”, zerikusirik duena gure familiarekin, bertan kontatzen baita zelan Eguberri inguruan Mariok-eta etxebizitza bat alokatu zioten Patxi Ansola txistulari ohi eta Bego nire emaztearen osabari Artekale 54 helbidean, Zazpi kaleetan, Bilbon. Honek, errukituta gazte haiek bakarrik igaro behar zutela-eta Gabon gaua etxebizitza handi eta hotz hartan, gonbidatu zituen gau hura eurenean pasatzera. Honela kontatzen du Pedro Alberdik:

  • Teok (Teo Uriarte) eta Carlosek (Mario Onaindia) aintzat hartu zuten haren gonbita eta Gabon gauean Patxi Ansolaren etxera deitu zituzten gainerako liberatuak. Han agertu ziren, Teo eta Carlosez gainera, Javi (Goyo Lopez Irasuegi), Txikerra (Serrano Izko), Jon Etxabe (apaiza), Jone Dorronsoro —Unairen arreba eta Txikerraren emaztea—, Mudito (Xabier Larena), Maxi (J.M. Eskubi) eta Txiki (Mari Asun Goenaga) beren alabatxoarekin, hots, Dimako Biltzar Ttipian egondako guztiak, Pottolo (Gipuzkoara joana) eta Makaguen izan ezik. Patxiren familia, berriz, haren emazteak, amaginarrebak eta bi eta hiru urteko bi semek osatzen zuten. Afariko menua bizkaitar petoa izan zen: olio-azak, bisigua, konpota eta turroiak. Afalondoan Patxik txistua jotzeari ekin zion. “Nunca ha vuelto a sonar tan dulce a mis oídos el sonido de esta flauta tradicional”. Xabier Larena Muditok “El himno a la alegría” eta “Ochicornia” abestu zituen, lehenengoa alemanez eta bigarrena errusieraz. Txikerra seme nagusiarekin jolasten aritu zen. Eta Maxik eta Txikik Gipuzkoa barneko kanta zaharrak eta Nafarroako jotak abestu zituzten. Patxiren amaginarreba hunkituta zegoen. Suhiak gonbidatutako lagun berezi haiek jatorrak ziren benetan. “Fue uno de los momentos más tranquilos que pasé durante el año que estuve en la clandestinidad. Cada uno de nosotros nos mostrábamos como éramos en realidad y creo recordar que a los postres incluso nos dijimos nuestros nombres reales; no tenía sentido que la policía los conociera y nuestros compañeros más íntimos no”. (78-79 orr.)

Hurrengo Aste Santuan, Artekale 54ko etxebizitza alokatuan harrapatu zituzten gazte haietako lau, tartean Mario Onaindia, Carlos esaten zioten gizona.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Zelan askatu Android telefono bat

Bego eta Joxe Arantzazun
Astebete geroago, baina nire urtebetetzeko oparia telefono bat izan da, HTC Tatoo markakoa. Ezbainuen nahi telefonoa loturik ezein telefono konpainiari, Interneten aurkitu nuen aukera bat, bigarren eskuko telefono berria. Bai, badira zenbait lagun telefono berri-berriak jasotzen dituztenak konpainia jakin batekin lortzen dituzten puntuei esker, eta saldu egiten dituzte. Horixe izan da gure kasua.

Joan den ostiralean Gasteizen geratu ginen saltzailearekin. Bertan, mutil gazte bat aurkitu genuen, eta dena gertu zeukan. Bi gauza eskatu genion: dei bat egiteko guri, eta nabigatzeko Interneten, guk erosi behar genuen telefonoarekin. Dena ondo joan zen, eta trukea arazo barik egin genuen.

Android askatu
Bageneukan telefonoa. Orduan arazoa zen berau askatzea, halako eran non aurrerantzean edozein konpainiarekin erabil nezakeen. Horretarako pauso hauek egin nituen, Iñaki koinatuaren laguntzarekin:

  1. Aurretik, PayPal kontu bat egin nuen, ordainketak kreditu txartelarekin egiteko.
  2. Sartu ginen unlock now webgunean, eta aukeratu genuen gure markako telefonoa: HTC Tatoo.
  3. Sartu genuen telefono erosi berriaren IMEI zenbakia, adierazita Vodafoneri lotuta zegoela, eta bidali.
  4. PayPal orri bat ireki zen, esaten zuela 17,5 euro ordaindu beharko nituela telefonoa askatzeagatik. Onartu egin nuen.
  5. Handik hamar minutura, mezu bat jaso nuen nire emailean, eta bertan agertzen zen kode bat. Mezuak agindu zidan lehendabizi sartzeko nik erabili nahi nuen konpainiaren SIM txartela, eta gero kode askatzailea.
  6. Euskaltelen SIM txartela sartu nuenean, telefonoak eskatu zidan sartzeko PIN zenbakia, betikoa, eta ondoren sartzeko kodea.
  7. Behin kodea sartuta eta OK emanda, telefonoa askatuta geratu zen.

Telefonoa txiki samarra da, baina oso itxura ona du. Ezaugarri piloa ditu: telefonoa, nabigatzailea, posta elektronikoa, sare sozialak, argazki kamera, GPSa, etabar, etabar. Orain denbora hartu behar dut berau zelan dabilen ondo ikasteko. Dagoeneko atera ditut hainbat argazki beronekin —larunbatean Arantzazun ateratakoak, adibidez, haur kantariak entzutera joan baiginen, eta tartean hemen goian erakusten dena—, eta horietako bat zuzenean Twitter-era bidali, Lara gure txoriarena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1