Urteberri on!

Oñatin amaitu genuen urtea. Anaia bat dugu han bizitzen, eta, azken urteotan, haren elkartean egiten dugu Urtezaharreko afaria aranzabaldarrok, gure bikote eta seme-alabekin batera. Guztira 19 lagun.

Berba asko egiten dugu Urtezaharreko afarian, denetik, gainera: SAren erantzuna Ibarretxe Planari, EAEko aurrekontuak, Anoeta eta San Mamesen arteko aldea Euskadiko futbol selekzioa hartzeko orduan, tsunamiak, Da Vinci Kodea, Skype programa Interneten telefonoz hitz egiteko, Camile hartzaren hilketa, nola prestatzen den triatloilari bat, eMule programa filmak jaisteko saretik, etab.

Baina une gorena iristen da Jon eta Larraitz ilobek urtero prestatzen duten lehiaketarekin. Txikiak zirenean gustatzen zitzaien antzerki lantxo bat prestatu eta antzeztea nagusioi. Orain hiruzpalau urte, berriz, hasi ziren lehiaketa bat antolatzen. Mahaiaren alde batekook osatzen dugu A taldea eta beste aldekoek B taldea. Abilidade proba bat prestatzen digute hasteko, galdera-erantzunak gero, eta amaitzeko, beste proba bat taldean egin beharrekoa. Ondoren, sariak. Zaharrek (amama Paulak 87 urte ditu), gazteek (Mirenek, 9) eta tartean gabiltzanok parte hartzen dugu lehiaketan, denok, eta ikusteko izaten da nolako egoerak sortzen diren.

Atzo ere horrela agurtu genuen urte berria, mahaian sarrerakoak, bildotsa, intxaur-saltsa eta turroiak genituela, txakolina, Errioxako ardoa eta xanpainarekin batera. Ordubiak aldera, etxerako bidea hartu genuen.

Urteberriko bazkaria, berriz, Elorrion egingo dugu, Esteñibar baserrian. Zuek ere, ondo izan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Erantzun bat Urteberri on! bidalketan

  1. egilea: eneko

    Urte Berri On!! eta oso ondo pasa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude