Argazkizale baten lezioa

Joxefe Flickr azaltzen
Joan den asteazkenean Joxe Felix Diaz de Tuesta izan genuen Eskoriatzan, Flickr esplikatzen gure ikasleei, Komunikazioko 1. mailakoei. Joxefek azaldu zigun berak zelan lantzen dituen argazkiak Flickr-era igo aurretik eta zelan darabilen Flickr besteengandik ikasteko.

Bukaeran esan zigun bost urtean ia milioi laurden bisita izan dituela bere Flickr kontuan. Horrelako audientziarik bizitza osoan ez luke lortuko argazkiak kanal konbentzionaletan erakutsiz gero, aretoetan-eta.

Asti apur bat hartzerik baldin baduzue, sartu Joseferen kontuan, Flickr-en, eta saltseatu apur bat. Ikusiko duzue zelako argazki ederrak ditun. Ikusgarriak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Iruzkin 1

Aholkuak zure liburua promozionatzeko

Atzean Promozio Departamendurik ez duten idazleek ondo hartuko dituzte zenbait aholku, beren liburuak promozionatzeko, horretarako sare sozialak erabilita. Hona hemen bost aholku, Jesse Stanchack kazetariak doan emanak:

  • Egin konexioak behar baino lehen. Alperrik da Twitter kontu bat irekitzea zure liburua plazaratzeko bezperan. Denbora beharko duzu audientzia bat sortzeko. Idazle gaztea baldin bazara, zuk izango duzu irabazteko gehien sare sozialak erabilita.
  • Sartu elkarrizketan, nahiz eta ez izan zuri buruz. Beti zutaz hitz egiten baduzu, nekez eraikiko dituzu konexio iraunkorrak. Beraz, hitz egin honetaz eta hartaz, zure inguruan mintzagai diren kontuez.
  • Erabili sare sozialak zure lana elikatzeko. Twitter ez da soilik erreminta bat zure lanaren promoziorako; erabil ezazu ideiak garatzeko, zuretzat lagungarri izango diren ideiak.
  • Erabili sarea burrundara sortzeko. Ezaguna baldin bazara sare sozialetan, errazago lortuko duzu elkarrizketatua izatea irratian edo telebistan. Erabili Twitter, Facebook eta Youtube zure marka sortzeko. Horrek lagundu egingo dizu.
  • Eutsi sare sozialei. Idazle askori zaila egiten zaie hasieran sare sozialak erabiltzea beren lana promozionatzeko, eta zenbaitek amore ematen dute oso goiz. Ez etsi, eutsi, gorago esan dugun moduan, denbora behar izaten da-eta audientzia leiala sortzeko.
Kategoriak Sailkatugabeak | Iruzkin 1

J.D. Salinger-en bila

Zekale artean harrapaka liburua irakurtzen
hasi aurretik, eta informazioa bilatzen ari nintzela J.D. Salinger
idazlearen gainean, blog bat aurkitu nuen, osagarri perfektua liburua
irakurtzeko: Catching Salinger.

Blog horretan hiru gaztek
—Charles Moore, James Renner eta Rob Lucas, azken hau kameralaria— lau
bat eguneko bidaiaren berri ematen zuten, bisitatu zituztela-eta Holden
Caulfield eleberriko protagonistak zapaldutako toki berberak. Bidaiari
errematea emate aldera, hirurak New Hampshire aldera abiatu ziren, J.D.
Salinger bizi zen etxearen bila. Baita hura aurkitu ere.

Liburua
gustura irakurri nuen, hasieran apur bat kostata, hori bai, eta blogeko
bideoekin tartekatzen nuenean, behin baino gehiago pentsatu nuen gaur
egun liburu hori beste modu batean euskaratuko zela, gehiago hurbilduko
zela testu originalera, euskaraz ere gordinago edo zikinagoa. Bestetik,
bideoek lagundu didate Holden Caulfieldek bizi izandako tokiak hobeto
irudikatzen. Eta, azkenik, iruditu zait gure ikasleak ere oinarri
daitezkeela euren gustuko liburuetan horrelako bideoak egiteko, karrera
amaierako proiektu gisa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Vade retro, Internet!

A las ocho en el Bule. Facebook, ordea, edo Internet bera, ez bide dira leku egokiak lagunarterako. Horixe esan zigun joan den ostiralean Xabier Silveirak Garan idatzitako artikulu batean.

Bakoitzak bere zoroa bizi du-eta, Xabier Silveirak berea papereratu du: Internet militarrek asmatu zuten eta txakur festa da gaur egun —alegia, poliziaz josita dago—, bertan jende piloa ari baita gu zelatatzen, denok kontrolatu guran. Areago, SGAEren zortzikoan oraingoan: “Sortzaileen eskubideak izan edo izan kazetarien lana, doan edo merkeago erostearen uste faltsuan gure herriari min ikaragarria egiten ari gatzaizkio”.

Betiko kaka zaharra, kasu honetan zelofan anti-stablishment batez jantzita, zertarako eta beldurra eta kontzientzia txarra zabaltzeko sarea eta eskuko telefonoa erabili nahi ditugunon artean. Anglosaxoiek badute izen bat horretarako: FUD
(Fear, uncertainty, and doubt / Beldurra, ziurgabetasuna eta zalantza),
eta erabiltzen da marketinean, produktu baten inguruan hiru ezaugarri
horiek zabaltzeko.

Txirrita ez zen eskolatua izango, baina iruditzen zait hura zuzenago ibili zela bere garaiko aldaketa teknologikoak ulertzeko orduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | 2 iruzkin

Noizko iTxori?

Txiripaz iritsi naiz iBird programara, aplikazio bat iPhone eta iPod Touchen dabilena, eta informazioa ematen duena txorien gainean. Harri eta zur geratu naiz, zeren bideo hau ikusita, garbi dago oso aplikazio konpletoa dela, eskaintzen baitu informazioa, soinuak, mapak, txorien arteko loturak, bilatzaileak… zer ez.

Gustura izango nuke horrelako aplikazio bat nire telefonoan, baina euskaraz eta Euskal Herriko txorien inguruan, iBird Ipar Ameriketako txoriez ari da-eta. Gustura ordainduko nituzke 30 dolar, iBird horren prezioa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

kd lang

Vancouverko Olinpiar Jokoen irekitze ekitaldian ikusi nuen lehen aldiz, aurrez ez bainuen ezagutzen. Zuriz jantzita zegoen, eta Hallelujah hasi zen kantatzen, Leonard Cohenen abestia. Sekulako zirrara eragin zidan, abestiaren bertsio zoragarria iruditu zitzaidan-eta.

Wikipedian begiratuta, jakin dut kd lang kanadarra dela, Albertako herri txiki batekoa. Roy Orbisonekin hasi zela kantatzen, koru lanetan, eta harekin egindako abesti batek eman ziola sona munduan: Crying. Gay eta barazkijalea dela, militantea, eta sari mordoa irabazi dituela bere ibilbidean.

Vancouverko bideoa erakutsi nahi nizuen, baina Neguko Olinpiar Jokoak amaitu arte ez omen dute sareratuko. Horren faltan, goiko hau hautatu dut, 2006an grabatutakoa, Leonard Cohen Kanadako Musikagileen Ohorezko Aretoan sartu zutenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Heldugabea vs heldua

Irakurtzen ari nintzela J.D. Salinger idazle hil berriaren Zekale artean harrapaka, ustekabean esaldi hau aurkitu nuen, eta bueltaka dabilkit oraindik ere:

  • Gizon heldugabearen ezaugarria kausa baten alde nobleki hil nahi izatea da; gizon helduarena, aldiz, kausa baten alde umilki bizi nahi izatea. (235. or.)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 2 iruzkin

Zelan erabili Google Buzz

Joan den asteartean Googlek Buzz zerbitzua iragarri zuen. Asteazkenerako, seguruenik hor ibiliko zinen, asmatu ezinik zelan dabilen zerbitzua. Ostegunerako, zu ere kezkatuta ibiliko zinen Buzzek eragindako pribatutasun arazoengatik. Asteburua igarota, oraindik ere noraezean baldin bazabiltza, hona hemen zenbait aholku Buzz hobeto erabiltzeko, PCWorld aldizkariak emanak.

Kendu Buzz zure sarrera-ontzitik
Besterik ezean Google Buzzek mezu bat bidaliko dizu Gmaileko sarrera-ontzira, baten batek zu aipatzen zaituen aldiko. Kontuan izanda postan jasoko duzuna Buzzen ere agertuko dela, alperrik duzu bietan agertzea. Zorionez, erraza da postako mezu horiek desegitea, horretarako iragazki bat sortuta Gmailen, filtro bat.

Gmailen zaudela, klik egin “sortu iragazkia” loturan, orriaren goi aldean, bilaketa-kutxaren eskuin aldean. “Hitz hauek ditu” eremuan, idatzi label:buzz eta klik egin hurrengo pausoan. Ez egin kasurik irtengo zaizun abisuari eta egin klik ados botoian. Behin markatuta “saltatu sarrera-ontzia” eta “markatu irakurrita gisa”, sortu iragazkia. Kitto. Buzzek ez dizu mezu gehiago bidaliko zure Gmail kontura.

Ezkutatu zure jarraitzaileak
Arrazoi bat baino gehiago izan dezakezu zeure jarraitzaileen izen-deiturak ezkutuan gordetzeko, Buzz ez baita Twitter, eta zerbitzu berri hau oinarritzen baita zure posta elektronikoan, eta denok dakigu denon postak sekretu asko gorde ditzakeela. Ikasleak ez luke nahi izango bere irakaslea zerrendan eduki, besterik gabe kontaktuetan zegoelako. Edo emakume jipoituak bere senar ohi jipoitzailea.

Hortaz, ez baduzu nahi zure kontaktuak agerian erakutsi, joan zure Google Profilera, aukeratu “editatu profila” orriaren goi aldean, eta kendu marka esaldi hau duen kutxari: “Bistaratu jarraitzen ditudan eta jarraitzen nauten pertsonen zerrenda”. Bukatutakoan, gorde aldaketak.

Erabili alboko menua
Ikusten baduzu zure Buzz hori gainez egin duela neurriz, erabili mezu bakoitzaren eskuin aldean dagoen menua, aukera emango dizu-eta baten mezu jarioa isilarazteko edo, horrela nahi izatera, ezabatzeko. Zure mezuak ere ezaba ditzakezu.

Landu kontaktuen zerrenda
Buzzen pribatutasun ezarpenak oinarrituta daude Gmailekoetan. Horregatik, onena izan dezakezu Gmailen zure kontaktuetara joan, eta bertan zaudela, bizpahiru talde sortzea (lankideak, familia, lagun-taldea…), gero Buzzen gehien erabiliko dituzunak. Geroago, erabaki dezakezu mezu bat halako taldeari edo besteari bideratzea.

Lotu zure sareekin
Behin zure Buzz kontua txukun duzunean, garaia da berau lotzeko zure beste sare sozialekin. Oraingoz, Buzzek aukera ematen du berau lotzeko zerbitzu hauekin: Picasa, Blogger, Google Reader, Flickr eta Twitter.

Lotu nahi baduzu zure Buzz zerbitzua beste horiekin, egin klik Buzzen bertan, eta aukeratu “X konektatutako gune” loturarekin, zure izenaren eskuin aldean. Leiho bat irekiko zaizu, eta hor aukeratu zein bai eta zein ez. Ez bazaizkizu zerbitzu horiek agertzen, joan zure Google profilera, eta bertan aukeratu zerbitzuak.

Buzz, posta elektronikoz
Nahi izate aldera, posta elektronikoa erabil dezakezu mezu bat argitaratzeko Buzzen. Horretarako, bidali mezua helbide honetara: buzz@gmail.com Horrek, ordea, bakarrik balio du Gmail erabiliz gero.

Jantzi zure testua
Buzzek ez du testu aberasturik, baina aukera ematen du oinarrizko aldaketa batzuk egiteko. Letra beltzez idazteko: *asteriskoak* erabili hitz baten alboan. Letra italikoak lortzeko, _azpikomarrak_ hitz horren inguruan. Eta hitz bat ezabatua dela adierazteko, -albokomarrak-.

Buzz erabat ezabatzeko
Nahi baduzu Buzz erabat ezabatu zure begi bistatik, jo zure Gmail orriaren beheko aldera, eta han behean egin klik “desaktibatu buzza” loturan. Baina horrek ez du erabat suntsituko zure Buzz kontua, oraindik ere jarraitzaileak izango baitituzu, nahiz eta zuk ikusi ez Gmailen.

Horregatik, Buzz erabat desegin aurretik pauso pare bat gehiago eman behar dituzu. Buzzen bertan zaudela, egin klik “X jarraitzaile” loturan eta jarraitzen ari zaren guztietan, egin klik “ez egin jarraipenik” loturan. Hori eginda, egin klik “X pertsonari jarraipena egiten” loturan, beherago, eta hor ere, egin klik, banan-banan, bakoitzaren ondoan, “ez egin jarraipenik” loturan. Ondoren, desegin zure Google profila. Horretarako, joan zure Google profilera, egin klik “editatu profila” loturan, joan orriaren beheraino, eta aukeratu “ezabatu profila”.

Hori guztia eginda, orduan bai, “desaktibatu buzza” zure Gmail kontuaren beheko aldean. Orduan bai, lasai joan zaitezke lotara, zure Buzz zerbitzua zerraldo utzi duzu-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 5 iruzkin

Olinpiar joko digitalak

Adituek diotenez, Neguko Olinpiar
Jokoak,
Vancouverkoak,  lehen joko globalak izango dira benetan,
jendeak eskura izango baititu, aurretik sekula ez bezala, eduki ia
mugagabeak. Eta horrela izango da Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB)
gorabehera.

Azken honek ez dio utziko kazetari akreditatua ez
den inori informazioa bidaltzen jokoetatik, eta mugatu nahi du blog,
Facebook eta Twitteren erabilera. NOBren iritziz, sare sozialak
adierazpen pertsonalerako erremintak dira, ez kazetaritzarako.
Horregatik, eta babesteko aurrez sinatuta dituen kontratu millonarioak,
kontrol zorrotza izango du sare horietan jendeak sar ez dezan jokoetako
bideo, audio, argazki edo elkarrizketarik kirolariekin.

Hala
ere, Vancouverren bada erakunde bat, W2 Culture + Media House, zeinak
ateak parez-pare zabaldu baitizkie sarelari eta sarezaleei, jokoen
gaineko edukiak partekatzeko prest dauden guztiei. Uste denez,
akreditaziorik bako kazetariak akreditatuak beste izango dira hirian.

Alfred
Hermidak
dioenez, jendeak zoroen pare twitteatu, bideoak partekatu eta
irudiak zabalduko ditu mundura, aintzat hartu barik NOBren irizpideak.
Jen Evansek dio oraingoan jendea ez dela konformatuko jokoak telebistan
ikusten; parte hartu nahi izango du jokoen inguruko elkarrizketa
globalean. Ikusiko dugu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Internet, susmopean

Atzo izan zen Interneten seguru nabigatzeko nazioarteko eguna. Hori zela-eta, ETBk pare bat albiste egin zituen. Horietako batean esatariak esan zuen komeni dela, bai, tentuz ibiltzea Interneten. Izan ere, ez-dakit-non atxilotutako ustezko bortxatzaileak Interneten ezagutu zuen bere biktima.

Entzun duzue inoiz esaten kontuz ibili behar dela El Corte Inglesen, zeren halako hiltzailek bertan ezagutu baitzuen bere biktima, edo ETBn agertzekotan, hobe mozorrotuta agertzea, balizko hiltzaile asko egon daitezkeelako pantailari begira, biktima bila?

Esan liteke hedabide handiek apropos zabaltzen dutela beldurra Interneten inguruan, ondoren neurri bereziak justifikatzeko, gobernuek hartu nahi dituztenak sarea kontrolatze aldera.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1