Ken Zazpi, Elorrion

Ken Zazpi, Elorrion
Atzo Ken Zazpi taldea izan zen Elorrion. Berandu ibili ginen txartelak hartzeko, baina lortu genituen, hala ere. Eta ez ginen damutu kontzertura joan izana, kontzertu bikaina izan zen-eta.

Arriola antzokia lepo, adin guztietako jendearekin. Agertokia ere, tramankuluz beteta, gero sekulako jokoa emango zutenak. Kontzertu bikaina izan zen: indartsua, emozioz betea eta plastikoa. Taldeak transmititzen zuen hori guztia, eta batez ere abeslariak, Eñaut Elorrietak. Gaur egun euskal musikak izarrik baldin badu, bera da bat, eta, seguruenik, distiratsuena.

U2ren oihartzunak nabarmenak zirenean ere, taldeak ez zuen horregatik sufritzen. Eta zer esan “Gernika” abestiaren gainean? Nik entzuna nuen irratietan-eta, baina atzo iluntzean monumentu bat iruditu zitzaidan, ederra bezain erdiragarria. Horregatik, denboraz bada ere —oraindik gaztea da, eta ni zahartzen ari naiz—, Eñaut konturatuko da ez duela premiarik bestelako aldarririk egiteko bere abestietatik kanpo, berauek argi hitz egiten baitute, beste hizkuntza batez bada ere.

Jeneralean ostiral iluntzetan nekatuta ibiltzen naiz, oso, baina atzo indarberrituta irten nintzen Arriola antzokitik, halakoa izan zen-eta Ken Zazpiren jarduna. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Burua galtzen

Azken hogeita lau orduetan bi hanka-sartze potolo egin ditut. Lehendabizikoan, ez nintzen agertu jarrita nuen hitzordu batera, nahiz eta bisitaria urrutitik etorri. Bigarrenik, behar baino egun bat lehenago joan ospitalera, ekografia bat egitera. Ez bata ez bestea ez nituen egin gurata, horixe bakarrik falta zen. Lehenengoan, nahikoa izan zen lankide batek eskatzea eskola ordua aldatzeko, hitzorduaz ahazteko. Bigarrenean, gaizki-ulertu batek eraman ninduen hitzordua okerreko egunean jartzea nire Calendar aplikazioan.

Piqué futbol jokalariak bezala, nik ere arreta handiagoa ipini beharko dut eguneroko jardueran —batzuetan ez pentsa erraza denik, hainbeste bilera eta kontrabilerarekin—, burua galdu nahi ez badut.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Politikariek banpirizatu egin gaituzte

Politikariek sinetsarazi digute ezinbestekoa dela eurek pontifikatzea hedabide ahalik eta gehienetan, demokrazia osasuntsua izan dadin. Eta guk, sinistu. Ondorioa oso garbia da, eta aspergarria: Euskadi Irratian, adibidez, tertulia guztietan daude politikariak, lanegunetan eta asteburuetan. Horrezaz gain, egunero politikari bat gonbidatzen da irratira, berari elkarrizketa luzea egitera. Batean EAJkoa izango da; bestean, PSE-EEkoa; hurrengoa, PPkoa edo Aralarkoa, nahiz Bildukoa. Berdin-berdin gertatzen da Radio Euskadin eta ETBn ere. Eta berdin beste hedabide batzuetan.

Kontua da ni asper-asper eginda nagoela hedabideen politika horrekin eta politikariekin, inork ez du-eta ezer ganorazkorik esaten, bakoitzak bere astoari arre, besterik ez. Xabier Lete zenak arrazoia zuen esan zuenean politikariek banpirizatu egin gaituztela. Hona hemen haren hitzak Inazio Mujika Iraolak prestatutako liburu ezin interesgarriagoan, Xabier Lete (Auto)biografia bat:

  • Jende arrunta, hemen, partizipatiboagoa da beste lekuetan baino. Baina hala ere politikoak eta alderdi politikoak odola xurgatzen dio jendeari, banpirizatu egin gaituzte eta orduan badirudi politikan sartua ez dagoen jendearen iritziak ez duela ezertarako balio. (119. or.)
Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Millennium berriro

Asteburu honetan Millennium filma ikusi dut, baina AEBetan egindakoa. Gustura ikusi dut. Hala ere, alderatuz gero originalarekin, nik nahiago hura. Akaso Daniel Craig hobeto moldatu da Mikael Blomkvist kazetaria antzezten, baina Lisbeth Salander askoz hobea zen originala, bat ere duda barik. Eta filma bera ere, hobea zen originala. Horiek horrela, ulertuko nuke filmaren remake bat egitea denbora bat igarota, baina ez orain, besteak oraindik hiru urte dituenean.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Film ederra liburuzaleontzat

Liburuzaleok badugu film bat izendatuta aurtengo Oscar sarietara. Animaziozko film laburra da, eta izena du The Fantastic Flying Books of Mr Morris Lessmore (Lessmore jaunaren liburu hegalari fantastikoak). Hamabost minutu irauten du eta, egia esan, istorioa ez bada ere beste mundukoa, hunkitu egiten du. Erreparatu pertsonaia nagusiak zelako antza duen Buster Keaton zenarekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Agur Megaupload, kaixo berriro torrent

Ikusteko dago zelako aldaketa gertatu den Interneten FBIk Megaupload itxi zuenetik. Astebete nahikoa izan da jende guztia torrent sistemara itzultzeko musika edo pelikulak jaisteko orduan. Nik, behintzat, izugarri igarri dut nire inguruan.

Igaro gara sistema zentralizatu batetik (Magauploadena) sistema erabat dezentralizatu batera (torrentak). Eta pentsatzen dut poliziarentzat askoz ere zailagoa izango dela torrent darabiltenen kontra egitea, milioika lagun dira-eta.

Llorenç Valverde irakasleak zioen moduan, uste zuten pasadoreari zulo bat tapatuta, konpondua zutela arazoa, baina kia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Zelan bilatu gaiak Faroan

Ustekabean
konturatu naiz badagoela modu sinple bat gaiak bilatzeko blog honetan.
Nahikoa da Faroaren URLari eranstea /tag/ eta bilatu nahi den hitza,
Flickr-en eta beste zerbitzu batzuetan egiten den moduan.


Aproba egin dut, eta konturatu naiz zenbait garien inguruan dezente idatzi dudala. Nire obsesioak izango dira. Adibidez:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Plisti-plasta, lasterka

Aspaldiko partez, euripean egin dut lasterka. Larunbatean izan zen, eguerdi partean. Joan-ez-joan geundela, azkenean ausartu egin ginen, eta hara joan ginen Bego eta biok arineketan egitera. Bigarren minuturako blai eginda geunden, baina aurrera egin genuen, egoeraren arraroak kitzikatuta. Plisti-plasta joan ginen, eta busti-bustita etxeratu.

Ohi ez bezala, etxeratutakoan zuzenean joan ginen dutxa beroa hartzera, gerorako utzita luzatze ariketak. Ez dakit zergatik, baina larunbateko lasterkaldiak haurtzaroa ekarri zidan gogora, orduko une pozgarriak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Zergatik indultatu sexu erasotzaile bat?

Josebaren tabernan ez dago beste berba gairik egun hauetan: zer dela-eta eman dio Zapateroren gobernuak indultua Paul Abasolo futbol jokalariari, eta eman ere gobernuaren azken ministro kontseiluan? Josebak nahiko lan izaten du eztabaidak moderatzen, hango ulu eta orrori eztabaida dei badakioke, behintzat. Hiruzpalau egun igarota ezbaia piztu zenetik, hiru hipotesi nagusitu dira bezeroen artean:

  1. Mañarik dio Sabin Etxera begiratu behar dugula, gura badugu auzia behar den moduan ulertu. Paul Abasolo horren bigarren abizenean omen dago gakoa, jokalariaren aitaitarengana eramango gintuzke-eta. Haren hitzetan, aitaita oso aberatsa da, hainbat harrobiren jabea eta enpresa askoren burua. “Nahi izango balu, Durango ere erosiko luke, osorik”. Horrezaz gain, pertsona inportantea omen da Eusko Alderdi Jeltzalean, eta sarbide zuzena du Sabin Etxean, batez ere azken lehendakariak hartu zuenetik alderdiaren lema, biak oso lagunak dira-eta. Mañarik dio testuinguru horretan ulertu behar dela indultua, izan daiteke-eta Zapaterok jeltzaleen buruari egindako oparia, azken honek beste kontu batzuetan eskainitako laguntzagatik.
  2. Juan Marik, ostera, dio indultu horrekin Zapaterok erakutsi nahi izan diela epaileei-eta gaizkile horiek ere merezi dutela bigarren aukera bat, gizarteratu eta jende normala bihur dadin. Horren froga omen da indultuan esaten dela Paul Abasolok parte hartu beharko duela heziketa bereziko programa batzuetan, berriz ere ez erortzeko harri berean.
  3. Rogelioren ustez, indultua etorri da Zapaterok puteatu nahi izan duelako Real Madril, jakina baita Zapatero Barçaren jarraitzailea dela. Kontua da orain laupabost urte, Real Union futbol taldeak Real Madril kanporatu zuenean kopatik, Paul Abasolok gol ikusgarri bat egin zion Florentinoren taldeari. Rogelio bera Leongoa da, Zapatero bezala, eta dio horrelako jokamoldeak oso tipikoak direla paraje haietan.

Nik, egia esan, ez dakit zer esan eta zer pentsatu. Batetik, tabernako berba gaiak ez dira izaten oso jasoak. Bestetik, hedabideek ere ez diote ezelango jarraipenik egin gai honi, gutxienez jakiteko indulturaren zergatiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Elizaren rola haur lapurtuen auzian

Haur lapurtuen auzia haziz doa, eta gure harridura ere bai. Badirudi garai ez oso urruti batean Euskal Herrian ere negozio sendo eta ezkutu bat zegoela antolatuta, orduko zenbait diruduni haurrak emateko, berauek benetako gurasoei lapurtuta. Horretarako gure ospitaleak erabiltzen bide ziren.

Ikusita 70 hamarraldian ere egin zirela horrelako izugarrikeriak, uste izatekoa da errudun haietako dezente oraindik bizi direla, tartean medikuak, erizainak, emaginak, abadeak eta mojak, garai haietan eliztar asko ibiltzen baitziren erietxeetan lanean.

Ikustekoa izango da Eliza Katolikoak zer jarrera hartzen duen ikerketak aurrera egin ahala, lagunduko ote duen bere esku dagoen informazioa argitzen ala, pederastiaren auzian bezala, ezkutatu egingo ote dituen bere jendearen lotsak. Adi.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina