Basurdea

Atzo Julen Gabiria izan genuen bisitan Elorrion. Eguraldi eskasa izan genuen, baina horrek ez zigun eragotzi osteratxo bat egitea Elorrio inguruan. Handik Elgetara joan, eta Espaloian bazkaldu genuen, Iban Arantzabal Sustatuko editorea agurtuta.

Bazkalostean, beribila hartu eta aldapan gora abiatu ginen, literatura bidaia egitera. Kanpazar eta Angiozar arteko bidegurutzean geratu, eta pasarte bat irakurri genuen, Ramon Saizarbitoria idazlearen Gudari Zaharraren Gerra Galdua liburuak hantxe bertan kokatzen duena. Euria ari zuen, baina zutarriraino hurbildu ginen, Intxorta faxistengandik defendatu zuten gudarien omenez eraikia, eta harrezkero bonba batek zartatua.

Asentzion ere izan ginen, sartu-irten bat baino ez, eta orduan aipatu genuen Juan Martin Elexpururen beste lan bat, Gerra Urte, handik hurbil kokatua, hori ere gerra garaian.

Behin Angiozarren, autoa plazan utzi eta oinez joan ginen hilerriraino. Hango eskailerak igo, eta hilerriko ate aurrean geundela, Juan Luis Zabalak idatzitako pasarte bat irakurri genuen, Agur Euzkadi eleberrikoa, hantxe bertan gertatua.

Berriro beribilean, Kanpazartik Elorriora bidean gindoazela, gertatu zitzaigun eguneko ezustekoa: ez genuen, bada, ikusi basurde eder bat bide bazterrean lasai-lasai ibiltzen! Ezin sinesturik geratu ginen, gu eta atzeko automobilean zetozenak, biok ere ia erabat geratu baikinen, ikusteko zer egiten zuen basurdeak. Horrek, lasai gurutzatu ezker aldera, burdinazko hesia azpitik pasatu, eta pinudian behera desagertu zen.

Esteñibar baserrira iritsi ginenean, huntaz eta hartaz hitz egin genuen etxeko jabeekin, txakolin gozoaren konpainian, baina ez ginen basurdeaz ahaztu, premonizio bat izan balitz bezala. Zerena, baina?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

1 Response to Basurdea

  1. egilea: Anonymous

    Premonizioa, zerena? Ba hurrengo bisitan eramango dizudan pernilarena, Esteñibarreko txakolinarekin bustitzeko. Ederto pasatu nuen. Biba zuek! Julen

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude