Aurten ere, batu dugu mahatsa

Esteñibar baserrira iritsi bezain laster, berau Elorrion, di-da hasi ginen lanean, eguraldi txarra iragarrita baitzegoen. Goiz erdian hasi zen bai, euria, eta une batez eten egin zigun lan erritmoa, baina, zorionez, ondo amaitu genituen lanok.

Eta lanaren ostean, festa egin genuen: tripafesta lehenengo, eta uju eta aja gero, Irizartarren opariz. Egun zoragarria bizi izan genuen, lagunarte ederrean.  Ez harritu Gazeta auzoko behiek ere gaur esne gehiago eman badute, Josean Alkortari sineste aldera, bere gurasoen baserrian horixe gertatzen baita Esteñibarren festa egiten den bakoitzean.

Eguneko argazkiak ikusi nahi izanez gero, Flickr-en dituzue ikusgai.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , , | Utzi iruzkina

Elebakar zapuztua

Atzo Sergio Ramos Espainiako futbol taldeko jokalaria zapuztu egin zen Gerard Pique taldekideak katalanez erantzun zionean Kataluniako kazetari baten galderari, honek katalanez erantzuteko propio eskatuta.

Futbolari biak gazteak dira, frankismoaren ondoren jaioak. Bat ohituta dago gutxienez bi hizkuntzatan hitz egiten. Bestea, berriz, elebakarra da. Beti esan diote Espainia estatu plurinazionala dela, eta bertan hainbat hizkuntza hitz egiten direla, baina hedabide guztietan gaztelania baino ez du entzun eta irakurri. Horregatik, deseroso sentitzen da bere inguruan jendea beste hizkuntza horietako batean hitz egiten hasten denean.

Susmoa daukat Sergio Ramos belaunaldi oso baten ispilu dela, Espainian elebakartasunik gorrienean hazi dena.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin

Bolonia

Orain pare bat urte hezkuntza plan famatuaz hitz egiten hasi ginenetik, beti idatzi izan dut Bologna, Italiako hiria izendatzeko. Banekien gaztelaniaz Boloña idazten dela, baina niretzat nazioarteko erreferentzia Bologna zen, jatorrizkoan bezala.

Orain Euskaltzaindiak txosten bat atera du, Europako hiriak,  erabakitzeko zelan izendatu Europako hiriak euskaraz, eta bertan agertzen denez, Euskal Akademiak Bolonia hobetsi du Italiako hiria izendatzeko. Hortaz, hemendik aurrera, “Bolonia plana” idatzi beharko dut, gai horren inguruan idazten dudanean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bizikleta gogoan

Aspaldi ez dut hartu bizikleta. Transplantea egin zidatenetik, ez dakit pare bat aldiz ibili ote naizen bi gurpilen gainean. Aurretik bai, ibiltzen nintzen noizbehinka, ez itzuli luzeak egiteko, baina bai inguruan aritzeko: Elorriotik Kanpazarrera, handik Elgetara, eta Elgetatik etxera berriro ere. Guztira ordubete inguru. Dutxa on bat hartu, eta gogoberrituta geratzen nintzen.

Orain, berriz, atzera begiratzen dut, eta ez dut uste faltan sentizen dudanik bizikleta. Alde batetik, nire egoeran ez dut behar istripurik, eta bizikletan ez dut segurtasun hori, trafikoa handia baitabil bazterretan. Bestetik, arineketan egiten dut, eta hor bai, lasaiago nabil. Horrekin nahikoa dut, oraingoz. Bi gurpilen gaineko emozioak bizitzeko, ostera, beti daukat Tourra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Aitona-amonen erantzule automatikoa

Egunen batean neurtuko da (neurtuko ahal da!) zelakoa den gure gurasoen ekarpena seme-alabon aurrerapen sozialean eta, are, emakumearen aitzinamenduan gizartean. Bitartean, hona hemen txiste bat, posta elektronikoan jasoa, eta zerikusia duena gai horrekin.

—Kaixo!
—Une honetan ez gaude etxean, baina, mesedez, utzi mezua seinalea entzun ondoren.

Piiiiiiii… entzuten da.

—Gure seme-alabaren bat baldin bazara, sakatu 1
—Behar baldin baduzu gu geratzea haurrekin, sakatu 2
—Behar baduzu gure autoa, sakatu 3
—Behar baduzu guk garbitzea eta plantxatzea zure arropa, sakatu 4
—Nahi baduzu haurrek gurean lo egitea, sakatu 5
—Nahi baduzu gu joatea haien bila eskolara, sakatu 6
—Behar baduzu bazkaria prestatzea iganderako, sakatu 7
—Nahi baduzu gaur gurera etorri bazkaltzera, sakatu 8
—Behar baduzu dirua, sakatu 9

Gure lagunetako bat baldin bazara, “hasi hitz egiten lasai”

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Iruzkin 1

20 aholku aurkezpenak hobetzeko

Geoffrey James blogariak 20 aholku idatzi ditu, hobetzeko diapositiba bidezko aurkezpenak. Gomendiook Terri Sjodin eta Stephen M. Kosslyn guruei entzunda idatzi ditu:

Formatua

  • Presta zaitez ondo, eta ikertu zure audientzia.
  • Aukeratu atzealde bat diapositibentzat, trabarik eragingo ez duena.
  • Aukeratu letratipo sinple bat, irakurterraza.
  • Lehen diapoak identifikatu behar ditu audientzia eta ekitaldia.
  • Erabili koloretako letratipoak eta letra beltza, bakarrik inportantea azpimarratzeko.
  • Erabili grafiko sinpleak, bakarrik inportantea nabarmentzeko.
  • Mugatu diapo bakoitzeko testua, berau 30 segundo edo gutxiagotan irakurtzeko.
  • Ziurtatu diapo guztietako testua irakur daitekeela gelako atzealdetik.
  • Baztertu LETRA LARRIAK, azpimarrak eta italikoak.

Edukiak

  • Ziurtatu lehen esaldiak jendearen arreta erakartzen duela.
  • Erabili hitzak jendea limurtzeko, ez sermoirik egiteko.
  • Oinarritu zure baieztapen GUZTIAK ebidentzietan.
  • Saihestu lastoa eta hizkuntza mordoiloa.
  • Erabili anekdotak edo analogiak, baldin eta biziak badira.

Zu zeu

  • Frogatu aurkezpena, harik eta eroso sentitzen zaren arte.
  • Transmititu entusiasmoa zure mezuan.
  • Uste osoa izan zure aurkezpenak irabaziko dituela jendearen borondateak.
  • Presta zaitez galde-erantzunetarako.
  • Erabili denbora egokitasunez.
  • Beti amaitu ekintzarako deia eginez.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Kno, testuliburu elektronikoak

Kno Video “New” from David Straus on Vimeo.

Harrituta geratu naiz bideo hau ikusita, bertan Kno enpresa berriaren arbel digitala agertzen baita, testuliburu elektronikoak kudeatzeko. Aparailu honek aukera emango die erabiltzaileei marraztu, oharrak hartu, testua nabarmendu eta elkarlanean aritzeko beste ikasleekin, aplikazio eta tresna piloa baitu horretarako. Bideoan alde biko arbela agertzen da.

Hala ere, atzo bertan Kno konpainiak iragarri zuen alde bakarrekoa ere merkaturatuko duela.

Lehia gogorra
Wired aldizkariaren iritziz, iPaderako aplikazioek egin liezaiokete min Kno taula elektronikoari. Bat aipatzen du: Inkling hasiberria, zeinek eskaintzen baitizkie testuliburuak ikasleei, iPadean erabiltzeko. Inkling konpainia elkarlanean ari da hainbat argitaletxerekin, testuliburuak eskaintzeko zenbait alorretan: biologia, kudeaketa eta ingeniaritza. Erabiltzaileek liburu osoa eros dezakete, edo kapitulu bat. Hezitzaileak eta argitaratzaileak, adi berrikuntza hauei.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Ilunpe zentzubakoak Elorrion

Elorrioko Udala ez da asmatzen ari kaleko argiekin. Zenbait ingurutan (industrialdea, Eroski supermerkatuaren aurrealdea, Ibaiondo kaleko parkea, Kurutziaga…) gehiegizko argi artifiziala jarri du, argi-kutsaduraren adibide garbiak izateraino. Kaleargien erdiarekin ederto argiztatuta leudeke leku horiek.

Orain baina, sistema bat asmatu du aurreko argi-kutsadura konpondu barik, argi-energia aurrezteko: astean behin herriko kale bat ilunperik beltzenean uzten du. Aste honetan Txantxibiri kaleari tokatu zaio, gureari, eta ez da txantxa, zeren gauez etxeratuz gero, ez da piperrik ere ikusten. Ondorioz, bertako neska gazteak eta emakumeak urduri dabiltza, etxera gauez etorriz gero.

Zergatik ez da arrazionalizatzen argi-energiaren erabilera gehiegizko argiteria gutxituz eta kaleetakoa bermatuz, alperrikako arriskuak saihestuta?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Non dago Julen Gabiria?

Atzoko egunez, konpainia on batean, euskaldunik baitzen ez zen lekuan nengoela, fakultateko jantokian, ekarri zuen solasak Julen Gabiria aspaldikoaren izena.

“Non dabil Julen Gabiria?”, galdetu zuen batek. Inork ez zuen asmatu erantzuten. Hiruk aipatu genuen zer gustura irakurri genuen haren azken lana, Han goitik itsasoa ikusten da, orain sei urte argitaratua. Baita haren blogeko artikulu ederrak ere. “Haurra izan zuenetik, ez du seinalerik eman”, beste batek.

Egia aitortu behar badut, faltan sentitzen ditut Julen Gabiria idazlea eta Julen Gabiria blogaria. Bigarrena ezkutatu zenean, pentsatu nuen lehena agertuko zela indar handiagoz, baina kia. Plazaratuko ote da berriro? Nik —eta seguru nago beste askok ere— horixe nahi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 6 iruzkin

Errol Flynn

Gure mutiko garaian Errol Flynn zen, gizonen artean, izarrik distiratsuenetako bat Hollywooden. Gaixorik nengoela, Hola aldizkariaren orrietan gogoratzen dut, garaiko izarrez inguratuta. Halako batean, berriz, hil egin zen, nola urte batzuk geroago desagertuko zen bere semea Sean Flynn, berau gerrako argazkilari lanetan ari zela Vietnamen.

Atzo ikusi nituen berriro ere, La 2 telebistak arratsaldean eman zuen dokumental batean, Tasmanian Devil, The Fast and Furious Life of Errol Flynn. Telebistaren aurrean jarri orduko saioa hasita zegoen, baina gainerakoa jakingura handiz ikusi nuen. Errol Flynn jainkotua eta Errol Flynn ahaztua, biak azaldu ziren. Baita Errol Flynn demonioa, ia beti desmasiaren mugetan bizi izan baitzen.

Zine garaiotan, ongi hartutako ezustea izan zen atzoko dokumentala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina