Bi artikulu interesgarri

Egun hauetan bi artikulu irakurri ditut, interesgarriak oso. Lehena Luistxo Fernandezek idatzi du Ingelesen Hilerrian. Luistxok hausnarketa egiten du zertan geratu den Eusko Legebiltzarrak software librearen alde egindako aldarrikapena.

Bigarrena Jabi Zabalak utzi digu Sarean. Eta hor Jabik aletzen digu 2004ak zer utzi digun teknologiari dagokionez. Ahal baduzue, irakurri biak, merezi dute-eta.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Julen Gabiriak badu bloga

Bizitza horrelakoa da, egun batean ematen dizkigu albiste tristeak, eta hurrengoan ezin alaiagoak. Atzo Salem lagunaren heriotzaz jardun nuen. Gaur, berriz, berri ona ekarri nahi dut euskal blogarientzat: Julen Gabiriak blog bat sortu du, Lagun Batek Esan Dit Lagun Batek Esan Diola, eta horretarako eibar.org plataforma erabili du.

Orain arte paperean gozatu dugu Julenen sormenaz, idatzita utzi baititu bi eleberri, bost ipuin, itzulpen bat eta biografia bat. Hemendik aurrera, ostera, sarean utziko dizkigu Julenek ohiko dituen perlak. Irakurri besterik ez dago blogean zer idatzi duen.

Ongi etorri, Julen, eta zorionak. Dagoeneko agindua eman diot Bloglinesi egunero ekar diezadala zure blogaren berri, albiste freskoekin.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Salem eta Miren

.flickr-photo { border: solid 2px #000000; }.flickr-yourcomment { }.flickr-frame { text-align: left; padding: 3px; }.flickr-caption { font-size: 0.8em; margin-top: 0px; }
Salem eta Miren , originally uploaded by Joxe .

2003ko egun batean Ormaiztegin izan ginen Salem, Gurutze eta Beñat bisitatzen. Orduan te gozoa prestatu zigun Salemek eta, bide batez, erakutsi zion Mireni sahararrek nola prestatzen eta zerbitzatzen duten tea.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 2 iruzkin

Salem hil da

Jaiki bezain laster jakin dugu Salem hil dela, Salem Hach-Embarek lagun sahararra. Borrokatzaile amorratua, gaztetatik aritu da bere herriaren alde lanean, Saharan bertan eta munduan zehar. Izan ere, 1976a ezkero Salem diplomatiko lanetan ibili da Eskandinavian, Indian, Londresen, Asian… eta Euskal Herrian.

Minbizia osatzen ari zela, orain hogeita hamar bat urte, Salemek Gurutze Irizar ezagutu zuen, erizain bat Ormaiztegikoa, eta Kanariar Uharteetan ziharduena lanean. Orduan planto egin zion minbiziari, eta antzarak perratzera bidali. Aldi berean, maitasun hitzarmen bat egin zuen Gurutzerekin. Maitasun horren fruitu izan ziren Garazi eta Beñat, bikotearen seme-alabak, eta baita Euskal Herrian barrena Salemek eta bere lagunek ereindako elkartasun hazia.

Orain urtebete-edo minbizia agertu zitzaion berriro. Eta ikustekoa da nola aurre egin dion Salemek gaixotasunari: indarrez, umorez eta lanean. Eta nola zaindu duen bere familiak aldi horretan. Gurutze, Garazi eta Beñat, besarkadarik maitekorrena zuei.

Zure eremuetara itzuli zara, Salem, basamortuaren bakera. Ikusi arte!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | 6 iruzkin

Urteberri on!

Oñatin amaitu genuen urtea. Anaia bat dugu han bizitzen, eta, azken urteotan, haren elkartean egiten dugu Urtezaharreko afaria aranzabaldarrok, gure bikote eta seme-alabekin batera. Guztira 19 lagun.

Berba asko egiten dugu Urtezaharreko afarian, denetik, gainera: SAren erantzuna Ibarretxe Planari, EAEko aurrekontuak, Anoeta eta San Mamesen arteko aldea Euskadiko futbol selekzioa hartzeko orduan, tsunamiak, Da Vinci Kodea, Skype programa Interneten telefonoz hitz egiteko, Camile hartzaren hilketa, nola prestatzen den triatloilari bat, eMule programa filmak jaisteko saretik, etab.

Baina une gorena iristen da Jon eta Larraitz ilobek urtero prestatzen duten lehiaketarekin. Txikiak zirenean gustatzen zitzaien antzerki lantxo bat prestatu eta antzeztea nagusioi. Orain hiruzpalau urte, berriz, hasi ziren lehiaketa bat antolatzen. Mahaiaren alde batekook osatzen dugu A taldea eta beste aldekoek B taldea. Abilidade proba bat prestatzen digute hasteko, galdera-erantzunak gero, eta amaitzeko, beste proba bat taldean egin beharrekoa. Ondoren, sariak. Zaharrek (amama Paulak 87 urte ditu), gazteek (Mirenek, 9) eta tartean gabiltzanok parte hartzen dugu lehiaketan, denok, eta ikusteko izaten da nolako egoerak sortzen diren.

Atzo ere horrela agurtu genuen urte berria, mahaian sarrerakoak, bildotsa, intxaur-saltsa eta turroiak genituela, txakolina, Errioxako ardoa eta xanpainarekin batera. Ordubiak aldera, etxerako bidea hartu genuen.

Urteberriko bazkaria, berriz, Elorrion egingo dugu, Esteñibar baserrian. Zuek ere, ondo izan.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Eibarko saihesbidea

Atzo Eibarren izan nintzen, eta berriro igaro nuen hango saihesbidea. Handik pasatzean —hain da bidea eskasa eta arriskutsua— galdetu nion neure buruari: Gipuzkoako Foru Aldundia ausartuko zen saihesbide hori egiten, baldin eta Eibarko alkatea sozialista barik jeltzalea izan balitz?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Nola lagundu tsunamiak kaltetuei

Gero eta gehiago dira joan den iganden tsunamiak hildakoak Asia hegoaldean. Azken albisteek diote 120.000 badirela, baina litekeena da askoz gehiago ere izatea. Antza denez, diru laguntza gutxi eta gaizki iristen ari da nazioartetik, nahiz eta han eta hemen ekimen asko antolatu diren hara laguntza bidaltzeko, eCuadernok dakarren moduan.

Eroskik ere hitzarmen bat egin du Gurutze Gorriarekin, eta urtarrilaren 27a bitartean egutegiak salduko ditu, dirua batzeko kaltetuen alde. Aldi horretan Eroskik batu nahi ditu 60.000 euro, zeinetik kooperatibak berak 15.000 euro ipiniko baititu.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Ibarretxe plana, aurrera

Beribilean nentorren, euripean irratia entzuten, eta horrelako batean, ezustea: arratsaldeko 17:00ak inguruan Arnaldo Otegik bukatu du hitz egiten, eta iragarri du Sozialista Abertzaleak taldeko hiru legebiltzarkidek baietza emango diotela Ibarretxe Planari. Horrek, noski, ekarriko du plana onartzea erabateko gehiengoarekin.

Tsunami batek bezain gogor astinduko ditu bazterrak SAren erabakiak, jende askoren estrategiak hankaz gora ezarriko ditu eta. Interesgarria izango da ikustea gainerako indarrek nola erantzuten duten datozen egunetan.

Konturatu naiz hedabide asko ari direla jarraitzen planaren eztabaida Eusko Legebiltzarrean, baina bereziki nahi dut azpimarratu Xabier Mendiguren Elizegi eta Iban Arantzabal parlamentutik bertatik egiten ari diren lana Sustatu blogarentzat. Euskal blogariak erne eta zuzenean une historiko baten berri ematen. Zorionak!

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina

Basurdea

Atzo Julen Gabiria izan genuen bisitan Elorrion. Eguraldi eskasa izan genuen, baina horrek ez zigun eragotzi osteratxo bat egitea Elorrio inguruan. Handik Elgetara joan, eta Espaloian bazkaldu genuen, Iban Arantzabal Sustatuko editorea agurtuta.

Bazkalostean, beribila hartu eta aldapan gora abiatu ginen, literatura bidaia egitera. Kanpazar eta Angiozar arteko bidegurutzean geratu, eta pasarte bat irakurri genuen, Ramon Saizarbitoria idazlearen Gudari Zaharraren Gerra Galdua liburuak hantxe bertan kokatzen duena. Euria ari zuen, baina zutarriraino hurbildu ginen, Intxorta faxistengandik defendatu zuten gudarien omenez eraikia, eta harrezkero bonba batek zartatua.

Asentzion ere izan ginen, sartu-irten bat baino ez, eta orduan aipatu genuen Juan Martin Elexpururen beste lan bat, Gerra Urte, handik hurbil kokatua, hori ere gerra garaian.

Behin Angiozarren, autoa plazan utzi eta oinez joan ginen hilerriraino. Hango eskailerak igo, eta hilerriko ate aurrean geundela, Juan Luis Zabalak idatzitako pasarte bat irakurri genuen, Agur Euzkadi eleberrikoa, hantxe bertan gertatua.

Berriro beribilean, Kanpazartik Elorriora bidean gindoazela, gertatu zitzaigun eguneko ezustekoa: ez genuen, bada, ikusi basurde eder bat bide bazterrean lasai-lasai ibiltzen! Ezin sinesturik geratu ginen, gu eta atzeko automobilean zetozenak, biok ere ia erabat geratu baikinen, ikusteko zer egiten zuen basurdeak. Horrek, lasai gurutzatu ezker aldera, burdinazko hesia azpitik pasatu, eta pinudian behera desagertu zen.

Esteñibar baserrira iritsi ginenean, huntaz eta hartaz hitz egin genuen etxeko jabeekin, txakolin gozoaren konpainian, baina ez ginen basurdeaz ahaztu, premonizio bat izan balitz bezala. Zerena, baina?

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Iruzkin 1

Odolean Neraman

Durangon erosi, eta egun hauetan irakurri dut Joan Mari Irigoienen azken eleberria, Odolean Neraman. Ofizio izugarria aitortzen diot Joan Mariri, ondo bilbatzen ditu istorioak, eta euskara ere ederra du, baina liburu horrek ez nau bete.

Beharbada astakeria bat esango dut, baina Eneko Ortegaren istorioa ez zait sinesgarria egin. Futbola aitzakia bat izan da kasu honetan, paisaje bat apenas zirriborratua, horren gainean egileak erakutsi nahi zuen arazo bat margotzeko.

Iruditu zait, bestalde, egilea kezkatuta dagoela euskal eleberrigintzara azken orduko egoera “modernoak” eramaten, drogak eta guraso homosexualak kasu, baina azkenean hiritar onaren klitxea aplikatzen diela protagonistei, armairutik modu eredugarrian irten eta aitatasunari dagozkion ardurak ezin modu ereduzkoagoan hartuta, denak zoriontsu baitoaz etxera. Ez dakit, mazapan samarra.

Kategoriak Sailkatugabeak | Etiketak | Utzi iruzkina