Modeloak egin egiten dira

Stephan Bollinger argazkilari suitzarrak bideo argigarria egin du, erakusteko ez duela merezi modeloak eredutzat hartzea, modeloak publizitate agentziek egiten baitituzte.

Zelan bihurtzen da baina, neska arrunt bat modelo xarmangarri? Argazkilariak hiru pauso azpimarratzen ditu:

  1. Ile apainketa eta makillajea. Bi lan horiek erabat alda dezakete modelo bat.
  2. Argiztapena eta ikuspuntua. Argazkilariak beti bilatuko du modeloaren alderik onena eta argiztapenik egokiena.
  3. Photoshop eta azken ukituak. Publizitatean, afixa handietan eta aldizkarietan agertzen diren argazki GUZTIAK ukituak izan dira Photoshopen.

Hortaz, amaitzen du Stephan Bollinger argazkilari profesionalak, ez gaitezen liluratu modelo horiekin, euren irudiak neurri handi batean artifizialak dira-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Graceland: 25 urte

Seguruenik hauxe izango da gehien entzun dudan diskoa, Graceland. Horregatik akaso, zur eta lur geratu nintzen jakin nuenean dagoeneko 25 urte pasatxo dituela.

Baina pentsatzen hasi eta bai, gogoan dut Bergarako Udal Euskaltegian nenbilela, egun batean bertako ikasle batek galdetu zidala itzultzeko Graceland abestia. Artean urte pare bat falta ziren Arrasate Press herri aldizkaria abiarazteko, bost Tim Berners-Leek www sarea asmatzeko eta 25 ETAk armak utziko zituela iragartzeko, nire bizitza markatu duten hiru gertakari baino ez aipatzearren.

Euri asko egin du tartean, baina diskoak ez du bat ere indarrik galdu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | Iruzkin 1

Beste jarrera bat pirateriaren aurrean

Trey Ratcliff argazkilariak ozen adierazi du berari ez zaiola inporta jendeak bere lanak kopiatzen baditu. Bost arrazoi eman ditu horretarako.

  1. Bit lapurretak eta auzoko dendan lapurtzen diren Tic Tac (txokolatezko) barrak antzekoak dira. Interneten lan egitearen prezioa.
  2. Bizitza LUZEA da. Gaur egun nire gauzak pirateatzen duen zenbait jendek ez dauka batere dirurik. Hala ere, gustatzen zaie nire lana. Urte batzuk barru, euren egoera hobetzen denean eta dirua daukatenean, oraindik hemen ibiliko naiz, eta esango dute: “beti gustatu zait honen lana, eta orain erosten hasiko natzaio”.
  3. Piratak nire komunitatearen parte dira. Jende zintzoa da eta, dirurik balute, gustura erosiko lukete nire lana. Orain ezin dute, baina noizbait ahal izango dute… Gaur egun neuk ematen diet zerbait, eta bihar-etzi eurek emango didate. Orain 24 urte, institutuan nenbilela, pirateatu egiten nituen Sid Meier jokoak nire Amiga ordenagailuan (Piratak izeneko joko bat barne). Gaur egun, berriz, badaukadanez dirua, Sid Meieren joko guztiak erosten ditut.
  4. Piratek lagunak dituzte dirua dutenak. Marketin onena ahoz ahokoa denez, lagunen artean zabaltzen dena, piratei gustatzen bazaie nire lana, esan egingo diete beren lagunei. Ez pentsa mundu guztia ondo konpontzen denik torrenteak erabiltzen. Nik, berriz, modu errazean saltzen dudanez nire webgunean, askok bertan erosiko dute, errazagoa delako pirateatzea baino.
  5. Azkenik, eta hauxe da inportanteena, dena irekitzea erabaki nuenetik, gure negozioa hazi baino ez da egin. Hamar laguneko talde bat daukat, eta denok pozik gaude negozioa emankorra delako. Arraroa egiten da, bai, grafiko baten ikustea irabaziak eta pirateria, biak haziz doazela. Egia da irabaziak ez direla hazi pirateria hazi delako, baina azken honek ez die kalterik egiten.

Harro nago nire lanaz, amaitu du Trey Ratcliff-ek, eta Interneten salgai jarritakoaz, eta badakit mila lagunek jaisten badute nire lana ordaindu barik, badakit mila hazi erein ditudala.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Aupa Athletic!

Ederra izan zen Athleticen garaipena atzo. Lehen zatiaren azken pusketa Xara tabernan ikusi genuen, Elorrion, giro ezin hobean. Bigarrena, berriz, Tanger tabernan, han ere lagun artean. Athletic ikusgarri aritu zen, beste behin, eta orain hilabete pentsaezina zirudiena lortu zuen: partida bietan Manchester United mendean hartzea, ikusgarri jokatuta.

Fernando Llorenteren gola eta Iraolaren aukera iltzatu zitzaizkidan gogoan, azken hau maisulan amaitugabea. Bukaeran, ostera, gure aitaz gogoratu nintzen, Athletic zalea baitzen, Gainza, Iriondo eta belaunaldi haren mireslea. Izugarri gozatuko zukeen atzokoa ikusita.

Source: thenational.ae via John on Pinterest

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 2 iruzkin

Bi argazkizale handi

Joxe Felix Diaz de Tuesta eta Iker Aizkorbe Mondragon Unibertsitatean
Joxe Felix Diaz de Tuestak eta Iker Aizkorbek argazkigintza maite dute. Bakoitzak bere estiloa du —Joxefe erreportari grafikoa litzateke eta Iker naturaren erretratugilea—, eta biek erabiltzen dute Flickr beren argazkiak erakutsi eta beste argazkizale batzuekin sarean jarduteko. Horregatik gonbidatu genituen atzo Mondragon Unibertsitatera, gure ikasleei hitz egiteko zelan darabilten Flickr.

Iker lehendabiziko aldiz etorri zen, erdi gaixorik, baina kementsu hitz egin zigun bere ibilbideaz. Joxeferentzat, ostera, hirugarren aldia izan zen, eta baliatu egin zuen bere esperientzia. Bi ordu izan ziren gure artean, interesgarriak oso. Ahal baduzue, ikusi bien argazkiak Flickr-en, merezi du-eta.

POSTDATA. Joxefek igo ditu Flickr-era unibertsitatean atera zituen argazkiak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Airbnb: sare globala, merkeago bidaiatzeko

Txiripaz izan bada ere, webgune bikaina aurkitu dut merkeago bidaiatu nahi duten guztientzat: Airbnb sare globala, non bidaiariak aloka dezakeen gela bat munduko 19.732 hiritan, 192 herrialdetakoak.

Nahikoa duzu hiri baten izena idaztea webgunearen azalean, eta bertan zehaztea zenbat lagun zareten eta noiztik noiz arte egon nahi duzuen etxe horretan. Zerbitzuak hainbat aukera eskainiko dizu. Hautatu bat. Hauxe ikusiko duzu:

  • Argazkiak. Dozenatik gora argazkik erakutsiko dizute zelakoa den etxea, eta zelakoa aloka dezakezun gela. Bertatik irten barik, azalpen zehatza aurkituko duzu etxearen eta inguruen gainean. Halaber, aurretik etxe horretan izan diren bidaiarien iritziak.
  • Mapa. Hortxe ikusiko duzu non dagoen etxe hori. Zoom out eginez gero, ondo koka daiteke etxea ikuspegi zabalean.
  • Kaleko ikuspegia. Google Maps-en Street View darabilte hemen erakusteko zelakoa den etxe horren kalea.
  • Egutegia. Atal horretan argi ikus daitekee, hilez hil eta egunez egun, noiz dagoen etxea hartuta eta noiz libre.

Horrezaz gain, eskuin aldean aplikazioak kalkulatu egingo dizu zenbat irtengo zaizun egonaldia, aintzat hartuta zenbat lagun zareten eta bertan zenbat denbora egiteko asmoa duzuen.

Airbnb oso zerbitzu ona iruditu zait, eta primerako weba dauka, ondo antolatua eta bizkorra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | 3 iruzkin

Gure haurtzaroko komikiak

Homenaje
Haurtzaroan ez zen komikirik falta izan gurean. Aitari eta amari ez zien grazia handirik egiten guk hainbeste komiki irakurtzeak —tontotu egin behar zarete zuek, tontotu, hainbeste tebeo irakurrita!—, baina guk atsegin handiz irakurtzen genituen, denak gaztelaniaz, jakina. Euskarazkoak askoz geroago iritsi ziren, gaztaroan.

Eta zer irakurtzen genuen? Garai hartan eskura geneukan guztia. Sailkapen bat egin behar izanez gero, sail hauek bereiziko nituzke:

  • Abenturakoak: El capitán Trueno, El Jabato, El guerrero del antifaz, El príncipe valiente, Hazañas bélicas, Gorila, Superman, Roberto Alcázar y Pedrín…
  • Bakeradak: El llanero solitario, Hopalong Cassidy…
  • Xaloak: Mortadelo y Filemón, Zipi y Zape, TBO, Pumby, Super Pumby…
  • Eredugarriak: Vidas ejemplares…

Gehienak etxean irakurtzen genituen, baina bageneukan auzoan areto parrokiala, eta hantxe Vidas ejemplares zen nagusi, Eliza Katolikoaren komiki sorta, non kontatzen ziren santu pilo baten bizitza miresgarriak. Noiz edo behin, merkatu txikia antolatzen genuen baten baten etxeko eskaileretan, komikiak trukatzeko: nik zuri hiru capitan trueno eta jabato bat, eta zuk niri llanero solitario bat…

Egun hauetan bilduma bat sortu dut Pinterest webgunean, Txikitako komikiak, eta bertan jaso ditut gogoan dauzkadanak.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | 3 iruzkin

Marilyn

Marilyn Monroe
Atzo arratsaldean, etxera heldu eta Marilyn Monroe aurkitu nuen egongelan. Dokumental batean izan zen, Frantzian egina, La2 kanalak emanda. Irudi haiek ikusi eta trumilka etorri zitzaizkidan Marilyn lehendabizi ikusi nueneko flashak.

Hamar urte inguru nituen, eta ohean nengoen gaisorik, biriketan zerbait nuela. Hilabete eta erdi egin nuen horrela, eta, astean behin amak ¡Hola! aldizkaria ekartzen zuen etxera, beste komiki batzuekin batera: Pumby, Hazañas bélicas, El Capitán Trueno, etab.

Irentsi egiten nituen denak, ¡Hola! barne. Eta han ikusi nuen lehen aldiz Marilyn Monroe. Hasieratik eman zidan atentzioa emakume hark: haren bular oparoak, haren irribarre herabetasunik bakoa eta begirada samurra. Urte batzuk geroago, eta bera hilda zegoela, berriro mirestu nuen Con faldas y a lo loco eta beste film batzuetan.

Mende erdi luze joan da harrezkero, eta oraindik ere emakume liluragarria iruditzen zait, nahiz eta jakin bere bizitza pertsonala gurutzebide gogorra izan zela.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , | Utzi iruzkina

Bi argitaletxe, bi jarrera

Ikusi nuenetik Applek iBooks Author plazaratu zuela, programa bat testuliburuak editatzeko elementu multimedia eta guzti, zain nenbilen noiz agertuko zen libururen bat azalduko zuena zelan erabili programa berria. Hiru liburu aurkitu ditut, denak digitalak, baina bik eman didate arreta.

Liburu itxia
Peachpit argitaletxeak Meet iBooks Author kaleratu du, 100 orrialdeko liburu bat, .epub formatuan, baina DRM babesarekin, halako eran non soilik 6 aparailutan erabili baitaiteke. Prezioa: 5 dolar.

Liburu irekia
O’Reilly argitaletxeak, berriz, Publishing with iBooks Author plazaratu du, 70 orrialdeko liburua, hiru formatutan (.epub, .mobi eta .pdf), bat ere babesik barik, nahi beste aparailutan erabiltzeko moduan. Prezioa: 0 dolar, alegia, doan.

Esan beharrik ez dago, O’Reilly argitaletxearen liburua hartu dut. Horretarako, izena eman behar izan dut argitaletxean, baina gustura egin dut hori, zeren badakit argitaletxe ona eta serioa dela, etxean badaukat-eta liburu bat O’Reillyk argitaratuta, ezin txukunago. Horregatik, eta (baztertu barik liburua doakoa dela) gustatzen zaidalako argitaletxearen jarrera irekia.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , , | Utzi iruzkina

Zelan prestatu TED aurkezpen bat

Jacob Cass diseinatzailea da, Australian jaioa orain 24 urte, eta proposatu ziotenean hitzaldi bat ematea TED saioetan, buru-belarri murgildu zen aurkezpena prestatzen, TED konferentziak hots handikoak baitira mundu osoan, bertan aurkezten baitira “zabaltzea merezi duten ideiak”, gehienak teknologia, entretenimendua eta diseinuaren inguruan.

Gure zorionerako, Jacob Cass-ek azaldu egin digu zelan prestatu zuen aurkezpena:

  1. Aurkezpenean zentratu zen, gauza inportante asko gerorako utzita. Hamar bat bideo ikusi zituen TED aurkezpenetan grabatutakoak. Ikertu egin zuen zelan prestatu TED hitzaldi bat, eta landu hitz egiteko trebetasunak.
  2. Eskema bat idatzi zuen zertaz nahi zuen hitz egin, eta hortik 10 orrialdeko testua garatu.
  3. Diapositiba sorta bat prestatu zuen testuan oinarrituta, hau albo batera utzita, eta esan beharrekoa buruz esateko moduan.
  4. Sei aldiz probatu zuen hitzaldia, denbora kontrolatuta, TED hitzaldiek 16-18 minutu irauten du-eta. Halaber, laburbildu zuen esan beharrekoa diapositiba besteko puntutan.
  5. Hitzaldia iritsi baino hiru egun lehenago, egun erdi hartu zuen jai lanean, hitzaldia praktikatzeko. Horri esker, sei aldiz gehiago probatu zuen hitzaldia, eta berau fintzen joan zen.
  6. Bezperan, diapositibak amaitu eta bidali egin zituen TED erakundera, haiek izan zitzaten. Hegazkina hartu eta Pittsburgh-era joan zen ordenagailu eta guzti, eta hoteleko gelan segitu zuen hitzaldia praktikatzen. Ondoren, lotara.
  7. Bi orduz behin esnatu zen, urduri, pentsaturik iratzargailua ez zebilela. Ordua jotakoan jaiki eta beste behin praktikatu zuen hitzaldia, konferentziara abiatu aurretik.

Lekukotasun honekin Jacob Cass-ek garbi erakutsi digu horrelako aurkezpen bat egitea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Azken emaitza ez zidan iruditu beste mundukoa zela, baina bai prestatze-lana.

Bide batez, Jacob Cass-ek webgune oso interesgarria dauka, eta bertan informazio ugari eta ona aurki daiteke diseinuaren gainean: tipografia, weberako diseinua, kostuak, markak, etab. Horren gainetik, web horrek aukera ematen du aztertzeko diseinatzaile australiarrak zelan darabiltzan sare sozialak bere lana hedatu eta bezeroak irabazteko.

Bere webguneaz gain, Jacob Cass-ek beste bi web kudeatzen ditu, biak ere interesgarriak oso:

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak , , | 3 iruzkin