Bi marra arrosa

Parisen nengoela, Bi marra arrosa irakurri dut, Jasone Osoro idazlearen azken liburua. Bertan idazleak kontatzen du berak zelan bizi izan zuen lehen haurdunaldia. Arrastorik ere ez guri txikitan esaten zigutenarekin, umeak hain zuzen Paristik etortzen zirela, zikoina batek ekarrita.

Gustura irakurri dut liburua, batez ere egileak bere bizipenak azaltzen dituenean, modu xaloan azaltzen ditu-eta. Emakume sentsuala da Jasone Osoro, ederzalea, sentibera eta bere belaunaldiko gazteen kontsumo joeren isla. Lander Garrok idatzitako gibel solasa, berriz, kontrapuntu polita iruditu zait, hark beste modu batean bizi izan baitzuen, halabeharrez noski, bere bikotekidearen haurdunaldia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

Paristik bueltan

Piramidean, Louvren
Paris La Francen izan gara aste honetan, uztailaren 20tik 24ra. Gare de Lyon tren geltokiaren ondoan hartu genuen ostatu, eta handik oso eroso mugitu gara batetik bestera, batez ere metroa erabilita. Eguraldi ona izan dugu, eta horrek lagundu egin digu ikusi beharrekoak patxadaz ikusten.

Hotelak eman digu ezusteko atsegina, doako wifia eta bi ordenagailu handi baitzituen, bezeroek noiznahi erabiltzeko. Aireportuek, aldiz, ezusteko kaskarra, oraindik ere kobratu egiten baitute wifia. Londresen aldean, Parisek hobetu beharko luke seinalitika, kaleko mapetan, adibidez, oso-oso gutxitan jartzen baitu zu non zauden une horretan.

Ni neu gustura ibili arren, apur bat nekatuta etorri naiz Parisi darion la grandeur horrekin, handinahi jasanezina egin zait-eta askotan. Ikusi nahi izanez gero, Flicker-en dituzue Parisen ateratako argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 2 iruzkin

Muhammad Ali vs. Rocky Marciano

Sekula ez nuen ikusi Rocky Marciano boxeatzen. Gure aitak, berriz, sarri aipatzen zuen, miresmenez. Muhammad Ali, ostera, askotan ikusi nuen. Hura izan zen nire idoloa boxeolarien artean.

Atzo harrituta geratu nintzen bideo hau ikusi nuenean, bertan boxeolari biak agertzen baitira, elkarren artean burruka egiten. Film hau 1969an filmatu zen, gezur-mezurretan, bata zein bestea inoiz galdu gabeak zirela, garai hartan jende askok egiten baitzuen galdera bien artean nork irabaziko lukeen, ring baten barruan elkartuz gero. Jarrera askotan filmatu zitzaien itxurak egiten, eta emaitza erabaki zen hainbat probabilitate formula ordenagailu batean sartuta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Kirola, politikarien erabilgarri

“Kirola ez da politizatu behar”, esaten digutenek ez dute beldurrik kirola erabiltzeko beren lotsak ezkutatze aldera, egun hauetan gertatu den bezala Kataluniako Estatutuaren auziarekin.

  1. Auzitegi Konstituzionalak, aprobetxatuta Munduko Futbol Txapelketan Espainia finalera iritsi zela eta nazionalismo espainiarra puri-purian dagoela, erabaki zuen epaia aurreratzea Kataluniako Estatutuaren gainean, justu Bartzelonan egitekoa zen kale agerraldiaren bezperarako.
  2. Egun hauetan, baliatuta Espainiako selekzioak Munduko txapelketa irabazi duela, Espainiako egunkariek atzendu egin dute, ia isiltzeraino, Bartzelonako manifestazioaren oihartzuna.

Estatuak baditu milaka baliabide, sibilinoak ere bai, kasu honetan bezala, baina Hego Afrikan harrotu diren hautsak garbitzen direnean, hortxe iraungo du Kataluniaren auziak. Baten batek erantzun beharko du orduan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 5 iruzkin

Atarikoen bazkaria Txantxibiri 1ean

Atariko bazkaria Txantxibiri 1ean
Atzo atarian bazkaldu genuen Txantxibiri kaleko auzoek. Aitor eta Bego izan genituen sukaldari, eta besteok esker onez jan genituen haiek prestatutakoak, denak gozoak. (Argazkia: Aitor Larrañaga-Miren Aranzabal)

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Ilargipean saioan, minbiziaz berbetan

Atzo gauean Euskadi Irratian izan nintzen, Ilargipean saioan, Dani Arizalarekin hizketan. Minbiziaz hitz egin genuen, nik orain ia zortzi urte bizi izandako esperientziaz. Dani bera hunkituta aurkitu nuen, haserre puntu batekin bizitzarekin, bere koadrillako lagun bati ere linfoma bat aurkitu diotelako. Berrogei minutu inguru jardun genuen, giro patxadatsuan. Hemen duzue han hitz egindakoa.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Gazte minbizidunak blogeatzen

Minbizia gaixotasun beldurgarria izan daiteke, eta gogorregia bakardadean igarotzeko. Horregatik seguruenik, Britainia Handian gero eta gazte gehiago ari dira blogeatzen beren gaixotasunaren gainean, The Guardian egunkariak dioenez.

Ez dira lau katu, zeren Teenage Cancer Trust erakundearen arabera, Britainia Handian egunero sei gazteri jakinarazten zaie minbizia dutela, 13 eta 24 urte artekoak. Blog horietan gazteek garbi eta zintzo hitz egiten dute beren gaixotasunaz, eta prest agertzen dira irakurleekin elkarrizketan aritzeko.

Rosie Kilburn gaztea da, 18 urte baino ez ditu-eta. “2008ko otsailaren 1ean jakinarazi zidaten gibeleko minbizia nuela, 16 urte bete eta hilabetera. Xok ikaragarria izan zen, nire familian inork ez baitzuen minbizirik izan. Horrezaz gain, uste nuen garaitezina nintzela, nire adineko guztiek bezala”.

Kristin Hallengak 24 urte ditu, eta halaxe idazten du: “Blogean izan naiteke irekia eta zintzoa. Bertan hainbat gauza esan ditzaket, zuzenean esango ez nizkionak ez amari, ez ahizpari, ezta beste inori ere”.

Paul Nicholls-ek 26 urte ditu, eta izugarri ikaratu zen esan ziotenean minbizia zuela. “Bi arrazoirengatik sortu nuen bloga: ez nuelako nahi egunean 300 aldiz erantzun behar izatea zelan nabilen. Eta transmititu nahi nuelako zer den minbizia, eta zein garrantzitsua den bizitza egunero bizitzea”.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Arrasateko Udala konfesionala da?

Goiena.net-en ikusi nituen, San Joan jaiak zirela-eta, Arrasateko Udaleko zenbait zinegotzi parrokian sartzen, Salvera, San Joanen irudia bizkarrean zeramatela. Eta nik neure buruari: zer egiten dute zinegotzi horiek hor, Arrasateko Udala ez bada konfesionala, nik dakidala behintzat?

Arrasateko Udala aipatu dut, baina Euskal Herriko edozein udal aipa nezake, gehienetan gauza bera gertatzen baita: egun seinalatuetan, agintari zibilek parte hartzen dute Eliza Katolikoaren ekitaldietan, kontuan hartu barik udalak ez direla erakunde konfesionalak.

Badakit nondik gatozen, eta badakit, halaber, askotan zaila egiten dela urte luzeetako ohiturak haustea. Baina uste dut ordua iritsi zaiela udalei, eskolei eta gainerako erakunde publikoei (baita futbol taldeei ere), erakunde zibil moduan lan egiteko, aintzat hartuta bere ordezkatuen artean gero eta jende gehiago dagoela beste sinismenak dituena, edo, beste barik, ez duena ezelango erlijiotan sinisten. Denok ordaintzen ditugu berdin zergak edo kuotak, eta denok ditugu eskubide berberak. Beraz, iruditzen zait erakunde publikoek hobe luketela agertuko ez balira inongo elizaren ekitaldietan, herritar guztion errespetuz.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Performance = gintonic

Hitzek denbora behar izan dute habia egiteko gure artean, eta kanpotik baldin badatoz, are gehiago. Hori gertatzen ari zaio performance berbari. Ramon anaiak joan den ostiralean egin zuenaren harira, zenbait jendek ez zekien zer izango ote zen performance hori. Inguruan baina, beti dago norbait azalpen egokia duena, kasu honetan bezala, Bergaran gertatua.

Elkartu dira bi lagun, eta batak galdetu dio besteari ea zer den performance bat, Ramonek egingo duen hori, adibidez.
–Hik badakik gintonic bat zerez eginda dagoen?
–Bai: ginebra, tonika, izotza eta limoia.
–Bada performance bat duk gintonica bezalakoa: arte ekitaldi bat, uztartzen dituena artearen hainbat adierazpide, kasu honetan pintura, musika, dantza, arkitektura eta antzezpena.

Atzo gauean entzun nuen, afaltzen ari ginela, eta erosi bezala saltzen dizuet.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Zorionak, Ramon!

Munibeko gizona, mezuaren berri ematen
Joan den igandea ezkero, banekien “Gau magikoak Munibeko plazan” ikuskizun polita izango zela, baina errealitateak gainditu egin zuen nire aurreikuspena. Giro berezia sortu zen Munibe plazan: gaua, argiak, musika, koreografia, dantzarien jantziak, margolanak, jendea…

Ramon Aranzabal ausartu egin zen ikuskizuna horrela planteatzen, eta asmatu egin zuen bete-betean. Ekainaren 25a ezkero han izan ginen guztiok ikusiko dugu Munibe plaza beste begi batzuekin, artistak erakutsi zigun begiradari esker.

Nahi baduzue orduko argazkiak ikusi, Flickr-en dituzue.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina